Exhibitions – 2

Berrerabilerari buruzko erakusketa zerrenda luzea da oraindik. 2020ko Lugano-ko Bienala gai honen inguruan garatu bazen oso-osorik, Veneziako Bienalaren kasuan ere horrela izan zen. 2012an adibidez, pabilioi alemaniarrak Reduce, Reuse, Recycle erakusketa plazaratu zuen (artikulua ikusgarri Archdaily web-orrian). 2018an berriz, pabilioi daniarrak Vandkunsten Architects arkitektura bulegoaren lana aurkezten zuen, ezagutzen ditugun hiru « R »-i laugarren bat gehituz, Rebeauty. Proiektua aurretik egindako lanetan oinarritzen da. Ikerketa eta desmuntatuko diren tamaina naturaleko prototipoak (1:1 mock-up) eraikuntzen bidez, sei material ezberdinen berrerabilerari buruzko hausnarketa egiten du.

2018an Flores & Prats Arquitectes bulegoak Sala Beckett proiektua aurkeztu zuen,  Assemble bulegoak gero berrerabiliko ziren zeramikazko lauzaz egindako instalazioa (The Factory Floor) eta Encore Heureux eta Collectif Etc taldeak berrerabilera esperientzia garatzen zuten instalazio zahar batetik materialak errekuperatuz (bideoa ikusgai hemen goian). Bi urte lehenago Alejandro Aravenak,  2015ko Arte Bienaletik berreskuratutako 90t hondakin erabili zituen 2016 ko Arkitektura Bienalean bisitarien harreragune izango ziren bi instalazio eraikitzeko (honi buruzko artikulua ikusgarri Dezeen web-orrian). 2016an ere, parte-hartze nazionalaren Leone d’Oro saria irabazi zuen pabilioi espainiarrak aurkeztutako proiektuen artean hainbat berrerabilera adibide aurkitzen ziren. Besteak beste, Bosch.Capdeferro arquitectures bulegoaren Casa Collage etxebizitza proiektua Gironan, non harriak, lauzak edo burdinderia elementuak obran bertan berrerabili ziren. Edo Arturo Francoren Madrideko Mataderoko Nave 8b non berrerabilitako teilak tabikeak eraikitzeko erabiltzen diren, erabilera berria emanez.

Edizio ezberdinetan zehar gaiak bere garrantzia mantentzen duenaren seinale, 2021ko Biennale-ko pabilioi japoniarra berrerabilerari eskainita dago aurten, Co-ownership of Action : Trajectories of Elements izenpean. Proiektuak zurezko etxe tradizional baten dekonstrukziotik aterateko elementuak aurkezten ditu eta horietariko elementu batzuk konfigurazio berri batean berrerabiltzen dira (artikulua ikusgarri Designboom web-orrian). Zurezko elementuen mihiztatzeari buruzko lan haur Biennale-ko beste proiektu batzuetara zabaltzen da. Tartean Estatu Batuetako pabilioiaren zurezko egituren eraikuntzei buruzko hausnarketa edo pabilioi Finlandiarraren Puutalo zurezko etxe prefabrikatuena.


Veneziako arkitektura Bienala 2021ko maiatzaren 22tik azaroaren 21rarte garatuko da.

Vandkunsten Architects bulegoaren prototipo eta berrerabileraren inguruko lana txosten batean publikatua izan da, hemen eskuragarri. 

Exhibitions – 1

Berrerabilera erakusketa ezberdinen jomuga izan da azken urteetan, bai gai honen inguruko erakustaldietan zein ingurumen, gizarte eta ekonomi krisi kontextuan garaturiko eraikitze modu berriei buruzkoetan ere.

Ezagunenetakoa Frantzian burututako Matière grise erakusketa da, 2014a geroztik martxan dena. Pavillon de l’Arsenal zentruak babestua, Encore Heureux taldeko arkitektoak izan dira erakusketaren komisarioak. Erakusketak materia gris gehiago eta lehengai gutxiago erabiltzeko gonbitea zabaltzen du. Horretarako munduan zehar garatutako hirurogeita hamabost berrerabilera proiektu aurkezten dira, praktika honen ahalmena azpimarratzeko. Erakusketa ibiltaria da orain eta Frantziako eta atzerriko hainbat leku bisitatu zituen. Besteak beste Bartzelona eta Madrilgo arkitektoen elkargoak (COAM) 2017an edo Angelu hiria 2019an.

