HArquitectes

Kataluniako HArquitectes arkitektura estudioak jada erakutsi zuen, ondarea kontserbatzeko interesa, materialen zahartzea eta osatzen dituzten estratuak balioetsiz, eraikin baten bizitzako garai desberdinen lekuko gisa. Hala gertatu zen Bartzelonan, bi gizarte-etxeren proiektuen sorreran: lehenik, Centre cívic Cristalleries Planell-en (2010-2016), non lehendik zegoen fatxadaren zati batzuk integratu ziren, eta bigarrenik, fatxadak, mehelinak eta egitura-elementu batzuk integratu ziren Centre cívic Lleialtat Santsenca-n (2012-2017). Horien ondoren, materialen berrerabileran murgildu ziren erabat.

Lehenik eta behin, 1413 Etxearen proiektuarekin gertatu zen (2014-2017). Haren karga-hormak teknika hibrido baten bidez eraiki ziren, lur zapaldudun horma eta harlangaitz-horma ziklopea nahastuz. Eraikin berria eraiki zen finkaren perimetroko horma zaharretik ateratako harriz osatuta dago. Berriki, Palma de Mallorcako etxebizitza sozialen proiektu batean, Habitatges socials 2104 (2021-2025), azpimarratzekoa da berriz ere modu berezi batean egindako harriaren berrerabilera. Balear Uharteetako Etxebizitza Institutuaren (Instituto Balear de la Vivienda, IBAVI) enkarguz, adinekoentzat eraiki zen etxebizitza multzo hori, erabat egokitzen da sustatzailearen filosofiarekin. Izan ere, IBAVIk, proiektu ugariren bidez (hemen aipatu dugun bezala), tokiko baliabideen erabilera bultzatzen du, besteak beste, posidonia edo marés harria (izen horrekin ezagutzen da Balear uharteetako ohiko hareharria), eta baita, bigarren eskuko materialen erabilera ere, urban mining-aren logikari jarraituz.

Eraikin berriak okupatu behar zuen orubean, eraistear zegoen egitura zahar bat zegoen. Bertako material asko in situ berrerabili ziren: marés harria, eta baita estalkiko elementuak, zeramika edo hormigoia ere. Erabil zitezkeen materialak aukeratu ondoren, bi eratara berrerabili ziren. Lehenik, zeramikazko eta hormigoizko elementuak integratuz beheko erdisotoan, zimendu eta hormetan, 140 m³ hondakin erabili ziren. Beharbada birziklapenetik gertuago dagoen prozesu hori, bigarren prozedura batekin osatu zen: marés harriz osatzen diren 3000 hormigoi ziklopeoko bloke ingururen fabrikazioa, 160 m³-ko bolumena lortuz. Marés harrizko agregatuak blokeen bolumenaren % 40 dira, eta karez zein zementuz ere osatuak daude. Agregatu horiek, 30 cm-rarteko obra-hondakin handiak, legarra edo harea izan daitezke. Fabrikazio-prozesuan, lauza bat hainbat tamainatako bloketan ebaki zen.

Bloke horiek etxebizitzetako karga-hormen eta trenkaden osagai dira, eta agerian uzten dira. Marés harria, beraz, proiektuaren protagonistetako bat bihurtu zen, berau, bere testuinguru geografiko eta historikoan inskribatzen duelako. Etxebizitzetara sarbidea ematen duten kanpoko pasilloek eta egurrezko akaberek, ez dute eraldatzen oso koherentea dirudien eraikin baten irakurketa. Eraispen baten hondakinak integratzen dituen hormigoi ziklopeoaren fabrikazio prozesua berria ez bada ere, in situ erabiltzeak eta inplementazioaren ageriko sinpletasunaren koherentziak, bere generoan eredu bihurtzen dute. Izan ere, proiektua Veneziako Arkitektura Bienalaren Espainiako pabilioian erakutsi zen 2025ean. Beste behin ere, planteamenduaren izaera zirkularra eta berrerabileraren bidez tokiko baliabideak erabiltzea, guztiz bat zetozen pabiloiaren izaerarekin.

Loggia Baseliana

Loggia Baseliana proiektua 2022an eraiki zen, lehenengo Architekturwoche Basel ekimenean, Suitzako Basilea hiriko arkitektura bienala (AWB). Pabiloi horren diseinuaren atzean, isla arkitektura eta diseinuaren bulegoa dago, Marta Colón de Carvajal eta Juan Palenciak Mallorkan sortua. Eraikina estalitako hiri-paseo gisa, zein bienaleko ekintza batzuk burutzeko elkargune bezala pentsatu zen. Gainera, arkitektura zirkularraren bultzatzaile da, berrerabilera materialekin eraikita dagoelako oso osorik.

