TYIN tegnestue – 2

Tokiko testuinguru espezifikoa funtsezkoa da TYIN tegnestue Architects bulegoaren ikuspegian. Testuinguru geografiko, sozial eta kulturalaz ari gara, baina erabilitako teknika eta materialek ere, berrerabiliak edo ez, eraikin baten nortasuna moldatu dezakete. Hau gertatzen da arkitektura bulegoak Asian eraikitako proiektuetan, baina berdin gertatzen da beraien herrialdean egindakoetan ere. Norvegian, TYIN tegnestue bulegoak berrerabileraren bitartez, zurez eraikitzeko tradizioa nabarmentzen du. Eraikuntza mota berezia da, adibidez, 2014. urtean Trondheim-ko aeroportuko denda batean enborrekin burututako barne-diseinu proiektua. Enborrak lortzeko, eraitsiko zen XIX. mendeko etxe bat desmuntatu eta partzialki berreraiki zen, pieza hondatuenak alde batera utziz. Enbor horietako batzuk, moztu ondoren hormetan estaldura gisa erabili ziren.

2011an, Aure herrian burututako proiektuan, arkitektoek txalupentzako estalpe bat bereganatu zuten. Kasu honetan bereziki hondatua zegoen eraikina, funtzio ludikoak izango zituen eraikuntza berri batek ordezkatuko zuen.Proiektua, berrerabilera nabarmentzeko aukera berri bat izan zen. Honela, eraikuntza zaharraren materialen parte bat lekuan bertan berrerabili zen. Zehazki, zur oholak barne-estaldura osatzeko erabili ziren eta kanpo-estalduran, aurreko eraikinean estalkia osatzen zuten metalezko txapak erabili ziren. Metalezko errail zahar batzuk, gainalde baten euskarri gisa erabili ziren. Berrerabilitako material hauei inguruko baserri batean berreskuratutako leihoak gehitu zizkietan. Eraikin berriaren egitura-sarea leiho hauen dimentsioen araberakoa zen. Berrerabilitako materialek honela, proiektuaren diseinuari laguntzen diote, honen eboluzioa ahalbidetuz. Berriz ere, berrerabilerak, diseinuaren logika beste modu ezberdin eta berri batean pentsarazten gaitu.

TYIN tegnestue – 1

Duela gutxi lan egiteari utzi dion, TYIN tegnestue Architects arkitektura bulego norvegiarra, arkitekturaren ikuspegi berezia izateagatik ezaguna zen: ikasle eta tokiko komunitateak nahasten dituzten proiektu txikiak, artisautza eta berrerabilerarekiko zaletasuna. Honezkero, hemen hitz egin dizuegu berrerabilera materialak erabiltzen zituzten arkitektura eskoletako ikasleekin burututako partaidetza-proiektuei buruz. Agentziaren ibilbide profesionalean zehar, hainbat proiektu garatu zituzten, bereziki Asian, egoera prekarioan dauden komunitateentzat eta haiekin elkarlanean. Proiektu bakoitzaren testuinguruaren arabera, artisau-tekniken eta bertako materialen erabileraren aldeko apostua egin zuten, baliabide gabeziari erantzunteko. Gainera, biztanleek, proiektuen jarraipenean parte hartu ahal izan zuten. Horrela, bizilagunek, eraikinaren jabe egingo ziren, proiektuak, eraikuntzaren alde teknikoa eta sortutako dinamika soziala eredu izan beharko zituen bitartean. Logika hau jarraituz, berrerabileratik lortutako materialak tokiko baliabide merkeak kontsideratzen dira, zura eta lurra bezala adibidez, eta proiektuari forma ematen laguntzen dute.

