#DEF – upcycling

Upcycling (gazteleraz suprarreciclaje) terminoak, downcycling-ak (gazteleraz infrarreciclaje) ez bezala, berreskuratutako objektu edo materialetatik abiatuta, hauek baino kalitate, balio edo erabilgarritasun handiagoko produktuen fabrikazioari esaten zaio. Kalitatea, balioa eta erabilgarritasuna askotan kontzeptu subjetiboak diren arren, upcycling-etik eratorritako objektu eta materialen izaerak ere dudak sor ditzake. Erabilitako terminoak eta honen definizioak, praktika hau birziklapen forma batetara hurbiltzen dute. Edozein modutan ere, askotan berrerabileraren arloan ere erabiltzen da, elementu baten erabilera edo funtzioa aldatzen denean (ate bat mahai bihurtzerakoan adibidez). Termino honen erabilera nahasiak, birziklapena eta berrerabileraren artean egon daitekeen nahasmena indartu dezake (hemen bi hauen arteko ezberdintasunak azaltzen dituen artikulua). Berrerabileraren kasuan, nahiago dugu erabilera edo funtzioaren desbideratzeaz hitz egin, upcycling terminoa birziklapenaren arloan soilik erabiltzeko.

#DEF – downcycling

Downcycling hitz ingelesak, birziklatze mota bati egiten dio erreferentzia. Euskarazko itzulpena aurkitu ez dugun arren, gazteleraz infrarreciclaje (edo infraciclaje) esaten zaio. Hau, jatorrizko objektuek edo materialek baino kalitate, balio edo erabilgarritasun txikiagoa duten produktuak fabrikatzeko birziklatze modu bat da. Dekonstrukzio prozesuetatik berreskuratutako hormigoiaren kasua, bereziki deigarria da. Izan ere, dekonstrukzio prozesu batetik berreskuratutako hormigoiaren zati handi bat, errepideen eraikuntzarako betelan material gisa erabiltzen da (gai honen inguruan, Bellona fundazioaren, nazioarteko ingurumen GKE-a, artikulua irakurgarri). Kasu honetan, materialaren balioaren galera agerikoa da.

Lehenago ikusi dugun moduan, berrerabilera beharrean birziklapena aukeratzen denean, honek lehengaien ekarpen eta energia gastu handiagoa eskatzen ditu. Sarritan birziklapenaren barruan ezkutatzen den Downcycling-ak (infrarreciclaje) gainera, maila gutxiagoko produktua eskuratzea gehitzen dio. Hona hemen berrerabileraren aldeko beste arrazoi bat! Hala ere, downcycling-aren kontrako kontzeptua ere existitzen da. Upcycling-ak (gazteleraz suprarreciclaje), hondakinen balorizazioari garrantzi handia ematen dio. Downcycling eta upcycling terminoei buruz Residuos Profesional-en artikulua ikusgarri hemen.

#DEF – DfD

DfD siglek, Design for Deconstruction edo Design for Disassembly esan nahi dute ingelesez (deskonstrukzio edo desmuntaketarako diseinua). 2020an, Europar Batzordeak, ondoko definizioa proposatzen zuen publikazio batean (Circular Economy – Principles for Building Design) kontzeptu hau azaltzeko : “Approach to the design of a product or structure that facilitates deconstruction at the end of its useful life, in such a way that components and parts can be reused, recycled or recovered for further economic use or, in some other way, diverted from the waste stream”. Sorkuntza eta diseinu fasean bertan, eraikin baten etorkizuneko deskonstrukzio edo desmuntatzea kontutan hartzean datza, partziala edo erabatekoa izan daitekeena. Hau dena, osagaien eta materialen berrerabilera edo birziklatzea sinplifikatzeko, eta aldi berean hondakinen eta lehengaien produkzioa murrizteko. Ikuspegi honek, beraz, deskonstrukzioa eraispena baino onuragarriagoa dela erakutsiko du.

Dena den, eraikinen eta hauen osagaien bizitza baliagarriaren amaierari buruzko gogoetak, ez luke ezkutatu behar, bizitza mugatuko eraikinen ikuspegiak izan dezakeen eragin gaiztoa. Hortaz, eraikinen eta hauen osagaien bizitza baliagarriaren luzatzeaz ere jardun behar da. Dekonstrukzio kontutan hartzen duen eraikin baten sortze prozesuak, bere akzio-eremua moldagarritasunera zabaldu behar du, DfD/A edo Design for Disassembly and Adaptability kontzeptuaren bidez. Desmuntaiaz gain, eraikin baten mantentzea, eraberritzea edo eraldaketa zein honen osagaien konponketa edo ordezkapena ere kontutan hartu beharko dira. Eraikuntzen bizitza baliagarriaren luzapena bultzatzea, materialen ordezkapena edo hauen deskonstrukzioa ahalbidetuz, berrerabilerari behar duen balioa ematen dioten kontzeptuak dira! Honetaz gain, beste estrategia zirkular batzuk, kontzeptu hauetara hurbiltzen dira, hala nola, design for longevity and durability, design for change (DfC) edo eraikin itzulgarrien diseinua (reversible building design). Hemen aipatutako ideia edo kontzeptuak beste arlo batzuetara ere zabal daitezke.

Materialen eta eraikuntza tekniken aukeraketa, design for deconstruction eta diseinu itzulgarriaren prozesuaren muina dira. Materialak iraunkorrak izan behar dute eta hauen arteko mihiztatzeak, desmuntaketa azkar eta merkea ahalbidetu behar du, tresneria astunen erabilera saiheztuz. Loturak, eskuragarriak eta desmuntagarriak izango dira eta finkatze mekanikoak pribilegiatuko dira. Buloi, torloju edo iltze bidezko loturak hobetsiko dira, erauzgarriak ez diren lotura kimikoak beharrean, aglutinatzaile, zigilatzaile, itsasgarri edo soldadura adibidez. Honetaz gain, teknika eta materialei buruzko informazio igorpena ahalbidetu behar da.


Mundu anglosaxoitik datozen gai honen inguruko hainbat lan aurki ditzakegu. EPA-k (United States Environmental Protection Agency) Design for Deconstruction-i buruzko dokumentua eta proiektu pilotuei buruzko informazioa argitaratu du. Bestetik, Hamer Center for Community Design (The Pennsylvania State University) delakoak, Design for Disassembly gaiari buruzko gida idatzi du. Europan, Europar Batzordearen argitalpenaz gain, BAMB proiektu europearrak diseinu itzulgarriari (Reversible Building Design) buruzko protokoloa proposatzen du. Gaiari buruzko beste artikulu bat ikusgarri dago Archdaily web-orrian eta beste bat Arquia Fundazioaren blogean.

Carbon footprint

Karbono-aztarnaren kalkulua gizakiaren jarduerek eragindako ingurumen inpaktua neurtzeko erabiltzen da. Horretarako, sortzen ditugun zuzeneko eta zeharkako negutegi-efektuko gasak (BEG) hartzen dira kontuan, bizi-zikloaren analisiaren (BZA) antzeko metodologia jarraituz. Aldaketa klimatikoaren erantzule diren gas isurtzeak CO2 baliokideetan adierazten dira (CO2-eq) eta hauen arrazoiak zein isurtzeak aurrezteko moduak  bistaratzen dituzte.

Materialen eta proiektuen karbono-aztarnaren inguruko zifrak ulertzea ez da beti erraza izaten. Are gutxiago berrerabilerari loturiko BEG-ak aurrezteko aukerak bilatzea eta ondorioz aipatzen diren kantitateen jatorria ulertzea zaila da sarritan. CO2 gasen gutxitzea lortzea interesgarria da, beti ere inpaktu hauen transferentzia bat gertatzen ez denean. Baina zertaz ari gara REBRICK proiektuan berrerabili den adreilu bakoitzeko 0,5kg CO2 baliokide aurreztu direla esaten dugunean? Eta Grande Halle de Colombelles proiektuan aurreztutako 25Tn CO2 edo K 118 proiektuko 500Tn CO2 kantitateak aipatzen ditugunean? Datu hauetara iristeko kalkulu metodoa zalantzan jarri gabe, kantitate hauek modu ulergarriago batean adierazi nahiko genituzke.