Arkitektoek, Zirkular taldeko berrerabilera adituekin batera garatutako material katalogoa izan zuten eskura. Katalogo horretan, Basilea lurraldeko birgaitze obra eta eraispenetatik ateratako materialak biltzen ziren. Pabiloi berria diseinatzeko katalogo hori erabiltzeko zeregina eman zitzaien. Ezarritako muga zehatz horrek, arkitektoak modu ezberdin batean lan egitera behartu zituen. Hau da, aurrez definitutako material bilduma berrerabili behar zuten. Eraikuntza iragankor honen amaierako itxura, katalogoaren egileak aurkitutako materialek baldintzatu dute. Horretan, jatorri ezberdineko materialak biltzen ditu: metalezko txapak edo saretak, ate eta leihoak, zurezko elementuak, harrizko lauzak, hormigoia, eta baita, kartoizko hodiak ere.

isla-k sortutako pabilioia, antzinako eremu industrial baten trenbidearen albo batean luzatzen da 50 metrotan zehar. Bost unitate ezberdinetan banatzen zen eta horietariko bakoitza material eta eraikuntza-soluzio ezberdinekin pentsatuta zegoen. Zur mota, kartoizko hodi edo profil metaliko desberdinez egindako ondoz ondoko egiturei, xafla metalikoz eraikitako sabaiak erantsi zitzaizkien. Multzoa, zurezko zoru eta banku luze batek osatzen zuten. Azken hori, altzairuzko hodi edo saretaz ere egina zegoen.

Berrerabilerak eskaintzen dituen aukeren erakusle izan den honek, isla-ko arkitektoak beren lana Veneziako 2025 Arkitektura Bienaleko Espainiako pabiloian aurkeztera eraman ditu. Edizio horretan, zalantzan jartzen ziren, bereziki, tokiko baliabideen eta karbono-aztarna gutxiko baliabideen erabilera, berrerabileratik eratorritako materialek dituzte bi ezaugarri.

More bricks

Duela gutxi, buztin egosiz egindako adreilu trinkoen berrerabileraz hitz egin dizuegu. Lehen aukera, adreiluak indibidualki berreskuratzea izaten den arren, ez da beti posible izaten mortero hondakinak kentzea, adreiluak berriz ere modu tradizionalean erabiltzeko. Materialen kalitatea edo aglomeratzaileen gehiegizko erresistentziak, adreiluen banakako berrerabilera ahalbidetzen ez duenean, lan egiteko modu berriak eta berrerabilera teknika berritzaileak asmatu behar dira. Elementu horiek proiektu berrietan txertatzeko modurik ohikoena adreiluz adreilu berrerabiltzea bada ere, beste bi modu aztertuko ditugu hemen.

70. hamarkadaz geroztik, adreiluen berreskuratzea eta garbiketa zailtzen zuten mortero berriak azaldu ziren merkatuan, erresistenteagoak eta itsasgarriagoak. Arazo honi aurre egiteko, Lendager taldeak, Resource Rows (2020) Kopenhage (Danimarca) kokatutako etxebizitza proiektuan inplementatutako teknika alternatiboa imajinatu zuen. Honela, eraikinaren fatxada modulu prefabrikatuz konposatuta dago, mota, jatorri, apareju eta kolore ezberdinetako adreilu panelez osatua, eraispeneko horma zaharretatik moztuak. Mozketatik lortutako horma zati hauek, patchwork baten modura muntatzen dira estaldura gisa erabiltzeko. Lendager Group enpresak berrerabileraren inguruan egiten duen hausnarketa adreiluez haratago iristen da, proiektu berdinean zura eta hormigoizko habeak ere berrerabili baitziren. Taldeak berrerabileraren inguruan lan egiten jarraitzen du beste proiektu batzuen bitartez, Wasteland erakusketa adibidez.

Adreiluak berrerabiltzeko hirugarren modu bat, askotan hormigoizko modulu prefabrikatuz osatuta dauden eraikuntza berrien horma eta tabikeetan, hauen zati handiak ausaz integratzea da. Adreilua osorik ez dagoen arren, bere historiarekin lotu dezakegu. Obraratzearen zorizko aldeari buruz hitz egiterakoan, batzuetan opus incertum adierazpena erabiltzen da. Hala ere, erabilitako teknika modu zehatzago batean adierazteko, eta zehaztasunez esatea zaila den arren, hormigoi ziklopeoaz hitz egitea nahiago dugu. Erresistenteagoak diren zementuen erabilerari loturiko zailtasunez haratago, teknika honen bidez, beste adreilu-mota batzuk berrerabiltzea lortzen da. Besteak beste, adreilu barne-hutsak, osorik berrerabiltzea zaila baita. Eraispenetatik berreskuratutako adreilu zatiak integratzen dituen hormigoi ziklopeoa Paraguaiko hainbat proiektuetan ikusi berri dugu (honi buruz hitz egin genuen hemen eta hemen). Besteak beste, Gabinete de arquitectura bulegoaren hainbat proiektu (Centro de Rehabilitación Infantil de la Teletón, Quincho Tia Coral, Fundación TEXO, banco BASA), Fuelle Roga proiektua (OMCM Escritorio de Arquitectura y Urbanismo) goiko argazkian, Casa Ana (Mínimo Común Arquitectura) eta Casa Ilona (Grupo Culata Jovái). Baita Mexikon eraikitako Pabellón de Composta proiektua (Gabinete de arquitectura), edo Brasilen eraikitako Casa Angatuba (messina | rivas) eta Residência Rua Pombal (São Paulo Criação). Honi buruzko artikulua Archdaily-n ikus daiteke. Belgikan, Atelier d’Architecture Alain Richard bulegoak, terrakota adreilu agregatuekin egindako hormigoi moduluen prefabrikazioan lanean dihardu. Hauek, bulego eta tailer eraikin baten perimetro-horma osatzeko erabili ziren.

