Stars of reuse

Pritzker arkitektura saria Diébédo Francis Kéré (Burkina Faso) arkitektoari eman berri zaio. Aukeraketa honek, sariak distira alde batera uzteko hartu duen joera erakusten du, ingurumena eta gizartea errespetatzen dituzten sorkuntza prozesuetan zentratzeko. Ez da kointzidentzia Pritzker sariaren azken irabazleetako askok, Global Award for Sustainable Design saria ere irabazi izana. Kezka hauen artean, eraikuntza materialen berrerabilera, proiektu askotan zabaltzen ari da. Diébédo Francis Kéré-ren ikuspuntua kolaboratzailea da, eraikuntza metodo tradizionalak berrinterpretatzen ditu eta lurra edo zura bezalako tokiko baliabideen zein berrerabileraren inguruko interesa erakusten du. Eraikitzeko modu errazak eta materialen aukeraketak, besteak beste, biztanleak, autoeraikitze-logikaren barruan, eraikuntza teknikez jabetzea ahalbidetzen du eta tokiko ekonomia garatzen laguntzen dute. Arkitekto honentzat hezkuntza gai bereziki garrantzitsua dela dirudi eskola ugari proiektatu baititu. Lehenik eta behin, lehen mailako eskola eraiki zuen bere jaioterrian Gando-n (2001, Burkina Faso). Antzeko beste proiektu batean, Schorge-ko bigarren hezkuntzako eskolan, eraikuntzaren teilatuaren egitura eta kofratze-paneletatik ikasleen aulkiak egiteko metala eta zura lortuko ziren. Kasu honetan obrako hondakinak baliabide berri bilakatzen dira, bertakoak eta merkeak!

Pritzker sariaren beste garaile batzuk berrerabilera erabiltzen dute. Dudarik gabe, adibiderik ezagunena Wang Shu (Txina) arkitektoarena da, zeinak Amateur Architecture Studio-ren barruan Lu Wenyu-rekin batera, Ningbo-ko historiaren museoa (2008, Txina) sortu zuten. Museoaren fatxadak hiriaren alde zaharraren eraispenetik berreskuratutako materialez apainduak daude. Aurrerago prozesu berbera errepikatuko da. Nabarmentzekoa da Txinako arkitektura tradizionalaren zati bat suntsitu dela. 2006ean Veneziako arkitektura Bienalean, arkitektoak Tiled Garden proiektua eraiki zuen, Hangzhou eskualdean suntsitutako eraikinetatik berreskuratutako 66000 teilarekin eraikiz (Wang Shu-ren obrari buruzko bi artikulu ikusgarri Archdaily-n hemen eta hemen). Bestetik, Anne Lacaton eta Jean-Philippe Vassal arkitektoek Frédéric Druot-ek lagunduta, eraispena irtenbiderik onena izatetik urrun dagoela erakusten digute beraien etxebizitza-blokeen eraldaketa proiektuen bidez. Bien bitartean, Alejandro Aravenak (Txile) eta bere Elemental bulegoak, etxebizitza multzoak sortu zituen, autoeraikuntza eta berrerabilera sustatuz. Diseinu irekiko eraikinak dira (planoak eskuragarri daude bulegoaren web-orrian), biztanleei autoeraikuntza eta berrerabilerarekin zerikusia duten praktikak ahalbidetzen dituztenak. Arkitektoak berak berrerabilera bultzatu zuen 2016ko Veneziako Arkitektura Bienalerako pentsatutako proiektuan 90t material berreskuratu zituenean (artikulua hemen). Balkrishna Doshi (India) arkitektoak ere etxebizitza sozialak eraikitzen ditu. Studio Sangath izeneko bere bulegoak, beste obretatik ekarritako material berrerabiliak erabiliko ditu, hala nola, zeramikazko baldosa ugari (gai honi buruzko artikulua ikusgarri Archdaily-n). Azkenik Shigeru Ban (Japonia), desmuntatu, garraiatu eta hortaz berrerabili daitekeen arkitekturan espezializatu da. Diseinatzen dituen zurezko edo kartoizko egiturak hainbat eremutan erabiltzen dira. Besteak beste, larrialdiko arkitekturan, aldi baterako aterpeak (gai honi buruzko artikulua ikusgarri Archdaily-n), eliza edo kontzertu-areto bat diseinatuz, azken hauek iragankorrak baitira. Ikuspuntu berdina jarraituz arkitektoak bulego-eraikin edo museo nomada bat eraiki zituen. Bestalde, 2015ean Nepalen lurrikararen ondoriozko obra-hondakinetatik berreskuratutako adreiluak erabiliko ditu zurezko egitura zuten eraikuntza berriei gehitzeko (gai honi buruzko artikulua ikusgarri Designboom-n).

Jakina den bezala, berrerabilera ez da arkitektura sarien irabazleetara mugatzen. Izan ere, ezezagunagoak diren beste arkitekto eta eraikitzaileentzat ez bezala, saritutako arkitekto batzuentzat, berrerabilera keinu arkitektoniko puntuala da. Hala eta guztiz ere, sariek, askotan alde batera uzten den praktika hau agerian jartzeko ahalmena dute. Pritzker saria jaso ez duten arkitekturako beste izar batzuk ere berrerabileraren ikusgaitasuna areagotzen laguntzen dute. Kengo Kuma (Japonia) arkitektoak adibidez, tokiko eraikuntzetatik berreskuratutako teila zaharrak erabili zituen China Academy of Art’s Folk Art Museoaren (2015, Txina) fatxadan eta estalkian. Eskala txikiagoan, Murai Masanari Art Museoaren (2003, Japonia) fatxadan eraikin zahar baten materialak erabili zituen. Europan Mecanoo (Herbehereak) bulegoko arkitektoek, harri eta adreilu zaharrez osatutako mosaikoa sortu zuten Netherlands Open Air Museoaren (2000, Herbehereak) fatxada nagusia konposatzeko. Ideia berdina jarraituz, kanal bateko ur-hesi batetik berreskuratutako zutoin-ohol zaharrak erabili zituzten Kaap Skil museoaren (2011, Países Bajos) fatxada eraikitzeko. Honela, bertako biztanleek zur flotatzailea berrerabiltzeko zuten modu tradizionala berreskuratu eta omendu zen (gai honi buruzko artikulua ikusgarri Opalis web-orrian). MVRDV (Herbehereak) bulegoko arkitektoek berrerabilerarekiko interesa erakutsi zuten Bogotá Book Fair-rako (2016, Colombia) eraiki zuten pabilioi herbeheretarra diseinatu zutenean. Bertan erabilitako sistema modularrak elementu desmuntagarriak eta konbinagarriak uztartuko ditu hiriko gune ezberdinetan liburutegi gisa erabiltzeko. Azkenik Snøhetta ( Norvegia) arkitektoen ZEB Pilot House (2014, Norvegia) proiektu pilotua, zero emisio gordindun eraikina lortzeko esperimentua da. Energikoki autosufizientea izateaz gain, berrerabilera material ugariz osatuta dago!

Catedral de Santa María

Eraikuntzako materialak berreskuratzeaz eta berrerabiltzeaz ari garenean, bada kasu berezi bat, ondare-eraikinena. Kasu honetan berrerabilerak ingurune eta ekonomi helburuez gain, historikoak ere baditu. Gasteizko Santa Maria katedralaren zaharberritzeak berrerabilera mota honen adibide interesgarriak erakusten dizkigu. Monumentu historikoaren oinarriak 1200 urtekoak ziren eta 2015. urtean UNESCOk Santiago bideko ondasun indibidualtzat jo zuen. Monumentuaren ezaugarrietako bat honen egiturazko arazoak ziren. Eraikina publikoari itxi zitzaion, 1998an Zaharberritzerako Plan Gidatzailea aurkeztu zen eta Santa Maria Katedrala Fundazioaren sortu zen hura kudeatu eta garatzeko. Honekin batera gaur egun oraindik indarrean dagoen katedralaren zaharberritze epea ireki zen.

