Construire – 2

Boulogne-sur-Mer-en, Construire agentziak etxe txikiez osatutako 60 etxebizitza sozialetan esku hartuko du. Eraitsi ordez, hiriak bere fondo propioekin birgaitzea erabaki zuen. Sophie Ricard arkitektoa, bi urtetan zehar bertan bizitzen, etxebizitzen birgaitzea biztanleen banakako egoerari egokitzen saiatuko da. Auzoan integratu eta bertako biztanleak eta haurrak ezagutzen hasteko, lorategi txiki bat diseinatu zuen. Inguruko obretako hondakinen artetik materialak aterako dituzte, negutegiak eraikitzeko edo lorategian barrena pasatzen den bidexka egiteko. Erabaki hau medio faltaren ondorio den arren ez da onartzen zaila izan, auzoko hainbat biztanlek esperientzia baitute errekuperatzen, txatar-biltzaile bezala lan egiten dutelako. Denentzat irekia den obra, etxebizitzen kanpo-isolamenduarekin hasi zen eta ondoren barnealdean jarraitu zuten. Arkitektoaren eskura jarritako etxearen ondoko etxean obraren zentrua kokatu zuten eta hori topaleku bilakatu zen. Obrako langileek, auzoko haurrek paleta egurrez egindako mahai baten inguruan bazkaltzen dute. Etxeei zuzendutako diagnostiko sakon eta tratamendu pertsonalizatuei esker, hirurogei lizitazio ezberdin burutu ziren. Kolorearen inguruan egindako lanak azterketa indibidualizatu honi ikusgarritasua emango dio. Agentziako pertsona ezberdin bakoitzak proiektuaren aspektu politiko, tekniko eta sozilak landu zituzten.

Berreraiki beharrean konpontzearen ideiarekin jarraituta, agentziak beste proiektu bat garatu zuen Tourcoing hirian. Kasu honetan ere, arkitektoen presentzia handia izango du eta etxe bakoitzaren tratamendu indibidualizatua burutu zen. Oraingoan Rase pas mon quartier elkarteari esker eraispenetik salbatutako adreiluzko langile etxeak dira. Hemen ere biztanle ezberdinak proiektu beraren inguruan bildu zituzten “komunitatea” sortzeko asmoarekin, baina aldi berean elkarren arteko “bereizketa” bultzatuz. L’atelier électrique deituriko lokal soziokulturala elkargune izango da eta proiektuaren arkitektura gune gisa funtzionatuko du. Isolamenduan eta kanpo-itxituran egindako lanarekin batera, etxebizitzen barne-erreforma egin zen. Lauzak bezalako elementu txikientzako auzoaren eskalako berrerabilera sare bat sortu zen. Izan ere, zementuzko baldosak langile-etxe horien identitatearen funtsezko zati bat dira. “Matière Grise” liburuan argitaratutako elkarrizketa batean Patrick Bouchain arkitektoak ondoko zehazten zuen berrerabilera sarearen inguruan: “Beraz, etxe-denda bat sortu genuen, eta bertan jarri zen beste etxebizitzetatik desmuntatzen zen guztia. Enpresarientzat balio izan zuen, baina bertako biztanleak ere toki honetara etor zitezkeen txorrota, etengailu, lauza, parketa, pertsiana, leiho… baten bila.”

