CHARM

CHARM (Circular Housing Asset Renovation & Management) proiektu europarraren (Interreg North-West Europe) helburu nagusietako bat etxebizitza sozialen kudeaketan, eraberritzean eta eraikuntzan, materialen berrerabilera optimizatzea da. Izan ere, proiektuak gaur egun eraikuntza eta eraispen hondakinen (EEH) birziklapena hobetzeko joeratik urrundu nahi du, askotan downcycling (infrarreciclaje) batera eramaten duena. Hemen, beraz, eraikuntzako materialak ahalik eta hobekien berrerabiltzea dago jokoan. Erakustaldiaz gain, CHARM proiektuaren beste helburua, bazkide eta sektore guztiak ikuspuntu berritzailea integratzea da. Proiektu honek, etxebizitza sozialeko erakundeak eta etxebizitzaren eta ikerketaren inguruko beste eragileak TU Delft (Delft University of Technology) unibertatsitatearen inguruan biltzen ditu. Guztira, erakunde bazkide hauen lanari esker, downcycling-etik 40.000 tona material salba daitezkeela iragarri dute!

CHARM proiektuak, beste proiektu europarren, FCRBE edo BAMB, helburu antzekoak ditu. Haiekin elkarlanean aritzen den arren, etxebizitza sozialari aplikatutako ekonomia zirkularra du ardatz. Honela, etxebizitza sozialeko erakundeen elkarlanari esker, lau herrialde ezberdinetan garatu diren proiektu pilotuetan, material berrerabilien zirkulazioa ahalbidetzen duten estrategia zehatzak ezarri dituzte. Zuzentarauak emateak eta truke-plataformak ezartzeak, estrategiak garatzen lagundu behar dute. Hauek, eraberritze edo eraikuntza berrian, bai in situ edo ex situ burututako berrerabileran eta baita berrerabilera helburu duen diseinu zein eraikuntzen kasuan ere aplikatu daitezke.

Honela, Ingalaterran, GreenSquareAccord ekimenak, zurezko etxebizitzak eraiki zituen, hauen muntaia, desmuntaia, birmuntak eta etxebizitzen osagaien berrerabilera sustatzeko helburuarekin. Frantzian, Paris Habitat proiektuak aurretik garatutako proiektu pilotuetako esperientzia erabiliko du, hainbat eraberritze lan burutzeko (Ville de Paris eta Backacia-rekin lankidetzan), beraien berrerabilera bolumena bikoiztu eta materialen truke plataforma bat eratzeko. Material berrerabilien erabileran kontzientziatzeko helburuarekin, Woonbedrijf proiektu herbeheretarrak, etorkizuneko maizterrak eta auzoteria, etorkizuneko dekonstrukzioa ahalbidetzeko diseinatutako eraikuntza berrien sortze-prozesuan sartu ditu. Azkenik, Belgikan, Zonnige Kempen proiektuak (Rotor-ek lagunduta), bilketa eta berrerabilera in situ integratzen dituen eraberritzea eta materialen trukerako plataforma baten sorrera garatu ditu. Era berean, dekonstrukziotik datozen materialen berreskuratze-tasa eta eraispen bidez egindako antzeko proiektu batena alderatuko ditu.


Hemen, proiektu pilotu ezberdinen deskribapen zehatzagoa aurki daiteke.

Reusing posidonia

Formenteran, Balear Uharteetan burututako LIFE Reusing Posidonia proiektuaren xedea, etxebizitza-sozial eraikin baten aztarna ekologikoa nabarmenki murriztea zen. Horretarako, tokiko baliabideak eta artisau teknikak erabili ziren, irtenbide horien bideragarritasuna frogatzeko asmoarekin. Helburua, eraikuntzari loturiko CO2 isuriak eta hondakin ekoizpena %50ean gutxitzea zen, proiektuaren kostu gehigarria %5tik behera mantenduz. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitu nahi duen proiektu hau 2018an amaitu zen, eta bertan babes ofizialeko 14 etxebizitza sortu eta monitorizatu ziren. LIFE programa europearraren barruan (LIFE12/ENV/ES/000079, LIFE+ 2012), etxebizitza babestuen sustapena oinarritzat duen Instituto Balear de la Vivienda (IBAVI) erakunde publikoak zuzendu zuen proiektua, Balear uharteetako autonomia erkidegoko energiaren eta aldaketa klimatikoaren zuzendaritza nagusiarekin lankidetzan. Beraien helburuak lortzeko, IBAVI-ko arkitektoak arkitektura tradizionalean inspiratu ziren, tokiko baliabideak erabiliz. Tartean posidonia itsas-landarea. Hondartzetara iristen diren hosto hilak isolamendu eta material berrerabili gisa erabiltzen ziren!

Ingurumen-onurez gain, alderdi ekonomikoa eta soziala ere garrantzitsuak dira proiektuaren arduradunentzat. Beraien esanetan: “1500km-tara kokatzen den industria kimikoan inbertitu beharrean, aurrekontu berdina erabiliko dugu kualifikazio txikiko eskulanean”. Etxebizitza soziala bultzatzeaz gain, tokiko artisau-industria ekologikoa sustatu nahi zuten. Teknologia baxuko arkitekturaren garapena, uhartean eskuragarri dauden baliabideen (arenisca, arcilla, cerámica, cal aérea), ingurumen-ziurtagiria inportatutako materialen (madera, cal hidráulica) eta material berrerabilien erabilera, helburu hauek lortzeko konbinazioa ezinhobea da. Honek guztiak, diseinu fasetik material hauek integratzeko eraikitze-sistemak kontutan hartzea eskatzen du. Era berean, eraikinaren energia-efizientzia azpimarratu zen, kasu honetan A klasekoa, bereziki hormigoi zelularra erabiliz. Arkitektura tradizionalaren eragina, etxebizitzen diseinu bioklimatikoan ere nabari da. Pergola, pertsiana eta atari-aterpeak ez dira soilik apaingarri, eta fatxadan jarritako kableek landare igokarien garapena errazten dute.

Proiektuaren funtsezko elementuetako bat posidonia da, hondartzen kontserbaziorako ezinbestekoa den alga babestua. Hau erabili ahal izateko baimena behar da. Hala ere, hondartzetara iristen den posidonia kantitate handiak, gainbegiratuta, gaineko geruza jasotzeko aukera ematen du. Gehiegizko bolumen horiek, uharteko eraikuntza berrien isolamendua burutzeko erabili ziren. Bestetik, zenbait probatan ikusi zen moduan, behin lehortzen denean ez du tratamendu osagarririk behar, itsasoko gatzak konserbatzaile eta biozida gisa jarduten baitu.

Posedonia algaren ustiapenaz gainera, berrerabilerak ere garrantzi handia du proiektuan. Honela, etxebizitzen barneko arotzeriak berrerabilitako ate eta leihoz osatuta daude, eta beheko solairuko kanpoko ateak somier zaharretatik ateratako pinu zurez eginak daude. Berrerabilitako elementu hauek Mallorcako Fundació Deixalles-ak (ingurumen eta hondakinen kudeaketa arloetan lan egiten duen ekonomia solidarioaren fundazioa) eman zituen. Zur zaharrez egindako ate eta leihoak neurri moldaketak izan zituzten, eta panel labainkor moduan erabili ziren, hauen integrazioa errazteko. Guztira, ehun elementu baino gehiago berrerabili ziren! Induskatutako lurren edo homigoi zelular obra-hondakinez bestalde, hainbat palet berrerabili ziren, hauek bueltan penintsulara bidaltzea oso garestia baitzen. Paletak estalkian erabili ziren, posidonia banatu ondoren, OSB panelak eusten zituen bigarren mailako egitura gisa.

Azkenean, hondakinak eta CO2 isuriak murrizteko hasierako helburuak erraz lortu ziren. CO2 isurien gutxitzea adibidez %63koa izan zen. Proiektuak jarraitzen duen logikak, diseinu bioklimatikoa, artisau tekniken erabilera eta tokiko material edo berrerabilien erabileratik hasita, helburu sozialera arte, berrerabilera, beste printzipio batzuekin batera, arkitekturaren eta eraikuntzaren ikuspegi berri baten osagaitzat hartzearen garrantzia erakusten du. Lan egiteko modu berriak dira, non eskura dauden berrerabilera materialak, baliabide naturalak bezala, une bakoitzean ezberdinak izaten diren. Balear uharteetan arotzeriak eta posidonia izan dira, zeintzuk erabiliko ditugu beste leku batzuetan?


Proiektuaren web-orriko eduki guztia eta artikulu honetan azaldu duguna, Creative Commons Attribution-NonCommercial-ShareAlike (CC BY-NC-SA) 4.0. lizentziapean eskuragarri dago. Gainera, proiektuan sakontzen duen argitalpen bat aurki daiteke, hemen deskargatu daitekeena. Honetaz gain, proiektuari eskainitako erakusketa ibiltaria aurkeztu zen Sevilla, Madril eta Bartzelonan.