Zaharberritze prozesuan zehar, funtsezko irizpideetako bat materialak in situ berrerabiltzea izan zen. Berrerabilera posible denean, honek zuraren, harriaren edo zeramikaren elementu historikoen, desmuntaketa, tratamendua eta biltegiratzea eskatzen du, egituraren funtzionamendua hobetzeko birkokatu eta berriz banatu aurretik. Horrela, katedraleko gune ezberdinetako aurreko obrak aprobetxatu ziren. Estalkien berreraikitzean, haritzezko habe ugari eta zeramikazko 13 319 teila berreskuratu ziren, gainjarritako teila kurbo ahur eta ganbilez osatutako katedralaren absidearen estalkian berrerabiliko zirenak. Horietariko asko bizkar-teilak dira, jatorrizko hodi-teilak pieza berriengatik ordezkatuak izan baitziren. Askotan, berrerabilitako piezek beren historiaren aztarnak gordetzen dituzte, hala nola jatorrizko lantegiaren sinadura.

Ondarea babesteko egiten diren horren obra zehatzetan berrerabiltzen diren material historikoak aberastasun gisa ulertzen dira, baina posible al da ikuspegi hori ohikoagoak diren beste materialetara zabaltzea? Santa Maria katedralean egindako lan garrantzitsuetan inspiratu gaitezke eta ondare arruntago bati eta honen materialei aplikatutako berrerabiltzearen balio kulturala onartu eta ezagutu.


Santa Maria katedralaren fundazioaren web orrian iraganeko eta gaur egungo zaharberritze lanei buruzko informazio gehiago aurki daiteke.

Un nouveau musée

Mouscron (Belgika) hiriko folklorearen museo berriaren eraikuntza V+ arkitektura bulegoak proiektatu zuen eta bertan adreilu zaharrak berrerabiltzeko modu bitxia aurkitu zuten. Eraikin publikoetan artelanen integrazioa bultzatzen duen dekretuaren esparruaren barnean, Simon Boudvin artista frantsesak honako proposamena egin zuen : « museo berriaren hormetan adreilu zaharrak gehituko ditugu, hauen jatorriari buruzko informazioa bilduz ».

Museoaren eraikuntza, hiriaren historiaren lekuko izan diren eraikin asko desagertzear zeuden momentuan burutu zen. Kasu honetan aldiz, eraikinak eraikuntza material iturri bilakatu ziren : «lantegi, biltegi, langile-etxebizitzak, zinema, komentu, etxebizitza burges, kafetegi eta baserriak, museoaren fatxada hormak hornitu zituzten beraien adreiluekin». Modu honetara, erabilitako adreiluak museo-objektu bilakatzen dira hauen jatorrizko funtzioa mantenduz. Museoa hiri-sarean integratzen da eta adreilu zahar eta berriak horman nahasten dira aparejua jarraituz. Berrerabilitako adreilu proportzioa %25ekoa da. Erabakia bulego teknikoak hartu zuen : adreilu zahar eta berrien konbinazioak, berrerabilerak proba eta egonkortasun kalkuluetan duen impaktua mugatzen du. Guztira proiektuan 28500 adreilu berrerabili ziren, 34 m³ gutxi gorabehera (iturria Opalis).

Eraikina dilatazio-junturen bidez banatutako bolumenez osatuta dago. Bolumen bakoitzak, tamainaren, hauen hormetan erabilitako adreiluen edo barruan ikusgarri dauden obren arabera, aktibitate konkretu bati egiten dio erreferentzia, eta beraz eraikin konkretu bati. Berrerabileraren dimentsio kulturalak garrantzitsua dirudien arren, honek ez du militante edo luxuzkoa izan nahi. Hormak, karez zurituak daude eta berrerabilitako adreiluak hauen azalera latzak bereizten ditu.

Adreiluen bilketa, hauen txertaketa museoaren hormetan eta honen inguruan Simon Boudvin artistak burututako dokumentazio lanari esker, proiektuari buruzko liburua argitaratu zen. Bertan burututako lana deskribatzen da, museo berria eta adreiluen jatorri ziren eraikinak. Artikulu honen izenburua eta zitazioak liburu honetatik ateratakoak dira : Simon Boudvin, (2018), UN NOUVEAU MUSÉE, Accattone eta MER. Paper Kunsthalle.

RE2020

Parisen eraikuntza materialen berrerabileraren sektorearen inguruko sindikatua sortzear dauden momentuan, Frantzian praktika honen aldeko interesak gora egin du. Honen erakusle da gaur egungo legediaren testuingurua. Aurreko artikulu batean Egiteko lizentzia (Permis de faire) eta honekin erlazionatutako lizentzien inguruan, efektu baliokideen printzipioaz eta PEMD diagnostikoaz (lien) aritu ginen. Oraingo honetan berrerabilerarentzat onuragarria den beste erraminta baten inguruan arituko gara: Réglementation Environnementale 2020 (Ingurumen-araudia) RE2020 deiturikoa.