Bruselan 2019an La Loge espazioan garatutako Rotor belgiarren Life under a Cherry Tree erakusketak  dekonstruzioetatik ateratako materialak eta berrerabileraren inguruko hausnarketa aurkeztu zituen. Erakusketa hau aurretik egindako beste hainbaten jarraian egin zen : Deconstruction (Lieja 2015), arc en rêve centre d’architecture-k aurkeztutako constellation.s erakusketaren barruan burututako Deconstuction (Bordele 2016), lauza zeramikoei buruzko Ceramic tiles (Hasselt 2017), Behind the Green Door arkitektura jasangarriaren inguruko erakusketa (Oslo Architecture Triennale 2013) edo Usus/usures materialen higadurari buruzkoa pabilioi belgiarreko protagonista izan zena (Biennale di Venezia 2010).

Lendager Group enpresa daniarrak Wasteland erakusketa aurkeztu zuen Danish Architecture Centre delakoan 2017an (honi buruzko artikulua irakurgarri Archdaily arkitekturari buruzko aldizkari digitalean).

Assemble ingelesen lana Vienako Architekturzentrum (Az W) entitateak antolatutako How we build erakusketan aurkeztu zen 2017an. Basilea hiriko Mussée Suisse d’Architecture-k (S AM) Baüburo in situ  suitzarren lana Transform erakusketaren barruan aurkeztu zuen 2018an eta duela gutxi Graz hiriko Haus Der Architektur (HDA) zentroan egindako erakusketa baten parte izan da, Material Loops deiturikoa. Bertan berrerabilera materialen inguruko lan praktiko eta teorikoak bildu dituzte. Tartean proiektu alemaniar, austriar eta herbeheretarrak, Superuse Studio kolektiboarenak kasu.


Matière Grise erakusketa liburu batean bildu zen, Pavillon de l’Arsenal-ek berrargitaratua izan dena, hemen eskuragarri.

Permis de faire

Arkitekturan, berrerabilera materialen erabilera esperimentazioaren alorrean garatzen da askotan, ikuspegi teknikotik zein artistikotik. Esperimentazio hauen alderdi legala batzuetan balazta izan daiteke berrerabileraren garapenerako. Gai honen inguruan, Frantzian gauzak mugitzen hasi direla ematen du.

“Permis de faire” (Egiteko lizentzia), Patrick Bouchain arkitektoaren lan preziatua, lehen aldiz testu legaletan, eta modu esprimentalean, itzuli zen. LCAP legearen 88.artikuluak (2016) eragile publikoei 2017ko maiatzeko testuak finkatutako (Décret n° 2017-1044 du 10 mai 2017) eraikitze-arau batzuk indargabetzeko baimena ematen zien, baldin eta horrela helburu antzekoak lortzen baziren. Honek materialen eta hauen berrerabileran zuen eragina.

Ondoren, testu berri batek orain arte finkatutakoa zabaldu zuen. ESSOC legearen 49.artikuluak (2018) “Permis d’expérimenter” (Esperimentatzeko lizentzia) aurkeztu zuen bi ordenantzaren bidez. Lehenengoak (Ordonnance n° 2018-937 du 30 octobre 2018), hasieran aurkeztutako baliabideak beste esperimentazio alorretara eta eragile guztietara zabaldu zuen. Bigarrenak, (Ordonnance n° 2020-71 du 29 janvier 2020) esperimentazio prozesuak iraunarazi nahi zituen Code de la construction et de l’habitation (CCH) berridatziz. Izaera berritzailearekin, esparru arkitektonikoan zein teknikoan, arauen erabileraren bidez garatzen den baliabideen araua, helburu eta lortu beharreko emaitzen arauak ordezkatu zuen efektu baliokideen printzipioaren bidez. Eskaeraren kontrola operazioarekiko independentea den organismo batek burutu behar du honen balioztatzea lortzeko. Berrerabileraren alorrean, materialek ez dituzte inposatzen diren arauak bete behar, baina lortutako emaitzek, operazioaren izaera berritzailea medio, arauek eskatutakoa betetzen dutela frogatu behar da.

ELAN legeak (2018) “Permis d’innover” (Berriztatzeko lizentzia) aurkeztu zuen. Honek, operazio handi batzuen zona geografiko bereziei buruz hitz egiten zuen. Botere publikoek balioztatua, eraikuntzan eta hirigintza alorrean berriztatzeko aukera ematen du.

Neurri hauek gainjarri egiten direla ematen duen arren, garrantzitsua da aipatzea “Permis de faire” delakoaren hasierako ideia, sinplifikazioa eta interes orokorra bilatzea zen arren, modu partzial eta zatikatu batean ageri dela bertsio guzti hauetan. Arau batzuk indargabetzeko aukera ematen dute baina berrikuntza eta helburu baliokideak frogatzeko beste arau batzuk ezartzen dituzte. Gainera zaila izango da jakitea parte hartu nahi duten eragile guztien artetik nork ordaindu ahal izango dituen oraindik korapilatsu eta garestiak diren prozedurak. Zorionez, berrerabilera ez da lege berri hauen onarpenaren zai geratu arauak moldatu eta konponbide alternatiboak imajinatzeko. Lege-testu ezberdin hauek, oraindik izan duten eragina ezagutu ez arren, ate berri bat irekitzeko, arkitektura proiektuak beste era batean garatzeko eta materialen eta hauen berrerabileran interesa pizteko aukera zabaldu dute.

Guerre aux démolisseurs

Interior view of the Saint-Landry church, demolished in 1829 – unknown author – Musée Carnavalet, Histoire de Paris (Public domain)

XIX. mendean, Victor Hugo idazlea ondare arkitektonikoaren eta erdi-aroko arkitekturaren defendatzaile garrantzitsuenetako bat izan zen. Adibide garbiena orokorrean katedral gotikoen inguruan egin zuen defentsa izan zen eta bereziki Pariseko Notre-Dame katedralarena. Note sur la destruction des monuments en France (1825) eta Guerre aux démolisseurs (1832) idatzietan, egileak eraikuntza hauen suntsiketaren arduradunak ziren “espekulatzaile kaldarren” kontra egin zuen, eraikin baten edertasuna guztiona zela argudiatuz eta ondarea babestuko zuen lege bat eskatu zuen.

Bi testu hauetan orduan burututako suntsiketen zerrenda luzea aipatzen da, tartean Saint Landry elizarena. Honetaz gain, hainbatetan suntsiketa hauetatik ateratako materialen salmenta eta berrerabilpena kritikatzen ditu. Victor Hugok ohartarazi zuenez, harginak behar dituen materialak hondakin zoragarri hauetatik ateratzen ditu eta jabearen jarrerarekin haserre agertu zen. Monumentua mirestu beharrean, harri harrobi bat besterik ikusten ez zuela esanez eta Partenoia harriaren prezioan salduko zukeela gaineratu zuen. Harginaren kasua ezberdina zen idazlearentzat, elizaren eraispenean parte hartzen zuen arren, elementu batzuk berrerabili zituelako etxetxo miresgarri bat eraikitzeko. 

Ondarearen babesarekin lotutako materialen berrerabilpenaren testuingurua oso zehatza den arren, heldu beharreko zailtasun eta kontraesanak nabarmentzen ditu. Nola sustatu daiteke elementu eta eraikinen berrerabilpena errespetuz? Nola saihestu daiteke espekulazioa berrerabilpenaren arloan? Nola ekidin daiteke berrerabilpena aitzakiatzat soilik hartuz eraikinaren eraispena?

“Guerre aux démolisseurs” idatziaren bertsio frantsesa eskuragarri wikisource orrian.

