#DEF – upcycling

Upcycling (gazteleraz suprarreciclaje) terminoak, downcycling-ak (gazteleraz infrarreciclaje) ez bezala, berreskuratutako objektu edo materialetatik abiatuta, hauek baino kalitate, balio edo erabilgarritasun handiagoko produktuen fabrikazioari esaten zaio. Kalitatea, balioa eta erabilgarritasuna askotan kontzeptu subjetiboak diren arren, upcycling-etik eratorritako objektu eta materialen izaerak ere dudak sor ditzake. Erabilitako terminoak eta honen definizioak, praktika hau birziklapen forma batetara hurbiltzen dute. Edozein modutan ere, askotan berrerabileraren arloan ere erabiltzen da, elementu baten erabilera edo funtzioa aldatzen denean (ate bat mahai bihurtzerakoan adibidez). Termino honen erabilera nahasiak, birziklapena eta berrerabileraren artean egon daitekeen nahasmena indartu dezake (hemen bi hauen arteko ezberdintasunak azaltzen dituen artikulua). Berrerabileraren kasuan, nahiago dugu erabilera edo funtzioaren desbideratzeaz hitz egin, upcycling terminoa birziklapenaren arloan soilik erabiltzeko.

#DEF – downcycling

Downcycling hitz ingelesak, birziklatze mota bati egiten dio erreferentzia. Euskarazko itzulpena aurkitu ez dugun arren, gazteleraz infrarreciclaje (edo infraciclaje) esaten zaio. Hau, jatorrizko objektuek edo materialek baino kalitate, balio edo erabilgarritasun txikiagoa duten produktuak fabrikatzeko birziklatze modu bat da. Dekonstrukzio prozesuetatik berreskuratutako hormigoiaren kasua, bereziki deigarria da. Izan ere, dekonstrukzio prozesu batetik berreskuratutako hormigoiaren zati handi bat, errepideen eraikuntzarako betelan material gisa erabiltzen da (gai honen inguruan, Bellona fundazioaren, nazioarteko ingurumen GKE-a, artikulua irakurgarri). Kasu honetan, materialaren balioaren galera agerikoa da.

Lehenago ikusi dugun moduan, berrerabilera beharrean birziklapena aukeratzen denean, honek lehengaien ekarpen eta energia gastu handiagoa eskatzen ditu. Sarritan birziklapenaren barruan ezkutatzen den Downcycling-ak (infrarreciclaje) gainera, maila gutxiagoko produktua eskuratzea gehitzen dio. Hona hemen berrerabileraren aldeko beste arrazoi bat! Hala ere, downcycling-aren kontrako kontzeptua ere existitzen da. Upcycling-ak (gazteleraz suprarreciclaje), hondakinen balorizazioari garrantzi handia ematen dio. Downcycling eta upcycling terminoei buruz Residuos Profesional-en artikulua ikusgarri hemen.

#DEF – urban mining

Urban mining kontzeptua hondakinetatik datozen lehengaien berreskurapen prozesua izendatzeko erabiltzen da. Batez ere tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetan (TEEH) ateratako metalen erauzketaz hitzegiteko erabiltzen den arren, beste esparru batzuetara ere zabal daiteke, eraikuntza sektorera adibidez. Gainera kontzeptua gehienetan birziklatzearekin lotzen bada ere, berrerabiltze alorrera zabal daiteke. Kasu honetan, ez da lehengaia berreskuratzea bilatzen. Beraz, urban mining kontzeptua, eraikitako espazioan eta gure hirietako eraikinetan bilatutako elementuen identifikazioa eta berrerabiltzea litzateke, inbentario lanak, dekonstrukzioa eta bilketa bere gain hartuz.

Urban mining-ak lehengaien kontsumoaren gutxitzea ahalbidetzen du hauen erauzketari lotutako isurtzeak mugatuz eta gainera sortutako hondakin kopurua gutxituz. Halaber, hiriek berrerabiltze material iturri gisa duten garrantzia azpimarratzen du, zirkuitu motzean eta hurbiltasun-printzipioa jarraituz.

Meatzaritzaren kasuan bezala, hobi hitza erabiltzen da ezaugarri zehatzak dauzkaten eta hainbat lekuetan bildu ostean berrerabilgarriak diren elementuak izendatzeko. Beste batzuetan material-banku ere esaten zaio. Kasu honetan, materialak errekuperatu eta baloratzen diren elementu indibidual gisa ulertu beharrean, berrerabiltzea integratzen duen eraikuntza prozesuaren parte izango dira, sortze-prozesuaren hasierako momentutik identifikatuko dena. Eraikinen eraikuntza-sistemak dekontrukzioa eta desmuntaketa integratzen duenean bezala.

«Sand Wars»

Eraikuntza materialak egiteko erabiltzen diren lehengaien erauzketak suposatzen duen ikaragarrizko kostu energetiko eta ekologikoaz gain, industriak lehengai eskasiari aurre egin behar dio. 2013ko Denis Delestrac zuzendariaren «Guerra por la arena» / «Sand Wars» filmak, eraikuntzan hain erabilia den harearen gabezia azpimarratzen du. Arazo honek munduko hondartzen %75ri eragiten die.

Filma Vimeo web-orrian ikus daiteke.

Material Footprint

Domestic extraction of Spain in 2019, by material group – www.materialflows.net

Materialflows web-orriak, lehengaien kontsumoaren inguruko datuak aurkezten ditu, aktibitate eta herrialdearen arabera sailkatuak (RMC – Raw Material Consumption). 2013an, espainiako eraikuntza sektorea, lehengaien kontsumoaren %24ren erantzule izan zen. Portzentai hau %15koa izan zen Frantzian eta %18koa Belgikan.

Adibide gisa, legarren erauzketa (harea, legar, legar-xehe) 1970 eta 2017 arteko denboraldian %409 areagotu zen munduan, 28 562 274 kt-tara iritsi arte. Europa kantitate honen %11ren erantzule delarik.

Web-orri honetatik ateratako beste datu interesgarri bat aipatzearren, 2015an munduan 84,4 Gt lehengai erauzi ziren eta 8,4 Gt soilik, guztizkoaren %10, birziklatu eta merkaturatu ziren!