More bricks

Duela gutxi, buztin egosiz egindako adreilu trinkoen berrerabileraz hitz egin dizuegu. Lehen aukera, adreiluak indibidualki berreskuratzea izaten den arren, ez da beti posible izaten mortero hondakinak kentzea, adreiluak berriz ere modu tradizionalean erabiltzeko. Materialen kalitatea edo aglomeratzaileen gehiegizko erresistentziak, adreiluen banakako berrerabilera ahalbidetzen ez duenean, lan egiteko modu berriak eta berrerabilera teknika berritzaileak asmatu behar dira. Elementu horiek proiektu berrietan txertatzeko modurik ohikoena adreiluz adreilu berrerabiltzea bada ere, beste bi modu aztertuko ditugu hemen.

70. hamarkadaz geroztik, adreiluen berreskuratzea eta garbiketa zailtzen zuten mortero berriak azaldu ziren merkatuan, erresistenteagoak eta itsasgarriagoak. Arazo honi aurre egiteko, Lendager taldeak, Resource Rows (2020) Kopenhage (Danimarca) kokatutako etxebizitza proiektuan inplementatutako teknika alternatiboa imajinatu zuen. Honela, eraikinaren fatxada modulu prefabrikatuz konposatuta dago, mota, jatorri, apareju eta kolore ezberdinetako adreilu panelez osatua, eraispeneko horma zaharretatik moztuak. Mozketatik lortutako horma zati hauek, patchwork baten modura muntatzen dira estaldura gisa erabiltzeko. Lendager Group enpresak berrerabileraren inguruan egiten duen hausnarketa adreiluez haratago iristen da, proiektu berdinean zura eta hormigoizko habeak ere berrerabili baitziren. Taldeak berrerabileraren inguruan lan egiten jarraitzen du beste proiektu batzuen bitartez, Wasteland erakusketa adibidez.

Adreiluak berrerabiltzeko hirugarren modu bat, askotan hormigoizko modulu prefabrikatuz osatuta dauden eraikuntza berrien horma eta tabikeetan, hauen zati handiak ausaz integratzea da. Adreilua osorik ez dagoen arren, bere historiarekin lotu dezakegu. Obraratzearen zorizko aldeari buruz hitz egiterakoan, batzuetan opus incertum adierazpena erabiltzen da. Hala ere, erabilitako teknika modu zehatzago batean adierazteko, eta zehaztasunez esatea zaila den arren, hormigoi ziklopeoaz hitz egitea nahiago dugu. Erresistenteagoak diren zementuen erabilerari loturiko zailtasunez haratago, teknika honen bidez, beste adreilu-mota batzuk berrerabiltzea lortzen da. Besteak beste, adreilu barne-hutsak, osorik berrerabiltzea zaila baita. Eraispenetatik berreskuratutako adreilu zatiak integratzen dituen hormigoi ziklopeoa Paraguaiko hainbat proiektuetan ikusi berri dugu (honi buruz hitz egin genuen hemen eta hemen). Besteak beste, Gabinete de arquitectura bulegoaren hainbat proiektu (Centro de Rehabilitación Infantil de la Teletón, Quincho Tia Coral, Fundación TEXO, banco BASA), Fuelle Roga proiektua (OMCM Escritorio de Arquitectura y Urbanismo) goiko argazkian, Casa Ana (Mínimo Común Arquitectura) eta Casa Ilona (Grupo Culata Jovái). Baita Mexikon eraikitako Pabellón de Composta proiektua (Gabinete de arquitectura), edo Brasilen eraikitako Casa Angatuba (messina | rivas) eta Residência Rua Pombal (São Paulo Criação). Honi buruzko artikulua Archdaily-n ikus daiteke. Belgikan, Atelier d’Architecture Alain Richard bulegoak, terrakota adreilu agregatuekin egindako hormigoi moduluen prefabrikazioan lanean dihardu. Hauek, bulego eta tailer eraikin baten perimetro-horma osatzeko erabili ziren.

Berrerabilera eta birziklapenaren erdibidean, badago eskala txikiagoko zatiak erabiltzen dituen teknika historiko bat. Honi, opus signinum edo cocciopesto esaten zaio. Ezaugarri iragazgaitzak dituen morteroa, hainbat geruzatan ezarrita, ura, karea eta txikitutako adreilu edo buztinezko teilak nahastuta lortzen dena, eta gure gaur egungo terrazoarekin parekatu daitekeena (gai honi buruz Véronique Vassal-en argiltapena Journal of Mosaic Research delakoan). Espezialistak, material hauek izendatzeko moduaz ados jartzen ez diren arren, terrakota adreilu hondakinak integratzen dituzten aplikazio modernoak ere existitzen direla azpimarratu nahi dugu (honi buruzko artikulua frantsesez Bobi réemploi web-orrian). Halaber, Atelier NA bulego frantsesak, hondakin berrerabiliekin egindako hormigoia burutzeko tailerrak eman zituzten. Ciguë bulego frantsesak ere, zentzu honetan ikertzen dihardu, zementua alde batera uzten duen igeltsuz egindako hormigoia lantzen. Beraien lana, Pavillon de l’Arsenal-en egindako erakusketa batean erakutsi zen eta hemen irakur daitekeen azterlana burutzeko aukera izan zuten. Anna Saint Pierre diseinatzaile eta ikertzailea, eraispenetako hainbat hondakinen integrazioa lantzen ari da, eta baita terrazoa sortzen ere (gai honen inguruko artikulua Metropolis aldizkarian). TFOB (They Feed Of Buildings) bulego alemaniarra, bide berekin lanean dabil Urban Terrazzo proiektuaren bitartez. Bestetik Apt bulego ingelesak, Mallorcan kokatzen den Huguet fabrikarekin kolaboratu du, adreilu puskak terrazoan integratzeko. Gogora ditzagun gainera, Assemble eta Granby Workshop taldeen esperimentuak, non hondakinak moldekatutako objektuetan gehitzen dituzten. Beste behin, zaila da lortutako material hauei izen zehatz bat ematea, granito, terrazo, mortero edo hormigoia, granulometria eta erabilitako teknikak ezberdinak baitira. Artikulu honi dagokionean, garrantzitsuena eraikuntza eta adreilu hondakinen arazoari irtenbide berriak bilatzen jarraitzea da.