Label

Ziurtagiri eta labelak ohikoak dira ingurumenaren arloan eta horietariko batzuk, pribatuak zein publikoak, barne har ditzazkete berrerabilera eraikuntza materialak. Gure mugetatik kanpo, ziurtagiri ezberdinak ezagutzen ditugu: HQE™ (High Quality Environmental) frantsesa, BREEAM® (Building Research Establishment Environmental Assessment Method) ziurtagiri ingelesa edo LEED® (Leadership in Energy and Environmental Design) Estatu Batuarra dira ezagunenak. Label batzuen helburua, adibidez, izaera zirkularra kontutan hartzea edo karbono-aztarna murriztea izango da. Alde horretatik, berrerabilera aukera bereziki interesgarria da. Horrelako label bat lortzea, oro har borondatezkoa izaten da, eta eraikin edo material baten ezaugarriak, araudiak eskatzen dituen exijentzia minimoak baina hobeagoak direla erakusteko erabiltzen dira. Askotan, konfidantza eta errekonozimendu kontua izaten da, proiektu baten ikusgarritasuna areagotzeko aukera ematen duena. Kasu batzuetan gainera, labelek derrigorrezkoak bilakatu dira. Hori da 2016an aurkeztutako E+C- label esperimentalaren kasua. Etiketa hau 2020 Ingurumen Legediaren (RE2020) aurrikuspena zen, eta helburua BZA tresnak erabiliz, eraikin baten karbono-aztarna egiaztatzea da. Hemen azaldu genuen bezala, RE2020 araudiak, kalkulu-metodoa jasotzen du, non berrerabilera materialek karbono-aztarnaren kalkuluan duten inpaktua nulutzat jotzen den, eta ondorioz, irtenbide oso onuragarria da!

Ingurumen label gehienak ez dira berrerabilerara bakarrik aplikatzen, baina badira bereziki hau sustatzeko sortuak izan direnak. Frantziako CircoLab® labelak adibidez, Berrerabilera produktuen eta hauen baliokide berrien ingurumen inpaktua konparatzen ditu, eta maila ezberdinak kontutan hartzen dituen errendimendu ziurtagiria emateko sortua izan da. Lehenago, Ingalaterran Salvo erakundeak Truly Reclaimed labela atera zuen, FCRBE (Interreg NWE) europar proiektuari esker. Berrerabilera bultzatzeaz gain, honen helburua berrerabileratik benetan eratorritako materialak babestea da, kopietatik bereiziz. Honek ikusgarritasuna ematen dio berrerabilerari eta balioan jartzen du!

“Building Materials and the Climate”

Eraikin eta eraikuntzaren inguruan sortutako (Global Alliance for Buildings and Construction – GlobalABC) itun mundialaren barruan, United Nations Environment Programme eta Yale Center for Ecosystems + Architecture-n artean burututako “Building Materials and the Climate: Constructing a New Future” txostenak, beste behin (hemen eta hemen aipatu genuen bezala), eraikuntza sektorea negutegi efektuko gas-isurien %37aren erantzulea dela eta lehenbait lehen deskarbonizatu behar dela gogorarazi digu. Horretarako, energiaren eta karbono operatiboaren gutxitzeaz gain, energia eta karbono grisa ere murriztu behar dira. Sektorearen deskarbonizazio eraginkorra, eraikinaren bizi-ziklo osoa kontutan hartzen duten tresnen bidez bakarrik lortuko da, BZA analisiaren bidez batez ere. Helburua, lehengai berrien erauzketa ekiditea eta hondakinen produkzioa gutxitzea da, ekonomia zirkularraren logikaren barruan, honezkero daukagunarekin lan egiteko.

Jomuga nagusia, eraikinen eta hauen osagaien bizitza luzatzea da, eraberritze eta zaharberritze lanak bultzatuz (BEG-en gutxitzea %50-75 bitartean) eta eraikuntza berrietan “design for disassembly” estrategiak martxan jarriz (BEG-en gutxitzea %10-50 bitartean). Hau dena, deseraikitze selektiboa eta materialen berrerabilera ahalbidetuz. Honen harira, aipatutako txostenak, enplegu sormen handia duen eraikuntza sektorearen beharrezko egituraketa eta sostengu finantzario zein legegilearen beharra azpimarratzen ditu:

“A new supply-and-demand model is needed, with new enterprises that allow for the careful dismantling of buildings and for the storing, preparation and maintenance of second-cycle materials for resale that will enable circular economies while providing job opportunities.”

