Exhibitions – 3

Bada, Pavillon de l’Arsenal eta Parisko eraikuntza sektoreko aktore gehiagoren interesa erakusten duen erakusketa bat. Urte hontako martxoan amaitu zen Conserver Adapter Transmettre (Kontserbatu Moldatu Transmititu) erakusketak Parisko 40 proiektu inguru aurkezten zituen. Eraikitako metro karratu bakoitzak 50 urtetan zehar 1,5 tona CO2 isurtzen dituela jakinda, proiektu hauen diseinatzaileek ez eraistea erabaki zuten. Proiektu berriak dira, eraikitze baimenak 2020 eta 2022 urte bitartean aurkeztuak. Existitzen dena eraldatzen duten proiektuak (Parisen aurkeztutako hirigintza baimenen %70a bezala), non berrerabilerak bere garrantzia duen. Gainera, erronka klimatikoak, ondare borondateak eta gaur egungo espektatibei egokitutako programazioak uztartzen dituzten fabrikazio moduak agerian jartzen dituzte. Proiektu hauek berrerabilera eta jatorri organiko zein geologikoa duten materialen sektoreak garatu nahi dituztenentzat inspirazio dira.

Grand Huit arkitektoen Au Fil du Rail proiektuan adibidez, eraikin industrial bat elikadura eta ehungintza industrian espezializatutako ekonomia zirkular eta solidarioaren errekurtso lekuan eraldatzen da. 2023 urterako aurreikusita, bertan berrerabilera in situ eta ex situ burutzen da. Morland prefekturako arotzeriak eraikinaren itxituran integratu dira. Berdina gertatu da ChartierDalix bulegoak R-Use taldearen laguntzarekin burututako super-équipement Pinard proiektuan. 2025 urterako aurreikusita dagoen proiektu honek, amaetxe baten eraldaketa proposatzen du, haurtzaindegi, eskola, gimnasio eta hirugarren lekua biltzen dituen ekipamendu hibrido batean. Materialen masaren %49,6a, berrerabilitako edo birziklatutako materialetatik dator, besteak beste, teilen, adreiluen, zurezko markoen eta arotz-lanen %100a. Horrek, %11,6 murrizten ditu proiektuaren karbono-emisioak. Berrebilera ere presente dago surélévation Lenoir proiektuan. 2024 urterako aurreikusita, artisau-aktibitateak biltzen zituen eraikin baten birgaitzea proposatzen du, etxebizitza sozialak egiteko solairu berriak gehituz. Gehitze hau egiteko, Boman bulegoko arkitektoek, berrerabileran Bellastock-ek lagunduta, Paris Habitat-en jabegoko eraikinetatik dekonstruitutako materialak erabili dituzte. Besteak beste, parketa, baldosak, ateak edo ekipamendu elektrikoa. Scène des Loges proiektuan Archikubik bulegoak, Mobius-ek lagunduta, barneko elementuak berrerabiliko dituzte garaje zahar bat etxebizitzetan eraldatzeko. Hau ere 2024rako aurreikusita dago. Hain zonalde mugatuan berrerabilera integratzen duten hainbeste proiektu aurkitzea, zerbait aldatzen ari denaren froga garbia da. Gure eraikitzeko moduak zalantzen jartzen dituzten erakusketa hauek eskaintzen duten ikusgaitasunak, eraikitze praktika berrien beharra azpimarratzen dute eta hauen artean eraikuntza materialen berrerabilerak bere lekua duela dirudi.