Estatu Batuetako EPA-ren (United States Environmental Protection Agency) kalkulu-tresnak, 0,5kg CO2 baliokide kotxez egindako 2km-ko ibilbide baten edo telefono adimendu baten 60 kargaren parekoa  dela esaten digu. Bestalde, Frantzian ADEME-k (Agence de la transition écologique) garatutako monconvertisseurco2 kalkulu-tresnak beste konparaketa batzuk erakusten ditu: 25Tn Co2 baliokide pertsona batek hegazkinez egindako 245 000km lirateke, munduari sei buelta alegia, eta 500Tn CO2 baliokide etxebizitza batek 70 urtetan zehar erabilitako lukeen berokuntza.

Norberaren karbono-aztarna gutxitu eta aurrezte aukerak bilatu nahi dituztenek hemen, hemen edo hemen sar daitezke (azken hau frantsesez). Eurostat-en arabera, europar bakoitzaren urteko karbono-aztarna 7Tn CO2-koa da, aurreko urteetakoa baino balio txikiagoa!

#DEF – urban mining

Urban mining kontzeptua hondakinetatik datozen lehengaien berreskurapen prozesua izendatzeko erabiltzen da. Batez ere tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetan (TEEH) ateratako metalen erauzketaz hitzegiteko erabiltzen den arren, beste esparru batzuetara ere zabal daiteke, eraikuntza sektorera adibidez. Gainera kontzeptua gehienetan birziklatzearekin lotzen bada ere, berrerabiltze alorrera zabal daiteke. Kasu honetan, ez da lehengaia berreskuratzea bilatzen. Beraz, urban mining kontzeptua, eraikitako espazioan eta gure hirietako eraikinetan bilatutako elementuen identifikazioa eta berrerabiltzea litzateke, inbentario lanak, dekonstrukzioa eta bilketa bere gain hartuz.

Urban mining-ak lehengaien kontsumoaren gutxitzea ahalbidetzen du hauen erauzketari lotutako isurtzeak mugatuz eta gainera sortutako hondakin kopurua gutxituz. Halaber, hiriek berrerabiltze material iturri gisa duten garrantzia azpimarratzen du, zirkuitu motzean eta hurbiltasun-printzipioa jarraituz.

Meatzaritzaren kasuan bezala, hobi hitza erabiltzen da ezaugarri zehatzak dauzkaten eta hainbat lekuetan bildu ostean berrerabilgarriak diren elementuak izendatzeko. Beste batzuetan material-banku ere esaten zaio. Kasu honetan, materialak errekuperatu eta baloratzen diren elementu indibidual gisa ulertu beharrean, berrerabiltzea integratzen duen eraikuntza prozesuaren parte izango dira, sortze-prozesuaren hasierako momentutik identifikatuko dena. Eraikinen eraikuntza-sistemak dekontrukzioa eta desmuntaketa integratzen duenean bezala.

#DEF – re-use / recycling

Artikulu honetan, europar zuzentarauean irakurritako berrerabiltze eta birziklatze hitzen gaztelerazko eta frantsesezko definizioak ikus daitezke. Euskarazko itzulpen ofiziala atera ez denez, ez dugu euskarazko definiziorik jarri.

Hemen goian aipatutako esteketan ikus daitekeen bezala, berrerabiltzeak ez du funtsezko formaren edo funtzioaren eraldaketa eskatzen. Birziklapenaren kasuan aldiz, produktu berria produzitzeko elementuaren jatorrizko lehengaietara itzultzea oinarrizkoa da.