p. xi

“Efforts by individual stakeholders to improve decarbonisation outcomes will not succeed unless they are supported by policy and finance across the different phases of the building process.”

p. xi

Txostenak dioen moduan, batez ere berrerabileraren bidez, lehengai berrien erauzketak gutxitzeak, lanbide batzuen ondorio diren gaixotasunen murrizketa eragin lezake gainera:

“Reducing raw material extraction and harvesting through recycling and re-use may also mitigate social ills such as forced labour upstream in the supply chain.”

p. xiv

Bestetik, txostenak, hainbat kasu aipatzen ditu, non deseraikitze selektiboa, berrerabilera eta birziklatzeari esker, BEG-en %59-70 bitarteko murrizketa lortu den (ikusi 20. orrialdea)! Hala ere, askotan testuak nahiko anbiguo izaten jarraitzen du, berrerabilera eta birziklatzeaz aritzean, ez baitu hauen arteko bereizketa garbia egiten, baina, (aurreko artikulu batean aipatu genuen moduan) birziklatze prozesuaren ondoren balio gutxiagoko produktu bat sortzen dela aipatzen du:

“In a circular economy paradigm of “re-use, repair, recycle,” where waste is eliminated, the practice of recycling or downcycling becomes a last resort, as it typically results in a product of lesser value.”

p. 24

Bestalde txostenak, zenbait gomendio ematen ditu arau eta estandarrak egokitzeko, BZA-ren erabilera eta ikuspegi zirkularra diseinu-fasetik kontutan hartzeko, berrerabilera eta sektore jakin baten sorrera edo egituraketa bultzatuz:

“Adopt renovation policies that encourage the diversion of end-of-life material for recovery and recycling, promote regulation and measuring of whole building life-cycle carbon emissions, incorporate design for disassembly, and provide quality long-lasting material assemblies in retrofit solutions.”

p. 83

“Incentivise a marketplace for material re-use and develop standards to ensure the quality and efficacy for their use, in order to provide assurance to actors in the building sector.”

p. 83

Azkenik, txosten honek ezer berririk erakusten ez digun arren, arazoaren oroigarri ona da, mundu osoan ondoko ideia zabaltzen baitu: eraikuntza sektoreak berehalako aldaketa bat behar du eta materialen berrerabilera hori lortzeko giltzarrietako bat da!


Aipatutako zifrak eta ingelesez ageri diren aipamenak – United Nations Environment Programme (2023). Building Materials and the Climate: Constructing a New Future. Nairobi – txostenetik aterata daude.

Carbon footprint

Karbono-aztarnaren kalkulua gizakiaren jarduerek eragindako ingurumen inpaktua neurtzeko erabiltzen da. Horretarako, sortzen ditugun zuzeneko eta zeharkako negutegi-efektuko gasak (BEG) hartzen dira kontuan, bizi-zikloaren analisiaren (BZA) antzeko metodologia jarraituz. Aldaketa klimatikoaren erantzule diren gas isurtzeak CO2 baliokideetan adierazten dira (CO2-eq) eta hauen arrazoiak zein isurtzeak aurrezteko moduak  bistaratzen dituzte.

Materialen eta proiektuen karbono-aztarnaren inguruko zifrak ulertzea ez da beti erraza izaten. Are gutxiago berrerabilerari loturiko BEG-ak aurrezteko aukerak bilatzea eta ondorioz aipatzen diren kantitateen jatorria ulertzea zaila da sarritan. CO2 gasen gutxitzea lortzea interesgarria da, beti ere inpaktu hauen transferentzia bat gertatzen ez denean. Baina zertaz ari gara REBRICK proiektuan berrerabili den adreilu bakoitzeko 0,5kg CO2 baliokide aurreztu direla esaten dugunean? Eta Grande Halle de Colombelles proiektuan aurreztutako 25Tn CO2 edo K 118 proiektuko 500Tn CO2 kantitateak aipatzen ditugunean? Datu hauetara iristeko kalkulu metodoa zalantzan jarri gabe, kantitate hauek modu ulergarriago batean adierazi nahiko genituzke.

Estatu Batuetako EPA-ren (United States Environmental Protection Agency) kalkulu-tresnak, 0,5kg CO2 baliokide kotxez egindako 2km-ko ibilbide baten edo telefono adimendu baten 60 kargaren parekoa  dela esaten digu. Bestalde, Frantzian ADEME-k (Agence de la transition écologique) garatutako monconvertisseurco2 kalkulu-tresnak beste konparaketa batzuk erakusten ditu: 25Tn Co2 baliokide pertsona batek hegazkinez egindako 245 000km lirateke, munduari sei buelta alegia, eta 500Tn CO2 baliokide etxebizitza batek 70 urtetan zehar erabilitako lukeen berokuntza.