Erakusketa honetatik haratago, Pavillon de l’Arsenal taldearen berrerabileraren inguruko interesa ez da berria. Gogoratu dezagun, adibidez, Matière Grise erakusketa (2014tik 2015era). Honi buruz hitz egin dugu dagoeneko hemen, gai honen inguruan osatuena da eta erreferentzia izaten jarraitzen du, baina ez da bakarra. 2012an, Re.architecture erakusketak praktika horien berri eman zuen, Europako 15 agentzien lan berezia aurkeztuz, hala nola Assemble, Collectif Etc, Raumlabor edo Rotor. 2016. urtean, Réinventer Paris hiri-proiektu berritzaileen deialdiaren emaitzen erakusketak, berrerabilera ardatz zuten proiektuak aurkeztu zituen. Horien artean, Morland eta Ferme du Rail proiektuak, honezkero aipatu ditugunak. FAIRE arkitektura- eta hiri-proiektu berritzaileen azeleratzailearen esparruan garatutako beste proiektu batzuk ere, Pavillon de l’Arsenal-en erakutsiko dira. Besteak beste, 2022an Cigüe-k burututako igeltsuzko hormigoiari buruzko ikerketa (honi buruz hitz egin genuen hemen) edo FabBRICK 2018an Clarisse Merlet arkitektoak diseinatutako berrerabilitako ehun-materialezko adreiluen proiektua. Niveau Zéro Atelier taldearen M.E.G.A. eta Lucie Ponard-en Terres émaillées proiektuetan, Paris hirian burututako indusketetako lurra erabiltzen dute objektu edo lauzen fabrikazioan. Proiektu hauek, eta baita FabBRICK-ek ere, 2022an burutu zen Séries Limitées erakusketan integratuko ziren. Era berean, Terres de Paris (2016 – 2017) erakusketak, Joly&Loiret arkitektura-agentziako arkitektoen lana aurkezten zuen, Parisko zorupetik ateratako lurrarekin burututako eraikuntzari buruz. FAIRE azeleratzailearen eta Studioloren barruan, minierakusketa programa bat, 2021eko instalazio batek Académie du climat x 36 étudiants architectes x Encore Heureux: un café en projet aurkeztu zuen. Encore Heureux agentziaren zuzendaritzapean, Parisko Klimaren Akademiaren etorkizuneko kafetegiaren elkarlanerako kontzeptazioa kontatzen du, non materialen berrerabilera faktore garrantzitsua izan zen. 2021ean Studioloren eta FAIRE proiektu azeleratzailearen barruan aurkeztua, Ceci n’est pas une porte proiektuak, Parisko ospitale zahar bateko 1.200 ate berreskuratu eta eraldatzeko aukera eman zuen, guztira 60 m³ material. Vincent Parreira eta Marie Brodin arkitektoek, berrerabilaren aholkularitzan espezializatutako Mobius-ek lagunduta egindako esperimentazioek eta altzari-sorkuntzak, 200 mahai baino gehiago egitea ahalbidetu zuten, ARES elkartearen (Ekonomia eta Gizartea Birgizarteratzeko Elkartea) laguntzarekin.

Oro har, Pavillon de l’Arsenal-ek tokiko material naturalen (ikusi 2018ko Pierre erakusketa adibidez) eta hauek lantzen dituzten artisauen inguruan (ikusi 2022ko Ressources erakusketa) erakutsi duten interesak eta kezka sozial eta ingurumen-ardurek (Covid garaian aurkeztutako Et demain, on fait quoi? erakusketa honen lekuko, edo 2023ko azken erakusketak, Espaces Ferroviaires, matières vivantes edo [Ré]inventer l’existant) arkitektura birpentsatzeko dagoen beharra erakusten dute, berrerabilera inteegratuko duena. Eta erakusketa hauek berrerabileraz bakarrik hitz egiten ez duten arren, hau berpizteko arrazoiak edo jarraitu beharreko bidea erakusten digute. Agian, egunen batean, honen normalizazioa lortuz!


Conserver Adapter Transmettre erakusketa 2023ko martxoaren 5ean amaitu zen, eta Conserver Adapter Transmettre izenburu bereko lan bat argitaratzeko aukera eman zuen.

TYIN tegnestue – 2

Tokiko testuinguru espezifikoa funtsezkoa da TYIN tegnestue Architects bulegoaren ikuspegian. Testuinguru geografiko, sozial eta kulturalaz ari gara, baina erabilitako teknika eta materialek ere, berrerabiliak edo ez, eraikin baten nortasuna moldatu dezakete. Hau gertatzen da arkitektura bulegoak Asian eraikitako proiektuetan, baina berdin gertatzen da beraien herrialdean egindakoetan ere. Norvegian, TYIN tegnestue bulegoak berrerabileraren bitartez, zurez eraikitzeko tradizioa nabarmentzen du. Eraikuntza mota berezia da, adibidez, 2014. urtean Trondheim-ko aeroportuko denda batean enborrekin burututako barne-diseinu proiektua. Enborrak lortzeko, eraitsiko zen XIX. mendeko etxe bat desmuntatu eta partzialki berreraiki zen, pieza hondatuenak alde batera utziz. Enbor horietako batzuk, moztu ondoren hormetan estaldura gisa erabili ziren.

2011an, Aure herrian burututako proiektuan, arkitektoek txalupentzako estalpe bat bereganatu zuten. Kasu honetan bereziki hondatua zegoen eraikina, funtzio ludikoak izango zituen eraikuntza berri batek ordezkatuko zuen.Proiektua, berrerabilera nabarmentzeko aukera berri bat izan zen. Honela, eraikuntza zaharraren materialen parte bat lekuan bertan berrerabili zen. Zehazki, zur oholak barne-estaldura osatzeko erabili ziren eta kanpo-estalduran, aurreko eraikinean estalkia osatzen zuten metalezko txapak erabili ziren. Metalezko errail zahar batzuk, gainalde baten euskarri gisa erabili ziren. Berrerabilitako material hauei inguruko baserri batean berreskuratutako leihoak gehitu zizkietan. Eraikin berriaren egitura-sarea leiho hauen dimentsioen araberakoa zen. Berrerabilitako materialek honela, proiektuaren diseinuari laguntzen diote, honen eboluzioa ahalbidetuz. Berriz ere, berrerabilerak, diseinuaren logika beste modu ezberdin eta berri batean pentsarazten gaitu.