Bi kasuetan beste modu batean eraikitzea da helburua. Hau da, etxebizitza normalizatu batean bizi den biztanle medio batentzat ez lan egitea, eta itsu-itsuan aurrez erabakitako modelo eta estandarrak ez aplikatzea. Bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzeak proiektu ezberdinei bigarren geruza kultural eta sozial hau gehitzea ahalbidetu zuen, Patrick Bouchain arkitektoak aipatzen zuen moduan. Eta ikuspegi horri laguntzeko berrerabilerak ezinbestekoa dirudi. Izan ere, berrerabiltzeko, stock heterogeneo batetik datorren material bakoitzaren araberako ikuspegi espezifikoa behar da. Bai Boulogne-sur-Mer-en burututako berrerabilera eta brikolajea, zein Toucoing hirian ezarritako berrerabilera sarean, hau ez da inoiz keinu arkitektoniko deskonektatu batekiko aitzakia. Lehenik eta behin, prozesu bati laguntzeko modu logikoa da. Arkitektoen ikuspegiaren malgutasuna batzuetan ere etorkizuneko etxebizitzen diseinuen malgutasuna bihurtzen da. Horrela izan da Beaumont herri txikiko etxebizitza ebolutiboen kasuan, non biztanleek eraikinen zati batzuk libreki eraldatu zitzaketen. Proiektuak Txileko Elemental bulegoaren lana gogorarazten digu. Hemen, kasuz kasu egindako lana, autoeraikuntzari eta etxebizitzaren eskalan ematen den berrerabilerari laguntzen dion elementu gakoa da. Azken proiektu honek, aurreko biek bezala, berrerabileraren erakusle garbiak izan nahi ez duten arren, bakoitza bere erara, arkitekturaren ikusmolde ezberdin bat defendatzen ahalegintzen da, etorkizuneko berrerabilera orokortzea posible egingo duen ikusmoldea!


Artikulu honetan deskribatutako proiektu ezberdinak (Boulogne-sur-Mer, Tourcoing, Beaumont), modu zabalagoan azaltzen dira Patrick Bouchain-en zuzendaritzapean ateratako “Pas de toit sans toi” argitalpen kolektiboan (2016, Actes Sud). Gainontzeko informazioa 2014ean Pavillon de l’Arsenal taldeak Encore Heureux bulegoaren zuzendaritzapean argitaratutako “Matière Grise” liburuan biltzen diren Patrick Bouchain berari egindako elkarrizketatik atera dugu.

Construire – 1

Patrick Bouchain arkitekto frantsesa eraikin industrial zaharrak espazio kulturaletan birmoldatzeagatik ezaguna da. Aurretik ere hitz egin dizuegu berari buruz permis de faire gaiaren inguruan aritu ginenean. Loïc Julienne-kin batera sortu zuen CONSTRUIRE bulegoak ez ditu soilik horrelako proiektuak garatzen. Hala ere, beraien ibilbide arkitektonikoaren zati garrantzitsua izaten jarraitzen dute, arkitekturaren ikuspuntu antikonformistaren bidetik. Bulegoaren lana obraren une erabakigarrian zentratzen da, profesional ezberdinak proiektuaren garapenean parte hartzera bultzatuz eta berrerabileraren logiko txertatuz.

Lehenengo berrerabilera elementua eraikina eta hauen egitura da, Nantes hiriko Lieu Unique proiektuaren kasuan bezala; Lu fabrika zaharrean kultur zentro bat integratzen dute, besteak beste, ikuskizun aretoa, erakusketa gunea eta jatetxea biltzen dituena. Hasierako birgaitze programaren moldatzeari esker, beharrezko aurrekontua murriztea lortu zuten, minimoa eginez. Gutxieneko esku-hartzeak lekuaren historiaren etapa ezberdinak agerian utzi ditu: fabrika, lugorria eta arte zentroa. Proiektuaren alderdi esperimentalak, benetako kultur ekintza bihurtzen den obraren garrantziak benetako dimentsio pedagogikoa ematen dio. Obran aktore askok parte hartzen dute, batez ere obrako etxolaren bidez, harrera eta dokumentazio gune egonaldi arkitektonikoetan bezala. Obran garatutako berrerabilerak, dimentsio pedagogikoa, politikoa, sinbolikoa edo estetikoa, eta sinplifikatuz sen ona biltzen ditu: berrerabili daitekeena berrerabili eta honezkero balio duena gorde.

