#DEF – urban mining

Urban mining kontzeptua hondakinetatik datozen lehengaien berreskurapen prozesua izendatzeko erabiltzen da. Batez ere tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetan (TEEH) ateratako metalen erauzketaz hitzegiteko erabiltzen den arren, beste esparru batzuetara ere zabal daiteke, eraikuntza sektorera adibidez. Gainera kontzeptua gehienetan birziklatzearekin lotzen bada ere, berrerabiltze alorrera zabal daiteke. Kasu honetan, ez da lehengaia berreskuratzea bilatzen. Beraz, urban mining kontzeptua, eraikitako espazioan eta gure hirietako eraikinetan bilatutako elementuen identifikazioa eta berrerabiltzea litzateke, inbentario lanak, dekonstrukzioa eta bilketa bere gain hartuz.

Urban mining-ak lehengaien kontsumoaren gutxitzea ahalbidetzen du hauen erauzketari lotutako isurtzeak mugatuz eta gainera sortutako hondakin kopurua gutxituz. Halaber, hiriek berrerabiltze material iturri gisa duten garrantzia azpimarratzen du, zirkuitu motzean eta hurbiltasun-printzipioa jarraituz.

Meatzaritzaren kasuan bezala, hobi hitza erabiltzen da ezaugarri zehatzak dauzkaten eta hainbat lekuetan bildu ostean berrerabilgarriak diren elementuak izendatzeko. Beste batzuetan material-banku ere esaten zaio. Kasu honetan, materialak errekuperatu eta baloratzen diren elementu indibidual gisa ulertu beharrean, berrerabiltzea integratzen duen eraikuntza prozesuaren parte izango dira, sortze-prozesuaren hasierako momentutik identifikatuko dena. Eraikinen eraikuntza-sistemak dekontrukzioa eta desmuntaketa integratzen duenean bezala.

Circular economy strategies

Azken urtea, ekonomia eredu linearretik zirkularrerantz eraldatzen hasteko aukeratua izan dela dirudi (from linear to circular economy). Europako batzordeak Circular Economy Action Plan-a, aurkeztu zuen martxoaren 25an, Europako Itun Berdearen parte garrantzitsu gisa. Plan honek, eraikuntzaren kasuan bezala, errekurtso erabilera altua duten sektoreei begiratzen die, zirkularitate ahalmen handia baitute. Estrategia para un entorno construido sostenible delakoak, eraikitako ingurumen jasangarria lortzeko helburuarekin, eraikitako espazioen iraunkortasuna eta flexibilitatea hobetzeko neurriak sustatuko ditu, eraikinen liburu digitalak landuko ditu, eraikuntzako produktuen erregelamendua berrikusiko dute, Level’s tresnaren bidez bizi-zikloaren ebaluazioa kontratazio publikoan aplikatuko dute edo eraikuntza materialen berreskuratzeari buruzko helburuak berrikusten saiatuko dira.

Aldi berean, Europako Batzordeak Principles for Building Design dokumentua aurkeztu du. Bertan erdietsi beharreko helburuak talde ezberdinetan banatzen dira: erabiltzaileak, diseinatzaileak, eraikuntza-enpresak, fabrikatzaileak, desmuntaketa eta eraispen lan-taldeak, inbertsore eta aseguru-entitateak eta azkenik eragile publikoak. Dekonstrukzioari (desmuntaketa) buruzko atalean, eraikinetan dauden errekurtsoak identifikatzearen beharra planteatzen da, desmuntaketa selektiboa sustatzeko.

Espainiako estatuko Estrategia Española de Economía Circular delakoa, Europar Batzordearen ebaluazioaren zai dago, berrerabilpenaren prestaketa prozesuaren helburuak zehazteko. Hala ere, eraikuntza lehentasunezko akzio-sektoretzat dauka eta eraispen selektiboa edo bizi-zikloaren analisia sustatzen ditu. Espainiako estrategiari buruzko informazio gehiago Construible aldizkari birtualaren artikuluan.