TYIN tegnestue – 1

Duela gutxi lan egiteari utzi dion, TYIN tegnestue Architects arkitektura bulego norvegiarra, arkitekturaren ikuspegi berezia izateagatik ezaguna zen: ikasle eta tokiko komunitateak nahasten dituzten proiektu txikiak, artisautza eta berrerabilerarekiko zaletasuna. Honezkero, hemen hitz egin dizuegu berrerabilera materialak erabiltzen zituzten arkitektura eskoletako ikasleekin burututako partaidetza-proiektuei buruz. Agentziaren ibilbide profesionalean zehar, hainbat proiektu garatu zituzten, bereziki Asian, egoera prekarioan dauden komunitateentzat eta haiekin elkarlanean. Proiektu bakoitzaren testuinguruaren arabera, artisau-tekniken eta bertako materialen erabileraren aldeko apostua egin zuten, baliabide gabeziari erantzunteko. Gainera, biztanleek, proiektuen jarraipenean parte hartu ahal izan zuten. Horrela, bizilagunek, eraikinaren jabe egingo ziren, proiektuak, eraikuntzaren alde teknikoa eta sortutako dinamika soziala eredu izan beharko zituen bitartean. Logika hau jarraituz, berrerabileratik lortutako materialak tokiko baliabide merkeak kontsideratzen dira, zura eta lurra bezala adibidez, eta proiektuari forma ematen laguntzen dute.

Honela, CASE Studio Architects bulegoarekin batera 2009an Bangkok-en (Tailandia) eraikitako Old Market Library proiektuak, neurri handi batean, biztanleen partaidetza ahalbidetu zuen. Proiektu honetan, merkatu zahar baten zati bat liburutegi bihurtu zuten eta arkitektoen ezagutzak praktikan jartzeko aukera izan zen tokiko material ekonomikoen erabileraren bitartez, berrerabilerako materialak barne. Berrerabilitako zurezko kaxak adibidez, liburuentzako apalategi bilakatu ziren eta barne-estaldura, inguruetan jasotako zur elementuz osatuta zegoen. Solairutarte txiki baten zurezko egitura eraikitzeko elementuak aldiz, bigarren eskuko denda batean erosi ziren, kalitate hobeagoko zura lortu nahi izan zutelako. Proiektu honek, eta ez da bakarra, berrerabilera, komunitateentzako irtenbide ekonomiko eta arduratsua izateaz gain, sorkuntza teknikoa eta estetikoa suspertu dezakeela erakusten du.

Ferme du Rail

Ferme du Rail proiektua, Parisen 19. arrondizamenduan, hiri-nekazaritza lantzen duen auzo-ekipamendua da. Irisgarritasun zaileko lursail batean kokatua, trenbide desafektatu baten ondoan dago eta elkartasun lekua, aterpetxe, jatetxe eta topagunea da. Baserria osatzen duten bi eraikinak, baratze zentral, jatetxe, hangar eta negutegi baten inguruan kokatzen dira. Honi guztiari, gizarteratze prozesuan dauden langileei eta ingeniaritza, arkitektura edo baratzezaintza ikasleei zuzendutako hogei etxebizitza gehitzen zaizkio. Diseinu bioklimatikoaren printzipioen arabera, jatorri naturaleko eta berrerabilerako materialekin eraiki den low-tech baserri hau, permakulturari zuzendua dago eta helburu sozial batekin jaio zen. 2014ean, hiri-proiektu berritzaileen Reinventer Paris deialditik sortu zen.

Proiektuaren sorreran, Gran Huit arkitektura kooperatiba eta Mélanie Drevet paisajista daude. Arkitektura kooperatibak, ekonomia zirkularraren alorrean, zein gizarte eta elkartasun proiektuen inguruan lan egiten du. Auzoko biztanle eta erabiltzaileak, etorkizuneko operadore bihurtuko ziren aktore ezberdinez inguratu ziren. Hala nola, Travail et Vie laneratze enpresa, Atoll 75 eta Bail Pour Tous elkarteak, eta baita proiektuaren sustatzaile izango zen Réhabail erakunde soziala. Hau guztia, kontextu berezi batean garatu zen, Paris hiriak lursailaren jabea izaten jarraitu baitu, 50 urtera luzatzen den eraikuntza-kontratu baten barruan. Botere publikoek erraztutako lursailaren eskuratzea, finantziazio publiko eta pribatu ezberdinez osatzen da. Honek, begirada ekologiko eta sozial handiko programa garatzea ahalbidetu du. Materialen berrerabilera, bi ikuspuntu hauei erantzunez, elementu garrantzitsua izan da diseinatzaileentzat: “Materialak berrerabiltzeak eta gizarteratze-prozesuan dauden pertsonekin lan egiteak (…) logika bera jarraitzen dute. Ez bota eta ez baztertu.”¹

“Honezkero dagoenarekin” eta “geratzen denarekin” egitea, Grand Huit taldeko kideen lan egiteko modu berria bilakatu da. Beraientzat, berrerabilerak, “utzitakoaren balorizazioak”, dimentsio praktikoa du, baina jarrera moral eta politikoa erakusten du batez ere: “berrerabilera ez da «hobi» berrien ustiapena, materia eta pertsonen arreta berri baten aldarrikapena baizik”¹. Ingurumen-aginduez gain, arkitektoentzat, “denontzat, lan baliodun eta ez zapaltzailea lortzeko aukera babesteko”¹ modu bat da. Tokian-tokiko berrerabilera, hiriguneetan artisau eta langile funtzioak barneratzeko era bat da gainera.