ELAN legean aurrikusia (2018), helburua eraikin berrien energia eta ingurumen-inpaktua mugatzea da. RE2020 araudiak, isolamenduaren bitartez eraikinen errendimendu energetikoaren hobekuntza eta kontsumoaren gutxitzea bilatzen zuen RT2012-a ordezkatzen du. Soiltasun energetikoa eta energiaren deskarbonizazioa jomuga dira RE2012 araudian, baina helburu berriak gehitzen dira oraingoan: eraikinen moldagarritasuna bero handiko egunetan eta eraikinen ingurumen inpaktua murrizteko nahia besteak beste. Horretarako denboran zehar alda daitezkeen mugak ezartzen dira. Azken puntu honek materialen berrerabileran eragina du. Araudiak, bizi-zikloaren analisian (BZA) oinarritutako metodologia berria aurkezten du. Honek eraikin batek bere bizitzan isuriko dituen Berotegi Efektuko Gas (BEG) guztiak hartzen ditu kontuan, eraikuntza fasetik eraisten den momenturarte. Eraikin berri baten kasuan, bi fase hauek (eraikuntza eta eraispena) 50 urteko denbora-tartean isuriko dituen emisioen %60-%90-a suposatzen dute. Eraikin baten isurtzeak eraikuntza fasetik kontutan hartzeak, eraikitzeko moduan eragina izango du, emisio gutxiko soluzioen aldeko apustua eginez, berrerabiltzea barne. Gainera, BZA dinamikoaren (ez estatikoa) aukeraketak garrantzi handiagoa ematen die bizi-zikloaren hasieran isuritako BEG-ei.

Hainbat legeek RE2020-aren exijentziak azaltzen dituzte eta CCH frantsesa (Code de la construction et de l’habitation), Espainiako Eraikuntza Kode Teknikoaren baliokidea berrantolatzen dute. Dekretu batek (arrêté du 4 août 2021), eraikinen ingurumen inpaktuaren kalkulu metodoa zehazten du eta berrerabileratik eratorritako osagarrien erabilerari loturiko araua barneratzen du. Bertan berrerabilera elementuek ingurumen-inpakturik ez dutela adierazten da. Beraz bizi-zikloaren modulo guztien inpaktu-baloreak nuluak dira. Eraikuntza fasetik eraikinen ingurumen-inpaktua kontutan hartzea berrerabileraren aldekoa den arren, berrerabileratik eratorritako materialak BEG gehigarririk isurtzen ez dutela kontsideratzeak, praktika honen erakargarritasuna areagotzen du!

RE2020-a betetzea derrigorrezkoa da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, etxebizitza indibidual eta kolektibo berrientzat, eta nahitaezkoa izango da 2022ko uztailaren 1etik aurrera, bulego eta lehen zein bigarren hezkuntzako eraikinentzat. Eraikin tertziarioek aurrerago hartu beharko dute kontutan araudi berri hau.


RE2020 araudiaren inguruan informazio gehiago lortzeko, Ministère de la Transition Écologique (Trantsizio Ekologikoko Ministerioa) frantsesaren webgunea ikusgarri.

Collectif Etc – 3

Palet zura berrerabilera proiektuetan sarritan erabiltzen den elementua izan arren, bada beste material estandarizatu bat modu interesgarri batean erabili zena. 2012an Michelet lore-baratzearen antolaketa proiektuan, hormigoi blokeentzat erabiltzen diren lehortze panelak baliatu ziren. Kasu honetan panelek 140x110x4 cm neurtzen zuten eta ertzak profil metalikoen bidez indartuta zeuden.

Michelet lore-baratza, atelier d’architecture autogérée-k (aaa) garatutako R-urban proiektuaren elementuetako bat da. Tokiko sareen eta zirkuitu motzen logika jarraituz, ekonomia sozial eta solidarioa bultzatzen duen proiektu honek, hainbat gairen inguruan artikulatzen ziren sektore ezberdinak biltzen ditu : etxebizitza (EcoHab), birziklapena (RecycLab) eta hiri-nekazaritza (AgroCité). Collectif Etc taldeak, AgroCité-k garatzen duen lorategiaren proiektuan parte hartu zuen. Auto-eraikuntza eta berrerabilera proiektuaren aspektu garrantzitsuak ziren noski! Kolektiboaren esku-hartzea, ardatz zentral baten bidez loturik zeuden gune tekniko eta elkargune baten garapenean oinarriturik zegoen. Eraikuntza sistemak, zurezko panelen neurri estandarizatuetan oinarritutako trama erregularra jarraitzen zuen. Hauek espazio ezberdinen zoru eta hormak estaltzen zituzten. Diseinuaren erregulartasunak etorkizuneko gehitze eta moldatzea ahalbidetzen zituen.

Lehortze-panelak, zein obran errekuperatutako edo hornitzaile espezializatuei erositako bigarren eskuko eraikuntza materialak, Collectif Etc lanaren bidez balioztatuak izan ziren eta gainera atelier d’architecture autogéréek Agro-Cité-k proiektu nagusian erabili zituen. Baliabide hauek, proiektuaren webgunean zerrendatuak agertzen dira. Agro-Cité proiektua osatzen zuten elementuak (zurabeak, leihoak, ateak…) berriz ere berrabiliak izan ziren lekualdatzearen ostean. 2018an proiektua desmuntatu eta Gennevilliers-en kokatutako gune berri batean berreraiki zen.

Lehortze-panelei buruzko informazio teknikoa Opalis webgunean dago eskuragarri. Espainian erabiltzen diren panelen ezaugarri teknikoak ezberdinak izan daitezke txikiagoak baitira. Bigarren eskukoak lortzea posible izaten da. Zurez egindako panelez gain, plastikozkoak edo metalezkoak ere aurki ditzakegu.

Collectif Etc – 2

Zurarekin lan egitera ohitua dagoen Collectif Etc-k, Alsazian XIX. mendeko zur bilbadura bidez eraikitako ikuilu baten birmuntaketa obra batean parte hartu zuen 2016. urtean. Ikuilua, ohitura zaharrei eta gaur egungo bizitzari eskainita dagoen aire zabaleko Alsaziako Ekomuseoan kokatua dago. Berrerabilera, zuraren eraikuntza teknika tradizionalak jarraituz burutu zen. Aurretik museoko taldeek dekonstrukzio eta zenbakitze lana gauzatu zuten. Ekomuseoak defendatzen duen tradizioaren eguneraketa berrikusi behar izan zen, ahaztutako teknika zaharren berrinterpretazioaren bidez eta torloju eta hormigoizko horma baten erabilera medio. Antzinako artisau-teilak ere berrerabili ziren. Proiektu honetan burututako lanak, ahaztu egin ditugun teknika zaharren garrantzia gogora ekartzen digu, askotan dekonstrukzioa eta berrerabilera lantzen hasten garenean berreskuratu behar direnak.

Ekomuseoaren gunean, Collectif Etc-k beste bilbadura egitura baten birmoldatze lanak burutu zituen. Oraingo honetan atal batzuk zein egituraren planoak falta ziren. Puzzle baten moduan eraiki beharreko eraikuntza kita. Pista bakarra zur pieza batzuk zuten zenbakitutako metalezko plaka. Eraikuntza prozesuan topatutako zailtasunak dekonstrukzioaren eta zenbakitze lanaren garrantzia erakusten dute. Modu zuzen batean eginda dagoenean, egitura oso zaharren berrerabilera azkarra ahalbidetzen baitute!

Collectif Etc – 1

Collectif Etc-ko arkitekto eta eraikitzaileak ohiko hiri eta arkitektura praktikak zalantzan jartzea erabaki zuten, erabiltzaileen berdintasunezko autogestioaren logika jarraituz. Geroztik sortze eta esperimentazio prozesuek garrantzi handia dute kolektiboarentzat eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsonen arteko loturak sortu nahian, izaera ezberdineko proiektuak garatzen dituzte: 2011ko irailetik 2012ko irailera, kolektiboak urtebeteko bizikleta bira burutu zuen “hiriaren herri-fabrika”(Détour de France) delakoaren bila, argitalpenaren alorrean lan egin zuten la cabane d’édition Hyperville proiektuarekin edota kolektiboak berak eta kolaboratzaileek erabiliko zuten berezko lekua sortu zuten, Ambassade du Turfu deiturikoa. Ideia eta praktika nahasketa honek kolektiboa berrerabilerarekin eta berrerabilerarentzat lan egitera bultzatzen zuten. Colombelles-ko Grande Halle-ren ondoan eraikitako la cité de chantier ez da berrerabilera materialekin eraiki duten proiektu bakarra.