Grande Halle de Colombelles

Collombelles-ko Grande Halle proiektuan antzinako sozietate metalurgiko frantses honen lantegi elektrikoa eta hozte-dorrea kontserbatu dira. Birmoldaketa hau Normandie Aménagement-k bultzatu zuen. Proiektua garatzeko, gehiengo publikoa duen eragile honek, Construire eta Encore Heureux kolektiboko arkitektoei dei egin zien, materialen berrerabileran esperientzia zabala baizuten. Helburua lantegi elektriko hau lan eta kulturgune berri batean eraldatzea zen. Eraikina bi nabetan banatuta zegoen eta honen hormigoizko fatxada bilkari sostengatzailea mantendu zen. Nabeetako bat bere horretan utzi zen eta harrera eta bilkura gune bilakatu zen. Bestea ordea zurezko hiru solairutan banatu zen balkoi sistema baten bidez azalera handituz. Bertan kafetegi/jatetxea, tailerrak, languneak eta entsegu gelak kokatzen dira.

ETC kolektiboak berrabilpen esperimentu txikia egin zuen proiektu honetatik gertu, la cité de chantier. Kontainer zaharrekin eta berrerabilitako materialekin eraikitako behin-behineko espazio hau, la maison du projet Morland-en antzera, proiektuaren harrera, bitartekaritza-gune eta proiektuaren inguruan eztabaidatzeko espazioa zen, permanence architecturale-k (arkitektoek zuzendutako harreragunea) bultzatuta. Le WIP elkartea Grande Halle-ren kudeaketa eta animazioaren kargu egin zen eta la cité de chantier honetan kokatuta, erabileren ikuspuntu zabala zuen.

Proiektuaren obra-kudeaketa atal ezberdinetan banatu zuten eta hauetako bakoitzarentzat berrerabilpena barneratzen zuen derrigorrezko aldaera bat aurreikusi zuten. Berrerabilpenari buruzko atal espezifikoa, 1.goa, le WIP-aren esku utzi zuten. Hauen eginkizuna obraren inguruan material hobiak identifikatzea, dekonstrukzio lanak burutzea, materialak biltzea, hauek konpontzea eta obraren lanen kargu zeuden enpresei material hauek entregatzea zen. Material hauek obran bertan zeuden kontainerretan gordetzen ziren. Gainera, materialen jatorriari eta ezaugarri teknikoei buruzko informazioa biltzen zuten fitxak sortu zituzten. Fitxa hauek eta bulego tekniko eta aseguru-entitateen arteko elkarlanak material hauen berrerabilera ahalbidetu zuten. Permanence architecturale-ri esker, eraikuntzan parte hartu zuten enpresei zuzendutako berrerabilpenaren inguruko jarraipen estua egin zen. Le WIP-en kalkuluen arabera, praktika hauen tokiko enplegu-sorkuntza 2 DOB-koa (Dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuak) izan zen. Bestetik CO2 gasen gutxitzea 25 t-koa izan zen eta 18 t obra hondakin gutxiago sortu ziren.

Hemen proiektuan berrerabilitako materialen zerrenda:

  • Fundiziozko 27 erradiadore eta 25 altzairuzko (bulego eraikin eta garaje batetik bilduak);
  • 31 elementu sanitario (konketak, WC, eta pixalekuak, bulego eraikin eta komertzial batetik ekarriak);
  • Barandentzako 21 zutiko (zuraje edo zur-egituretatik);
  • Hasiera batean errekuperatutako 21 leihoetatik 1, gainontzekoak obratik lapurtuak izan ziren (eraikin komertzial batetik ekarriak);
  • Zur masibozko 18 ate, horietako 2 suaren kontrakoak (etxebizitza eraikin batetik ekarriak);
  • 200m2 arroka-ile isolamendua (sabai-izunean integratuak, bulego-eraikin eta komertzial batean jasoak);
  • lauzadura (stock amaiera);
  • Arotz-lanerako zura (materialen garraiorako paletetatik lortua).

Informazio iturria: MOOC – Le réemploi : matières à bâtir (ICEB); le WIP elkartearen posterra, berrerabilpena ahalbidetzeko material hauei emandako tratamenduei buruzko informazioarekin eskuragarri hemen, Creative Commons Attribution-NonCommercial-NoDerivatives 4.0 International (CC BY-NC-ND 4.0) lizentziapean.