Berrerabilera eta birziklapenaren erdibidean, badago eskala txikiagoko zatiak erabiltzen dituen teknika historiko bat. Honi, opus signinum edo cocciopesto esaten zaio. Ezaugarri iragazgaitzak dituen morteroa, hainbat geruzatan ezarrita, ura, karea eta txikitutako adreilu edo buztinezko teilak nahastuta lortzen dena, eta gure gaur egungo terrazoarekin parekatu daitekeena (gai honi buruz Véronique Vassal-en argiltapena Journal of Mosaic Research delakoan). Espezialistak, material hauek izendatzeko moduaz ados jartzen ez diren arren, terrakota adreilu hondakinak integratzen dituzten aplikazio modernoak ere existitzen direla azpimarratu nahi dugu (honi buruzko artikulua frantsesez Bobi réemploi web-orrian). Halaber, Atelier NA bulego frantsesak, hondakin berrerabiliekin egindako hormigoia burutzeko tailerrak eman zituzten. Ciguë bulego frantsesak ere, zentzu honetan ikertzen dihardu, zementua alde batera uzten duen igeltsuz egindako hormigoia lantzen. Beraien lana, Pavillon de l’Arsenal-en egindako erakusketa batean erakutsi zen eta hemen irakur daitekeen azterlana burutzeko aukera izan zuten. Anna Saint Pierre diseinatzaile eta ikertzailea, eraispenetako hainbat hondakinen integrazioa lantzen ari da, eta baita terrazoa sortzen ere (gai honen inguruko artikulua Metropolis aldizkarian). TFOB (They Feed Of Buildings) bulego alemaniarra, bide berekin lanean dabil Urban Terrazzo proiektuaren bitartez. Bestetik Apt bulego ingelesak, Mallorcan kokatzen den Huguet fabrikarekin kolaboratu du, adreilu puskak terrazoan integratzeko. Gogora ditzagun gainera, Assemble eta Granby Workshop taldeen esperimentuak, non hondakinak moldekatutako objektuetan gehitzen dituzten. Beste behin, zaila da lortutako material hauei izen zehatz bat ematea, granito, terrazo, mortero edo hormigoia, granulometria eta erabilitako teknikak ezberdinak baitira. Artikulu honi dagokionean, garrantzitsuena eraikuntza eta adreilu hondakinen arazoari irtenbide berriak bilatzen jarraitzea da.

Reusing posidonia

Formenteran, Balear Uharteetan burututako LIFE Reusing Posidonia proiektuaren xedea, etxebizitza-sozial eraikin baten aztarna ekologikoa nabarmenki murriztea zen. Horretarako, tokiko baliabideak eta artisau teknikak erabili ziren, irtenbide horien bideragarritasuna frogatzeko asmoarekin. Helburua, eraikuntzari loturiko CO2 isuriak eta hondakin ekoizpena %50ean gutxitzea zen, proiektuaren kostu gehigarria %5tik behera mantenduz. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitu nahi duen proiektu hau 2018an amaitu zen, eta bertan babes ofizialeko 14 etxebizitza sortu eta monitorizatu ziren. LIFE programa europearraren barruan (LIFE12/ENV/ES/000079, LIFE+ 2012), etxebizitza babestuen sustapena oinarritzat duen Instituto Balear de la Vivienda (IBAVI) erakunde publikoak zuzendu zuen proiektua, Balear uharteetako autonomia erkidegoko energiaren eta aldaketa klimatikoaren zuzendaritza nagusiarekin lankidetzan. Beraien helburuak lortzeko, IBAVI-ko arkitektoak arkitektura tradizionalean inspiratu ziren, tokiko baliabideak erabiliz. Tartean posidonia itsas-landarea. Hondartzetara iristen diren hosto hilak isolamendu eta material berrerabili gisa erabiltzen ziren!