Norberaren karbono-aztarna gutxitu eta aurrezte aukerak bilatu nahi dituztenek hemen, hemen edo hemen sar daitezke (azken hau frantsesez). Eurostat-en arabera, europar bakoitzaren urteko karbono-aztarna 7Tn CO2-koa da, aurreko urteetakoa baino balio txikiagoa!

#DEF – urban mining

Urban mining kontzeptua hondakinetatik datozen lehengaien berreskurapen prozesua izendatzeko erabiltzen da. Batez ere tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetan (TEEH) ateratako metalen erauzketaz hitzegiteko erabiltzen den arren, beste esparru batzuetara ere zabal daiteke, eraikuntza sektorera adibidez. Gainera kontzeptua gehienetan birziklatzearekin lotzen bada ere, berrerabiltze alorrera zabal daiteke. Kasu honetan, ez da lehengaia berreskuratzea bilatzen. Beraz, urban mining kontzeptua, eraikitako espazioan eta gure hirietako eraikinetan bilatutako elementuen identifikazioa eta berrerabiltzea litzateke, inbentario lanak, dekonstrukzioa eta bilketa bere gain hartuz.

Urban mining-ak lehengaien kontsumoaren gutxitzea ahalbidetzen du hauen erauzketari lotutako isurtzeak mugatuz eta gainera sortutako hondakin kopurua gutxituz. Halaber, hiriek berrerabiltze material iturri gisa duten garrantzia azpimarratzen du, zirkuitu motzean eta hurbiltasun-printzipioa jarraituz.

Meatzaritzaren kasuan bezala, hobi hitza erabiltzen da ezaugarri zehatzak dauzkaten eta hainbat lekuetan bildu ostean berrerabilgarriak diren elementuak izendatzeko. Beste batzuetan material-banku ere esaten zaio. Kasu honetan, materialak errekuperatu eta baloratzen diren elementu indibidual gisa ulertu beharrean, berrerabiltzea integratzen duen eraikuntza prozesuaren parte izango dira, sortze-prozesuaren hasierako momentutik identifikatuko dena. Eraikinen eraikuntza-sistemak dekontrukzioa eta desmuntaketa integratzen duenean bezala.

Circular economy strategies

Azken urtea, ekonomia eredu linearretik zirkularrerantz eraldatzen hasteko aukeratua izan dela dirudi (from linear to circular economy). Europako batzordeak Circular Economy Action Plan-a, aurkeztu zuen martxoaren 25an, Europako Itun Berdearen parte garrantzitsu gisa. Plan honek, eraikuntzaren kasuan bezala, errekurtso erabilera altua duten sektoreei begiratzen die, zirkularitate ahalmen handia baitute. Estrategia para un entorno construido sostenible delakoak, eraikitako ingurumen jasangarria lortzeko helburuarekin, eraikitako espazioen iraunkortasuna eta flexibilitatea hobetzeko neurriak sustatuko ditu, eraikinen liburu digitalak landuko ditu, eraikuntzako produktuen erregelamendua berrikusiko dute, Level’s tresnaren bidez bizi-zikloaren ebaluazioa kontratazio publikoan aplikatuko dute edo eraikuntza materialen berreskuratzeari buruzko helburuak berrikusten saiatuko dira.

Aldi berean, Europako Batzordeak Principles for Building Design dokumentua aurkeztu du. Bertan erdietsi beharreko helburuak talde ezberdinetan banatzen dira: erabiltzaileak, diseinatzaileak, eraikuntza-enpresak, fabrikatzaileak, desmuntaketa eta eraispen lan-taldeak, inbertsore eta aseguru-entitateak eta azkenik eragile publikoak. Dekonstrukzioari (desmuntaketa) buruzko atalean, eraikinetan dauden errekurtsoak identifikatzearen beharra planteatzen da, desmuntaketa selektiboa sustatzeko.

Espainiako estatuko Estrategia Española de Economía Circular delakoa, Europar Batzordearen ebaluazioaren zai dago, berrerabilpenaren prestaketa prozesuaren helburuak zehazteko. Hala ere, eraikuntza lehentasunezko akzio-sektoretzat dauka eta eraispen selektiboa edo bizi-zikloaren analisia sustatzen ditu. Espainiako estrategiari buruzko informazio gehiago Construible aldizkari birtualaren artikuluan.

Bestalde, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategiak, berrerabiltzea, birziklatzea eta berreskuratzea sustatzen duen ekonomia ereduaren garrantziaz hitz egiten du. Hala ere, eraikuntzaren kasuan, EEH-en kudeaketarako azterlanen kalitatearen hobekuntza, hondakinen obrako banaketa edo eraikinen diseinuan bizi-zikloak duen garrantzia aipatzen ditu soilik. Lurralde honetan, materialen berrerabiltzea eta desmuntaketa selektiboa errealitate izateko itxaron egin beharko dugula dirudi!

Hala eta guztiz ere, neurri zehatz batzuk, zuzenean eraikuntza materialen berrerabiltzean aplikatzen ez diren arren, kasu hauetan baliagarriak ere izan daitezke:

  • material zirkularren erabilpen tasaren %30 handitzearen helburua;
  • material jasangarri eta ordezkagarri berrien beharra;
  • eraikinetan batez ere, konponketa eta berrerabiltzea bermatzen duen eko-kontzepzioaren sustatzea;
  • ikerketa, formakuntza eta sentsibilizazio kanpainak sustatzea;
  • batez ere eraikinen birgaitze proiektuen kasuan arau, gida edo metodologia zehatzen beharra;
  • hondakin zerga baten sorrera;
  • eraispen selektiboen egiaztatze mekanismoak edo erabili beharreko material birziklatuen ehunekoa zehaztea;
  • bilketa-guneak ezartzea edo hondakinen berrerabilpenerako prestaketa bermatzea.

From linear to circular economy

Eskema hau Ellen MacArthur Foundation-ak argitaraturako diagraman inspiratuta dago. Fundazio hau ekonomia zirkularrera trantsizioa bizkortzeko asmoz sortu zen eta web-orrian gai honen inguruko hainbat informazio aurki ditzakegu.

Berrerabilpen ekimenak kasu gehienetan ekonomia zirkularraren logikaren baitan ematen diren arren, zer esan nahi du honek zehazki eta zeintzuk dira ekonomia lineal klasikoaren eta zirkularraren arteko ezberdintasunak? Galdera egitean aurki dezakegu agian erantzuna. Gaur egungo modelo ekonomiko linealak lehengaien erauzketa, fabrikazioa eta erabili ondoren bota egingo diren produktu berrien salmenta pribilegiatzen ditu. Lehengaien gutxitze eta krisi ekologiko sakonaren kontextuan, ekonomia zirkularra baliabide naturalen kudeaketa jasangarria egiten saiatzen da, produktuen bizi-iraupena luzatuz, hondakinak gutxituz eta kontsumitutako baliabideak berriz produkzio zikloan sartuz. Garrantzitsua da azpimarratzea, ikuspegi hau, askotan klima eta justizia sozialaren ikuspegiarekin bat badator ere, ez duela hazkundearen printzipioa zalantzan jartzen, baizik eta hazkunde ekonomikoa baliabide naturalen kontsumotik banatzen saiatzen dela.

Ekonomia zirkularra, europar mailako bi akzio-planen helburu izan da. Batetik, 2015an ateratakoa eta bestetik Europako Itun Berdearen jarraian 2020an egindakoa. Ondoren printzipio hau, estatu mailara igorri da.

Espainiako gobernuak onartu berri du, España Circular 2030 delakoa, Europako helburuekin bat eginez, esparru honetara zuzendutako xedeak aurkezten dituena. Bertan aurki daiteke, 8. eta 9. orrialdean, eredu berri baterantz bidezko trantsizio eta solidarioa helburu, ekonomia zirkularraren definizio izan litekeena:

«(…) se acuña el término de economía circular, concebida a partir de un ciclo de desarrollo y transformación, que avanza optimizando el uso de los recursos, fomentando la eficiencia de los sistemas productivos, promoviendo que productos, materiales y recursos permanezcan activos el mayor tiempo posible, y, paralelamente, disminuyendo la cuantía de los residuos generados.»

Gai honen harira, hemen Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren web-orria.