Proiektuaren filosofia, beste batzuentzan inspirazio bilakatu zen. Honela 2021ean IBAVI-ko arkitektoek zuzendutako etxebizitza sozial proiektu bat burutu zuten. Bertako hareharri eta posidoniaz gain, estalkian kofratze-panelak berrerabili ziren. Arquitectura Viva aldizkariaren web-orrian, honi buruzko artikulu bat eta Formenterako proiektuari buruzko hau aurki ditzakegu.

BRIC

Brusela hiriaren eskualdearen ekonomia zirkularraren programaren esparruan (Programme Régional en Économie Circulaire – PREC/Be Circular) eta BAMB (Building as Material Banks, hemen honi buruzko artikulua) proiektu europarraren laguntzarekin jaio zen BRIC (Build Reversible In Conception) proiektua. Zehazki, efp, ikas-ekinezko heziketa zentruan sortu zen, non besteak beste, eraikuntza ikasketak irakasten diren. BRIC, ekonomia zirkularraren eta itzulgarritasunaren printzipioak ezin hobeki integratzen dituen eraikin jasangarri, modular eta ebolutiboa da. Efp zentruko ikasleentzat eta haiek beraien eskuekin eraikia, etorkizuneko eraikuntzako profesionalak praktika zirkularren inguruan trebatu eta sentsibilizatzeko tresna didaktiko eta pedagogikoa da. Honela, proiektuaren helburu nagusietako bat eraikuntza materialen berrerabilera da. Azpimarratzekoa da, berrerabilera eta itzulgarritasunaren integrazioaz gain, material jasangarrien, autonomia energetikoaren, euri-uren kudeaketaren eta ur grisen berreskuratzearen bidez ere bermatzen duela BRIC proiektuak ingurumen-errendimendua.

Proiektua, ondoz ondoko hiru eraikinez osatuta dago, BRIC 1, BRIC 2 eta BRIC 3, ia osoki aurreko eraikinaren materialez eraikia. Pabilioi bakoitzak itxura, bolumetria eta erabilera propioa ditu. Eraikuntza, dekonstrukzio (desmuntaketa) eta berreraikitze zikloak lau urtetan zehar luzatu ziren eta irrati-estudio erabilera zuen BRIC 3 eraikina, 2021ko ekainean inauguratu zen. BRIC 1 osatzen zuten materialak berrerabiliak ziren arren (xafla metaliko, zurezko zoruak, estaldura eta arotziak), diseinu itzulgarriaren bidez lortu zuten batez ere, berrerabilera estrategia martxan jartzea. Lehenengo deskontrukzioaren ostean, inbentarioa burutu zen eta Karbon’ (Karbon’ architecture et urbanisme) bulegoko arkitektoek BRIC 2-aren diseinuan lan egin ahal izan zuten desmuntatutako materialak integratuz. Logika berdinarekin, arkitektoek, eraikinaren handitzea burutu zuten BRIC 3-an eraldatzeko. Guztira, adar ezberdinetako ehundaka ikaslek formakuntza jaso ahal izan zuten pabilioi ezberdinen eraikuntzan zehar.

Oinarri mugigaien gainean eraikitako plataforman kokatua, BRIC-en egitura zurezko zutabe eta kaxa bidezko sistema batez eraikia zegoen, eta hauek konfigurazio ezberdinen arabera elkartu edo pilatu zitezkeen. Loturak mekanikoak ziren eta torlojuen kokapena markatuta zegoen desmuntaketa errazteko. Xafla metalikoa behin eta berriz erabili zen estalki eta fatxadan, eta hasiera batean estaldura gisa erabili ziren zurezko panelak, neurrira moztu eta teila eta fatxadan ezkata moduan erabili ziren. Buztin estaldura nahiko erraz berrerabili daitekeen arren, ikasleek, berrerabilerarako zur trinkoa, OSB taulak baino egokiagoa dela egiaztatu ahal izan zuten. Gainera, zelulosa isolamendua instalatzen erraza bada ere, deskontrukzio garaian xurgapen prozesua konplexuagoa zela ikusi zuten, egituraren zurezko kaxetan hainbat zulo egin behar baiziren. Zur-zuntzezko panelek malgutasun handiagoa eskaintzen zuten.


BRIC proiektuari buruzko etapa ezberdinei buruzko argiltapenak kontsulta daitezke BAMB proiektuaren web-orrian. Archi Urbain bideoblog-aren web-orrian frantsesez, BRIC 3 proiektuaren azken bertsioa aurkezten duen programa aurki dezakegu.