Bestalde, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategiak, berrerabiltzea, birziklatzea eta berreskuratzea sustatzen duen ekonomia ereduaren garrantziaz hitz egiten du. Hala ere, eraikuntzaren kasuan, EEH-en kudeaketarako azterlanen kalitatearen hobekuntza, hondakinen obrako banaketa edo eraikinen diseinuan bizi-zikloak duen garrantzia aipatzen ditu soilik. Lurralde honetan, materialen berrerabiltzea eta desmuntaketa selektiboa errealitate izateko itxaron egin beharko dugula dirudi!

Hala eta guztiz ere, neurri zehatz batzuk, zuzenean eraikuntza materialen berrerabiltzean aplikatzen ez diren arren, kasu hauetan baliagarriak ere izan daitezke:

  • material zirkularren erabilpen tasaren %30 handitzearen helburua;
  • material jasangarri eta ordezkagarri berrien beharra;
  • eraikinetan batez ere, konponketa eta berrerabiltzea bermatzen duen eko-kontzepzioaren sustatzea;
  • ikerketa, formakuntza eta sentsibilizazio kanpainak sustatzea;
  • batez ere eraikinen birgaitze proiektuen kasuan arau, gida edo metodologia zehatzen beharra;
  • hondakin zerga baten sorrera;
  • eraispen selektiboen egiaztatze mekanismoak edo erabili beharreko material birziklatuen ehunekoa zehaztea;
  • bilketa-guneak ezartzea edo hondakinen berrerabilpenerako prestaketa bermatzea.

From linear to circular economy

Eskema hau Ellen MacArthur Foundation-ak argitaraturako diagraman inspiratuta dago. Fundazio hau ekonomia zirkularrera trantsizioa bizkortzeko asmoz sortu zen eta web-orrian gai honen inguruko hainbat informazio aurki ditzakegu.

Berrerabilpen ekimenak kasu gehienetan ekonomia zirkularraren logikaren baitan ematen diren arren, zer esan nahi du honek zehazki eta zeintzuk dira ekonomia lineal klasikoaren eta zirkularraren arteko ezberdintasunak? Galdera egitean aurki dezakegu agian erantzuna. Gaur egungo modelo ekonomiko linealak lehengaien erauzketa, fabrikazioa eta erabili ondoren bota egingo diren produktu berrien salmenta pribilegiatzen ditu. Lehengaien gutxitze eta krisi ekologiko sakonaren kontextuan, ekonomia zirkularra baliabide naturalen kudeaketa jasangarria egiten saiatzen da, produktuen bizi-iraupena luzatuz, hondakinak gutxituz eta kontsumitutako baliabideak berriz produkzio zikloan sartuz. Garrantzitsua da azpimarratzea, ikuspegi hau, askotan klima eta justizia sozialaren ikuspegiarekin bat badator ere, ez duela hazkundearen printzipioa zalantzan jartzen, baizik eta hazkunde ekonomikoa baliabide naturalen kontsumotik banatzen saiatzen dela.

Ekonomia zirkularra, europar mailako bi akzio-planen helburu izan da. Batetik, 2015an ateratakoa eta bestetik Europako Itun Berdearen jarraian 2020an egindakoa. Ondoren printzipio hau, estatu mailara igorri da.

Espainiako gobernuak onartu berri du, España Circular 2030 delakoa, Europako helburuekin bat eginez, esparru honetara zuzendutako xedeak aurkezten dituena. Bertan aurki daiteke, 8. eta 9. orrialdean, eredu berri baterantz bidezko trantsizio eta solidarioa helburu, ekonomia zirkularraren definizio izan litekeena:

«(…) se acuña el término de economía circular, concebida a partir de un ciclo de desarrollo y transformación, que avanza optimizando el uso de los recursos, fomentando la eficiencia de los sistemas productivos, promoviendo que productos, materiales y recursos permanezcan activos el mayor tiempo posible, y, paralelamente, disminuyendo la cuantía de los residuos generados.»

