K 118

Baubüro in situ arkitektura bulego suitzarrak antzinako lantegi baten eraldaketa proiektua garatu du, Winterthur-en Lagerplatzareal-en kokatzen den Kopfbau 118 eraikina. Bertan tailerrak eta lan-espazioak diseinatu dituzte jatorrizko egiturari hiru solairu gehituz. Tailerrak solairu bakoitzean sukalde komun baten inguruan kokatzen dira eta galeria eta komun batez osatutzen dira. Lantegi hauek igogailu eta eskailera bitartez dira irisgarri. Lysbücherareal proiektuaren kasuan bezala, arkitektoek urban mining kontzeptuaren printzipioak aplikatu dituzte eraikinaren hedapena berrerabilitako materialekin burutzeko, honek proiektuaren aurrekontuan eraginik izan gabe. Material berrerabiliak, guztira proiektuan berrerabiliak izan zitezkeen materialen %58a izan dira. Praktika honen bidez, material berrien erabilerarekin konparatuz gero, berotegi-efektuko isurtzeen %55ko gutxitzea lortu da, 500 t CO2 baliokide!

Proiektu honetarako beharrezko materialen bilaketa altxorraren bila jokoaren modukoa izan dela esan dezakegu. Horretarako Suitzako eraikuntza-lan ezberdinak bisitatu eta eraiste-baimenak arakatu dituzte. Identifikazio-zenbaki eta biltegiratze-pasaporte baten bidez, bertan aurkitutako materialak dimentsionatu eta inbentariatu dituzte, ondoren proiektuan izango zuten lekua argi markatuz. Dokumentazio-lanaz gain, material asko gaur egun indarrean dauden arauetara egokitu behar izan dira. Berrerabilerako leihoen kasuan adibidez beira-bikoitza gehitu behar izan da. Proiektuaren elementu guztiak ezagutzen ez ziren arren, fatxaden kolorea kasu, eragile publikoek malgutasunez jokatu dute eraikitze-baimena emateko.

Berrerabilitako elementu nagusiena, solairu berrietan erabilitako altzairuzko egitura da, Basileako Lysbücherareal-en kokatzen zen banaketa-gune zahar batetik ekarritakoa. Bere jatorrizko forma angeluzuzenak ez zuen eraikinaren forma trapezoidalarekin kointziditzen eta arazoa hegal baten bidez ebatzi zen. Altzairuzko egitura hormigoizko geruza batez estali zen suteen kontrako babes-arautegia betetzeko. Elementu metaliko ezberdinen arteko konexioak aldiz, morteroz estali dira hauen desmuntaketa eta berrerabilera errazteko. Proiektuan berrerabilpenaz gain beste praktika jasangarriak erabili dira, besteak beste, birziklatzea, hormigoi birziklatuz egindako euste hormen kasuan, edo material naturalak erabiltzeko teknika tradizionalak. Eraikinaren kanpo-estaldura zati handi batean berrerabilerako leiho eta txapa metalikoz osatuta dagoen arren, leihoak inguratzeko lastoz estalitako bigarren mailako zurezko egitura erabili da.

Baubüro in situ bulegoaren proiektuak Zürcher Fachhochschule (ZHAW, Zürich Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea Winterthur-en) eskolako hogei bat ikasleren parte-hartzea ahalbidetu du. Ikasleek, K 118 eraikinarentzako etorkizuneko proiektu bat imajinatu behar zuten berrerabilpeneko hainbat material erabilita. Honetaz gain, urban mining prozesuan parte hartu ahal izan dute. Ikasleen eta Baubüro in situ bulegoaren lana, 2018an Basilean kokatzen den arkitektura museo Suitzarrean garatutako “Transform” (S AM) erakusketan ikusi ahal izan zen “Bauteilrecycling” izenpean eta 2019an ZHAW-ko arkitektura sailean ere aurkeztu zen. Bertan arkitektoek burututako urban mining prozesua azaltzen zen eta hainbat berrerabiltze material eta 1:1 eskalan eraikitako fatxadaren zati bat ikus zitezkeen.

Jarraian, proiektuan erabilitako berrabiltze-materialen zerrenda:

  • 15 urte inguruko hainbat solairu osatzeko moduko altzairuzko egitura, Basileako banaketa-zentro zahar batetik ateratakoa;
  • Pertsiana, sabai-leiho eta leihoak (Winterthur eta Zürich);
  • Aluminiozko txapa metaliko gorriak, fatxadan erabiliak eta inprenta zahar batetik ateratakoak (Winterthur);
  • Altzairuzko kanpoko eskailera, bulego-eraikin zahar batetik lortua (Zürich) eta eskailera barandak;
  • Galeriatan erabilitako granitozko lauzak, bulego eraikin batetik ateratakoak (Zürich);
  • Hainbat ate, tartean sarrera nagusian erabilitako beira masibo eta aluminiozko atea (Zürich);
  • Zurezko zoruak (Winterthur) eta zur trinko oholak tabike gisa erabiliak;
  • Hamar bat urteko instalazio fotovoltaikoa;
  • Berogailuak;
  • Dimentsio ezberdinetako adreilu eta blokeak;
  • Instalazio eta elementu sanitarioak;
  • Armairuak.

Testu hau, 2020ko maiatzean Der Landbote eta ekainean Baublatt egunkarietan alemanez argitaratutako bi artikulutan oinarritzen da, Baubüro in situ web-orrian eskuragarri. Bestetik, Tracés aldizkari suitzarrean argitaratutako artikuluan ere oinarritzen da, eraikuntzaren kulturaren inguruko espazium.ch espazio numerikoan ikusgarri.