Amaitzeko, berrerabilera eta etorkizuneko eraikuntza sektoreko eragileen formakuntza protagonistatzat dituen Bruselako beste proiektu bat aipatu nahi dugu. CDR Construction-ek antolatutako lehiaketa baten esparruan, Bruselako ikasleak eraikin modular, desmuntagarri eta garraiagarri bat eraikitzeko lanetan trebatu ziren, MØDÜLL (2015) eta MØDÜLL 2.0 (2017). Informazio gehiago, frantsesez, Guide Bâtiment Durable aldizkarian.

BAMB

BAMB (Buildings As Material Banks) ikerketa eta berrikuntza proiektu europarrak (Horizon 2020), 7 herrialdetako 15 kide bildu zituen eraikuntzaren sektorean logika zirkularra finkatzeko asmoz. Lau urtez, 2015tik 2019rarte, partaideen helburua eraikuntza materialei bere benetako balio itzultzea izan zen, hondakin gisa amaitu ez zezaten. Horretarako bi tresna erabili ziren: materialen pasaportea (Materials Passport) eta eraikinen diseinu itzulgarria (Reversible Building Design). Hauek, zuzentarau, gomendio politiko eta eredu ekonomiko zirkular berriek lagundu zituzten. Sei proiektu piloturi esker, estrategia berri hau probatu ahal izan da. BAMB proiektuaren web-orrian kontsulta daitezkeen zenbait argitalpenek garatutako esperientzien berri ematen dute.

Eraikin itzulgarrien diseinua, eraberritzea sinplifikatuz, barne edo kanpoko eraldaketa eta osagailen berrerabilera, Belgikan(Circular Retrofit Lab eta Build Reversible In Conception), Bosnia-Herzegovina (Green Design Centre) eta Herbeheretan (Green Transformable Building Lab) probatu zen. Honela, dekonstrukzioa, eraldaketa eta berreraikitzea, benetako egoeretan edo modulu esperimentalen bidez probatu ahal izan ziren, berrerabilerari dagokion lekua emanez! Proiektu hauek hezkuntza-dimentsioa ere bazuten, Green Design Center-en helburua adibidez informazio-zentru publiko bilakatzea baitzen. BRIC proiektua (Build Reversible In Conception), lanbide-heziketa zentru baten (efp) ikasleekin eta ikasleentzat eraikia izan zen, eta Circular Retrofit Lab, Vrije Universiteit Brussel (VUB) unibertsitateko ikasleentzat laborategi gisa erabili zen.

Beste diseinu itzulgarri bat ere probatu zen, erakusketa mugikor baten egitura desmuntagarri eta moldakor bat garatuz (Reversible Experience Modules). Erakusketa honetan, berrerabilera ahalbidetzeko sortu ziren produktu eta eraikuntza sistemak erakutsi ziren. Material bakoitzarekin batera pasaporte birtuala aurkezten zen, hondakinak saihesten lagunduko zuen desmuntaketa gida bat. Material pasaportea benetako egoera batean probatu zen Alemanian (New Office Building). Eta jakina, material hauen berrerabilea ahalmena kontutan hartu zen!

Opalis

Belgikan Eraikuntza materialen berrerabilerari buruzko Opalis webguneak, Rotor-ek bultzatutako ekimenak, jardun eremua Europa iparraldearantz zabaldu du FCRBE proiektuari esker. Berrerabileraren alorrean honezkero existitzen diren jardunbideak identifikatzeko zegoen beharra ikusita, web-orri honen lehenengo funtzioa Frantzia, Belgika eta Herbehereetako 300 hornitzaile baino gehiago biltzen dituen inbentario bat osatzea da (Erresuma Batuari zuzendutako Opalis web-orrialdearen bertsioa ere existitzen da). Hornitzaile ezberdinei buruzko informazioek, hauen espezialitateei eta saltzen diren material motari buruzko ideia orokor bat garatzen laguntzen dute. Honetaz gain, eskaintzen diren zerbitzuen inguruko informazioa ere ematen du, dekonstrukzioa, garraioa, kontzepzioa edo kontzepzioarako laguntza besteak beste. Materialei ematen zaizkien tratamendu eta eraldaketa prozesuei buruzko informazioa ere eskaintzen da, hala nola, garbiketa, konponketa, tratamendu ezberdinak edo berdimentsionamendua.

Gainera web-orriak, horrelako proiektuak eraikitzea posible dela erakusteko, elementu berrerabiliak integratzen dituzten proiektuen zerrenda aurkezten du. Halaber, mota ezberdinetako materialei buruzko dokumentazioa eta informazioa eskaintzen du: informazio historiko eta kulturala, material mota bakoitzeko eredu ezberdinak, tratamendu orokorrak, prezioak, materialen zehaztapen teknikoei buruzko informazioa, batzuetan baldintza-agirien atalez lagunduta.

