TYIN tegnestue – 2

Tokiko testuinguru espezifikoa funtsezkoa da TYIN tegnestue Architects bulegoaren ikuspegian. Testuinguru geografiko, sozial eta kulturalaz ari gara, baina erabilitako teknika eta materialek ere, berrerabiliak edo ez, eraikin baten nortasuna moldatu dezakete. Hau gertatzen da arkitektura bulegoak Asian eraikitako proiektuetan, baina berdin gertatzen da beraien herrialdean egindakoetan ere. Norvegian, TYIN tegnestue bulegoak berrerabileraren bitartez, zurez eraikitzeko tradizioa nabarmentzen du. Eraikuntza mota berezia da, adibidez, 2014. urtean Trondheim-ko aeroportuko denda batean enborrekin burututako barne-diseinu proiektua. Enborrak lortzeko, eraitsiko zen XIX. mendeko etxe bat desmuntatu eta partzialki berreraiki zen, pieza hondatuenak alde batera utziz. Enbor horietako batzuk, moztu ondoren hormetan estaldura gisa erabili ziren.

2011an, Aure herrian burututako proiektuan, arkitektoek txalupentzako estalpe bat bereganatu zuten. Kasu honetan bereziki hondatua zegoen eraikina, funtzio ludikoak izango zituen eraikuntza berri batek ordezkatuko zuen.Proiektua, berrerabilera nabarmentzeko aukera berri bat izan zen. Honela, eraikuntza zaharraren materialen parte bat lekuan bertan berrerabili zen. Zehazki, zur oholak barne-estaldura osatzeko erabili ziren eta kanpo-estalduran, aurreko eraikinean estalkia osatzen zuten metalezko txapak erabili ziren. Metalezko errail zahar batzuk, gainalde baten euskarri gisa erabili ziren. Berrerabilitako material hauei inguruko baserri batean berreskuratutako leihoak gehitu zizkietan. Eraikin berriaren egitura-sarea leiho hauen dimentsioen araberakoa zen. Berrerabilitako materialek honela, proiektuaren diseinuari laguntzen diote, honen eboluzioa ahalbidetuz. Berriz ere, berrerabilerak, diseinuaren logika beste modu ezberdin eta berri batean pentsarazten gaitu.