Carbon footprint

Karbono-aztarnaren kalkulua gizakiaren jarduerek eragindako ingurumen inpaktua neurtzeko erabiltzen da. Horretarako, sortzen ditugun zuzeneko eta zeharkako negutegi-efektuko gasak (BEG) hartzen dira kontuan, bizi-zikloaren analisiaren (BZA) antzeko metodologia jarraituz. Aldaketa klimatikoaren erantzule diren gas isurtzeak CO2 baliokideetan adierazten dira (CO2-eq) eta hauen arrazoiak zein isurtzeak aurrezteko moduak  bistaratzen dituzte.

Materialen eta proiektuen karbono-aztarnaren inguruko zifrak ulertzea ez da beti erraza izaten. Are gutxiago berrerabilerari loturiko BEG-ak aurrezteko aukerak bilatzea eta ondorioz aipatzen diren kantitateen jatorria ulertzea zaila da sarritan. CO2 gasen gutxitzea lortzea interesgarria da, beti ere inpaktu hauen transferentzia bat gertatzen ez denean. Baina zertaz ari gara REBRICK proiektuan berrerabili den adreilu bakoitzeko 0,5kg CO2 baliokide aurreztu direla esaten dugunean? Eta Grande Halle de Colombelles proiektuan aurreztutako 25Tn CO2 edo K 118 proiektuko 500Tn CO2 kantitateak aipatzen ditugunean? Datu hauetara iristeko kalkulu metodoa zalantzan jarri gabe, kantitate hauek modu ulergarriago batean adierazi nahiko genituzke.

Estatu Batuetako EPA-ren (United States Environmental Protection Agency) kalkulu-tresnak, 0,5kg CO2 baliokide kotxez egindako 2km-ko ibilbide baten edo telefono adimendu baten 60 kargaren parekoa  dela esaten digu. Bestalde, Frantzian ADEME-k (Agence de la transition écologique) garatutako monconvertisseurco2 kalkulu-tresnak beste konparaketa batzuk erakusten ditu: 25Tn Co2 baliokide pertsona batek hegazkinez egindako 245 000km lirateke, munduari sei buelta alegia, eta 500Tn CO2 baliokide etxebizitza batek 70 urtetan zehar erabilitako lukeen berokuntza.

Norberaren karbono-aztarna gutxitu eta aurrezte aukerak bilatu nahi dituztenek hemen, hemen edo hemen sar daitezke (azken hau frantsesez). Eurostat-en arabera, europar bakoitzaren urteko karbono-aztarna 7Tn CO2-koa da, aurreko urteetakoa baino balio txikiagoa!

#DEF – urban mining

Urban mining kontzeptua hondakinetatik datozen lehengaien berreskurapen prozesua izendatzeko erabiltzen da. Batez ere tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetan (TEEH) ateratako metalen erauzketaz hitzegiteko erabiltzen den arren, beste esparru batzuetara ere zabal daiteke, eraikuntza sektorera adibidez. Gainera kontzeptua gehienetan birziklatzearekin lotzen bada ere, berrerabiltze alorrera zabal daiteke. Kasu honetan, ez da lehengaia berreskuratzea bilatzen. Beraz, urban mining kontzeptua, eraikitako espazioan eta gure hirietako eraikinetan bilatutako elementuen identifikazioa eta berrerabiltzea litzateke, inbentario lanak, dekonstrukzioa eta bilketa bere gain hartuz.

Urban mining-ak lehengaien kontsumoaren gutxitzea ahalbidetzen du hauen erauzketari lotutako isurtzeak mugatuz eta gainera sortutako hondakin kopurua gutxituz. Halaber, hiriek berrerabiltze material iturri gisa duten garrantzia azpimarratzen du, zirkuitu motzean eta hurbiltasun-printzipioa jarraituz.

Meatzaritzaren kasuan bezala, hobi hitza erabiltzen da ezaugarri zehatzak dauzkaten eta hainbat lekuetan bildu ostean berrerabilgarriak diren elementuak izendatzeko. Beste batzuetan material-banku ere esaten zaio. Kasu honetan, materialak errekuperatu eta baloratzen diren elementu indibidual gisa ulertu beharrean, berrerabiltzea integratzen duen eraikuntza prozesuaren parte izango dira, sortze-prozesuaren hasierako momentutik identifikatuko dena. Eraikinen eraikuntza-sistemak dekontrukzioa eta desmuntaketa integratzen duenean bezala.

Circular economy strategies

Azken urtea, ekonomia eredu linearretik zirkularrerantz eraldatzen hasteko aukeratua izan dela dirudi (from linear to circular economy). Europako batzordeak Circular Economy Action Plan-a, aurkeztu zuen martxoaren 25an, Europako Itun Berdearen parte garrantzitsu gisa. Plan honek, eraikuntzaren kasuan bezala, errekurtso erabilera altua duten sektoreei begiratzen die, zirkularitate ahalmen handia baitute. Estrategia para un entorno construido sostenible delakoak, eraikitako ingurumen jasangarria lortzeko helburuarekin, eraikitako espazioen iraunkortasuna eta flexibilitatea hobetzeko neurriak sustatuko ditu, eraikinen liburu digitalak landuko ditu, eraikuntzako produktuen erregelamendua berrikusiko dute, Level’s tresnaren bidez bizi-zikloaren ebaluazioa kontratazio publikoan aplikatuko dute edo eraikuntza materialen berreskuratzeari buruzko helburuak berrikusten saiatuko dira.

