Grande Halle de Colombelles

Collombelles-ko Grande Halle proiektuan antzinako sozietate metalurgiko frantses honen lantegi elektrikoa eta hozte-dorrea kontserbatu dira. Birmoldaketa hau Normandie Aménagement-k bultzatu zuen. Proiektua garatzeko, gehiengo publikoa duen eragile honek, Construire eta Encore Heureux kolektiboko arkitektoei dei egin zien, materialen berrerabileran esperientzia zabala baizuten. Helburua lantegi elektriko hau lan eta kulturgune berri batean eraldatzea zen. Eraikina bi nabetan banatuta zegoen eta honen hormigoizko fatxada bilkari sostengatzailea mantendu zen. Nabeetako bat bere horretan utzi zen eta harrera eta bilkura gune bilakatu zen. Bestea ordea zurezko hiru solairutan banatu zen balkoi sistema baten bidez azalera handituz. Bertan kafetegi/jatetxea, tailerrak, languneak eta entsegu gelak kokatzen dira.

ETC kolektiboak berrabilpen esperimentu txikia egin zuen proiektu honetatik gertu, la cité de chantier. Kontainer zaharrekin eta berrerabilitako materialekin eraikitako behin-behineko espazio hau, la maison du projet Morland-en antzera, proiektuaren harrera, bitartekaritza-gune eta proiektuaren inguruan eztabaidatzeko espazioa zen, permanence architecturale-k (arkitektoek zuzendutako harreragunea) bultzatuta. Le WIP elkartea Grande Halle-ren kudeaketa eta animazioaren kargu egin zen eta la cité de chantier honetan kokatuta, erabileren ikuspuntu zabala zuen.

Proiektuaren obra-kudeaketa atal ezberdinetan banatu zuten eta hauetako bakoitzarentzat berrerabilpena barneratzen zuen derrigorrezko aldaera bat aurreikusi zuten. Berrerabilpenari buruzko atal espezifikoa, 1.goa, le WIP-aren esku utzi zuten. Hauen eginkizuna obraren inguruan material hobiak identifikatzea, dekonstrukzio lanak burutzea, materialak biltzea, hauek konpontzea eta obraren lanen kargu zeuden enpresei material hauek entregatzea zen. Material hauek obran bertan zeuden kontainerretan gordetzen ziren. Gainera, materialen jatorriari eta ezaugarri teknikoei buruzko informazioa biltzen zuten fitxak sortu zituzten. Fitxa hauek eta bulego tekniko eta aseguru-entitateen arteko elkarlanak material hauen berrerabilera ahalbidetu zuten. Permanence architecturale-ri esker, eraikuntzan parte hartu zuten enpresei zuzendutako berrerabilpenaren inguruko jarraipen estua egin zen. Le WIP-en kalkuluen arabera, praktika hauen tokiko enplegu-sorkuntza 2 DOB-koa (Dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuak) izan zen. Bestetik CO2 gasen gutxitzea 25 t-koa izan zen eta 18 t obra hondakin gutxiago sortu ziren.

Hemen proiektuan berrerabilitako materialen zerrenda:

  • Fundiziozko 27 erradiadore eta 25 altzairuzko (bulego eraikin eta garaje batetik bilduak);
  • 31 elementu sanitario (konketak, WC, eta pixalekuak, bulego eraikin eta komertzial batetik ekarriak);
  • Barandentzako 21 zutiko (zuraje edo zur-egituretatik);
  • Hasiera batean errekuperatutako 21 leihoetatik 1, gainontzekoak obratik lapurtuak izan ziren (eraikin komertzial batetik ekarriak);
  • Zur masibozko 18 ate, horietako 2 suaren kontrakoak (etxebizitza eraikin batetik ekarriak);
  • 200m2 arroka-ile isolamendua (sabai-izunean integratuak, bulego-eraikin eta komertzial batean jasoak);
  • lauzadura (stock amaiera);
  • Arotz-lanerako zura (materialen garraiorako paletetatik lortua).

Informazio iturria: MOOC – Le réemploi : matières à bâtir (ICEB); le WIP elkartearen posterra, berrerabilpena ahalbidetzeko material hauei emandako tratamenduei buruzko informazioarekin eskuragarri hemen, Creative Commons Attribution-NonCommercial-NoDerivatives 4.0 International (CC BY-NC-ND 4.0) lizentziapean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude