Reuse made in Paraguay – 1

Paraguai, bere arkitektura berritzaileagatik eredu izaten ari da azkenaldian, nahiz eta Europan ikusten ditugun goi-teknologiako konponbideekin kontrajarrita egon. Datozen ingurumen eta gizarte aldaketek, eta gaur egun dugun etorkizun demokratikoaren nahiak, adibide horietan inspiratzera bultzatu behar gaituzte. Izan ere, adibide hauei forma ematen dieten mugak, gureak ere badirela ikus dezakegu. Material naturalak eta bertakoak erabiltzen dituzten teknologia txikiko egitura berrikuntzek, eta berrerabilerak, proiektu jasangarri eta demokratikoen alde jokatzen dute, oraindik ere landa-kultura handia duen eta Hego Amerikako hirugarren herrialde pobreena den honetan. Ideia nagusia, eskura dugunarekin asmatzaileak eta azkarrak izatea da. Horretarako, berrerabilera, arkitektura mota honentzat ezinbesteko tresna bilakatzen da. Solano Benitez eta Gloria Cabral-ek zuzentzen duten Gabinete de Arquitectura bulegoa, adibide isolatua izatetik urrun, arkitektura mota honen ordezkari nagusietako bat da. Adreiluak eta hormigoia nahasten dituen lana, Cartier Fundazioan erakutsia eta 2016ko Veneziako Bienalean saritua (gai honen inguruko artikulua Archdaily-n) izan zen. Proiektu esanguratsuenak beraien herrian bertan burutu dituzte.

Beraien lantokia ohiko prezioa baino zortzi aldiz baxuagoagatik eraiki zutenean, Gabinete de Arquitectura bulegoko arkitektoek, haien sen asmatzailea erakutsi behar izan zuten material merke eta berrerabiliak erabiltzerakoan, tartean hormigoia eta artisau adreiluak (gai honen inguruko artikulua Archdaily-n). Eladio Dieste arkitekto uruguaitarraren lanaren antzera (azken honen Cristo Obrero elizaren proiektua ikusgarri Archdaily-n), material hauen erabilera ez da oztopo arkitektura eta egiturarekin esperimentatzeko. Honela izan zen Casa Esmeraldina (2002) proiektuaren tolesturadun fatxadaren eraikuntzan. Panel prefabrikatuekin eraikia, adreilu berrerabiliekin egindako aparejuak, lortutako azalera maximizatzea eta behar diren adreilu kopurua murriztea ahalbidetu zuen, kosteak gutxituz. Apareju berdinarekin, Gabinete de arquitectura bulegoak, modulu prefabrikatuz osatutako beste sistema bat garatu zuen, kasu honetan triangulazioz muntatua. Hau, Centro de Rehabilitación Infantil de la Teletón (honi buruzko artikulua Archdaily-n) delakoaren sarrerako arku handi saretuaren eraikuntzan erabili zen. Zentruaren eraikin nagusian beirazko ate eta lauza zeramikoak ere berrerabili ziren, eta gainera tolesturaz osatutako fatxadaren ideia lantzen zuen.

Proiektu honetan adreiluak berrerabiltzen ziren arren, barneko arkuetako bat, eraispenetatik ateratako hondakin zeramikoz osatutako hormigoi ziklopearekin eginda zegoen. Triangulazioz edo tolesturen bidez mihiztatutako hormigoi ziklopeozko panel prefabrikatuetan integratutako adreilu edo txintxorren berrerabilera, Gabinete de arquitectura bulegoaren ezaugarri nagusi bilakatu zen horrela. Berrikuntza hauek, Quincho Tia Coral (2016, honi buruzko artikulua Archdaily-n) proiektuan ere aurki ditzakegu, non pergola, beira berrerabiliz eta batez ere txintxor zeramikozko hormigoi ziklopeoz osatutako modulu triangeluarrez eginda dagoen. Beste eskala batean, logika berbera erabili zen, Facultad de Arquitectura, Diseño y Arte (FADA) de la Universidad Nacional de Asunción (UNA) delakoaren handitze proiektuan. Fatxada osoa sistema saretuarekin eraiki zen. Beste hainbat proiektuetan ere, hormigoi ziklopeozko panel prefabrikatuak erabili ziren: TEXO Fundazioa (2017), BASA bankua (2018) eta geroago Pabellón de Composta de la Casa Wabi (Mexiko, 2020, honen inguruko artikuluak Dezeen web-orrian edo Arquine aldizkarian) delakoaren itxituran, lauza moduan lurrean kokatuak edo kableen bidez sapaitik eskegiak.