Maison du projet Morland

Maison du projet Morland, 2018, Paris – Emerige (project owner), Encore Heureux (conception), Encore Heureux + MI2S ingénierie + Albert&Compagnie + Esselinck Ingénierie (team) – photography by Cyrus Cornut (courtesy of Encore Heureux)

Morland bulebarrean kokatuta dagoen Parisko prefetura zaharra birgaitze prozesuan dago, 2014an hasitako « Réinventer Paris » hiri-proiektu berriztatzaileen deialdiaren barruan. Emerige sustatzailearen « Morland Mixité Capitale » proiektua, kide moduan besteak beste David Chipperfield barne duen lan-taldeak gidatzen du. Helburua, leku hau erabilera anitzeko elkarbizitza-espazio batean bilakatzea da. Gune administratibo izugarri honen deskontruzioak, material hobien berrerabiltze ahalmena nabarmendu du. Erabilera potentzial garrantzitsu hau identifikatu eta gero, Encore Heureux arkitektura agentziari aldi baterako eraikuntza enkargatu diete. Obra handienaren ondoan kokatuta dagoen eta Morland proiektuaren egoitza den la Maison du projet Morland. Arkitektoek material hobiaren zati bat proiektuan integratu behar zuten. Gainontzekoa birgaitze proiektuan erabilia izan da, obra antolamenduan edo lan-eremutik kanpo zeuden obretan.

Encore Heureux-ren lana, material-hobiaren berrerabilpenaren logika zabalago batean txertatzen da. Proportzio handi batean material hobitik berreskuratutako elementuekin eraikia, zurezko egitura duen oihal-horma adibidez 78 leiho-orriz egina dago ! Morland proiektuaren egoitza birgaitze-proiektuari eskainitako ezpazioa da. Honetaz gain, le Pavillon de l’Arsenal, Parisko arkitektura eta hirigintzaren zentruak, PLUS+MIEUX création arkitektura taldeak pentsatutako umeentzako arkitektura eta hiri-garaikidearen inguruko tailer eta ikuskizunak eskeini zituen bertan.

Hemen erabilitako materialen listaren zati bat, horietako batzuk Encore Heureux proiektuan erabiliak izan dira:

  • 1500 leiho;
  • 11000 sapai-faltsurako plaka;
  • 2200 erradiadore;
  • harrizko lauzak;
  • tabikeak;
  • lanparak.

Circular economy actions

Gaur egungo legedia eta ekonomia zirkularra sustatzen duten ekintza politikoek birziklapenera zuzenduta daude, berrerabilpenaren kontura askotan. Lehenago ikusi dugun moduan, berrerabilpenaren bidez hondakinak murrizteko gomendioak gutxitan etortzen dira neurri zehatzez lagunduta. Hala ere, badira kasu praktikoak, non legedia edo erabaki politikoak eraikuntza materialen berrerabilpena barneratzeko ezarri diren. Adibide guzti hauek, botere publikoen garrantzia azpimarratzen dute eta laguntza edo gomendioak ematetik obligaziora doaz, beti ere logika bera jarraituz, baimendu, sustatu eta behartu.

Artikulu honen amaieran azaldutako adibide praktikoak, herrialde eta lurralde ezberdinetan garatutako ekintza pizgarri (sustatzeko helburua dutenak) edo derrigorrezkoei (behartzeko helburua dutenak) buruzkoak dira. Herrialde hauen kasuan, aurretik materialen berrerabilpena ahalbidetzen zuten ekintzak burutu ziren. Espainiar estatuan eta Euskadin, botere publikoek ezin dituzte ekintza suspergarriak edo derrigorrezkoak garatu, aldez aurreko akzioak burutu ez badira. Beste edozein ekintza mota planteatzen hasi aurretik, ikusgaitasuna eta berrerabilpen praktikak errazteko ekintzak garatzea komeni da, blog honetan egiten saiatzen garen moduan. Atzerrian honezkero sustatzen ari diren ekintzen ikuspegi orokorrak, norabidea argitzen lagun diezaguke.