Honela, CASE Studio Architects bulegoarekin batera 2009an Bangkok-en (Tailandia) eraikitako Old Market Library proiektuak, neurri handi batean, biztanleen partaidetza ahalbidetu zuen. Proiektu honetan, merkatu zahar baten zati bat liburutegi bihurtu zuten eta arkitektoen ezagutzak praktikan jartzeko aukera izan zen tokiko material ekonomikoen erabileraren bitartez, berrerabilerako materialak barne. Berrerabilitako zurezko kaxak adibidez, liburuentzako apalategi bilakatu ziren eta barne-estaldura, inguruetan jasotako zur elementuz osatuta zegoen. Solairutarte txiki baten zurezko egitura eraikitzeko elementuak aldiz, bigarren eskuko denda batean erosi ziren, kalitate hobeagoko zura lortu nahi izan zutelako. Proiektu honek, eta ez da bakarra, berrerabilera, komunitateentzako irtenbide ekonomiko eta arduratsua izateaz gain, sorkuntza teknikoa eta estetikoa suspertu dezakeela erakusten du.

Reuse at school

Lehenago artikulu honetan aipatutako BRIC eta MØDÜLL proiektu belgikarrak, berrerabilera eta formakuntza uztartzen dituzte, eta bereziki eraikuntzarekin erlazionatutako ofizio teknikoetako ikasleei zuzenduda daude. Beste proiektu batzuk berriz, arte eta arkitektura eskoletako ikasleei bideratuta daude. Jarraian, berrerabilerarekin esperimentatzeko forma antzekoa duten proiektu ezberdinak aurkeztuko dizkizuegu:

  • Rural Studio, School of Architecture, Planning and Landscape Architecture of Auburn University (Alabama, EE. UU.) unibertsitatearen sortze-gauzatze programa bat da. Helburua, ikasleak arkitektura proiektuen testuinguru sozialaren inguruan sentsibilizatzea, eta aldi berean, kolektibo zaurgarrientzako eraikinak egitea da. Mila ikasle inguruk 200 proiektu ezberdinetan parte hartu dute, tokiko material merkeei lekua eginez, horietariko asko berrerabiliak.
  • RAKE erakusketa espazioa (RAKE Visningsrom), 2011ean, Trondheim, Oslo eta Bergen-ko arkitektura eskolako ikasleek eta ikasleentzat egindako tailer baten emaitza da. 2014ean, pabilioia tokiz aldatu zen, materialen berrerabilera agerian jarriz. Fatxadaren kanpoko azala osatzeko, leiho berrerabiliak erabili ziren. Proiektu honen inguruko artikulua ArchDaily web-orrian irakur daiteke.
  • TYIN Tegnestue bulegoko arkitektoak, aurretik RAKE erakusketa espazioaren eraikuntza prozesuan parte hartu zutenak, ikasle askorekin lan egiteko ohitura zuten haien proiektuetan, tokiko materialak eta material berrerabiliak integratuz. Halaber, proiektuetariko asko bertako komunitateekin kolaborazio estuan garatu ziren, Asian batez ere, baina baita Europan ere. Porto Marghera proiektua adibidez, 2013an Venezian, Iuav-ko (Veneziako unibertsitatea) ikasleen laguntzarekin burutu zen. Proiektua, aurreko urteko Arkitektura Bienaleko Kanadaren pabilioitik ateratako zurarekin eraikitako egitura multzoa zen. 2013an Lista-n (Norvegia), Tecnológico de Monterrey-ko, Puebla (México) eta NTNU-ko (Norges teknisk-naturvitenskapelige universitet, Norvegia) ikasleek guztiz itzulgarria zen zurezko pabilioi (Lyset paa Lista) baten garapenean parte hartu zuten.
  • Santiago Cirugeda arkitekto sevillarrak, Recetas Urbanas arkitektura bulegoaren bitartez, autoeraikuntza, autogestioa eta esperimentazioa sustatzen ditu herritarren partaidetza eta jabetze logika jarraituz. Bere gai gustokoenetako bat materialen berrerabilera da eta bere proiektuetan ikasle ugarik parte hartu dute. Honela, 2004ean, material berrerabiliak erabiliz eta Granadako unibertsitateko ikasleen laguntzarekin, Aula Abierta espazioa eraiki zen. Geroago, 2012an desmuntatua eta Sevillan berreraikia izan zen. 2016an, Madrilgo Diseinuko Goi Eskolaren handitzea inauguratu zen, ikasleen lanari esker ikasle eta irakasleentzat pentsatua. La Escuela Crece proiektua eraikitzeko erabilitako materialen %85a berrerabilia da.
  • Frantzian, duela 15 urte sortutako Bellastock festibalak, urtero 1:1 eskalan egindako hiri iragankor baten sortzea proposatzen die arte eta arkitektura eskoletako ikasleei. Festibala, izen bereko arkitektura kooperatibak sortu zuen. Esperimentuak, besteak beste, materialen berrerabilerarekin lotura dute. Festibala atzerrian ere garatu zen, Madrilera iritsi zen, 2012an, 2013an eta 2014. urtean, Madstock taldearen gidaritzapean.
  • Frantzian, Pôle 21 hezkuntza-proiektuaren eta ENSA (École Nationale Supérieure d’Architecture) Marseillako bere irakaskuntzaren esparruan, Marc Huygen, “La poubelle et l’architecte – Vers le réemploi des matériaux” liburuaren egilea eta 2009an abian jarri zen berrerabilerarako sare europarraren bultzatzaileetako bat, material jasangarri edo berrerabiliak erabiltzen dituzten esperimentuetan parte hartu zuen. ENSA Marseille eta UGA (Université Grenoble Alpes) Grenoble-ko, eta geroago ENSA Grenoble-ko ikasleak materialen bilketan eta autoeraikuntzan jardun ziren Barjols herrian, eta duela gutxi, Correns eta Eurre herrietan. Informazio gehiago lortzeko, Plaine page edizioek argituratutako “Pôle 21 – 2 ans de réemploi à Barjols” obra kolektiboa edo UGA-ren web-orrian ikus daitekeen artikulua kontsulta daitezke. Lehendik, 2010tik 2012ra, logika berdina jarraituz, Jean-Marc Huygen-k hainbat ikaslek lagunduta, antzinako tabako fabrika batean burutu ziren esperimentuetan parte hartu zuen, Friche la Belle de Mai (Marseilla). Honi buruzko informazio gehiago aurki daiteke web-orri honetan.
  • Arkitektura eta ingeniaritzako ikasleentzat eraikuntzan berrerabileraren hastapen gisa, NA architecture (Francia) agentziak ikuskatuta, bizikletentzako aterpeen bi propotipo burutu eta aurkeztu ziren Grenoblen.
  • Cyrille Hanappe (AIR Architectures eta Actes et Cités) arkitekto frantsesak, ENSA Paris-Belleville eta ENSA Bretagne eskoletan burutzen duen irakaskuntzaren barruan, ikasleak, egoera larrian dauden biztanleekin lan egitera eramaten ditu, berrerabileraz baliatuz. Besteak beste, txabola auzo batean bizi ziren biztanleentzako, sukalde kolektibo (ate eta leihoen berrerabilera), harraska eta komunitate-areto baten (zurezko mudantza-kaxa, kartel eta leihoen berrerabilera) diseinuan parte hartu zuten.
  • Berrerabilerarekin zerikusia duten esperimentuak burutzen dituen Atelier Na (Francia) bulegoak, udako eskola, mintegi edo partaidetza-obretan parte hartu zuten, eta Estrasburgo-ko (Francia) Institut National des Sciences Appliquées (INSA) eskolako ikasleekin batera, material berrerabiliekin eraikitako bi modulu gauzatu zituzten.
  • Raumlaborberlin (Alemania) arkitekto kolektiboak, hondakin kontsideratzen diren materialekin egindako partaidetza proiektuetan espezializatua, 2011an, Officina Roma eraikitzeko tailer bat antolatu zuten. Villa iragankor honen eraikuntzan Italia osoko ikasleek parte hartu zuten, eta besteak beste, botila, auto-ate eta gasolina bidoiez osatuta dago. Proiektua, MAXXI (Museo nazionale delle arti del XXI secolo) museoak proposatuta “Re-Cycle: Strategies for Architecture, City and Planet” erakusketaren esparruan egin zen 2012an Erroman. 2018an, Berlinen, kolektiboak hainbat ikaslerekin batera Floating University eraiki zuen, gaur egun elkarte den, ikasketa eta ikerketa gunea. Officina Roma-ren inguruan, artikulu hau ikus daiteke Designboom web-orrian. Floating University proiektuari buruz, ArchDaily atariko beste artikulu hau.
  • 2019an Heilbronn (Alemania) hirian egindako German National Garden Show (BUGA) ekimenaren esparruan, Karlsruher Institut für Technologie (KIT) zentruko ikasleek irakasleekin batera Mehr.WERT.Garten (Added.VALUE.Garden) eta Mehr.WERT.Pavilion lorategi eta pabilioiaren sorkuntzan parte hartu zuten. Pabilioia eta honen ingurunea material berrerabiliz eta birziklatuz osatuta daude nagusiki, egitura osatzen zuen metal berrerabilia edo fatxada inguratzailea eraikitzeko beira adibidez.
  • 2022an Aalborg (Dinamarka) hirian, bosgarren International Conference on Structures and Architecture konferentziaren barruan burututako Ephemeral Permanence 1:1 tailerrak, unibertsitate ezberdinetako ikasleei eraikuntza zirkularrarekin esperimentatzea ahalbidetu zien. Experimentu honen osagaiak, materialen berrerabilera (zutabe metalikoak, zurezko habeak eta panelak, hormigoi blokeak, adreiluak, teilak) eta guztiz desmuntagarria zen pabilioi txiki baten diseinua (muntaiareko baraila metalikoen eta soka elastikoen erabilera) izan ziren. Proiektuaren ikuskatzaileak ere hainbat unibertsitatetik etorriak ziren (Aalborg University, ETH Zürich eta University of Antwerp). Hona hemen gai honen inguruan ArchDaily argitaratutako artikulua.
  • Azkenik, ZHAW (Zurich-eko Fachhochschule Winterthur hirian, Suiza) eskolako ikasleeen Baubüro in situ arkitektoen lanetan izandako partaidetza gogoratu nahi dugu.

BRIC

Brusela hiriaren eskualdearen ekonomia zirkularraren programaren esparruan (Programme Régional en Économie Circulaire – PREC/Be Circular) eta BAMB (Building as Material Banks, hemen honi buruzko artikulua) proiektu europarraren laguntzarekin jaio zen BRIC (Build Reversible In Conception) proiektua. Zehazki, efp, ikas-ekinezko heziketa zentruan sortu zen, non besteak beste, eraikuntza ikasketak irakasten diren. BRIC, ekonomia zirkularraren eta itzulgarritasunaren printzipioak ezin hobeki integratzen dituen eraikin jasangarri, modular eta ebolutiboa da. Efp zentruko ikasleentzat eta haiek beraien eskuekin eraikia, etorkizuneko eraikuntzako profesionalak praktika zirkularren inguruan trebatu eta sentsibilizatzeko tresna didaktiko eta pedagogikoa da. Honela, proiektuaren helburu nagusietako bat eraikuntza materialen berrerabilera da. Azpimarratzekoa da, berrerabilera eta itzulgarritasunaren integrazioaz gain, material jasangarrien, autonomia energetikoaren, euri-uren kudeaketaren eta ur grisen berreskuratzearen bidez ere bermatzen duela BRIC proiektuak ingurumen-errendimendua.

