ELYS, Lysbüchelareal Basel

Bâle-Ville Kantoian kokatutako Lysbüschel hirialdea, duela gutxirarte supermerkatu-kate baten produkzio eta banaketa gune izan zena, eraldaketa prozesuan dago VoltaNord hirigintza-jarduketaren barruan. Promozio honen helburua, funtzio berriak ekartzea da, horien artean bizitoki berria sortzea. Auzo berri honen bihotzean, 2020ko udazkenean zabalduko den ELYS kultur eta artisautza zentroa kokatzen da. Eraikina 1982an eraiki zen eta okindegi industrial eta banaketa-zentro bat zen. Eraikinaren birmoldaketa prozesu honen atzean, birgaitze eta berrerabiltzean oso aktiboa den Baubüro in situ arkitektura bulegoa dago.

Berrerabilpena eta tokiko materialak erabiltzearen aukera, aurretik egindako ikerketa, biltegiratze eta dekonstrukzio lan sakonaren ondorioa da. Gainera, proiektuaren sortze-prozesua eta diseinua aurkitutako materialen araberakoa izango dira. Agintari, sustatzaile, bulego tekniko eta erabiltzaileen arteko lankidetza estua beharrezkoa izan da proiektua gauzatzeko. Arrazoi urbanistikoengatik, eraikinaren luzera laburtu egin behar izan da ekialdean eta ondorioz sortu den hutsunea fatxada berri batekin bete dute. Atari bat eta bi handitze burutu dira estalkian argia eraikin barrura eramateko. Ekialdeko fatxada berria eta atariarena, jatorrizko eraikinean egin diren eraldaketa nagusiak dira eta bertan berrerabilpenaren bidez eta stock soberakinetan lortutako materialak erabili dira.

1000m² fatxada berria burutzeko, zurezko modulu prefabrikatuak erabili dira. Horretarako, %40a inguruan bildutako berrerabilpeneko zura eta %60a Suitzako basoetakoa, itsatsitako zur ijeztu habeak sortzeko erabili dira, eskakizun tekniko guztiei erantzunez. Habe horiek 9 metroko altuera izan dezaketen fatxadako moduluen egitura konpartimentatuak eraikitzeko erabili dira. Eraikuntza sistema honek eskaintzen duen malgutasunak, inguruko fabrikatzaileen stock soberakinetatik aterako itxura, dimentsio eta osagai ezberdinak dituzten leihoen integrazioa ahalbidetu du. Leiho hauen batez besteko prezioa, garraioa eta biltegiratzea barne, 290 franko suitzarrekoa (270 €) izan da, leiho berri baten prezio baino merkeagoa. Hala ere, fabrikatzaileek ez zuten berme-ziurtagiririk eskaintzen eta horregatik aurreztutako dirua konponketa funts bat sortzeko erabili da. Leihoak instalatu ondoren, zurezko moduluak zuntz eta berrerabilpeneko arroka-ile isolamendu zatiz bete dira. Eraikinaren kanpoko estaldura nerbiodun xafla metalikoz osatuta dago, grisak estalkiaren handitzean eta berdeak fatxadako moduluetan, gehienak jatorrizko eraikinean bilduak.

Jarraian proiektuan erabilitako berrerabilpen materialen zerrenda:

  • 2000m² nerbiodun xafla metalikoak eraikinaren estalduran erabiliak. Horietatik 1500 m² ondoko lantegi batean berreskuratuak;
  • Inguruko 12 fabrikatzaileren stock soberakinetatik lortutako 200 leiho ezberdin;
  • 150 m³ zur, lantegi baten egituratik aterata, itsatsitako zur ijeztu habeak egiteko erabilia;
  • 150 m³ arroka-ile isolamendua;
  • Berokuntza zentral instalazio zahar batetatik berreskuratutako metalezko saretak, leiho batzuen baranda gisa erabiliak;
  • Sprinklers ihinztagailu instalazio batetik lortutako hodiak, kanpoko bankuen euskarri moduan erabiliak;
  • Eraikinaren jatorrizko estalki lauean desmuntatutako hormigoi lauzak.

Testu hau, besteak beste, Baubüro in situ-k “Umbaukultur” liburuan egindako ekarpenean oinarritzen da. Ingeleseko bertsioa eskuragarri dago beraien web-orrian. Halaber, Tracés aldizkari Suitzarrean argitaratutako artikulu batean ere oinarritzen da, eskuragarri eraikuntzaren inguruko kulturari buruzko espazium.ch espazio digitalean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude