Grande Halle de Colombelles

Collombelles-ko Grande Halle proiektuan antzinako sozietate metalurgiko frantses honen lantegi elektrikoa eta hozte-dorrea kontserbatu dira. Birmoldaketa hau Normandie Aménagement-k bultzatu zuen. Proiektua garatzeko, gehiengo publikoa duen eragile honek, Construire eta Encore Heureux kolektiboko arkitektoei dei egin zien, materialen berrerabileran esperientzia zabala baizuten. Helburua lantegi elektriko hau lan eta kulturgune berri batean eraldatzea zen. Eraikina bi nabetan banatuta zegoen eta honen hormigoizko fatxada bilkari sostengatzailea mantendu zen. Nabeetako bat bere horretan utzi zen eta harrera eta bilkura gune bilakatu zen. Bestea ordea zurezko hiru solairutan banatu zen balkoi sistema baten bidez azalera handituz. Bertan kafetegi/jatetxea, tailerrak, languneak eta entsegu gelak kokatzen dira.

ETC kolektiboak berrabilpen esperimentu txikia egin zuen proiektu honetatik gertu, la cité de chantier. Kontainer zaharrekin eta berrerabilitako materialekin eraikitako behin-behineko espazio hau, la maison du projet Morland-en antzera, proiektuaren harrera, bitartekaritza-gune eta proiektuaren inguruan eztabaidatzeko espazioa zen, permanence architecturale-k (arkitektoek zuzendutako harreragunea) bultzatuta. Le WIP elkartea Grande Halle-ren kudeaketa eta animazioaren kargu egin zen eta la cité de chantier honetan kokatuta, erabileren ikuspuntu zabala zuen.

Proiektuaren obra-kudeaketa atal ezberdinetan banatu zuten eta hauetako bakoitzarentzat berrerabilpena barneratzen zuen derrigorrezko aldaera bat aurreikusi zuten. Berrerabilpenari buruzko atal espezifikoa, 1.goa, le WIP-aren esku utzi zuten. Hauen eginkizuna obraren inguruan material hobiak identifikatzea, dekonstrukzio lanak burutzea, materialak biltzea, hauek konpontzea eta obraren lanen kargu zeuden enpresei material hauek entregatzea zen. Material hauek obran bertan zeuden kontainerretan gordetzen ziren. Gainera, materialen jatorriari eta ezaugarri teknikoei buruzko informazioa biltzen zuten fitxak sortu zituzten. Fitxa hauek eta bulego tekniko eta aseguru-entitateen arteko elkarlanak material hauen berrerabilera ahalbidetu zuten. Permanence architecturale-ri esker, eraikuntzan parte hartu zuten enpresei zuzendutako berrerabilpenaren inguruko jarraipen estua egin zen. Le WIP-en kalkuluen arabera, praktika hauen tokiko enplegu-sorkuntza 2 DOB-koa (Dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuak) izan zen. Bestetik CO2 gasen gutxitzea 25 t-koa izan zen eta 18 t obra hondakin gutxiago sortu ziren.

Hemen proiektuan berrerabilitako materialen zerrenda:

  • Fundiziozko 27 erradiadore eta 25 altzairuzko (bulego eraikin eta garaje batetik bilduak);
  • 31 elementu sanitario (konketak, WC, eta pixalekuak, bulego eraikin eta komertzial batetik ekarriak);
  • Barandentzako 21 zutiko (zuraje edo zur-egituretatik);
  • Hasiera batean errekuperatutako 21 leihoetatik 1, gainontzekoak obratik lapurtuak izan ziren (eraikin komertzial batetik ekarriak);
  • Zur masibozko 18 ate, horietako 2 suaren kontrakoak (etxebizitza eraikin batetik ekarriak);
  • 200m2 arroka-ile isolamendua (sabai-izunean integratuak, bulego-eraikin eta komertzial batean jasoak);
  • lauzadura (stock amaiera);
  • Arotz-lanerako zura (materialen garraiorako paletetatik lortua).

Informazio iturria: MOOC – Le réemploi : matières à bâtir (ICEB); le WIP elkartearen posterra, berrerabilpena ahalbidetzeko material hauei emandako tratamenduei buruzko informazioarekin eskuragarri hemen, Creative Commons Attribution-NonCommercial-NoDerivatives 4.0 International (CC BY-NC-ND 4.0) lizentziapean.