Ingurumen-onurez gain, alderdi ekonomikoa eta soziala ere garrantzitsuak dira proiektuaren arduradunentzat. Beraien esanetan: “1500km-tara kokatzen den industria kimikoan inbertitu beharrean, aurrekontu berdina erabiliko dugu kualifikazio txikiko eskulanean”. Etxebizitza soziala bultzatzeaz gain, tokiko artisau-industria ekologikoa sustatu nahi zuten. Teknologia baxuko arkitekturaren garapena, uhartean eskuragarri dauden baliabideen (arenisca, arcilla, cerámica, cal aérea), ingurumen-ziurtagiria inportatutako materialen (madera, cal hidráulica) eta material berrerabilien erabilera, helburu hauek lortzeko konbinazioa ezinhobea da. Honek guztiak, diseinu fasetik material hauek integratzeko eraikitze-sistemak kontutan hartzea eskatzen du. Era berean, eraikinaren energia-efizientzia azpimarratu zen, kasu honetan A klasekoa, bereziki hormigoi zelularra erabiliz. Arkitektura tradizionalaren eragina, etxebizitzen diseinu bioklimatikoan ere nabari da. Pergola, pertsiana eta atari-aterpeak ez dira soilik apaingarri, eta fatxadan jarritako kableek landare igokarien garapena errazten dute.

Proiektuaren funtsezko elementuetako bat posidonia da, hondartzen kontserbaziorako ezinbestekoa den alga babestua. Hau erabili ahal izateko baimena behar da. Hala ere, hondartzetara iristen den posidonia kantitate handiak, gainbegiratuta, gaineko geruza jasotzeko aukera ematen du. Gehiegizko bolumen horiek, uharteko eraikuntza berrien isolamendua burutzeko erabili ziren. Bestetik, zenbait probatan ikusi zen moduan, behin lehortzen denean ez du tratamendu osagarririk behar, itsasoko gatzak konserbatzaile eta biozida gisa jarduten baitu.

Posedonia algaren ustiapenaz gainera, berrerabilerak ere garrantzi handia du proiektuan. Honela, etxebizitzen barneko arotzeriak berrerabilitako ate eta leihoz osatuta daude, eta beheko solairuko kanpoko ateak somier zaharretatik ateratako pinu zurez eginak daude. Berrerabilitako elementu hauek Mallorcako Fundació Deixalles-ak (ingurumen eta hondakinen kudeaketa arloetan lan egiten duen ekonomia solidarioaren fundazioa) eman zituen. Zur zaharrez egindako ate eta leihoak neurri moldaketak izan zituzten, eta panel labainkor moduan erabili ziren, hauen integrazioa errazteko. Guztira, ehun elementu baino gehiago berrerabili ziren! Induskatutako lurren edo homigoi zelular obra-hondakinez bestalde, hainbat palet berrerabili ziren, hauek bueltan penintsulara bidaltzea oso garestia baitzen. Paletak estalkian erabili ziren, posidonia banatu ondoren, OSB panelak eusten zituen bigarren mailako egitura gisa.

Azkenean, hondakinak eta CO2 isuriak murrizteko hasierako helburuak erraz lortu ziren. CO2 isurien gutxitzea adibidez %63koa izan zen. Proiektuak jarraitzen duen logikak, diseinu bioklimatikoa, artisau tekniken erabilera eta tokiko material edo berrerabilien erabileratik hasita, helburu sozialera arte, berrerabilera, beste printzipio batzuekin batera, arkitekturaren eta eraikuntzaren ikuspegi berri baten osagaitzat hartzearen garrantzia erakusten du. Lan egiteko modu berriak dira, non eskura dauden berrerabilera materialak, baliabide naturalak bezala, une bakoitzean ezberdinak izaten diren. Balear uharteetan arotzeriak eta posidonia izan dira, zeintzuk erabiliko ditugu beste leku batzuetan?


Proiektuaren web-orriko eduki guztia eta artikulu honetan azaldu duguna, Creative Commons Attribution-NonCommercial-ShareAlike (CC BY-NC-SA) 4.0. lizentziapean eskuragarri dago. Gainera, proiektuan sakontzen duen argitalpen bat aurki daiteke, hemen deskargatu daitekeena. Honetaz gain, proiektuari eskainitako erakusketa ibiltaria aurkeztu zen Sevilla, Madril eta Bartzelonan.

Proiektuaren filosofia, beste batzuentzan inspirazio bilakatu zen. Honela 2021ean IBAVI-ko arkitektoek zuzendutako etxebizitza sozial proiektu bat burutu zuten. Bertako hareharri eta posidoniaz gain, estalkian kofratze-panelak berrerabili ziren. Arquitectura Viva aldizkariaren web-orrian, honi buruzko artikulu bat eta Formenterako proiektuari buruzko hau aurki ditzakegu.