2012an, Arpenteurs taldearen gonbidapenari erantzunez, kolektiboak Grenoblen kokatutako igerileku denda zahar baten eraldaketa proiektuan parte hartu zuen. Établissement Public Foncier Local (EPFL)-k utzitako eraikina etxebizitzaren inguruko konponbideen fabrikan eraldatu zuten. La piscine izena duen lekua, etxebizitzari buruzko eztabaida eta esperimentazioa sustatzeko espazioa da, auto-eraikuntza eta berrerabileraren bitartez. Eraikina, hainbat kolektibori utzitako atalez osatua, erabilera ezberdinak biltzen zituen: altzariak fabrikatzeko lantegia, bilkura eta eztabaidarako erabilera anitzeko gunea, sukaldea eta gordailua. Material bilketari esker, gordailua baliabide biltegi gisa antolatu zen, egingo ziren lanen eta gerora izango zuen erabilera kontuan hartuz. Bertan palet-etatik ateratako ehundaka oholekin bi mahai handi eraiki ziren. Kortina zatiekin, espazioak banatzeko pieza handi bat sortu zuten. Bestetik, sukaldea altzari zaharrekin eta bainuontzi batez hornitu zen. Zur hondakinekin eraikinaren fatxadan jartzeko hizkiak sortu ziren, honi identitate berri bat emanez. Altzarien fabrikazio instrukzioak altzariei gehitu zitzaizkien etorkizunean informazio transmisioa ahalbidetzeko.

Parisko Pavillon de l’Arsenal-ko, Encore Heureux Arkitekto bulegoak antolatutako Matière Grise erakusketak, Nizara bidaiatu zuen 2015ean, Forum d’Urbanisme et d’Architecture delakoan berrerabilera proiektuak aurkezteko. Kolektiboak instalazio berri bat antolatzeko aukera izan zuen edizio honetan. Aurreko erakusketaren hondarrak eta Veolia-ren eraikuntza hondakinak sailkatzeko zentruak, materialak eskaini zizkieten. Krofatu plaken zura jaso zuten nagusiki. Hauek, altzari sorta berria eta bisitarien eskura izango zen baliabide gunea eraikitzeko erabili ziren. Material hauen egoera txarrak eta hauek berreskuratzeko beharrezkoak diren ekintzek (aukeraketa, iltze-kentzea, mozketa, lixatzea) hondakin izaera eta hondakin izan aurretik erabiltzen diren materialen arteko ezberdintasuna erakusten dute, hondakin izaera duten baliabideekin lan egiteko zailtasunak nabarmenduz.

2018ko Veneziako 16. Arkitektura Bienalean kolektiboak Frantziaren pabilioiaren eszenografia elaborazioan parte hartu zuen. Pabilio honen komisarioak Encore Heureux arkitektoak izan ziren. Pabilioiaren gaia, Lieux infinis (leku mugagabeak) eraikinak beharrean lekuak eraikitzen dituen kolektiboaren izaerarekin bat dator. Bertan arkitekturarekin, gizartearekin eta kulturarekin zerikusia zuten hamar esperimentazio frantses biltzen ziren. Eszenografian aurreko Arte Bienalean Frantziak aurkeztutako ekarpenaren hondakinak erabili ziren : ehundaka okume kontratxapatu plakak. Aurretik desmuntatuak eta biltegiratuak, egitura nagusia estaltzeko eta eserleku, banku eta mahaiak egiteko erabili ziren.


Berrerabilerarekin erlazionatutako beste proiektu batzuk modu zehatzean azalduta daude kolektiboaren webgunean.

Loi AGEC

Frantzian, “Permis de faire » eta antzeko legeek eskainitako aukerez gain, beste hainbat aurrerapen izan dira berrerabileran eragina izan dezaketenak.

AGEC deituriko ekonomia zirkularrari buruzko anti-gaspillage (hondakinen kontrako) legeak (2020), orain arte hondakinen diagnostikoa baliabideen diagnostikoa delakoak ordezkatu du, “produktu-material-hondakin” diagnostikoa delakoa ezarriz. Lege honek eraispenei zein birgaitze esanguratsuei eragiten die eta bere helburua berrerabilera tasa areagotzea da. Horretarako Code de la construction et de l’habitation moldatzen duen 51. Artikuluak, produktuen, materialen eta hondakinei buruzko beharrezko informazioa ematen duen diagnostikoa definitzen du hauen berrerabilera bideratu ahal izateko. Code de l’environnement moldatzen duen 59. artikuluak, berrerabilera edo berriztagarriak diren baliabideetatik eratorriak diren materialen erabilera gomendatzen du enkargu publikoko eraikinen eraikuntzan edo birgaitze proiektuetan. Diagnostikoa gaitasun eta ziurtasun bermeak eskaintzen dituzten profesionalek burutu behar dituzte. Berrerabileraren arloari loturiko lanbide zerrenda zabaldu egingo dela ematen du.

Diagnostiko obligazioaren xede diren eraikinen kategoriak eta eraispen edo birgaitze lan klasea dekretu (Décret nº 2021-821 du 25 juin 2021) bidez zehaztua izan da. Honek berrerabilerari eman beharreko lehentasuna gogorarazten digu: oraingoan “produktu-ekipamendu-material-hondakin” (frantsesez siglak PEMD) diagnostikoak berrerabili ahal izango diren elementuen jatorria, kopurua, kokapena eta egoera zehazten ditu. Gainera elementu hauen berrerabilera aukerak zein diren azalduko dizkigu eta desmuntaketa, bilketa eta garraioari buruzko informazioa emango digu. Diagnostikoa nahitaezkoa izango da 2022tik aurrera!


Gai honen inguruko informazio gehiago eskuragarri frantsesez DÉMOCLÈS plataforma kolaboratiboan. Bertan eraispenetan lan egiten duten kideak biltzen dira prebentzio eta hondakinen kudeaketa eta birziklapenaz gain beste bide batzuk bultzatzeko helburuarekin.

Frantsesez ere bai, materiauxreemploi.com web-orriak zuzenbideari buruzko artikuluak argitaratzen ditu, neurri hauen ezarpenaz hitz egiten duen hitzaldi honen emisioa adibidez.

Exhibitions – 2

Berrerabilerari buruzko erakusketa zerrenda luzea da oraindik. 2020ko Lugano-ko Bienala gai honen inguruan garatu bazen oso-osorik, Veneziako Bienalaren kasuan ere horrela izan zen. 2012an adibidez, pabilioi alemaniarrak Reduce, Reuse, Recycle erakusketa plazaratu zuen (artikulua ikusgarri Archdaily web-orrian). 2018an berriz, pabilioi daniarrak Vandkunsten Architects arkitektura bulegoaren lana aurkezten zuen, ezagutzen ditugun hiru « R »-i laugarren bat gehituz, Rebeauty. Proiektua aurretik egindako lanetan oinarritzen da. Ikerketa eta desmuntatuko diren tamaina naturaleko prototipoak (1:1 mock-up) eraikuntzen bidez, sei material ezberdinen berrerabilerari buruzko hausnarketa egiten du.

2018an Flores & Prats Arquitectes bulegoak Sala Beckett proiektua aurkeztu zuen,  Assemble bulegoak gero berrerabiliko ziren zeramikazko lauzaz egindako instalazioa (The Factory Floor) eta Encore Heureux eta Collectif Etc taldeak berrerabilera esperientzia garatzen zuten instalazio zahar batetik materialak errekuperatuz (bideoa ikusgai hemen goian). Bi urte lehenago Alejandro Aravenak,  2015ko Arte Bienaletik berreskuratutako 90t hondakin erabili zituen 2016 ko Arkitektura Bienalean bisitarien harreragune izango ziren bi instalazio eraikitzeko (honi buruzko artikulua ikusgarri Dezeen web-orrian). 2016an ere, parte-hartze nazionalaren Leone d’Oro saria irabazi zuen pabilioi espainiarrak aurkeztutako proiektuen artean hainbat berrerabilera adibide aurkitzen ziren. Besteak beste, Bosch.Capdeferro arquitectures bulegoaren Casa Collage etxebizitza proiektua Gironan, non harriak, lauzak edo burdinderia elementuak obran bertan berrerabili ziren. Edo Arturo Francoren Madrideko Mataderoko Nave 8b non berrerabilitako teilak tabikeak eraikitzeko erabiltzen diren, erabilera berria emanez.