Maison du projet Morland

Maison du projet Morland, 2018, Paris – Emerige (project owner), Encore Heureux (conception), Encore Heureux + MI2S ingénierie + Albert&Compagnie + Esselinck Ingénierie (team) – photography by Cyrus Cornut (courtesy of Encore Heureux)

Morland bulebarrean kokatuta dagoen Parisko prefetura zaharra birgaitze prozesuan dago, 2014an hasitako « Réinventer Paris » hiri-proiektu berriztatzaileen deialdiaren barruan. Emerige sustatzailearen « Morland Mixité Capitale » proiektua, kide moduan besteak beste David Chipperfield barne duen lan-taldeak gidatzen du. Helburua, leku hau erabilera anitzeko elkarbizitza-espazio batean bilakatzea da. Gune administratibo izugarri honen deskontruzioak, material hobien berrerabiltze ahalmena nabarmendu du. Erabilera potentzial garrantzitsu hau identifikatu eta gero, Encore Heureux arkitektura agentziari aldi baterako eraikuntza enkargatu diete. Obra handienaren ondoan kokatuta dagoen eta Morland proiektuaren egoitza den la Maison du projet Morland. Arkitektoek material hobiaren zati bat proiektuan integratu behar zuten. Gainontzekoa birgaitze proiektuan erabilia izan da, obra antolamenduan edo lan-eremutik kanpo zeuden obretan.

Encore Heureux-ren lana, material-hobiaren berrerabilpenaren logika zabalago batean txertatzen da. Proportzio handi batean material hobitik berreskuratutako elementuekin eraikia, zurezko egitura duen oihal-horma adibidez 78 leiho-orriz egina dago ! Morland proiektuaren egoitza birgaitze-proiektuari eskainitako ezpazioa da. Honetaz gain, le Pavillon de l’Arsenal, Parisko arkitektura eta hirigintzaren zentruak, PLUS+MIEUX création arkitektura taldeak pentsatutako umeentzako arkitektura eta hiri-garaikidearen inguruko tailer eta ikuskizunak eskeini zituen bertan.

Hemen erabilitako materialen listaren zati bat, horietako batzuk Encore Heureux proiektuan erabiliak izan dira:

  • 1500 leiho;
  • 11000 sapai-faltsurako plaka;
  • 2200 erradiadore;
  • harrizko lauzak;
  • tabikeak;
  • lanparak.

Pavillon Circulaire

Pavillon Circulaire, 2015, Paris – Pavillon de l’Arsenal (Project owner), Encore Heureux (conception), Tribu + Bonnefrite + Camping Design (Team) – photography by Cyrus Cornut (courtesy of Encore Heureux)

Encore Heureux kolektiboak diseinatutako Le Pavillon Circulaire, Parisko udaletxe aurreko plazan kokatu zen, 2015ko COP21 gailurraren momentuan. Proiektua, Pavillon de l’Arsenal-en (Centre d’urbanisme et d’architecture de Paris) enkargua izan zen. Materialen berrabilpenaren inguruan kezkatuta, diseinatzaileek aldi baterako pabilioi zirkularra diseinatu zuten, zirkularra fabrikazio prozesuan, ez formari dagokionean. Erabilera anitzeko espazio honek, haritz zurezko atez estalitako fatxada bat zeukan eta ekitaldi txikiak zein taberna bat barne hartzeko sortu zen. Hasiera batean esperimentu gisa pentsatu zen arren, materialen berrerabilpenaren erabilera aukeren adibide da gaur egun.

Pabilioiaren aldi baterako izaera eta egitura arinak hasierako zailtasun normatiboak zein teknikoak gainditzea ahalbidetu zuten arren, proiektu eredugarria da eta hasieran zehaztutako helburuak bete ditu, berrerabilpenaren inguruan Encore Heureux kolektiboak seinalatutako arazoez hitz egitea lortu baitu. Honela, jarraitutako ekonomia zirkularraren printzipioek tokiko eskulan eta materialekin eraikitzea ahalbidetu dute. Berrerabilpen materialen %70a Parisdarra da eta Parisko langileek modu garrantzitsu batean parte hartu dute proiektuan.

Hemen ikus daiteke gaiari buruzko AMC aldizkariaren artikulua edo plataformaarquitectura web-orrian ikusitako artikulua.

Hona hemen, proiektuan erabilitako berrerabilpen materialen eta hauen jatorriari buruzko informazio zerrenda:

  • Haritz zurez eginiko 180 ate, etxebizitza-eraikin baten birgaitze-obra batetik ekarriak;
  • Arroka-ile isolamendua, supermerkatu baten estalki lanetan bildua;
  • Zurezko egitura, zaharretxe baten obra hondakina;
  • Lur et horma panelak, erakusketa panel berrerabiliak;
  • Zurezko zur-oholtza, Paris-Plage jaialditik ekarria;
  • Zurezko 50 aulki, Parisko garbiguneetan bilduak;
  • Lanpara zintzilikarioak, argiztapen publikoaren stock-an jasoak.

LibreBook / Dekkera

Ondoren aurkeztutako proiektuak, Rotor-ek burututako barne-diseinu proiektu bruselarrak dira, non materialen berrerabilpena kontutan hartu den. Lehenengoa, Europako hizkuntza gehienetan idatzitako liburuak eta ekitaldi edo erakusketa txikiak antolatzen dituen LibreBook liburudendaren egokitzea. Bigarrena, janari-denda zahar baten eraldaketa proiektua da, Dekkera izeneko artisau-garagardoetan espezializatutako taberna-denda.

Berrerabilpenaren eta bi proiektuen filosofiaren arteko loturak oso garrantzitsuak dira hemen. Batetik, LibreBook dendako liburuak bezala, historioak kontatzen dituzten materialak aukeratu dituztelako, eta bestetik Dekkeran saltzen diren bertako artisau-produktuen kalitatearen garrantziagatik. Honela, Opera de la Monnaie-tik ekarritako freskoa, hormako paper-pintatu gisa erabili da, liburudendako parte intimistenean giro berezia sortuz. Taberna-dendaren mostradorea, inguruko eraispen-lanetatik ekarritako kalitatezko materialez estalia dago, a la testa zurezko zorua edo Bruselako metro-geltoki batetatik bildutako zeramikazko lauzak.

Hona hemen, LibreBook liburudendaren proiektuan erabilitako berrerabilpen materialen zein kantitateen zerrenda (iturria Opalis), non material gehienen horniketa eta obra-jartzea Rotor-ek egin duen:

  • 80 m² haritz oholtza;
  • 15m sabai faltsu, hormako panel gisa erabilia;
  • 120 m² de multiplex panel;
  • 35 lanpara;
  • metalezko 10 apalategi;
  • sukalde hornitu bat;
  • 50m² margotutako oihala;
  • 15m spot motako lanparentzako erraila;

Hona hemen, Dekkera taberna-dendaren proiektuan erabilitako materialen eta jatorriaren zerrenda:

  • Mahogany a la testa zur oholtza barraren estaldura gisa erabilia;
  • Bruselako metroko zeramikazko lauzak barraren estaldura moduan;
  • Bulego-eraikin batetik ekarritako « mille-feuille » motako sabai faltsua;
  • Bulego-eraikin baten fatxadaren basalto lauzak, zoladura moduan erabiliak;

Sanitary block with reused materials

Belgikan, materialen berrerabilpenaren arloan oso aktiboa den Rotor diseinu kooperatibak, adreilu gorrizko antzinako abeletxe bati itsatsitako sanitate-ekipamendu bloke baten proiektua garatu du bertako gazte-talde batentzat (le Chiro d’Itterbeek). Dilbeek herrian kokatuta, Bruselaren hiri-periferian, proiektua ere adreilu gorriz eraikia izan da lehendikako eraikuntzarekin integratzeko. Tamainaz xumea izan arren, proiektua eredugarria da. Handitzearen eraikuntzan erabilitako materialen herena bakarrik dira berriak! Berrerabilpeneko eta amaitutako obretan sobratutako materialak erabili dituzte obra handirako nahiz akabera lanetarako. Rotor-ek horrelako proiektu bat posible dela erakutsi nahi izan du, berrerabiltze-prozesua zailtzen duten balazta ezberdinak identifikatuz, dokumentazio eta komunikazio lan baliotsu baten bidez.

Agente ezberdinek erakutsitako beharrezko inplikazioa azpimarratzekoa da. Lehenik eta behin, bazkide komanditarioa Dilbeek-ko udala, bestetik obraren kargu Coopérative de Construction AUTREMENT eraikuntza kooperatiba ekoeraikuntzan eta berrerabilpenean oso aktiboa eta azkenik jatorri ezberdineko material hornitzaileak: Rotor; Franck adreiluen desmuntaian, garbiketan eta birsalmentan espezializatuak; Bouwstocks berrerabilpeneko material denda; Gebruiktebauwmaterialen eraispen enpresa baten material salmentarako plataforma; Croisade Pauvreté boluntarioekin bigarren eskuko materialak prezio onean saltzen dituen irabazi-asmorik gabeko erakundea; gertuko obra pribatua.