Aldi berean, Europako Batzordeak Principles for Building Design dokumentua aurkeztu du. Bertan erdietsi beharreko helburuak talde ezberdinetan banatzen dira: erabiltzaileak, diseinatzaileak, eraikuntza-enpresak, fabrikatzaileak, desmuntaketa eta eraispen lan-taldeak, inbertsore eta aseguru-entitateak eta azkenik eragile publikoak. Dekonstrukzioari (desmuntaketa) buruzko atalean, eraikinetan dauden errekurtsoak identifikatzearen beharra planteatzen da, desmuntaketa selektiboa sustatzeko.

Espainiako estatuko Estrategia Española de Economía Circular delakoa, Europar Batzordearen ebaluazioaren zai dago, berrerabilpenaren prestaketa prozesuaren helburuak zehazteko. Hala ere, eraikuntza lehentasunezko akzio-sektoretzat dauka eta eraispen selektiboa edo bizi-zikloaren analisia sustatzen ditu. Espainiako estrategiari buruzko informazio gehiago Construible aldizkari birtualaren artikuluan.

Bestalde, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategiak, berrerabiltzea, birziklatzea eta berreskuratzea sustatzen duen ekonomia ereduaren garrantziaz hitz egiten du. Hala ere, eraikuntzaren kasuan, EEH-en kudeaketarako azterlanen kalitatearen hobekuntza, hondakinen obrako banaketa edo eraikinen diseinuan bizi-zikloak duen garrantzia aipatzen ditu soilik. Lurralde honetan, materialen berrerabiltzea eta desmuntaketa selektiboa errealitate izateko itxaron egin beharko dugula dirudi!

Hala eta guztiz ere, neurri zehatz batzuk, zuzenean eraikuntza materialen berrerabiltzean aplikatzen ez diren arren, kasu hauetan baliagarriak ere izan daitezke:

  • material zirkularren erabilpen tasaren %30 handitzearen helburua;
  • material jasangarri eta ordezkagarri berrien beharra;
  • eraikinetan batez ere, konponketa eta berrerabiltzea bermatzen duen eko-kontzepzioaren sustatzea;
  • ikerketa, formakuntza eta sentsibilizazio kanpainak sustatzea;
  • batez ere eraikinen birgaitze proiektuen kasuan arau, gida edo metodologia zehatzen beharra;
  • hondakin zerga baten sorrera;
  • eraispen selektiboen egiaztatze mekanismoak edo erabili beharreko material birziklatuen ehunekoa zehaztea;
  • bilketa-guneak ezartzea edo hondakinen berrerabilpenerako prestaketa bermatzea.

From linear to circular economy

Eskema hau Ellen MacArthur Foundation-ak argitaraturako diagraman inspiratuta dago. Fundazio hau ekonomia zirkularrera trantsizioa bizkortzeko asmoz sortu zen eta web-orrian gai honen inguruko hainbat informazio aurki ditzakegu.

Berrerabilpen ekimenak kasu gehienetan ekonomia zirkularraren logikaren baitan ematen diren arren, zer esan nahi du honek zehazki eta zeintzuk dira ekonomia lineal klasikoaren eta zirkularraren arteko ezberdintasunak? Galdera egitean aurki dezakegu agian erantzuna. Gaur egungo modelo ekonomiko linealak lehengaien erauzketa, fabrikazioa eta erabili ondoren bota egingo diren produktu berrien salmenta pribilegiatzen ditu. Lehengaien gutxitze eta krisi ekologiko sakonaren kontextuan, ekonomia zirkularra baliabide naturalen kudeaketa jasangarria egiten saiatzen da, produktuen bizi-iraupena luzatuz, hondakinak gutxituz eta kontsumitutako baliabideak berriz produkzio zikloan sartuz. Garrantzitsua da azpimarratzea, ikuspegi hau, askotan klima eta justizia sozialaren ikuspegiarekin bat badator ere, ez duela hazkundearen printzipioa zalantzan jartzen, baizik eta hazkunde ekonomikoa baliabide naturalen kontsumotik banatzen saiatzen dela.

Ekonomia zirkularra, europar mailako bi akzio-planen helburu izan da. Batetik, 2015an ateratakoa eta bestetik Europako Itun Berdearen jarraian 2020an egindakoa. Ondoren printzipio hau, estatu mailara igorri da.