Edizio ezberdinetan zehar gaiak bere garrantzia mantentzen duenaren seinale, 2021ko Biennale-ko pabilioi japoniarra berrerabilerari eskainita dago aurten, Co-ownership of Action : Trajectories of Elements izenpean. Proiektuak zurezko etxe tradizional baten dekonstrukziotik aterateko elementuak aurkezten ditu eta horietariko elementu batzuk konfigurazio berri batean berrerabiltzen dira (artikulua ikusgarri Designboom web-orrian). Zurezko elementuen mihiztatzeari buruzko lan haur Biennale-ko beste proiektu batzuetara zabaltzen da. Tartean Estatu Batuetako pabilioiaren zurezko egituren eraikuntzei buruzko hausnarketa edo pabilioi Finlandiarraren Puutalo zurezko etxe prefabrikatuena.


Veneziako arkitektura Bienala 2021ko maiatzaren 22tik azaroaren 21rarte garatuko da.

Vandkunsten Architects bulegoaren prototipo eta berrerabileraren inguruko lana txosten batean publikatua izan da, hemen eskuragarri. 

Exhibitions – 1

Berrerabilera erakusketa ezberdinen jomuga izan da azken urteetan, bai gai honen inguruko erakustaldietan zein ingurumen, gizarte eta ekonomi krisi kontextuan garaturiko eraikitze modu berriei buruzkoetan ere.

Ezagunenetakoa Frantzian burututako Matière grise erakusketa da, 2014a geroztik martxan dena. Pavillon de l’Arsenal zentruak babestua, Encore Heureux taldeko arkitektoak izan dira erakusketaren komisarioak. Erakusketak materia gris gehiago eta lehengai gutxiago erabiltzeko gonbitea zabaltzen du. Horretarako munduan zehar garatutako hirurogeita hamabost berrerabilera proiektu aurkezten dira, praktika honen ahalmena azpimarratzeko. Erakusketa ibiltaria da orain eta Frantziako eta atzerriko hainbat leku bisitatu zituen. Besteak beste Bartzelona eta Madrilgo arkitektoen elkargoak (COAM) 2017an edo Angelu hiria 2019an.

Bruselan 2019an La Loge espazioan garatutako Rotor belgiarren Life under a Cherry Tree erakusketak  dekonstruzioetatik ateratako materialak eta berrerabileraren inguruko hausnarketa aurkeztu zituen. Erakusketa hau aurretik egindako beste hainbaten jarraian egin zen : Deconstruction (Lieja 2015), arc en rêve centre d’architecture-k aurkeztutako constellation.s erakusketaren barruan burututako Deconstuction (Bordele 2016), lauza zeramikoei buruzko Ceramic tiles (Hasselt 2017), Behind the Green Door arkitektura jasangarriaren inguruko erakusketa (Oslo Architecture Triennale 2013) edo Usus/usures materialen higadurari buruzkoa pabilioi belgiarreko protagonista izan zena (Biennale di Venezia 2010).

Lendager Group enpresa daniarrak Wasteland erakusketa aurkeztu zuen Danish Architecture Centre delakoan 2017an (honi buruzko artikulua irakurgarri Archdaily arkitekturari buruzko aldizkari digitalean).

Assemble ingelesen lana Vienako Architekturzentrum (Az W) entitateak antolatutako How we build erakusketan aurkeztu zen 2017an. Basilea hiriko Mussée Suisse d’Architecture-k (S AM) Baüburo in situ  suitzarren lana Transform erakusketaren barruan aurkeztu zuen 2018an eta duela gutxi Graz hiriko Haus Der Architektur (HDA) zentroan egindako erakusketa baten parte izan da, Material Loops deiturikoa. Bertan berrerabilera materialen inguruko lan praktiko eta teorikoak bildu dituzte. Tartean proiektu alemaniar, austriar eta herbeheretarrak, Superuse Studio kolektiboarenak kasu.


Matière Grise erakusketa liburu batean bildu zen, Pavillon de l’Arsenal-ek berrargitaratua izan dena, hemen eskuragarri.