Proiektua, ondoz ondoko hiru eraikinez osatuta dago, BRIC 1, BRIC 2 eta BRIC 3, ia osoki aurreko eraikinaren materialez eraikia. Pabilioi bakoitzak itxura, bolumetria eta erabilera propioa ditu. Eraikuntza, dekonstrukzio (desmuntaketa) eta berreraikitze zikloak lau urtetan zehar luzatu ziren eta irrati-estudio erabilera zuen BRIC 3 eraikina, 2021ko ekainean inauguratu zen. BRIC 1 osatzen zuten materialak berrerabiliak ziren arren (xafla metaliko, zurezko zoruak, estaldura eta arotziak), diseinu itzulgarriaren bidez lortu zuten batez ere, berrerabilera estrategia martxan jartzea. Lehenengo deskontrukzioaren ostean, inbentarioa burutu zen eta Karbon’ (Karbon’ architecture et urbanisme) bulegoko arkitektoek BRIC 2-aren diseinuan lan egin ahal izan zuten desmuntatutako materialak integratuz. Logika berdinarekin, arkitektoek, eraikinaren handitzea burutu zuten BRIC 3-an eraldatzeko. Guztira, adar ezberdinetako ehundaka ikaslek formakuntza jaso ahal izan zuten pabilioi ezberdinen eraikuntzan zehar.

Oinarri mugigaien gainean eraikitako plataforman kokatua, BRIC-en egitura zurezko zutabe eta kaxa bidezko sistema batez eraikia zegoen, eta hauek konfigurazio ezberdinen arabera elkartu edo pilatu zitezkeen. Loturak mekanikoak ziren eta torlojuen kokapena markatuta zegoen desmuntaketa errazteko. Xafla metalikoa behin eta berriz erabili zen estalki eta fatxadan, eta hasiera batean estaldura gisa erabili ziren zurezko panelak, neurrira moztu eta teila eta fatxadan ezkata moduan erabili ziren. Buztin estaldura nahiko erraz berrerabili daitekeen arren, ikasleek, berrerabilerarako zur trinkoa, OSB taulak baino egokiagoa dela egiaztatu ahal izan zuten. Gainera, zelulosa isolamendua instalatzen erraza bada ere, deskontrukzio garaian xurgapen prozesua konplexuagoa zela ikusi zuten, egituraren zurezko kaxetan hainbat zulo egin behar baiziren. Zur-zuntzezko panelek malgutasun handiagoa eskaintzen zuten.


BRIC proiektuari buruzko etapa ezberdinei buruzko argiltapenak kontsulta daitezke BAMB proiektuaren web-orrian. Archi Urbain bideoblog-aren web-orrian frantsesez, BRIC 3 proiektuaren azken bertsioa aurkezten duen programa aurki dezakegu.

Amaitzeko, berrerabilera eta etorkizuneko eraikuntza sektoreko eragileen formakuntza protagonistatzat dituen Bruselako beste proiektu bat aipatu nahi dugu. CDR Construction-ek antolatutako lehiaketa baten esparruan, Bruselako ikasleak eraikin modular, desmuntagarri eta garraiagarri bat eraikitzeko lanetan trebatu ziren, MØDÜLL (2015) eta MØDÜLL 2.0 (2017). Informazio gehiago, frantsesez, Guide Bâtiment Durable aldizkarian.

Collectif Etc – 3

Palet zura berrerabilera proiektuetan sarritan erabiltzen den elementua izan arren, bada beste material estandarizatu bat modu interesgarri batean erabili zena. 2012an Michelet lore-baratzearen antolaketa proiektuan, hormigoi blokeentzat erabiltzen diren lehortze panelak baliatu ziren. Kasu honetan panelek 140x110x4 cm neurtzen zuten eta ertzak profil metalikoen bidez indartuta zeuden.

Michelet lore-baratza, atelier d’architecture autogérée-k (aaa) garatutako R-urban proiektuaren elementuetako bat da. Tokiko sareen eta zirkuitu motzen logika jarraituz, ekonomia sozial eta solidarioa bultzatzen duen proiektu honek, hainbat gairen inguruan artikulatzen ziren sektore ezberdinak biltzen ditu : etxebizitza (EcoHab), birziklapena (RecycLab) eta hiri-nekazaritza (AgroCité). Collectif Etc taldeak, AgroCité-k garatzen duen lorategiaren proiektuan parte hartu zuen. Auto-eraikuntza eta berrerabilera proiektuaren aspektu garrantzitsuak ziren noski! Kolektiboaren esku-hartzea, ardatz zentral baten bidez loturik zeuden gune tekniko eta elkargune baten garapenean oinarriturik zegoen. Eraikuntza sistemak, zurezko panelen neurri estandarizatuetan oinarritutako trama erregularra jarraitzen zuen. Hauek espazio ezberdinen zoru eta hormak estaltzen zituzten. Diseinuaren erregulartasunak etorkizuneko gehitze eta moldatzea ahalbidetzen zituen.

Lehortze-panelak, zein obran errekuperatutako edo hornitzaile espezializatuei erositako bigarren eskuko eraikuntza materialak, Collectif Etc lanaren bidez balioztatuak izan ziren eta gainera atelier d’architecture autogéréek Agro-Cité-k proiektu nagusian erabili zituen. Baliabide hauek, proiektuaren webgunean zerrendatuak agertzen dira. Agro-Cité proiektua osatzen zuten elementuak (zurabeak, leihoak, ateak…) berriz ere berrabiliak izan ziren lekualdatzearen ostean. 2018an proiektua desmuntatu eta Gennevilliers-en kokatutako gune berri batean berreraiki zen.

Lehortze-panelei buruzko informazio teknikoa Opalis webgunean dago eskuragarri. Espainian erabiltzen diren panelen ezaugarri teknikoak ezberdinak izan daitezke txikiagoak baitira. Bigarren eskukoak lortzea posible izaten da. Zurez egindako panelez gain, plastikozkoak edo metalezkoak ere aurki ditzakegu.

Collectif Etc – 2

Zurarekin lan egitera ohitua dagoen Collectif Etc-k, Alsazian XIX. mendeko zur bilbadura bidez eraikitako ikuilu baten birmuntaketa obra batean parte hartu zuen 2016. urtean. Ikuilua, ohitura zaharrei eta gaur egungo bizitzari eskainita dagoen aire zabaleko Alsaziako Ekomuseoan kokatua dago. Berrerabilera, zuraren eraikuntza teknika tradizionalak jarraituz burutu zen. Aurretik museoko taldeek dekonstrukzio eta zenbakitze lana gauzatu zuten. Ekomuseoak defendatzen duen tradizioaren eguneraketa berrikusi behar izan zen, ahaztutako teknika zaharren berrinterpretazioaren bidez eta torloju eta hormigoizko horma baten erabilera medio. Antzinako artisau-teilak ere berrerabili ziren. Proiektu honetan burututako lanak, ahaztu egin ditugun teknika zaharren garrantzia gogora ekartzen digu, askotan dekonstrukzioa eta berrerabilera lantzen hasten garenean berreskuratu behar direnak.

Ekomuseoaren gunean, Collectif Etc-k beste bilbadura egitura baten birmoldatze lanak burutu zituen. Oraingo honetan atal batzuk zein egituraren planoak falta ziren. Puzzle baten moduan eraiki beharreko eraikuntza kita. Pista bakarra zur pieza batzuk zuten zenbakitutako metalezko plaka. Eraikuntza prozesuan topatutako zailtasunak dekonstrukzioaren eta zenbakitze lanaren garrantzia erakusten dute. Modu zuzen batean eginda dagoenean, egitura oso zaharren berrerabilera azkarra ahalbidetzen baitute!

Collectif Etc – 1

Collectif Etc-ko arkitekto eta eraikitzaileak ohiko hiri eta arkitektura praktikak zalantzan jartzea erabaki zuten, erabiltzaileen berdintasunezko autogestioaren logika jarraituz. Geroztik sortze eta esperimentazio prozesuek garrantzi handia dute kolektiboarentzat eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsonen arteko loturak sortu nahian, izaera ezberdineko proiektuak garatzen dituzte: 2011ko irailetik 2012ko irailera, kolektiboak urtebeteko bizikleta bira burutu zuen “hiriaren herri-fabrika”(Détour de France) delakoaren bila, argitalpenaren alorrean lan egin zuten la cabane d’édition Hyperville proiektuarekin edota kolektiboak berak eta kolaboratzaileek erabiliko zuten berezko lekua sortu zuten, Ambassade du Turfu deiturikoa. Ideia eta praktika nahasketa honek kolektiboa berrerabilerarekin eta berrerabilerarentzat lan egitera bultzatzen zuten. Colombelles-ko Grande Halle-ren ondoan eraikitako la cité de chantier ez da berrerabilera materialekin eraiki duten proiektu bakarra.

2012an, Arpenteurs taldearen gonbidapenari erantzunez, kolektiboak Grenoblen kokatutako igerileku denda zahar baten eraldaketa proiektuan parte hartu zuen. Établissement Public Foncier Local (EPFL)-k utzitako eraikina etxebizitzaren inguruko konponbideen fabrikan eraldatu zuten. La piscine izena duen lekua, etxebizitzari buruzko eztabaida eta esperimentazioa sustatzeko espazioa da, auto-eraikuntza eta berrerabileraren bitartez. Eraikina, hainbat kolektibori utzitako atalez osatua, erabilera ezberdinak biltzen zituen: altzariak fabrikatzeko lantegia, bilkura eta eztabaidarako erabilera anitzeko gunea, sukaldea eta gordailua. Material bilketari esker, gordailua baliabide biltegi gisa antolatu zen, egingo ziren lanen eta gerora izango zuen erabilera kontuan hartuz. Bertan palet-etatik ateratako ehundaka oholekin bi mahai handi eraiki ziren. Kortina zatiekin, espazioak banatzeko pieza handi bat sortu zuten. Bestetik, sukaldea altzari zaharrekin eta bainuontzi batez hornitu zen. Zur hondakinekin eraikinaren fatxadan jartzeko hizkiak sortu ziren, honi identitate berri bat emanez. Altzarien fabrikazio instrukzioak altzariei gehitu zitzaizkien etorkizunean informazio transmisioa ahalbidetzeko.

Parisko Pavillon de l’Arsenal-ko, Encore Heureux Arkitekto bulegoak antolatutako Matière Grise erakusketak, Nizara bidaiatu zuen 2015ean, Forum d’Urbanisme et d’Architecture delakoan berrerabilera proiektuak aurkezteko. Kolektiboak instalazio berri bat antolatzeko aukera izan zuen edizio honetan. Aurreko erakusketaren hondarrak eta Veolia-ren eraikuntza hondakinak sailkatzeko zentruak, materialak eskaini zizkieten. Krofatu plaken zura jaso zuten nagusiki. Hauek, altzari sorta berria eta bisitarien eskura izango zen baliabide gunea eraikitzeko erabili ziren. Material hauen egoera txarrak eta hauek berreskuratzeko beharrezkoak diren ekintzek (aukeraketa, iltze-kentzea, mozketa, lixatzea) hondakin izaera eta hondakin izan aurretik erabiltzen diren materialen arteko ezberdintasuna erakusten dute, hondakin izaera duten baliabideekin lan egiteko zailtasunak nabarmenduz.

2018ko Veneziako 16. Arkitektura Bienalean kolektiboak Frantziaren pabilioiaren eszenografia elaborazioan parte hartu zuen. Pabilio honen komisarioak Encore Heureux arkitektoak izan ziren. Pabilioiaren gaia, Lieux infinis (leku mugagabeak) eraikinak beharrean lekuak eraikitzen dituen kolektiboaren izaerarekin bat dator. Bertan arkitekturarekin, gizartearekin eta kulturarekin zerikusia zuten hamar esperimentazio frantses biltzen ziren. Eszenografian aurreko Arte Bienalean Frantziak aurkeztutako ekarpenaren hondakinak erabili ziren : ehundaka okume kontratxapatu plakak. Aurretik desmuntatuak eta biltegiratuak, egitura nagusia estaltzeko eta eserleku, banku eta mahaiak egiteko erabili ziren.


Berrerabilerarekin erlazionatutako beste proiektu batzuk modu zehatzean azalduta daude kolektiboaren webgunean.