Jarraian, kasu praktikoen zerrenda ageri da, adibide pizgarrietatik hasita, kontratazio publikoaren garapena, enpresentzako laguntzak, proiektuentzako hobariak edo zerga-pizgarriak:

  • Belgikan, Valonia eskualdeak, ikerketa bat hasi du baldintza-agirietan berrerabilpen materialei lehentasuna emateko asmoz. Gainera, kontratazio publikoaren garapenean, berrerabilpena sustatzeko gomendio multzoa zabaldu dute. Bestetik, Bruselas hiriburuaren Ekonomia Zirkularraren eskualde-programak, hainbat neurri biltzen dituen ibilbide-orria aurkeztu du. Horietariko neurri batzuk lotesle izan daitezke. Subsidiaritate joera duen eskualde honek, neurri ezberdinen bidez eman dio laguntza sektoreari: proiektu deialdiak (BeExemplary o BeCircular), prestazio edo abantala-fiskalak, %6 BEZaren tasa berrerabilitako elementuentzat adibidez. Gainera, beste neurri batzuez gain, 2021rako dekonstrukzio edo eraispen aurretikako inbentarioa aurkeztu beharko da.
  • Seattle-n (EEBB) bizitegi-eraikin baten dekonstrukzio baimenaren lorpena, besteak beste, gutxienez eraikuntza materialen (asfaltoa, adreiluak edo hormigoia kenduta) %20ren berrerabilpenari eta, berrerabili eta birziklatutako elementuei buruz aurkeztu beharreko txostenari lotua egongo da (ikusi hemen). Prozesu honi esker, eraikuntza-baimena eman aurretik hasi ahal izango da dekonstrukzioa.

Hemen azpian obligazio izaera duten neurrien zerrenda ageri da: eraispenaren aurretik egin beharreko inbentarioa (baliabide diagnostikoa), gaikako dekostrukzioa, dekonstrukzio prozesuetatik datozen materialak berrerabilpen kanaletara zuzentzeko beharra edo proiektu berrietan berrerabilitako elementuak integratzeko obligazioa:

  • Frantzian, otsailaren 10ko 2020-105 Xahutzearen Kontrako eta Ekonomia Zirkularrari buruzko legearen 51. artikuluak, honakoa aurreikusten du: eraikinen eraispen-obra edo birgaitze-lan esanguratsuetan, produktuen, materialen eta hondakinen kudeaketari buruzko diagnostikoa lehentasunezkoa izango da, hauen berrerabilpena, eta berrerabilpenik ezean, hauen balorizazioa bultzatzeko. Lege beraren 59. artikuluak Frantziako Ingurumenaren Kodea aldatu du eta eraikuntzaren sektorean kontratu publikoak prestatzerakoan materialen berrerabilpena kontutan eduki beharko da.
  • Portland (EEBB) hiriko legediak ohiko eraispen baten ordez dekonstrukzioa burutzera behartzen du. Obligazio hau eraikin batzuei zuzendua dago, besteak beste, 1940 baino lehenagoko egitura duten familiabakarreko etxebizitzei. (ikusi hemen).
  • Cook County (EEBB) konderrian, eraikuntza baimena onartzerakoan gutxienez materialen %5a berrerabilpen kanaletara zuzendu beharko da (ikusi hemen).

Testu hau neurri batean Rotor-ek Bruselako “le bâti bruxellois source de nouveaux matériaux” (BBSM) izeneko ikerketa proiektuaren esparruan argitaratutako txosten batean oinarrituta dago. Txosten honek berrerabilpena garatzeko ekintza ildoak proposatzen ditu. Bertan aipatutako adibideak eta gaiari buruzko informazio ugari aurki dezakegu.

Pavillon Circulaire

Pavillon Circulaire, 2015, Paris – Pavillon de l’Arsenal (Project owner), Encore Heureux (conception), Tribu + Bonnefrite + Camping Design (Team) – photography by Cyrus Cornut (courtesy of Encore Heureux)

Encore Heureux kolektiboak diseinatutako Le Pavillon Circulaire, Parisko udaletxe aurreko plazan kokatu zen, 2015ko COP21 gailurraren momentuan. Proiektua, Pavillon de l’Arsenal-en (Centre d’urbanisme et d’architecture de Paris) enkargua izan zen. Materialen berrabilpenaren inguruan kezkatuta, diseinatzaileek aldi baterako pabilioi zirkularra diseinatu zuten, zirkularra fabrikazio prozesuan, ez formari dagokionean. Erabilera anitzeko espazio honek, haritz zurezko atez estalitako fatxada bat zeukan eta ekitaldi txikiak zein taberna bat barne hartzeko sortu zen. Hasiera batean esperimentu gisa pentsatu zen arren, materialen berrerabilpenaren erabilera aukeren adibide da gaur egun.