Espainiako gobernuak onartu berri du, España Circular 2030 delakoa, Europako helburuekin bat eginez, esparru honetara zuzendutako xedeak aurkezten dituena. Bertan aurki daiteke, 8. eta 9. orrialdean, eredu berri baterantz bidezko trantsizio eta solidarioa helburu, ekonomia zirkularraren definizio izan litekeena:

«(…) se acuña el término de economía circular, concebida a partir de un ciclo de desarrollo y transformación, que avanza optimizando el uso de los recursos, fomentando la eficiencia de los sistemas productivos, promoviendo que productos, materiales y recursos permanezcan activos el mayor tiempo posible, y, paralelamente, disminuyendo la cuantía de los residuos generados.»

Gai honen harira, hemen Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren web-orria.

Eusko Jaurlaritzak bestetik, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030 aurkeztu du. 8. eta 9. orrialdean ere ekonomia zirkularraren definizioa eta honen printzipioak aurki ditzakegu:

«Eredu zirkular berrian, produktuen eta materialen bizizikloak bere horretan jarraitzen du ahalik eta denboratarte luzeenean, hondakinak minimora murrizten dira, eta baliabideak ekoizpen-zikloan sartzen dira hainbat aldiz, horregatik, balioa sortzen da ondasunak bizitza baliagarriaren amaierara iristen direnean. «Ateratzea, ekoiztea, erabiltzea eta botatzea» eredutik «murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea» eredura aldatzea dakar. Ekonomia zirkularrean, «prebentzioa» eta «berrerabilera» funtsezko kontzeptuak dira.»

Azkenik, ekonomia zirkularraren kontzeptua Ingurumenaren Kode frantsesean agertu zen 2015ean (Article L110-1-1), zeina hainbat legeren xedea izan den eta 2018an honen inguruko ibilbide-orria argitaratu zen neurri zehatzak aurkeztuz.

Paris Agreement and European Green Deal

Schéma de présentation du pacte vert – 11 December 2019 – European Commission (Source)

2015an Parisen NBEren 21. goi-bileran adostutako klima aldaketaren inguruko akordio globalak, hemendik 2100ra berotegi efektuko gas emisioen gutxitzea aurreikusi zuen, lurraren berotze prozesua industrializazio aurreko maila baino 2°C azpitik mantentzeko. Parisko hitzarmenaren izaera murriztailea alde batera utziz, zein ondorio izango ditu akordioak eraikuntzaren sektorean eta materialen berrerabiltzean?

Sinatzaileek definitutako helburuak eta martxan jarritako neurri zehatzak ezberdinak dira herrialdearen arabera. 2019ko abenduan aurkeztutako Europako itun berdeak, Parisko hitzarmenaren ildotik, ekonomia zirkularrerako enplegu-sorkuntza eta akzio-plana aurkezten ditu. Honetaz gain, eraikuntza eta beste sektoreetara zuzendutako neurriak aurkeztu ditu, tartean produktuentzako “pasaporte elektronikoa”, besteak beste, hauen jatorriari edo konpontze eta desmuntaketarako ahalmenari buruzko informazioa biltzen dituena.

«Trantsizioak, aktibitate ekonomiko jasangarria eta enplegu-sorkuntzan intentsiboa garatzeko aukera ematen du.»

«(…) ekonomia zirkularraren akzio plan berriak, Europar Batasuneko ekonomia eraberritzen eta ekonomia zirkularrak ematen dituen aukerez baliatzen lagunduko du, EBn nahiz maila internazionalean».

«Akzio planak lehentasuna emango dio, birziklatze prozesuaren gainetik, gutxitzeari eta materialen berrerabiltzeari.»

Europako Itun Berdetik aterako baieztapenak. Dokumentu ofizialak gazteleraz eta frantsesez direnez, euskarazko itzulpena guk egin dugu.

«The Origins of Sustainable Design»

Metropolis aldizkariak, 90eko hamarkadan Estatu Batuetan eman zen diseinu jasangarriaren jatorriari buruzko artikulua argitaratu du, 2003ko urriko azala eta orduko « Architects pollute » izenburu ezaguna aipatuz, eraikuntza eta eraikinen erabileraren, CO2 emisioen eta aldaketa klimatikoaren arteko harreman estua salatuz.

2018an, eraikuntza eta eraikinen erabilera energiaren azken kontsumoaren %36aren eta CO2 emisioen %39aren erantzule izan dira. IEA (International Energy Agency) agentziaren 2019ko txostena ikus daiteke BUILD UP (European Portal For Energy Efficiency in Buildings) atarian.

Metropolis aldizkariaren, eraikuntza eta arkitektura jasangarriari buruzko artikulu gehiago hemen.

#ConstructionDeclares

Larrialdi klimatikoari aurre egiteko arkitektoen deialdia

2019az geroztik, Erresuma Batuko eraikuntza sektoreko profesionalak, larrialdi klimatiko eta ekologikoari aurre egiteko mobilizatzen hasi dira. Sektorea, munduan zehar isurtzen diren CO2 gasen %40aren erantzulea da! Hogei herrialde ezberdinetako profesionalek, Frantzia, Alemania edo Belgika tarteko, deklarazioa sinatu duten ehunka eragilerekin bat egin dute dagoeneko eta ingurumen-arazoak eguneroko lanean integratzeko ardura hartu dute. Zerrenda honetatik kanpo dago oraindik Estatu Espainiarra!