Hemen behean proiektuan erabilitako berrerabilpeneko eta amaitutako obretatik berreskuratutako materialen zerrenda (informazio iturria Opalis):

  • 2,7 m³ paramentu adreilu;
  • 6,7 m³ hormigoi bloke;
  • estalkirako zurezko egitura;
  • 20 m² teila;
  • 29 m² hormako isolamendua, 14 m² zorurako isolamendua, 20 m² estalkirako isolamendua;
  • 3 baoburu, 4 ate edo leiho;
  • 14 m² zeramikazko lauza;
  • 8 tresna sanitario;
  • 5 lanpara;

Duomo di Pisa

Duomo di Pisa – 1830/1840 Ranieri Grassi (engraver) – Amsterdam Museum (Public domain)

Giorgio Vasari-k (1511-1574), artearen historiaren eraitzailetzat hartzen den Arkitekto, eskultore eta margolari bikainenen bizitza (Le vite de’ più eccellenti pittori, scultori e architettori) obra argitaratu zuen Florentzian 1550ean eta 1568an. Egileak erdi aroan gauzatu zen Pisako Duomoaren eraikuntza aipatzen du hitzaurrean. Eraikuntza, Buschetto arkitektoaren zuzendaritzapean hasi zen XI. mendean eta estilo erromatar eta bizantziarrean oinarritzen da.

Vasarik, zutabeen, oinarrien, kapitelen, erlaitzen, eta elementu hauek proiektuaren sorkuntzan integratzean jarraitutako berrerabiltze praktiken deskribapena egiten du. Artikulu honen amaieran, Vasariren azalpenaren ingelesezko testu zatia aurki dezakezue, Gutenberg proiektuaren (online liburutegia) web-orrian ere eskuragarri dagoena.


« From such beginnings design and a general improvement in the arts began to make headway in Tuscany, as in the year 1016 when the Pisans began to erect their Duomo. For in that time it was a considerable undertaking to build such a church, with its five aisles and almost entirely constructed of marble both inside and out. This church, built from the plans and under the direction of Buschetto, a clever Greek architect from Dulichium, was erected and adorned by the Pisans when at the zenith of their power with an endless quantity of spoils brought by sea from various distant parts, as the columns, bases, capitals, cornices and other stones there of every description, amply demonstrate. Now since all these things were of all sizes, great, medium, and small, Buschetto displayed great judgment in adapting them to their places, so that the whole building is excellently devised in every part, both within and without. Amongst other things he devised the façade, which is made up of a series of stages, gradually diminishing toward the top and consisting of a great number of columns, adorning it with other columns and antique statues. »

Testu osoa kontsultagarri hemen: Le vite de’ più eccellenti pittori, scultori e architettori, Giorgio Vasari

La Fabrique du clos

Stains-en, Ile-de-France eskualdean, 1959ko hormigoizko apartamentu-eraikin eta hormen eraispenak, ingurumen inpaktu handiko material honen tokian-tokiko berrerabiltzea ahalbidetu du azken bost urteetan. Proiektua, Seine Saint Denis Habitat eta Bellastock arkitektoen artean burutu dute, besteak beste CSTBren (Centre Scientifique et Technique du Bâtiment) laguntzarekin.

Ingurumen-xede, objektibo sozial eta kulturalak dituen ekimen honek lorpen ezberdinak izan ditu. Besteak beste, hormigoizko elementuekin egindako prototipoen sorkuntzan adibidez: hormigoizko lauza zoladura, banku edo jardinera gisa erabili daitekeen harlangaitz lana eta hormigoizko hormez eraikitako lokal teknikoa. Gainera ekimenak espazio publikoen antolamendu plana, objektuen errekuperazio eta birziklatze zentro komunitarioa eta sentsibilizazio, formakuntza eta sorkuntza programak garatzeko aukera ekarri du, beti ere auzo mailatik abiatuz.

Berrerabilpeneko hormigoizko zoladuraren 60m2-tan burututako azterlanak adierazi duenaren arabera, zoladurara bideratutako material-hobiaren berrerabiltze tasa %86koa izan da. Gainera berrerabiltze prozesua burutzeko beharrezkoa izan den epea 4 egunez bakarrik luzatu da. Zoladuraren batez-besteko m2-ko kostua 25,2€koa izan da, zoladura berri batena baino 10€ merkeagoa. Proiektuaren tokiko lana eta honen izaera esperimentalaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.  

«The Origins of Sustainable Design»

Metropolis aldizkariak, 90eko hamarkadan Estatu Batuetan eman zen diseinu jasangarriaren jatorriari buruzko artikulua argitaratu du, 2003ko urriko azala eta orduko « Architects pollute » izenburu ezaguna aipatuz, eraikuntza eta eraikinen erabileraren, CO2 emisioen eta aldaketa klimatikoaren arteko harreman estua salatuz.

2018an, eraikuntza eta eraikinen erabilera energiaren azken kontsumoaren %36aren eta CO2 emisioen %39aren erantzule izan dira. IEA (International Energy Agency) agentziaren 2019ko txostena ikus daiteke BUILD UP (European Portal For Energy Efficiency in Buildings) atarian.

Metropolis aldizkariaren, eraikuntza eta arkitektura jasangarriari buruzko artikulu gehiago hemen.