Eusko Jaurlaritzak bestetik, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030 aurkeztu du. 8. eta 9. orrialdean ere ekonomia zirkularraren definizioa eta honen printzipioak aurki ditzakegu:

«Eredu zirkular berrian, produktuen eta materialen bizizikloak bere horretan jarraitzen du ahalik eta denboratarte luzeenean, hondakinak minimora murrizten dira, eta baliabideak ekoizpen-zikloan sartzen dira hainbat aldiz, horregatik, balioa sortzen da ondasunak bizitza baliagarriaren amaierara iristen direnean. «Ateratzea, ekoiztea, erabiltzea eta botatzea» eredutik «murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea» eredura aldatzea dakar. Ekonomia zirkularrean, «prebentzioa» eta «berrerabilera» funtsezko kontzeptuak dira.»

Azkenik, ekonomia zirkularraren kontzeptua Ingurumenaren Kode frantsesean agertu zen 2015ean (Article L110-1-1), zeina hainbat legeren xedea izan den eta 2018an honen inguruko ibilbide-orria argitaratu zen neurri zehatzak aurkeztuz.

Embodied energy

Orokorrean erauzketan, eraikuntza materialen fabrikazioan eta eraikuntzan sortutako energía grisa, eraikinek kontsumitutako energiaren guztizkoaren %30a da. Gainontzeko %70a, eraikinaren balio-bizitzan zehar produzitutako erabilera-energiari dagokio (infomazioa gehiagorako begiratu hemen). Gaur egun indarrean jarritako neurri gehienak eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta ondorioz erabilera-energia murrizteko jarraibideak dira. Hurrengo hamarkadetarako aurreikusitako ingurune-eraikiaren handiagotzea dela eta, energia grisa murrizteko neurriak garatzeko momentua iritsi da.

Berrerabilpena, berrikuntza eta ingurumen-eragin txikiko eraikuntza materialen aukeraketarako aurre-analisiak ezinbestekoak izango dira hurrengo hamarkadatan. Building Transparency-k, eraikuntza materialen EPD*-tatik (Produktu Ingurumen Adierazpenak), ateratako informazioan oinarritutako EC3 doako tresna aurkeztu berri du.

*EPD, ingelesezko siglen arabera

ACV

Eraikuntza materialen eta eraikinen ingurumen-eragina neurtzeko egiten den bizi-zikloaren analisia (BZA, gazteleraz ACV), honela bereizten diren fase ezberdinetan burutu daiteke: lehengaien erauzketa, eraikuntza materialen fabrikatzea, hauen salmenta eta banatzea, eraikuntza bera, eraikin baten okupazioa eta balio-bizitza, eta azkenik eraikinaren bizitzaren amaierako eraisketa. Fase bakoitzaren ingurumen-eraginaren murrizketa lortzeko ekintza ezberdinak burutu daitezke. Eraikuntza materialen berrerabilpena horietako bat da!

Eraikinen karbono arrastoak, aldaketa klimatikoarengan eragina duten emisioak, berotegi-efektu gasak, soilik hartzen ditu kontutan, CO2 kantitate baliokidean adierazita.


Ikusi gaiari buruzko artikulua hemen (IHOBE, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari atxikitako Sozietate Publikoa)

«The Origins of Sustainable Design»

Metropolis aldizkariak, 90eko hamarkadan Estatu Batuetan eman zen diseinu jasangarriaren jatorriari buruzko artikulua argitaratu du, 2003ko urriko azala eta orduko « Architects pollute » izenburu ezaguna aipatuz, eraikuntza eta eraikinen erabileraren, CO2 emisioen eta aldaketa klimatikoaren arteko harreman estua salatuz.

2018an, eraikuntza eta eraikinen erabilera energiaren azken kontsumoaren %36aren eta CO2 emisioen %39aren erantzule izan dira. IEA (International Energy Agency) agentziaren 2019ko txostena ikus daiteke BUILD UP (European Portal For Energy Efficiency in Buildings) atarian.

Metropolis aldizkariaren, eraikuntza eta arkitektura jasangarriari buruzko artikulu gehiago hemen.

#ConstructionDeclares

Larrialdi klimatikoari aurre egiteko arkitektoen deialdia

2019az geroztik, Erresuma Batuko eraikuntza sektoreko profesionalak, larrialdi klimatiko eta ekologikoari aurre egiteko mobilizatzen hasi dira. Sektorea, munduan zehar isurtzen diren CO2 gasen %40aren erantzulea da! Hogei herrialde ezberdinetako profesionalek, Frantzia, Alemania edo Belgika tarteko, deklarazioa sinatu duten ehunka eragilerekin bat egin dute dagoeneko eta ingurumen-arazoak eguneroko lanean integratzeko ardura hartu dute. Zerrenda honetatik kanpo dago oraindik Estatu Espainiarra!