Pabilioiaren aldi baterako izaera eta egitura arinak hasierako zailtasun normatiboak zein teknikoak gainditzea ahalbidetu zuten arren, proiektu eredugarria da eta hasieran zehaztutako helburuak bete ditu, berrerabilpenaren inguruan Encore Heureux kolektiboak seinalatutako arazoez hitz egitea lortu baitu. Honela, jarraitutako ekonomia zirkularraren printzipioek tokiko eskulan eta materialekin eraikitzea ahalbidetu dute. Berrerabilpen materialen %70a Parisdarra da eta Parisko langileek modu garrantzitsu batean parte hartu dute proiektuan.

Hemen ikus daiteke gaiari buruzko AMC aldizkariaren artikulua edo plataformaarquitectura web-orrian ikusitako artikulua.

Hona hemen, proiektuan erabilitako berrerabilpen materialen eta hauen jatorriari buruzko informazio zerrenda:

  • Haritz zurez eginiko 180 ate, etxebizitza-eraikin baten birgaitze-obra batetik ekarriak;
  • Arroka-ile isolamendua, supermerkatu baten estalki lanetan bildua;
  • Zurezko egitura, zaharretxe baten obra hondakina;
  • Lur et horma panelak, erakusketa panel berrerabiliak;
  • Zurezko zur-oholtza, Paris-Plage jaialditik ekarria;
  • Zurezko 50 aulki, Parisko garbiguneetan bilduak;
  • Lanpara zintzilikarioak, argiztapen publikoaren stock-an jasoak.

La Fabrique du clos

Stains-en, Ile-de-France eskualdean, 1959ko hormigoizko apartamentu-eraikin eta hormen eraispenak, ingurumen inpaktu handiko material honen tokian-tokiko berrerabiltzea ahalbidetu du azken bost urteetan. Proiektua, Seine Saint Denis Habitat eta Bellastock arkitektoen artean burutu dute, besteak beste CSTBren (Centre Scientifique et Technique du Bâtiment) laguntzarekin.

Ingurumen-xede, objektibo sozial eta kulturalak dituen ekimen honek lorpen ezberdinak izan ditu. Besteak beste, hormigoizko elementuekin egindako prototipoen sorkuntzan adibidez: hormigoizko lauza zoladura, banku edo jardinera gisa erabili daitekeen harlangaitz lana eta hormigoizko hormez eraikitako lokal teknikoa. Gainera ekimenak espazio publikoen antolamendu plana, objektuen errekuperazio eta birziklatze zentro komunitarioa eta sentsibilizazio, formakuntza eta sorkuntza programak garatzeko aukera ekarri du, beti ere auzo mailatik abiatuz.

Berrerabilpeneko hormigoizko zoladuraren 60m2-tan burututako azterlanak adierazi duenaren arabera, zoladurara bideratutako material-hobiaren berrerabiltze tasa %86koa izan da. Gainera berrerabiltze prozesua burutzeko beharrezkoa izan den epea 4 egunez bakarrik luzatu da. Zoladuraren batez-besteko m2-ko kostua 25,2€koa izan da, zoladura berri batena baino 10€ merkeagoa. Proiektuaren tokiko lana eta honen izaera esperimentalaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.  

Pavés

Street Paver – Paris 1899-1900, Eugène Atget – Library of Congress (Public domain)

Frantziako Trantsizio Ekologikoaren eta Elkartasunaren Ministerioak, Pariseko bide-sarearen materialeen birziklapen eta berrerabilpenari buruzko artikulua argitaratu zuen 2018an. Galtzada-harri naturalen kasuan batez ere, garbitu ostean materialen kopuru handi bat berrerabili egiten da. Kaleetan kokatutako berreskuratutako galtzada-harri naturalen kopuruak gora egin du azken urteetan, %20tik %80ra. Berrerabilitako galtzada-harrien eta elementu berrien proportzioa alderantzikatu egin da!