La Fabrique du clos

Stains-en, Ile-de-France eskualdean, 1959ko hormigoizko apartamentu-eraikin eta hormen eraispenak, ingurumen inpaktu handiko material honen tokian-tokiko berrerabiltzea ahalbidetu du azken bost urteetan. Proiektua, Seine Saint Denis Habitat eta Bellastock arkitektoen artean burutu dute, besteak beste CSTBren (Centre Scientifique et Technique du Bâtiment) laguntzarekin.

Ingurumen-xede, objektibo sozial eta kulturalak dituen ekimen honek lorpen ezberdinak izan ditu. Besteak beste, hormigoizko elementuekin egindako prototipoen sorkuntzan adibidez: hormigoizko lauza zoladura, banku edo jardinera gisa erabili daitekeen harlangaitz lana eta hormigoizko hormez eraikitako lokal teknikoa. Gainera ekimenak espazio publikoen antolamendu plana, objektuen errekuperazio eta birziklatze zentro komunitarioa eta sentsibilizazio, formakuntza eta sorkuntza programak garatzeko aukera ekarri du, beti ere auzo mailatik abiatuz.

Berrerabilpeneko hormigoizko zoladuraren 60m2-tan burututako azterlanak adierazi duenaren arabera, zoladurara bideratutako material-hobiaren berrerabiltze tasa %86koa izan da. Gainera berrerabiltze prozesua burutzeko beharrezkoa izan den epea 4 egunez bakarrik luzatu da. Zoladuraren batez-besteko m2-ko kostua 25,2€koa izan da, zoladura berri batena baino 10€ merkeagoa. Proiektuaren tokiko lana eta honen izaera esperimentalaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.  

Concrete jungle

Peerless Portland Cement Factory 1906 – Unknown photographer – Collection of Marty and Ron Chard (Public domain)

Garapen modernoaren funtsezko elementuetako bat da. Etxebizitza, arkitektura obra eta azpiegitura kopuru handi baten eraikuntza ahalbidetu duen arren, hormigoiak hainbat aspektu negatibo ditu.

Urarekin batera munduan gehien erabiltzen den substantzia izanik, hormigoia ingurumen arazo nabarmen baten erantzule da. Ura, harea eta agregatu ezberdinekin batera, Portland zementua (%75ean klinkerrez osatua, tenperatura altuak behar ditu oinarrizko lehengaia deskonposatzeko) hormigoien %98an erabiltzen da. Klinker-a munduko CO2 emisioen  %8aren erantzule dela kontsideratzen da.

Biodibertsitatearengan duen inpaktu nabarmena, ur eta hare kontsumo handia, kutsadura atmosferikoa, neurrigabeko hondakin kantitatea, delinkuentzia eta ustelkeria hormigoiaren alde ilunaren parte dira.

Gure gizartearen hormigoiarekiko menpekotasunak, ez du ibilera alternatiborik errazten. Are gutxiago hazkunde demografiko, ekonomiko eta urbanistikoak eskaera handiagotzen duen mundu batean. Hala ere, hormigoiaren erabilerak argitara uzten dituen desafio garrantzitsuek, gure eraikuntza ohiturak, materialak eta lehentasunezko teknikak bultzatzeko aukera zabaltzen dute. Berriztatzea, lehendikako eraikuntzak zaintzea eta babestea, birziklatzea eta berrerabiltzea lehentasunezko praktikak izan behar dira berriro!

Gai honen inguruan, Bellastock-ek CSTBaren laguntzarekin egindako proiektu interesgarria.


Testu hau artikulu honetan oinarritzen da: Concrete, the most destructive material on Earth (The Guardian)

Podcast-a entzungarri hemen: Cities (The Guardian)

Informazio gehiago txosten honetan:  Chatham House (The Royal Institue for International Affairs) – Making Concrete Change