Bestetik, berrerabileraren dimentsio memoriala azpimarratzen dute. Izan ere, berrerabileraren kontrako balazta garrantzitsuena ideologikoa da, eta “desiragarri izan daitezkeen utzitako elementuekiko begirada lantzea”¹ komeni da. Materialei eta hauekin lan egiten duten pertsonei, benetako lekua itzultzea, eta hortaz prozesuari, obra momentuari bere benetako balioa ematera daramatza. Helburua, etorkizuneko erabiltzaileak, ahalik eta azkarren elkarretaratzea litzateke, eraikitze-lanetara sarrera erraztuz, baina baita lekuko hainbat aktibitateri hasiera emanez, obra amaitu aurretik. Honela, obra gunea sorkuntzarako espazio demokratiko bihurtzen da, formakuntza kontextua ahalbidetuz. Hainbat laneratzeko enpresa, obrara bertaratuko dira: 16 atal teknikoetatik 5 enpresa hauen esku utzi ziren. Hona hemen arkitekturari bere dimentsio soziala bueltatzeko modu bat, objektu arkitekturarekin gertatzen den ez bezala. Bestetik, proiektuaren BZA bizi-zikloaren analisia burutu zen, eraikinak eskeintzen zituen onuren berri emateko eta bere inpaktu baxuko izaera azpimarratzeko (zurezko egitura, lastozko isolamendua, gaztainondo zurezko estaldura, jatorri naturaleko eta berrerabilerako materialen erabilera). Azterketa honek aldiz, ez du proiektuaren alde soziala kontutan hartzen. Arkitektoek, aspektu hau integratuko luketen aberastasun-adierazle berrien eta proiektu bakoitzaren “koste globalaren” ikuspegiaren alde agertu dira.

Hona hemen, proiektuan berrerabilitako materialen zerrenda:

  • berritutako etxebizitza sozialetatik berreskuratutako zurezko leihoak, teilatuan balustrada funtzioa betetzen duten jardineran eraldatuak (hareaz igurtzitako zura, panel forman mihiztatua) edo areto komunean buruz jarritako parket gisa erabiliak (zur jatorri berbera, baina oraingoan zatikatua). Hau guztia Atelier R-are-k gauzatu zuen;
  • Fashion Week ekimenetik berreskuratutako kontraxaflatu oholtzak, geletako armairuak fabrikatzeko erabiliak;
  • Paris hiriaren biltegitik hartutako galtzada-harriak, lorategiaren antolamenduan erabiliak (harri lehorreko euste-hormak, eskailera-mailak, lauzadura);
  • Réserve des Arts elkartetik jasotako publizitate-olanak Les Résilientes kolektiboak pertsianan eraldatuak;
  • faianza lauzak, stock-amaierakoak eta bainuetarako erabiliak (gela bakoitzaren berezko nortasunak muntaia-plano desberdina eskatzen du).

Berrerabileraren aurkikuntza eta honen ikuspuntu ekologiko eta sozial batekiko egokitzapenak, arkitektoak praktika hau garatzera bultzatu ditu. Honela, Parisko 19. arrondizamenduan, Maison des Canaux, proiektua abian da. Ekonomia zirkularraren, sozialaren eta solidarioaren erreferentzia-lekua, berrerabileraren erakusgarri izan nahi du. FCRBE proiektu europearraren (honi buruzko artikulua hemen) barruan garatu den proiektu pilotu honen helburua, tokiko berrerabilerako materialen %70 eta %100 artean integratzea da!


¹ Artikulu hau, Grand Huit kooperatibako kide diren Clara et Philippe Simay-k idatzitako “La Ferme du Rail – Pour une ville écologique et solidaire” liburuan inspiratuta dago. Liburua, 2022an argitaratu zen, Actes Sud argitaletxearen “Domaines du possible” kolekzioaren barruan. Hainbat zitazio atera dira bertatik.

Berrerabilerari dagokionean berriz, 2019an ICEB Café-n Clara Simay-k egindako aurkezpena ikusgarri dago. Eskuragarri berriz, ICEB-aren (Institut pour la Conception Écoresponsable du Bâti) web-orrian.

