Reusing posidonia

Formenteran, Balear Uharteetan burututako LIFE Reusing Posidonia proiektuaren xedea, etxebizitza-sozial eraikin baten aztarna ekologikoa nabarmenki murriztea zen. Horretarako, tokiko baliabideak eta artisau teknikak erabili ziren, irtenbide horien bideragarritasuna frogatzeko asmoarekin. Helburua, eraikuntzari loturiko CO2 isuriak eta hondakin ekoizpena %50ean gutxitzea zen, proiektuaren kostu gehigarria %5tik behera mantenduz. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitu nahi duen proiektu hau 2018an amaitu zen, eta bertan babes ofizialeko 14 etxebizitza sortu eta monitorizatu ziren. LIFE programa europearraren barruan (LIFE12/ENV/ES/000079, LIFE+ 2012), etxebizitza babestuen sustapena oinarritzat duen Instituto Balear de la Vivienda (IBAVI) erakunde publikoak zuzendu zuen proiektua, Balear uharteetako autonomia erkidegoko energiaren eta aldaketa klimatikoaren zuzendaritza nagusiarekin lankidetzan. Beraien helburuak lortzeko, IBAVI-ko arkitektoak arkitektura tradizionalean inspiratu ziren, tokiko baliabideak erabiliz. Tartean posidonia itsas-landarea. Hondartzetara iristen diren hosto hilak isolamendu eta material berrerabili gisa erabiltzen ziren!

Ingurumen-onurez gain, alderdi ekonomikoa eta soziala ere garrantzitsuak dira proiektuaren arduradunentzat. Beraien esanetan: “1500km-tara kokatzen den industria kimikoan inbertitu beharrean, aurrekontu berdina erabiliko dugu kualifikazio txikiko eskulanean”. Etxebizitza soziala bultzatzeaz gain, tokiko artisau-industria ekologikoa sustatu nahi zuten. Teknologia baxuko arkitekturaren garapena, uhartean eskuragarri dauden baliabideen (arenisca, arcilla, cerámica, cal aérea), ingurumen-ziurtagiria inportatutako materialen (madera, cal hidráulica) eta material berrerabilien erabilera, helburu hauek lortzeko konbinazioa ezinhobea da. Honek guztiak, diseinu fasetik material hauek integratzeko eraikitze-sistemak kontutan hartzea eskatzen du. Era berean, eraikinaren energia-efizientzia azpimarratu zen, kasu honetan A klasekoa, bereziki hormigoi zelularra erabiliz. Arkitektura tradizionalaren eragina, etxebizitzen diseinu bioklimatikoan ere nabari da. Pergola, pertsiana eta atari-aterpeak ez dira soilik apaingarri, eta fatxadan jarritako kableek landare igokarien garapena errazten dute.

Proiektuaren funtsezko elementuetako bat posidonia da, hondartzen kontserbaziorako ezinbestekoa den alga babestua. Hau erabili ahal izateko baimena behar da. Hala ere, hondartzetara iristen den posidonia kantitate handiak, gainbegiratuta, gaineko geruza jasotzeko aukera ematen du. Gehiegizko bolumen horiek, uharteko eraikuntza berrien isolamendua burutzeko erabili ziren. Bestetik, zenbait probatan ikusi zen moduan, behin lehortzen denean ez du tratamendu osagarririk behar, itsasoko gatzak konserbatzaile eta biozida gisa jarduten baitu.

Posedonia algaren ustiapenaz gainera, berrerabilerak ere garrantzi handia du proiektuan. Honela, etxebizitzen barneko arotzeriak berrerabilitako ate eta leihoz osatuta daude, eta beheko solairuko kanpoko ateak somier zaharretatik ateratako pinu zurez eginak daude. Berrerabilitako elementu hauek Mallorcako Fundació Deixalles-ak (ingurumen eta hondakinen kudeaketa arloetan lan egiten duen ekonomia solidarioaren fundazioa) eman zituen. Zur zaharrez egindako ate eta leihoak neurri moldaketak izan zituzten, eta panel labainkor moduan erabili ziren, hauen integrazioa errazteko. Guztira, ehun elementu baino gehiago berrerabili ziren! Induskatutako lurren edo homigoi zelular obra-hondakinez bestalde, hainbat palet berrerabili ziren, hauek bueltan penintsulara bidaltzea oso garestia baitzen. Paletak estalkian erabili ziren, posidonia banatu ondoren, OSB panelak eusten zituen bigarren mailako egitura gisa.