Jarraian Opalisen antzekoak diren beste dibulgazio proiektu batzuen estekak:

  • Belgikan, la plateforme des acteurs pour le réemploi des matériaux de construction à Bruxelles (Bruselako eraikuntza materialen berrerabilpenerako eragileen plataformak), inbentarioa bat ez den arren, formakuntzak, berrerabilpenari buruzko tresnak eta materialen trukerako plataformen inguruko loturak eskaintzen ditu.
  • Frantzian materiauxreemploi.com web-orriak, materialen berrerabilpenari buruzko baliodun informazio eskaintzen du, legediari buruzkoa batez ere. Gainera, burututako adibideak eta eragile ezberdinen inbentario edo mapa aurkezten ditu. Hauetariko gehienak erakundeak, bulego teknikoak edo obrarako laguntza eskaintzen duten bulegoak, enpresa eraikitzaileak, arkitektoak edo materialen truke eta salmentarako plataformak dira.
  • SalvoWEB, Erresuma Batuan, Salvo Ltd enpresaren webgunea da. Berrerabilpena eta antzinako elementu arkitektonikoak biltzen dituen web-orrialde hau duela 30 urtetik dago martxan. Gainera online denda, iragarkientzako plataforma eta berrerabilpen materialen hornitzaileen zerrenda zabala eskaintzen ditu. Honetaz gain Salvo-k Opalis web-orria osatzen laguntzen du.
  • Build Reuse, Estatu Batuetan, irabazi-asmorik gabeko erakundea da, lehen BMRA (Building Materials Reuse Association), duela 20 urtetik materialen berrabilpenaren inguruan oso aktiboa da. Formakuntza jarraia eta egiaztapen programak eskaintzen ditu. American Wood Council et le Canadian Wood Council-arekin batera, berrerabilitako eta birziklatutako zurari buruzko web-orria garatu dute, eta hornitzaileen zerrenda garrantzitsua aurkezten dute.

Ezagutzen dugunaren arabera, Espainiako Estatuan zein Euskal Herrian, berrerabilpeneko eraikuntza materialak saltzen dituzten enpresak biltzen dituen inbentariorik ez da existitzen. Oso ugariak ez diren arren, existitzen direla dakigu. Adokin-ek horietariko batzuk identifikatu ditu. Berrerabilerako materialen hornitzaileei eta hauen berezitasunei buruzko inbentarioa gauzatzeak, lan zorrotza eta epe luzekoa eskatuko luke. Egun batean gure lurraldean horrelako ekimena garatuko dela espero dugu !

FCRBE

FCRBE (Facilitating the Circulation of Reclaimed Building Elements) europar proiektuak (Interreg North-West Europe) 2032rako merkaturatuko diren berrerabilitako materialen kopurua %50 gehiagotu nahi du. Frantzia iparraldean, Belgikan eta Erresuma Batuan ardaztuta dagoen proiektuak, erakunde, eraikuntza eta ikerketaren arloko eragileak biltzen ditu, besteak beste, Salvo Ltd (UK), Bellastock (FR) edo Rotor (BE). Eragile hauek elkarlanean ari dira materialen berrerabilpena, eraikuntza proiektu baten etapa ezberdinetan kontuan har dadin eta horretarako bide desberdinak erabiltzen dituzte:

  • Opalis web-orria, berrerabilpen materialen hornitzaile zerrenda, material hauei buruzko informazioa eta hauekin garatutako proiektuen adibideak biltzen dituena;
  • berrerabilpen eraikuntza elementuen aukerak eta hauek proiektu berrietan integratzeko moduei buruzko hainbat gida.

Tresna hauek eta beste hainbat proiektu piloturen bidez jarri dira martxan. 

REBRICK

San Francisco Earthquake of 1906, Cleaning bricks – George Williford Boyce Haley – National Archive at College Park (Public Domain)

2011 eta 2013 artean garatutako REBRICK (Market uptake of an automated technology for reusing old bricks) proiektu europearraren helburua, buztin erre adreilu zaharren berrerabilpena bultzatzea zen. Gamle Mursten empresa dinamarkarrak, adreiluetatik hormigoi eta zementu hondakinak kentzeko sistema mekaniko automatizatua jarri zuen martxan. Proiektua, Europar Batasunaren Eco-Innovation programaren bidez kofinantziatua izan zen eta helburua berrerabilpenaren oinarri hauek Europan zehar zabaltzea zen, eskualde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta. Kalkuluen arabera, berrerabilitako adreilu bakoitzeko 0.5kg CO2-ko ingurumen-onura lortu zen!


Proiektuari buruzko informazio gehiago:

REBRICK European Commission

Residuos Profesional