Paraguaiko panorama arkitektonikoaren beste figurek ere, Gabinete de arquitectura bulegoaren norantza berbera jarraitzen dute. Honela, Javier Corvalán eta bere Laboratorio de Arquitectura bulegoan, materialen berrerabilera eta berrikuntza arkitektonikora jotzen dute eraikuntza kosteak murrizteko. Sabaia, bere proiektuen elementu garestienetako bat da, eta arkitektoaren arreta erakartzen du. Casa Hamaca (2010) proiektuan adibidez, estalkia xafla metaliko uhinduz eta beste obretako soberakinetatik aterako zur aglomeratu taulaz eginda dago. Sabaia, adreiluzko bi horma inklinaturen artean zintzilikatua, hamaka forma ematen diote eta bertan aurkitutako harriz lastatua dago. Casa Umbráculo (2007) proiektuan, eraikuntza zahar baten birgaitzea, palet zurez egindako ganga formako estalkia gehituz burutu zen. Era berean, Yvapovo (2016), zurezko pergola batez estalitako adreiluzko pabiloia, hau ere gangaduna, eraispenetatik ateratako materialekin eginda dago (zura eta adreilua).

Lan egiteko beste modu bat, lehengai moduan, induskatutako lurra erabiltzea da. José Cubilla arkitektoak hauxe bera egin zuen Takuru etxebizitzan (2016), non erakintzaren bolumenaren %85a obran bertan erauzi den lurrez osatuta dagoen (ikusi artikulua Archdaily-n). Ur depositu gisa erabiltzen den hobi handi bat da, eraikuntzan erabiliko den lurra hornitzen duena. Beste batean, arkitektoak, harria erabili zuen partzialki hondoratua dagoen Pleasure Point etxebizitzan (2005, artikulua ikusgarri The Society Paraguay plataforman). Kasu batean zein bestean, material naturalen aukeraketak, bere ingurumenera ondo egokitzen diren proiektuetara darama. Lehenengoak, bistaratutako arroka dirudi eta besteak, aldiz, inguruko lurrez egindako eskultura. Ara Pytu etxebizitzan (2016) (ikusi artikulua Archdaily-n) erabilitako harria ez da bertan erauzten, baina, berrerabilera materiala da.

Berrerabilera adibide hauek ez dira kasu isolatuak eta Paraguaiko panorama arkitektonikoa bultzatzen duten baloreak islatzen dituzte. Bertako materialen erabilera, merkeak eta berrerabiliak, zein eraikuntza praktika konkretuen aukeraketa, eraikuntza kosteak murrizteko moduak dira batez ere, baina gainera, gizarte, kultura eta ingurumen-kezken berri ematen dute. Proiektu ezberdin hauek, estetika amankomuna dute, baina, estiloa soilik aipatzea, arkitektura hau ikuspuntu formal hutsera mugatzea litzateke. Ideia eta idealak defendatzen dituen mugimendua da batez ere. Honek arkitekto gazteen belaunaldia inspiratuko du, horietariko asko UNA-ko FADA-ko Taller E delakoan parte hartutakoak. Arkitekto gazte hauen eraikuntza berriak eta berrituak, kostu txikiko materialez eta artisau teknikekin egindako arkitektura berritzailearen ikuspuntua dute amankomunean.


The New York Times egunkarian 2020an argitaratutako artikuluak Paraguaiko arkitektura garaikidearen panorama interesgarria erakusten du. 2018an, Gloria Cabral arkitektoari Women in Architecture Moira Gemmill Prize saria eman ziotenean, The Architectural Review aldizkariak artikulua argiteratu zuen. Azkenik, Global Award for Sustainable Architecture 2021 sariak eman zirenean, Solano Benitez eta José Cubillak emandako hainbat hiztaldiren bideoak argitaratu ziren.