Azkenean, hondakinak eta CO2 isuriak murrizteko hasierako helburuak erraz lortu ziren. CO2 isurien gutxitzea adibidez %63koa izan zen. Proiektuak jarraitzen duen logikak, diseinu bioklimatikoa, artisau tekniken erabilera eta tokiko material edo berrerabilien erabileratik hasita, helburu sozialera arte, berrerabilera, beste printzipio batzuekin batera, arkitekturaren eta eraikuntzaren ikuspegi berri baten osagaitzat hartzearen garrantzia erakusten du. Lan egiteko modu berriak dira, non eskura dauden berrerabilera materialak, baliabide naturalak bezala, une bakoitzean ezberdinak izaten diren. Balear uharteetan arotzeriak eta posidonia izan dira, zeintzuk erabiliko ditugu beste leku batzuetan?


Proiektuaren web-orriko eduki guztia eta artikulu honetan azaldu duguna, Creative Commons Attribution-NonCommercial-ShareAlike (CC BY-NC-SA) 4.0. lizentziapean eskuragarri dago. Gainera, proiektuan sakontzen duen argitalpen bat aurki daiteke, hemen deskargatu daitekeena. Honetaz gain, proiektuari eskainitako erakusketa ibiltaria aurkeztu zen Sevilla, Madril eta Bartzelonan.

Proiektuaren filosofia, beste batzuentzan inspirazio bilakatu zen. Honela 2021ean IBAVI-ko arkitektoek zuzendutako etxebizitza sozial proiektu bat burutu zuten. Bertako hareharri eta posidoniaz gain, estalkian kofratze-panelak berrerabili ziren. Arquitectura Viva aldizkariaren web-orrian, honi buruzko artikulu bat eta Formenterako proiektuari buruzko hau aurki ditzakegu.

Sala Beckett

Bartzelonan, Flores & Prats Arquitectes arkitektura bulegoa, Cooperativa de Consumo i Justicia-ren egoitza zaharraren birgaitze proiektuaren egilea da, orain Sala Beckett (Fundació Sala Beckett / Obrador Internacional de Dramatúrgia) berrian bilakatu dena. Kooperatiba, 1924. urtean irekia eta 90. hamarkadan utzita, modu independentean funtzionatzen zuten eskola, denda, taberna eta antzerki-aretoa osatzen zuten. Proiektuaren programa berriak erabilera ezberdinen arteko elkarrekintza bilatzen du, antzerki-eskola, antzezpen-guneak eta taberna, argi-sarrera berriak ahalbidetzen dituen atariaren bidez konektatuz. Espazio honetan ikasle, irakasle, artista, ikusle eta auzoko biztanleak nahasten dira.

Arkitektoek eraikinera egindako lehenengo bisita, iraganera egindako bidai baten gisa deskribatzen dute. Bertan aurkitutako kooperatibaren aztarnen, aroztegi, lur-estaldura eta sabai-arrosen, inbentario zehatza egin zuten eskala ezberdinetan marraztutako ehundik gorako planoen bidez. Marrazki hauek elementu bakoitza ikusaraztea ahalbidetu zuten, hauen xehetasunak, egoera eta tamaina azpimarratuz, jasotako herentziari balioa emanez. Ahal zen neurrian eraikinaren espazio zabalen egitura eta inbentariatutako elementu txikiagoak mantentzea erabaki zuten. Modu honetan, kooperatiba zaharraren iragana, eraikinaren uztearen arrastoak eta programa berriarentzat beharrezkoak ziren egokitzapenak espazio berdina partekatzen dute.

Inbentariatutako elementuak bertan berrerabili ziren, aurreko funtzio berdinean, baina kasu gehienetan eraikinaren beste parte batean. Araudi berriak errespetatzeko egindako egokitzapenak, egitura eraldaketak eta programa berriaren ezarpenak direla eta, arkitektoen lana collage baten modukoa izan dela esan genezake. Egitura elementu, akabera eta altzari berriak tokian existitzen ziren elementu eta espazioetara gehitu ziren.

Aroztegiari dagokionean, ateen eta leihoen %90a berrerabili zen, hauetariko gehienak moldatu eta konpondu ostean. Solairuak sendotzeko egindako handitzearen ondorioz ateen altuera moldatu behar izan zen eta leiho batzuetan beira-bikoitza ezarri zen. Aldaketa eta konponketa guztiak bertan gauzatu ziren garraioa saihestuz. Gainera eskailera bat eta hainbat baranda berrerabili ziren, hauek ere birkokatu aurretik moldatuak.