Gai honen harira, hemen Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren web-orria.

Eusko Jaurlaritzak bestetik, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030 aurkeztu du. 8. eta 9. orrialdean ere ekonomia zirkularraren definizioa eta honen printzipioak aurki ditzakegu:

«Eredu zirkular berrian, produktuen eta materialen bizizikloak bere horretan jarraitzen du ahalik eta denboratarte luzeenean, hondakinak minimora murrizten dira, eta baliabideak ekoizpen-zikloan sartzen dira hainbat aldiz, horregatik, balioa sortzen da ondasunak bizitza baliagarriaren amaierara iristen direnean. «Ateratzea, ekoiztea, erabiltzea eta botatzea» eredutik «murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea» eredura aldatzea dakar. Ekonomia zirkularrean, «prebentzioa» eta «berrerabilera» funtsezko kontzeptuak dira.»

Azkenik, ekonomia zirkularraren kontzeptua Ingurumenaren Kode frantsesean agertu zen 2015ean (Article L110-1-1), zeina hainbat legeren xedea izan den eta 2018an honen inguruko ibilbide-orria argitaratu zen neurri zehatzak aurkeztuz.

Country Overshoot Day

Earth Overshoot Day delakoa, natur-baliabideen giza kontsumoak urtebetean birsortu daitezkeen baliabideen zenbatekoa gainditzen duen eguna da. Aztarna ekologiko globalean oinarritutako data hau, Global Footprint Network pentsamendu tankeak (think tank) kalkulatzen du eta gizartea kreditura bizitzen hasten den momentua seinalatzen du. 2019an,  uztailaren 29an izan zen.

Herrialdekako Earth Overshoot Day gainditze-egunak, munduko biztanleria guztiak herrialde konkretu baten moduan kontsumituko balu, muga gaindituko lukeen eguna adierazten du. 2020rako Espainiarentzan ezarritako data maiatzaren 27a da!

2019ko datuetan oinarritutako kalkulu metodoa, nahiz beste herrialdeei dagozkien datak eskuragarri daude overshootday.org web-orrian. Kalkulu metodoa eta kontuan hartutako irizpideak eztabaidagarriak izan daitezkeen arren, ekimenak begibistakoa den arazoa seinalatzen du, zeinean eraikuntza sektoreak parte hartzen duen. Gainera ez dezagun ahaztu, sektore honek (gain)kontsumitzen dituen errekurtsoen zati handia ez dela berriztagarria.

«Sand Wars»

Eraikuntza materialak egiteko erabiltzen diren lehengaien erauzketak suposatzen duen ikaragarrizko kostu energetiko eta ekologikoaz gain, industriak lehengai eskasiari aurre egin behar dio. 2013ko Denis Delestrac zuzendariaren «Guerra por la arena» / «Sand Wars» filmak, eraikuntzan hain erabilia den harearen gabezia azpimarratzen du. Arazo honek munduko hondartzen %75ri eragiten die.

Filma Vimeo web-orrian ikus daiteke.

Material Footprint

Domestic extraction of Spain in 2017, by material group – www.materialflows.net

Materialflows web-orriak, lehengaien kontsumoaren inguruko datuak aurkezten ditu, aktibitate eta herrialdearen arabera sailkatuak (RMC – Raw Material Consumption). 2013an, espainiako eraikuntza sektorea, lehengaien kontsumoaren %24ren erantzule izan zen. Portzentai hau %15koa izan zen Frantzian eta %18koa Belgikan.

Adibide gisa, legarren erauzketa (harea, legar, legar-xehe) 1970 eta 2017 arteko denboraldian %409 areagotu zen munduan, 28 562 274 kt-tara iritsi arte. Europa kantitate honen %11ren erantzule delarik.

Web-orri honetatik ateratako beste datu interesgarri bat aipatzearren, 2015an munduan 84,4 Gt lehengai erauzi ziren eta 8,4 Gt soilik, guztizkoaren %10, birziklatu eta merkaturatu ziren!