Circular economy actions

Gaur egungo legedia eta ekonomia zirkularra sustatzen duten ekintza politikoek birziklapenera zuzenduta daude, berrerabilpenaren kontura askotan. Lehenago ikusi dugun moduan, berrerabilpenaren bidez hondakinak murrizteko gomendioak gutxitan etortzen dira neurri zehatzez lagunduta. Hala ere, badira kasu praktikoak, non legedia edo erabaki politikoak eraikuntza materialen berrerabilpena barneratzeko ezarri diren. Adibide guzti hauek, botere publikoen garrantzia azpimarratzen dute eta laguntza edo gomendioak ematetik obligaziora doaz, beti ere logika bera jarraituz, baimendu, sustatu eta behartu.

Artikulu honen amaieran azaldutako adibide praktikoak, herrialde eta lurralde ezberdinetan garatutako ekintza pizgarri (sustatzeko helburua dutenak) edo derrigorrezkoei (behartzeko helburua dutenak) buruzkoak dira. Herrialde hauen kasuan, aurretik materialen berrerabilpena ahalbidetzen zuten ekintzak burutu ziren. Espainiar estatuan eta Euskadin, botere publikoek ezin dituzte ekintza suspergarriak edo derrigorrezkoak garatu, aldez aurreko akzioak burutu ez badira. Beste edozein ekintza mota planteatzen hasi aurretik, ikusgaitasuna eta berrerabilpen praktikak errazteko ekintzak garatzea komeni da, blog honetan egiten saiatzen garen moduan. Atzerrian honezkero sustatzen ari diren ekintzen ikuspegi orokorrak, norabidea argitzen lagun diezaguke.

Jarraian, kasu praktikoen zerrenda ageri da, adibide pizgarrietatik hasita, kontratazio publikoaren garapena, enpresentzako laguntzak, proiektuentzako hobariak edo zerga-pizgarriak:

  • Belgikan, Valonia eskualdeak, ikerketa bat hasi du baldintza-agirietan berrerabilpen materialei lehentasuna emateko asmoz. Gainera, kontratazio publikoaren garapenean, berrerabilpena sustatzeko gomendio multzoa zabaldu dute. Bestetik, Bruselas hiriburuaren Ekonomia Zirkularraren eskualde-programak, hainbat neurri biltzen dituen ibilbide-orria aurkeztu du. Horietariko neurri batzuk lotesle izan daitezke. Subsidiaritate joera duen eskualde honek, neurri ezberdinen bidez eman dio laguntza sektoreari: proiektu deialdiak (BeExemplary o BeCircular), prestazio edo abantala-fiskalak, %6 BEZaren tasa berrerabilitako elementuentzat adibidez. Gainera, beste neurri batzuez gain, 2021rako dekonstrukzio edo eraispen aurretikako inbentarioa aurkeztu beharko da.
  • Seattle-n (EEBB) bizitegi-eraikin baten dekonstrukzio baimenaren lorpena, besteak beste, gutxienez eraikuntza materialen (asfaltoa, adreiluak edo hormigoia kenduta) %20ren berrerabilpenari eta, berrerabili eta birziklatutako elementuei buruz aurkeztu beharreko txostenari lotua egongo da (ikusi hemen). Prozesu honi esker, eraikuntza-baimena eman aurretik hasi ahal izango da dekonstrukzioa.

Hemen azpian obligazio izaera duten neurrien zerrenda ageri da: eraispenaren aurretik egin beharreko inbentarioa (baliabide diagnostikoa), gaikako dekostrukzioa, dekonstrukzio prozesuetatik datozen materialak berrerabilpen kanaletara zuzentzeko beharra edo proiektu berrietan berrerabilitako elementuak integratzeko obligazioa:

  • Frantzian, otsailaren 10ko 2020-105 Xahutzearen Kontrako eta Ekonomia Zirkularrari buruzko legearen 51. artikuluak, honakoa aurreikusten du: eraikinen eraispen-obra edo birgaitze-lan esanguratsuetan, produktuen, materialen eta hondakinen kudeaketari buruzko diagnostikoa lehentasunezkoa izango da, hauen berrerabilpena, eta berrerabilpenik ezean, hauen balorizazioa bultzatzeko. Lege beraren 59. artikuluak Frantziako Ingurumenaren Kodea aldatu du eta eraikuntzaren sektorean kontratu publikoak prestatzerakoan materialen berrerabilpena kontutan eduki beharko da.
  • Portland (EEBB) hiriko legediak ohiko eraispen baten ordez dekonstrukzioa burutzera behartzen du. Obligazio hau eraikin batzuei zuzendua dago, besteak beste, 1940 baino lehenagoko egitura duten familiabakarreko etxebizitzei. (ikusi hemen).
  • Cook County (EEBB) konderrian, eraikuntza baimena onartzerakoan gutxienez materialen %5a berrerabilpen kanaletara zuzendu beharko da (ikusi hemen).

Testu hau neurri batean Rotor-ek Bruselako “le bâti bruxellois source de nouveaux matériaux” (BBSM) izeneko ikerketa proiektuaren esparruan argitaratutako txosten batean oinarrituta dago. Txosten honek berrerabilpena garatzeko ekintza ildoak proposatzen ditu. Bertan aipatutako adibideak eta gaiari buruzko informazio ugari aurki dezakegu.

Pavillon Circulaire

Pavillon Circulaire, 2015, Paris – Pavillon de l’Arsenal (Project owner), Encore Heureux (conception), Tribu + Bonnefrite + Camping Design (Team) – photography by Cyrus Cornut (courtesy of Encore Heureux)

Encore Heureux kolektiboak diseinatutako Le Pavillon Circulaire, Parisko udaletxe aurreko plazan kokatu zen, 2015ko COP21 gailurraren momentuan. Proiektua, Pavillon de l’Arsenal-en (Centre d’urbanisme et d’architecture de Paris) enkargua izan zen. Materialen berrabilpenaren inguruan kezkatuta, diseinatzaileek aldi baterako pabilioi zirkularra diseinatu zuten, zirkularra fabrikazio prozesuan, ez formari dagokionean. Erabilera anitzeko espazio honek, haritz zurezko atez estalitako fatxada bat zeukan eta ekitaldi txikiak zein taberna bat barne hartzeko sortu zen. Hasiera batean esperimentu gisa pentsatu zen arren, materialen berrerabilpenaren erabilera aukeren adibide da gaur egun.

Pabilioiaren aldi baterako izaera eta egitura arinak hasierako zailtasun normatiboak zein teknikoak gainditzea ahalbidetu zuten arren, proiektu eredugarria da eta hasieran zehaztutako helburuak bete ditu, berrerabilpenaren inguruan Encore Heureux kolektiboak seinalatutako arazoez hitz egitea lortu baitu. Honela, jarraitutako ekonomia zirkularraren printzipioek tokiko eskulan eta materialekin eraikitzea ahalbidetu dute. Berrerabilpen materialen %70a Parisdarra da eta Parisko langileek modu garrantzitsu batean parte hartu dute proiektuan.

Hemen ikus daiteke gaiari buruzko AMC aldizkariaren artikulua edo plataformaarquitectura web-orrian ikusitako artikulua.

Hona hemen, proiektuan erabilitako berrerabilpen materialen eta hauen jatorriari buruzko informazio zerrenda:

  • Haritz zurez eginiko 180 ate, etxebizitza-eraikin baten birgaitze-obra batetik ekarriak;
  • Arroka-ile isolamendua, supermerkatu baten estalki lanetan bildua;
  • Zurezko egitura, zaharretxe baten obra hondakina;
  • Lur et horma panelak, erakusketa panel berrerabiliak;
  • Zurezko zur-oholtza, Paris-Plage jaialditik ekarria;
  • Zurezko 50 aulki, Parisko garbiguneetan bilduak;
  • Lanpara zintzilikarioak, argiztapen publikoaren stock-an jasoak.

La Fabrique du clos

Stains-en, Ile-de-France eskualdean, 1959ko hormigoizko apartamentu-eraikin eta hormen eraispenak, ingurumen inpaktu handiko material honen tokian-tokiko berrerabiltzea ahalbidetu du azken bost urteetan. Proiektua, Seine Saint Denis Habitat eta Bellastock arkitektoen artean burutu dute, besteak beste CSTBren (Centre Scientifique et Technique du Bâtiment) laguntzarekin.

Ingurumen-xede, objektibo sozial eta kulturalak dituen ekimen honek lorpen ezberdinak izan ditu. Besteak beste, hormigoizko elementuekin egindako prototipoen sorkuntzan adibidez: hormigoizko lauza zoladura, banku edo jardinera gisa erabili daitekeen harlangaitz lana eta hormigoizko hormez eraikitako lokal teknikoa. Gainera ekimenak espazio publikoen antolamendu plana, objektuen errekuperazio eta birziklatze zentro komunitarioa eta sentsibilizazio, formakuntza eta sorkuntza programak garatzeko aukera ekarri du, beti ere auzo mailatik abiatuz.

Berrerabilpeneko hormigoizko zoladuraren 60m2-tan burututako azterlanak adierazi duenaren arabera, zoladurara bideratutako material-hobiaren berrerabiltze tasa %86koa izan da. Gainera berrerabiltze prozesua burutzeko beharrezkoa izan den epea 4 egunez bakarrik luzatu da. Zoladuraren batez-besteko m2-ko kostua 25,2€koa izan da, zoladura berri batena baino 10€ merkeagoa. Proiektuaren tokiko lana eta honen izaera esperimentalaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.  

Pavés

Street Paver – Paris 1899-1900, Eugène Atget – Library of Congress (Public domain)

Frantziako Trantsizio Ekologikoaren eta Elkartasunaren Ministerioak, Pariseko bide-sarearen materialeen birziklapen eta berrerabilpenari buruzko artikulua argitaratu zuen 2018an. Galtzada-harri naturalen kasuan batez ere, garbitu ostean materialen kopuru handi bat berrerabili egiten da. Kaleetan kokatutako berreskuratutako galtzada-harri naturalen kopuruak gora egin du azken urteetan, %20tik %80ra. Berrerabilitako galtzada-harrien eta elementu berrien proportzioa alderantzikatu egin da!