Jatorrian antzinako kooperatiba honetako espazio bakoitzak lauza-hidrauliko ezberdinez osatutako lur estaldura zuten. Entsegu eta antzezpen espazioekin bat zetozen beste lur-estaldura mota batzuk erabiltzearen beharra medio, lauza-hidraulikoak eraikineko beste guneetan kokatu zituzten konbinazio berriak sortuz. Lauzak desmuntatzerako momentuan %20a galdu zen. Kantitate hau kontutan hartu zen kokapen eta diseinu berria erabakitzerakoan.

Honetaz gain, antzokiaren sabai zaharreko hiru sabai-arrosa berreskuratu eta dekorazio elementu gisa erabili ziren. Eraikineko beste espazio batzuetan zeuden sabai-arrosak bere horretan kontserbatu ziren, klimatizazio sistemaren irteera-aho gisa erabiltzeko.

Eraikitze lanak hasi aurretik, Sala Beckett-ko kideek okupazio iragankorra burutu zuten eraikinaren lehenengo solairuan. Proiektuaren logika berdina jarraituz, Sala Beckett egoitza zaharreko altzarien inbentarioa egin zen kooperatiban berrerabiltzeko asmoz. Aldi baterako okupazioak erabilera programa berria probatzeko aukera eman zuen. Gainera lan-taldeari, ikasleei eta ikusleei eraikinaren eta berrerabiliko ziren elementuen jabetzea ahalbidetu zuen. Kultura eta antzerki-proiektua garatu zen eraikinaren memoria gogora ekartzeko, hau eszenatoki bilakatuz. Antzezlana espazio eta denboran barrena ibili zen, arkitekturak inbentario eta berrerabiltzearen bidez egin zuen moduan.

Hemen azpian, berrerabiliak izan ziren elementu batzuen zerrenda aurki dezakezue (informazio iturria Flores & Prats eta Opalis):

  • 200 m² horma eta lur-akaberak, bertan desmuntatu, garbitu eta birkokatuak;
  • 44 zurezko ate, bertan garbitu eta moldatuak;
  • 35 zurezko leiho profilak, bertan garbitu eta moldatuak;
  • eskailera 1;
  • hainbat baranda;
  • 3 sabai-arrosa dekorazio elementu gisa erabiliak.

Artikulu hau neurri batean Sala Beckett – Centro Internacional de Dramaturgia liburuan eta Escala 1:5 dokumental sortan oinarritzen da.

ELYS, Lysbüchelareal Basel

Bâle-Ville Kantoian kokatutako Lysbüschel hirialdea, duela gutxirarte supermerkatu-kate baten produkzio eta banaketa gune izan zena, eraldaketa prozesuan dago VoltaNord hirigintza-jarduketaren barruan. Promozio honen helburua, funtzio berriak ekartzea da, horien artean bizitoki berria sortzea. Auzo berri honen bihotzean, 2020ko udazkenean zabalduko den ELYS kultur eta artisautza zentroa kokatzen da. Eraikina 1982an eraiki zen eta okindegi industrial eta banaketa-zentro bat zen. Eraikinaren birmoldaketa prozesu honen atzean, birgaitze eta berrerabiltzean oso aktiboa den Baubüro in situ arkitektura bulegoa dago.

Berrerabilpena eta tokiko materialak erabiltzearen aukera, aurretik egindako ikerketa, biltegiratze eta dekonstrukzio lan sakonaren ondorioa da. Gainera, proiektuaren sortze-prozesua eta diseinua aurkitutako materialen araberakoa izango dira. Agintari, sustatzaile, bulego tekniko eta erabiltzaileen arteko lankidetza estua beharrezkoa izan da proiektua gauzatzeko. Arrazoi urbanistikoengatik, eraikinaren luzera laburtu egin behar izan da ekialdean eta ondorioz sortu den hutsunea fatxada berri batekin bete dute. Atari bat eta bi handitze burutu dira estalkian argia eraikin barrura eramateko. Ekialdeko fatxada berria eta atariarena, jatorrizko eraikinean egin diren eraldaketa nagusiak dira eta bertan berrerabilpenaren bidez eta stock soberakinetan lortutako materialak erabili dira.