Collectif Etc – 3

Palet zura berrerabilera proiektuetan sarritan erabiltzen den elementua izan arren, bada beste material estandarizatu bat modu interesgarri batean erabili zena. 2012an Michelet lore-baratzearen antolaketa proiektuan, hormigoi blokeentzat erabiltzen diren lehortze panelak baliatu ziren. Kasu honetan panelek 140x110x4 cm neurtzen zuten eta ertzak profil metalikoen bidez indartuta zeuden.

Michelet lore-baratza, atelier d’architecture autogérée-k (aaa) garatutako R-urban proiektuaren elementuetako bat da. Tokiko sareen eta zirkuitu motzen logika jarraituz, ekonomia sozial eta solidarioa bultzatzen duen proiektu honek, hainbat gairen inguruan artikulatzen ziren sektore ezberdinak biltzen ditu : etxebizitza (EcoHab), birziklapena (RecycLab) eta hiri-nekazaritza (AgroCité). Collectif Etc taldeak, AgroCité-k garatzen duen lorategiaren proiektuan parte hartu zuen. Auto-eraikuntza eta berrerabilera proiektuaren aspektu garrantzitsuak ziren noski! Kolektiboaren esku-hartzea, ardatz zentral baten bidez loturik zeuden gune tekniko eta elkargune baten garapenean oinarriturik zegoen. Eraikuntza sistemak, zurezko panelen neurri estandarizatuetan oinarritutako trama erregularra jarraitzen zuen. Hauek espazio ezberdinen zoru eta hormak estaltzen zituzten. Diseinuaren erregulartasunak etorkizuneko gehitze eta moldatzea ahalbidetzen zituen.

Lehortze-panelak, zein obran errekuperatutako edo hornitzaile espezializatuei erositako bigarren eskuko eraikuntza materialak, Collectif Etc lanaren bidez balioztatuak izan ziren eta gainera atelier d’architecture autogéréek Agro-Cité-k proiektu nagusian erabili zituen. Baliabide hauek, proiektuaren webgunean zerrendatuak agertzen dira. Agro-Cité proiektua osatzen zuten elementuak (zurabeak, leihoak, ateak…) berriz ere berrabiliak izan ziren lekualdatzearen ostean. 2018an proiektua desmuntatu eta Gennevilliers-en kokatutako gune berri batean berreraiki zen.

Lehortze-panelei buruzko informazio teknikoa Opalis webgunean dago eskuragarri. Espainian erabiltzen diren panelen ezaugarri teknikoak ezberdinak izan daitezke txikiagoak baitira. Bigarren eskukoak lortzea posible izaten da. Zurez egindako panelez gain, plastikozkoak edo metalezkoak ere aurki ditzakegu.

Collectif Etc – 1

Collectif Etc-ko arkitekto eta eraikitzaileak ohiko hiri eta arkitektura praktikak zalantzan jartzea erabaki zuten, erabiltzaileen berdintasunezko autogestioaren logika jarraituz. Geroztik sortze eta esperimentazio prozesuek garrantzi handia dute kolektiboarentzat eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsonen arteko loturak sortu nahian, izaera ezberdineko proiektuak garatzen dituzte: 2011ko irailetik 2012ko irailera, kolektiboak urtebeteko bizikleta bira burutu zuen “hiriaren herri-fabrika”(Détour de France) delakoaren bila, argitalpenaren alorrean lan egin zuten la cabane d’édition Hyperville proiektuarekin edota kolektiboak berak eta kolaboratzaileek erabiliko zuten berezko lekua sortu zuten, Ambassade du Turfu deiturikoa. Ideia eta praktika nahasketa honek kolektiboa berrerabilerarekin eta berrerabilerarentzat lan egitera bultzatzen zuten. Colombelles-ko Grande Halle-ren ondoan eraikitako la cité de chantier ez da berrerabilera materialekin eraiki duten proiektu bakarra.

2012an, Arpenteurs taldearen gonbidapenari erantzunez, kolektiboak Grenoblen kokatutako igerileku denda zahar baten eraldaketa proiektuan parte hartu zuen. Établissement Public Foncier Local (EPFL)-k utzitako eraikina etxebizitzaren inguruko konponbideen fabrikan eraldatu zuten. La piscine izena duen lekua, etxebizitzari buruzko eztabaida eta esperimentazioa sustatzeko espazioa da, auto-eraikuntza eta berrerabileraren bitartez. Eraikina, hainbat kolektibori utzitako atalez osatua, erabilera ezberdinak biltzen zituen: altzariak fabrikatzeko lantegia, bilkura eta eztabaidarako erabilera anitzeko gunea, sukaldea eta gordailua. Material bilketari esker, gordailua baliabide biltegi gisa antolatu zen, egingo ziren lanen eta gerora izango zuen erabilera kontuan hartuz. Bertan palet-etatik ateratako ehundaka oholekin bi mahai handi eraiki ziren. Kortina zatiekin, espazioak banatzeko pieza handi bat sortu zuten. Bestetik, sukaldea altzari zaharrekin eta bainuontzi batez hornitu zen. Zur hondakinekin eraikinaren fatxadan jartzeko hizkiak sortu ziren, honi identitate berri bat emanez. Altzarien fabrikazio instrukzioak altzariei gehitu zitzaizkien etorkizunean informazio transmisioa ahalbidetzeko.

Parisko Pavillon de l’Arsenal-ko, Encore Heureux Arkitekto bulegoak antolatutako Matière Grise erakusketak, Nizara bidaiatu zuen 2015ean, Forum d’Urbanisme et d’Architecture delakoan berrerabilera proiektuak aurkezteko. Kolektiboak instalazio berri bat antolatzeko aukera izan zuen edizio honetan. Aurreko erakusketaren hondarrak eta Veolia-ren eraikuntza hondakinak sailkatzeko zentruak, materialak eskaini zizkieten. Krofatu plaken zura jaso zuten nagusiki. Hauek, altzari sorta berria eta bisitarien eskura izango zen baliabide gunea eraikitzeko erabili ziren. Material hauen egoera txarrak eta hauek berreskuratzeko beharrezkoak diren ekintzek (aukeraketa, iltze-kentzea, mozketa, lixatzea) hondakin izaera eta hondakin izan aurretik erabiltzen diren materialen arteko ezberdintasuna erakusten dute, hondakin izaera duten baliabideekin lan egiteko zailtasunak nabarmenduz.

2018ko Veneziako 16. Arkitektura Bienalean kolektiboak Frantziaren pabilioiaren eszenografia elaborazioan parte hartu zuen. Pabilio honen komisarioak Encore Heureux arkitektoak izan ziren. Pabilioiaren gaia, Lieux infinis (leku mugagabeak) eraikinak beharrean lekuak eraikitzen dituen kolektiboaren izaerarekin bat dator. Bertan arkitekturarekin, gizartearekin eta kulturarekin zerikusia zuten hamar esperimentazio frantses biltzen ziren. Eszenografian aurreko Arte Bienalean Frantziak aurkeztutako ekarpenaren hondakinak erabili ziren : ehundaka okume kontratxapatu plakak. Aurretik desmuntatuak eta biltegiratuak, egitura nagusia estaltzeko eta eserleku, banku eta mahaiak egiteko erabili ziren.


Berrerabilerarekin erlazionatutako beste proiektu batzuk modu zehatzean azalduta daude kolektiboaren webgunean.

Exhibitions – 2

Berrerabilerari buruzko erakusketa zerrenda luzea da oraindik. 2020ko Lugano-ko Bienala gai honen inguruan garatu bazen oso-osorik, Veneziako Bienalaren kasuan ere horrela izan zen. 2012an adibidez, pabilioi alemaniarrak Reduce, Reuse, Recycle erakusketa plazaratu zuen (artikulua ikusgarri Archdaily web-orrian). 2018an berriz, pabilioi daniarrak Vandkunsten Architects arkitektura bulegoaren lana aurkezten zuen, ezagutzen ditugun hiru « R »-i laugarren bat gehituz, Rebeauty. Proiektua aurretik egindako lanetan oinarritzen da. Ikerketa eta desmuntatuko diren tamaina naturaleko prototipoak (1:1 mock-up) eraikuntzen bidez, sei material ezberdinen berrerabilerari buruzko hausnarketa egiten du.

2018an Flores & Prats Arquitectes bulegoak Sala Beckett proiektua aurkeztu zuen,  Assemble bulegoak gero berrerabiliko ziren zeramikazko lauzaz egindako instalazioa (The Factory Floor) eta Encore Heureux eta Collectif Etc taldeak berrerabilera esperientzia garatzen zuten instalazio zahar batetik materialak errekuperatuz (bideoa ikusgai hemen goian). Bi urte lehenago Alejandro Aravenak,  2015ko Arte Bienaletik berreskuratutako 90t hondakin erabili zituen 2016 ko Arkitektura Bienalean bisitarien harreragune izango ziren bi instalazio eraikitzeko (honi buruzko artikulua ikusgarri Dezeen web-orrian). 2016an ere, parte-hartze nazionalaren Leone d’Oro saria irabazi zuen pabilioi espainiarrak aurkeztutako proiektuen artean hainbat berrerabilera adibide aurkitzen ziren. Besteak beste, Bosch.Capdeferro arquitectures bulegoaren Casa Collage etxebizitza proiektua Gironan, non harriak, lauzak edo burdinderia elementuak obran bertan berrerabili ziren. Edo Arturo Francoren Madrideko Mataderoko Nave 8b non berrerabilitako teilak tabikeak eraikitzeko erabiltzen diren, erabilera berria emanez.

Edizio ezberdinetan zehar gaiak bere garrantzia mantentzen duenaren seinale, 2021ko Biennale-ko pabilioi japoniarra berrerabilerari eskainita dago aurten, Co-ownership of Action : Trajectories of Elements izenpean. Proiektuak zurezko etxe tradizional baten dekonstrukziotik aterateko elementuak aurkezten ditu eta horietariko elementu batzuk konfigurazio berri batean berrerabiltzen dira (artikulua ikusgarri Designboom web-orrian). Zurezko elementuen mihiztatzeari buruzko lan haur Biennale-ko beste proiektu batzuetara zabaltzen da. Tartean Estatu Batuetako pabilioiaren zurezko egituren eraikuntzei buruzko hausnarketa edo pabilioi Finlandiarraren Puutalo zurezko etxe prefabrikatuena.


Veneziako arkitektura Bienala 2021ko maiatzaren 22tik azaroaren 21rarte garatuko da.

Vandkunsten Architects bulegoaren prototipo eta berrerabileraren inguruko lana txosten batean publikatua izan da, hemen eskuragarri. 

Exhibitions – 1

Berrerabilera erakusketa ezberdinen jomuga izan da azken urteetan, bai gai honen inguruko erakustaldietan zein ingurumen, gizarte eta ekonomi krisi kontextuan garaturiko eraikitze modu berriei buruzkoetan ere.

Ezagunenetakoa Frantzian burututako Matière grise erakusketa da, 2014a geroztik martxan dena. Pavillon de l’Arsenal zentruak babestua, Encore Heureux taldeko arkitektoak izan dira erakusketaren komisarioak. Erakusketak materia gris gehiago eta lehengai gutxiago erabiltzeko gonbitea zabaltzen du. Horretarako munduan zehar garatutako hirurogeita hamabost berrerabilera proiektu aurkezten dira, praktika honen ahalmena azpimarratzeko. Erakusketa ibiltaria da orain eta Frantziako eta atzerriko hainbat leku bisitatu zituen. Besteak beste Bartzelona eta Madrilgo arkitektoen elkargoak (COAM) 2017an edo Angelu hiria 2019an.

Bruselan 2019an La Loge espazioan garatutako Rotor belgiarren Life under a Cherry Tree erakusketak  dekonstruzioetatik ateratako materialak eta berrerabileraren inguruko hausnarketa aurkeztu zituen. Erakusketa hau aurretik egindako beste hainbaten jarraian egin zen : Deconstruction (Lieja 2015), arc en rêve centre d’architecture-k aurkeztutako constellation.s erakusketaren barruan burututako Deconstuction (Bordele 2016), lauza zeramikoei buruzko Ceramic tiles (Hasselt 2017), Behind the Green Door arkitektura jasangarriaren inguruko erakusketa (Oslo Architecture Triennale 2013) edo Usus/usures materialen higadurari buruzkoa pabilioi belgiarreko protagonista izan zena (Biennale di Venezia 2010).

Lendager Group enpresa daniarrak Wasteland erakusketa aurkeztu zuen Danish Architecture Centre delakoan 2017an (honi buruzko artikulua irakurgarri Archdaily arkitekturari buruzko aldizkari digitalean).

Assemble ingelesen lana Vienako Architekturzentrum (Az W) entitateak antolatutako How we build erakusketan aurkeztu zen 2017an. Basilea hiriko Mussée Suisse d’Architecture-k (S AM) Baüburo in situ  suitzarren lana Transform erakusketaren barruan aurkeztu zuen 2018an eta duela gutxi Graz hiriko Haus Der Architektur (HDA) zentroan egindako erakusketa baten parte izan da, Material Loops deiturikoa. Bertan berrerabilera materialen inguruko lan praktiko eta teorikoak bildu dituzte. Tartean proiektu alemaniar, austriar eta herbeheretarrak, Superuse Studio kolektiboarenak kasu.


Matière Grise erakusketa liburu batean bildu zen, Pavillon de l’Arsenal-ek berrargitaratua izan dena, hemen eskuragarri.

Assemble – 2

Artikuluaren lehenengo zatian aipatutako hormigoizko artisau-lauzaduraren esperientziaz gain, Assemble-k mota honetako beste hainbat garatu ditu. Liverpool-en Granby Workshop, zeramika fabrikatzen duen lantegiaren barnean, kolektiboak makina bat esperimentazio burutu ditu bertako artista, artisau eta auzoko biztanleekin elkarlanean. Enpresa sozial honek eskuz lantzen diren produktuei buruzko ikastaroak ematen ditu eta enplegua eta sorkuntza bultzatzen ditu. Assemble-rekin batera Granby Four Streets auzoaren birgaitze komunitate-proiektuaren parte dira. Auzoa biziki suntsitua izan zen bertan burutu ziren eraispenen ondorioz eta gaur egun viktoriar garaiko etxez osatutako lau kale soilik geratzen dira. Proiektua biztanleek garatzen dute Granby Four Streets CLT, Community Land Trust-aren bidez, eta beraien helburua utzitako etxeak berreskuratzea da. Kontextu honetan, Assemble-k, bi etxeren eraldaketa lanetan parte hartu du hauek lorategi estalietan bilakatuz (Granby Winter Garden), hainbat etxeren berrikuntzan lan egin dute (10 Houses on Cairns Street), eta aipatu bezala Granby Workshop lantegia sortu dute.

Graby Workshop-ak burututako lehen produktuak berritutako etxeentzako fabrikatu zituzten: bainugeletarako lauzadura, ateentzako kirtenak, tximinietarako estaldurak… Beste batzuk aldiz, salgai jarri zituzten lantegiaren web-orrian, eta lortutako irabaziak berreraikitze lanetarako erabiliko ziren. Birziklatze eta berrerabiltze prozesuen artean kokatzen ziren lan hauetan erabilitako materialak bertakoak dira, gehienetan utzitako etxeetatik ateratakoak. Adreilu, arbel edo harri zatiak hare eta zementuarekin moldekatzen ziren ondoren leundu eta objektu berrietan eraldatzeko. Adreiluak eta zur zatiak oihaletarako motibo sorkuntzan erabili ziren.

Esperimentazio hauen ostean, 2018an, Assemble eta Granby Workshop-ak Veniziako 16. Arkitektura Bienalerako pabilio zentralaren lauzadura garatu zuten. Milaka artisau lauzez osatutako instalazioa The Factory Floor izenpean aurkeztu zen. Lauza hauen fabrikazio prozesua encaustic clay tiles deituriko teknika tradizioanala jarraitzen du. Buztinezko lauzak ez dira esmalteztatzen eta gainazalean ikusten diren kolore eta motiboak masan eratzen dira, kolore ezberdinetako buztin zatiak presio altuko molde batean nahastuz. Prozedura honen bidez erresistentzia paregabeko lauzak sortzen zituen, horman zein lurrean, barruan zein kanpoan erabilgarriak zirenak. Muturreko erresistentziak lauzen desmuntaketa eta berrerabilera errazten zituen, Bienalaren amaieran gertatu bezala. Lauzak desmuntatu eta berrerabiliak izan ziren, berriz ere Venezian, lorategi publiko batean (Laguna Viva).

Assemblek objektu eta materialen artisau-fabrikazioaren inguruan erakusten duen interesa hainbat proiektu eta erakusketetan ikus daiteke. BBC-k emandako irrati-dokumentalaren (The Sympathy of Things), tituluari erreferentzian, kolektiboak erakusten duen “gauzekiko begikotasuna”, lanarekiko, ondare sozial eta kulturalarekiko atxikimendua izango dira akaso, erabil eta botatzearen sorgin-gurpiletik aterako gaituen jarrera, kontserbazioa eta berrerabilera bultzatuz!

LibreBook / Dekkera

Ondoren aurkeztutako proiektuak, Rotor-ek burututako barne-diseinu proiektu bruselarrak dira, non materialen berrerabilpena kontutan hartu den. Lehenengoa, Europako hizkuntza gehienetan idatzitako liburuak eta ekitaldi edo erakusketa txikiak antolatzen dituen LibreBook liburudendaren egokitzea. Bigarrena, janari-denda zahar baten eraldaketa proiektua da, Dekkera izeneko artisau-garagardoetan espezializatutako taberna-denda.

Berrerabilpenaren eta bi proiektuen filosofiaren arteko loturak oso garrantzitsuak dira hemen. Batetik, LibreBook dendako liburuak bezala, historioak kontatzen dituzten materialak aukeratu dituztelako, eta bestetik Dekkeran saltzen diren bertako artisau-produktuen kalitatearen garrantziagatik. Honela, Opera de la Monnaie-tik ekarritako freskoa, hormako paper-pintatu gisa erabili da, liburudendako parte intimistenean giro berezia sortuz. Taberna-dendaren mostradorea, inguruko eraispen-lanetatik ekarritako kalitatezko materialez estalia dago, a la testa zurezko zorua edo Bruselako metro-geltoki batetatik bildutako zeramikazko lauzak.

Hona hemen, LibreBook liburudendaren proiektuan erabilitako berrerabilpen materialen zein kantitateen zerrenda (iturria Opalis), non material gehienen horniketa eta obra-jartzea Rotor-ek egin duen:

  • 80 m² haritz oholtza;
  • 15m sabai faltsu, hormako panel gisa erabilia;
  • 120 m² de multiplex panel;
  • 35 lanpara;
  • metalezko 10 apalategi;
  • sukalde hornitu bat;
  • 50m² margotutako oihala;
  • 15m spot motako lanparentzako erraila;

Hona hemen, Dekkera taberna-dendaren proiektuan erabilitako materialen eta jatorriaren zerrenda:

  • Mahogany a la testa zur oholtza barraren estaldura gisa erabilia;
  • Bruselako metroko zeramikazko lauzak barraren estaldura moduan;
  • Bulego-eraikin batetik ekarritako « mille-feuille » motako sabai faltsua;
  • Bulego-eraikin baten fatxadaren basalto lauzak, zoladura moduan erabiliak;