1000m² fatxada berria burutzeko, zurezko modulu prefabrikatuak erabili dira. Horretarako, %40a inguruan bildutako berrerabilpeneko zura eta %60a Suitzako basoetakoa, itsatsitako zur ijeztu habeak sortzeko erabili dira, eskakizun tekniko guztiei erantzunez. Habe horiek 9 metroko altuera izan dezaketen fatxadako moduluen egitura konpartimentatuak eraikitzeko erabili dira. Eraikuntza sistema honek eskaintzen duen malgutasunak, inguruko fabrikatzaileen stock soberakinetatik aterako itxura, dimentsio eta osagai ezberdinak dituzten leihoen integrazioa ahalbidetu du. Leiho hauen batez besteko prezioa, garraioa eta biltegiratzea barne, 290 franko suitzarrekoa (270 €) izan da, leiho berri baten prezio baino merkeagoa. Hala ere, fabrikatzaileek ez zuten berme-ziurtagiririk eskaintzen eta horregatik aurreztutako dirua konponketa funts bat sortzeko erabili da. Leihoak instalatu ondoren, zurezko moduluak zuntz eta berrerabilpeneko arroka-ile isolamendu zatiz bete dira. Eraikinaren kanpoko estaldura nerbiodun xafla metalikoz osatuta dago, grisak estalkiaren handitzean eta berdeak fatxadako moduluetan, gehienak jatorrizko eraikinean bilduak.

Jarraian proiektuan erabilitako berrerabilpen materialen zerrenda:

  • 2000m² nerbiodun xafla metalikoak eraikinaren estalduran erabiliak. Horietatik 1500 m² ondoko lantegi batean berreskuratuak;
  • Inguruko 12 fabrikatzaileren stock soberakinetatik lortutako 200 leiho ezberdin;
  • 150 m³ zur, lantegi baten egituratik aterata, itsatsitako zur ijeztu habeak egiteko erabilia;
  • 150 m³ arroka-ile isolamendua;
  • Berokuntza zentral instalazio zahar batetatik berreskuratutako metalezko saretak, leiho batzuen baranda gisa erabiliak;
  • Sprinklers ihinztagailu instalazio batetik lortutako hodiak, kanpoko bankuen euskarri moduan erabiliak;
  • Eraikinaren jatorrizko estalki lauean desmuntatutako hormigoi lauzak.

Testu hau, besteak beste, Baubüro in situ-k “Umbaukultur” liburuan egindako ekarpenean oinarritzen da. Ingeleseko bertsioa eskuragarri dago beraien web-orrian. Halaber, Tracés aldizkari Suitzarrean argitaratutako artikulu batean ere oinarritzen da, eskuragarri eraikuntzaren inguruko kulturari buruzko espazium.ch espazio digitalean.

Maison du projet Morland

Maison du projet Morland, 2018, Paris – Emerige (project owner), Encore Heureux (conception), Encore Heureux + MI2S ingénierie + Albert&Compagnie + Esselinck Ingénierie (team) – photography by Cyrus Cornut (courtesy of Encore Heureux)

Morland bulebarrean kokatuta dagoen Parisko prefetura zaharra birgaitze prozesuan dago, 2014an hasitako « Réinventer Paris » hiri-proiektu berriztatzaileen deialdiaren barruan. Emerige sustatzailearen « Morland Mixité Capitale » proiektua, kide moduan besteak beste David Chipperfield barne duen lan-taldeak gidatzen du. Helburua, leku hau erabilera anitzeko elkarbizitza-espazio batean bilakatzea da. Gune administratibo izugarri honen deskontruzioak, material hobien berrerabiltze ahalmena nabarmendu du. Erabilera potentzial garrantzitsu hau identifikatu eta gero, Encore Heureux arkitektura agentziari aldi baterako eraikuntza enkargatu diete. Obra handienaren ondoan kokatuta dagoen eta Morland proiektuaren egoitza den la Maison du projet Morland. Arkitektoek material hobiaren zati bat proiektuan integratu behar zuten. Gainontzekoa birgaitze proiektuan erabilia izan da, obra antolamenduan edo lan-eremutik kanpo zeuden obretan.

Encore Heureux-ren lana, material-hobiaren berrerabilpenaren logika zabalago batean txertatzen da. Proportzio handi batean material hobitik berreskuratutako elementuekin eraikia, zurezko egitura duen oihal-horma adibidez 78 leiho-orriz egina dago ! Morland proiektuaren egoitza birgaitze-proiektuari eskainitako ezpazioa da. Honetaz gain, le Pavillon de l’Arsenal, Parisko arkitektura eta hirigintzaren zentruak, PLUS+MIEUX création arkitektura taldeak pentsatutako umeentzako arkitektura eta hiri-garaikidearen inguruko tailer eta ikuskizunak eskeini zituen bertan.

Hemen erabilitako materialen listaren zati bat, horietako batzuk Encore Heureux proiektuan erabiliak izan dira:

  • 1500 leiho;
  • 11000 sapai-faltsurako plaka;
  • 2200 erradiadore;
  • harrizko lauzak;
  • tabikeak;
  • lanparak.