Berrerabilitako material batzuk eraikinetik bertatik datoz: fabrikaren zorua estaltzen zuten altzairuzko plakak non antzinako aktibitatearen arrastoak oraindik ere ikusgai dauden, bulegoko mahai bat, aurretiko birmoldaketa batetik zetorren larrialdi eskailera bat edo eraispen partzialetatik ateratako adreiluak. Tokian egindako berrerabilera horri eraikinaren ertzean sortutako terraza eraikitzeko erabilitako hondakinak gehitu behar zaizkio. Proiektuan parte hartuko duten artisauei ere dei egingo diete, berrerabili daitezkeen materialak ekar ditzaten. Asko zatiak, soberakinak, edo desklasifikatutako materialak dira, konforme ez daudelako. Azkenean, obra kanpoko profesionalek ere materialen bilaketa horretan lagundu zuten. Desegite gunera bota behar ziren ontzien taulak eta eraispen zurak ikuskizun-aretoaren perimetroa osatzen duen pasabidea janzten dute. Tabernako barra eta jatetxeko aulkiak dohaintzetatik datoz. Eraikinaren atzealdean, ikuskizunen aretoaren altuera osoan, Grenier du Siècle delakoa sortu zen. Bilduma monumentala, non herritarrek emandako objektuak metalezko edukiontzi zigilatuetan gordetzen diren. Espazio itxi hori 2100ean irekiko da, hau da, sortu eta mende batera. Objektu horiek dituzten upelak edo metalezko kaxak ere dohaintza batetik datoz. Mendeko Atikoko fatxada janzten duen beira ere berrerabilerakoa da. Erabilitako piezak, garai batean, arautegiak errefusatu zituen. Horrelako materialak integratu ahal izateko, eraikinaren fatxada eta hau osatzen duen beirazko patchwork-a artelan deklaratu behar izan ziren. Gure hondakinen birziklatzean espezialista diren Maliko errementariek ikuskizun aretoaren sabaian, isolamentu akustiko gisa, integratuko diren kupelak moztu zituzten. Hauek ere artelan izendapenarekin sartu ahal izan ziren Frantzian. Piraguen fabrikaziotik ateratako zur-hondakin oholtza zatiak artisau berberek josi zituzten, proiektuan jatetxerako panel gisa erabiltzeko.

Logika berdinarekin, arkitektura bulegoak eraikin industrial zaharren birmoldaketa proiektu anitz garatuko ditu: Le Magasin (Grenoble), La Condition Publique (Roubaix) edo Le Channel (Calais). Baina Patrick Bouchain eta CONSTRUIRE tailerra eraikin berrien eraikuntzan ere arituko dira, berrerabilerarekiko interesa alde batera utzi gabe. Horrela, Saint-Deniseko Fratellini Akademiak, zirkuaren inguruko arte eta prestakuntzarako zentroak, Versaillesko lorategietan ekaitzaren ondorioz eroritako egurra berreskuratu zen. Egurra ia bere horretan integratu zen ikuskizun-aretoko eserlekuen egituran, hasieran aurreikusitako zurezko sekzioak gaindimentsionatuz. Kanpoko estaldura txapa metaliko tolestuekin egin zen. Xafla hauek zentru komertzial batetik ekarri ziren kolorea ez baitzetorren bat eskatutakoarekin. Estaldura eraikitzean hasierako kokatzean egindako zuloak ezkutatu ziren. Gainera partzialki margotuko dira mozketa gunean erdoiletik babesteko. Estalduraren berrerebilera eta instalazioak zein erdoilaren kontrako margo trazek, proiektuari bere berezitasuna ematen dion estaldura osatzen dute.

Sonia vu arkitektoa eta ConstructLab taldearekin batera, Patrick Bouchain eta Loïc Julienne-ek Argentan hiriko Herri-Unibertsitatearentzako Le Manable deituriko festa areto baten eraikuntzan parte hartu zuten. Hau batez era berrerabilera materialekin eginda dago. Bulegoaren beste proiektu batzuk berrerabilera materialekin eginda ez dauden arren, hauen izaera iragankorra eta mugikorra dela eta, berrerabilera eta deseraikitzea sustatzen dute. Hau gertatzen da museo ibiltarien kasuan. Hala nola, Frantziako hainbat hirietan ikusgarri egon den Centre Pompidou Mobile deritzona edo Les Étincelles du Palais de la Découverte, gaur egun obretan dagoen Parisko museoaren bertsio ibiltari berrerabilgarria. Berdina gertatzen da, karpadun ikuskizun areto ibiltarien kasuan: La Volière, Le Centaure edo Le Caravansérail.


Artikulu honetan laburki deskribatutako proiektu batzuk (Le Lieu Unique, L’Académie Fratellini), modu zabalagoan azaltzen dira Patrick Bouchain-en zuzendaritzapean Christophe Catsaros arkitektura kritikoak idatzitako “Le Lieu Unique –Le chantier, un acte culturel / Nantes” liburuan (2006, Actes Sud, L’Impensé bilduma) eta Coline Serreau et Charlotte Erlih-ek idatzitako,“L’Académie Fratellini – Le cirque de plain-pied / Saint-Denis” (2008, Actes Sud, L’Impensé bilduma). Beste informazioak, Patrick Bouchain berari egindako elkarrizketa batetik datoz. Elkarrizketa hau, 2014ean Pavillon de l’Arsenal delakoak Encore Heureux bulegoaren zuzendaritzapean argitaratutako “Matière Grise” lanean erreproduzitu zen.

Exhibitions – 3

Bada, Pavillon de l’Arsenal eta Parisko eraikuntza sektoreko aktore gehiagoren interesa erakusten duen erakusketa bat. Urte hontako martxoan amaitu zen Conserver Adapter Transmettre (Kontserbatu Moldatu Transmititu) erakusketak Parisko 40 proiektu inguru aurkezten zituen. Eraikitako metro karratu bakoitzak 50 urtetan zehar 1,5 tona CO2 isurtzen dituela jakinda, proiektu hauen diseinatzaileek ez eraistea erabaki zuten. Proiektu berriak dira, eraikitze baimenak 2020 eta 2022 urte bitartean aurkeztuak. Existitzen dena eraldatzen duten proiektuak (Parisen aurkeztutako hirigintza baimenen %70a bezala), non berrerabilerak bere garrantzia duen. Gainera, erronka klimatikoak, ondare borondateak eta gaur egungo espektatibei egokitutako programazioak uztartzen dituzten fabrikazio moduak agerian jartzen dituzte. Proiektu hauek berrerabilera eta jatorri organiko zein geologikoa duten materialen sektoreak garatu nahi dituztenentzat inspirazio dira.

Grand Huit arkitektoen Au Fil du Rail proiektuan adibidez, eraikin industrial bat elikadura eta ehungintza industrian espezializatutako ekonomia zirkular eta solidarioaren errekurtso lekuan eraldatzen da. 2023 urterako aurreikusita, bertan berrerabilera in situ eta ex situ burutzen da. Morland prefekturako arotzeriak eraikinaren itxituran integratu dira. Berdina gertatu da ChartierDalix bulegoak R-Use taldearen laguntzarekin burututako super-équipement Pinard proiektuan. 2025 urterako aurreikusita dagoen proiektu honek, amaetxe baten eraldaketa proposatzen du, haurtzaindegi, eskola, gimnasio eta hirugarren lekua biltzen dituen ekipamendu hibrido batean. Materialen masaren %49,6a, berrerabilitako edo birziklatutako materialetatik dator, besteak beste, teilen, adreiluen, zurezko markoen eta arotz-lanen %100a. Horrek, %11,6 murrizten ditu proiektuaren karbono-emisioak. Berrebilera ere presente dago surélévation Lenoir proiektuan. 2024 urterako aurreikusita, artisau-aktibitateak biltzen zituen eraikin baten birgaitzea proposatzen du, etxebizitza sozialak egiteko solairu berriak gehituz. Gehitze hau egiteko, Boman bulegoko arkitektoek, berrerabileran Bellastock-ek lagunduta, Paris Habitat-en jabegoko eraikinetatik dekonstruitutako materialak erabili dituzte. Besteak beste, parketa, baldosak, ateak edo ekipamendu elektrikoa. Scène des Loges proiektuan Archikubik bulegoak, Mobius-ek lagunduta, barneko elementuak berrerabiliko dituzte garaje zahar bat etxebizitzetan eraldatzeko. Hau ere 2024rako aurreikusita dago. Hain zonalde mugatuan berrerabilera integratzen duten hainbeste proiektu aurkitzea, zerbait aldatzen ari denaren froga garbia da. Gure eraikitzeko moduak zalantzen jartzen dituzten erakusketa hauek eskaintzen duten ikusgaitasunak, eraikitze praktika berrien beharra azpimarratzen dute eta hauen artean eraikuntza materialen berrerabilerak bere lekua duela dirudi.

Erakusketa honetatik haratago, Pavillon de l’Arsenal taldearen berrerabileraren inguruko interesa ez da berria. Gogoratu dezagun, adibidez, Matière Grise erakusketa (2014tik 2015era). Honi buruz hitz egin dugu dagoeneko hemen, gai honen inguruan osatuena da eta erreferentzia izaten jarraitzen du, baina ez da bakarra. 2012an, Re.architecture erakusketak praktika horien berri eman zuen, Europako 15 agentzien lan berezia aurkeztuz, hala nola Assemble, Collectif Etc, Raumlabor edo Rotor. 2016. urtean, Réinventer Paris hiri-proiektu berritzaileen deialdiaren emaitzen erakusketak, berrerabilera ardatz zuten proiektuak aurkeztu zituen. Horien artean, Morland eta Ferme du Rail proiektuak, honezkero aipatu ditugunak. FAIRE arkitektura- eta hiri-proiektu berritzaileen azeleratzailearen esparruan garatutako beste proiektu batzuk ere, Pavillon de l’Arsenal-en erakutsiko dira. Besteak beste, 2022an Cigüe-k burututako igeltsuzko hormigoiari buruzko ikerketa (honi buruz hitz egin genuen hemen) edo FabBRICK 2018an Clarisse Merlet arkitektoak diseinatutako berrerabilitako ehun-materialezko adreiluen proiektua. Niveau Zéro Atelier taldearen M.E.G.A. eta Lucie Ponard-en Terres émaillées proiektuetan, Paris hirian burututako indusketetako lurra erabiltzen dute objektu edo lauzen fabrikazioan. Proiektu hauek, eta baita FabBRICK-ek ere, 2022an burutu zen Séries Limitées erakusketan integratuko ziren. Era berean, Terres de Paris (2016 – 2017) erakusketak, Joly&Loiret arkitektura-agentziako arkitektoen lana aurkezten zuen, Parisko zorupetik ateratako lurrarekin burututako eraikuntzari buruz. FAIRE azeleratzailearen eta Studioloren barruan, minierakusketa programa bat, 2021eko instalazio batek Académie du climat x 36 étudiants architectes x Encore Heureux: un café en projet aurkeztu zuen. Encore Heureux agentziaren zuzendaritzapean, Parisko Klimaren Akademiaren etorkizuneko kafetegiaren elkarlanerako kontzeptazioa kontatzen du, non materialen berrerabilera faktore garrantzitsua izan zen. 2021ean Studioloren eta FAIRE proiektu azeleratzailearen barruan aurkeztua, Ceci n’est pas une porte proiektuak, Parisko ospitale zahar bateko 1.200 ate berreskuratu eta eraldatzeko aukera eman zuen, guztira 60 m³ material. Vincent Parreira eta Marie Brodin arkitektoek, berrerabilaren aholkularitzan espezializatutako Mobius-ek lagunduta egindako esperimentazioek eta altzari-sorkuntzak, 200 mahai baino gehiago egitea ahalbidetu zuten, ARES elkartearen (Ekonomia eta Gizartea Birgizarteratzeko Elkartea) laguntzarekin.

Oro har, Pavillon de l’Arsenal-ek tokiko material naturalen (ikusi 2018ko Pierre erakusketa adibidez) eta hauek lantzen dituzten artisauen inguruan (ikusi 2022ko Ressources erakusketa) erakutsi duten interesak eta kezka sozial eta ingurumen-ardurek (Covid garaian aurkeztutako Et demain, on fait quoi? erakusketa honen lekuko, edo 2023ko azken erakusketak, Espaces Ferroviaires, matières vivantes edo [Ré]inventer l’existant) arkitektura birpentsatzeko dagoen beharra erakusten dute, berrerabilera inteegratuko duena. Eta erakusketa hauek berrerabileraz bakarrik hitz egiten ez duten arren, hau berpizteko arrazoiak edo jarraitu beharreko bidea erakusten digute. Agian, egunen batean, honen normalizazioa lortuz!


Conserver Adapter Transmettre erakusketa 2023ko martxoaren 5ean amaitu zen, eta Conserver Adapter Transmettre izenburu bereko lan bat argitaratzeko aukera eman zuen.

TYIN tegnestue – 2

Tokiko testuinguru espezifikoa funtsezkoa da TYIN tegnestue Architects bulegoaren ikuspegian. Testuinguru geografiko, sozial eta kulturalaz ari gara, baina erabilitako teknika eta materialek ere, berrerabiliak edo ez, eraikin baten nortasuna moldatu dezakete. Hau gertatzen da arkitektura bulegoak Asian eraikitako proiektuetan, baina berdin gertatzen da beraien herrialdean egindakoetan ere. Norvegian, TYIN tegnestue bulegoak berrerabileraren bitartez, zurez eraikitzeko tradizioa nabarmentzen du. Eraikuntza mota berezia da, adibidez, 2014. urtean Trondheim-ko aeroportuko denda batean enborrekin burututako barne-diseinu proiektua. Enborrak lortzeko, eraitsiko zen XIX. mendeko etxe bat desmuntatu eta partzialki berreraiki zen, pieza hondatuenak alde batera utziz. Enbor horietako batzuk, moztu ondoren hormetan estaldura gisa erabili ziren.

2011an, Aure herrian burututako proiektuan, arkitektoek txalupentzako estalpe bat bereganatu zuten. Kasu honetan bereziki hondatua zegoen eraikina, funtzio ludikoak izango zituen eraikuntza berri batek ordezkatuko zuen.Proiektua, berrerabilera nabarmentzeko aukera berri bat izan zen. Honela, eraikuntza zaharraren materialen parte bat lekuan bertan berrerabili zen. Zehazki, zur oholak barne-estaldura osatzeko erabili ziren eta kanpo-estalduran, aurreko eraikinean estalkia osatzen zuten metalezko txapak erabili ziren. Metalezko errail zahar batzuk, gainalde baten euskarri gisa erabili ziren. Berrerabilitako material hauei inguruko baserri batean berreskuratutako leihoak gehitu zizkietan. Eraikin berriaren egitura-sarea leiho hauen dimentsioen araberakoa zen. Berrerabilitako materialek honela, proiektuaren diseinuari laguntzen diote, honen eboluzioa ahalbidetuz. Berriz ere, berrerabilerak, diseinuaren logika beste modu ezberdin eta berri batean pentsarazten gaitu.

TYIN tegnestue – 1

Duela gutxi lan egiteari utzi dion, TYIN tegnestue Architects arkitektura bulego norvegiarra, arkitekturaren ikuspegi berezia izateagatik ezaguna zen: ikasle eta tokiko komunitateak nahasten dituzten proiektu txikiak, artisautza eta berrerabilerarekiko zaletasuna. Honezkero, hemen hitz egin dizuegu berrerabilera materialak erabiltzen zituzten arkitektura eskoletako ikasleekin burututako partaidetza-proiektuei buruz. Agentziaren ibilbide profesionalean zehar, hainbat proiektu garatu zituzten, bereziki Asian, egoera prekarioan dauden komunitateentzat eta haiekin elkarlanean. Proiektu bakoitzaren testuinguruaren arabera, artisau-tekniken eta bertako materialen erabileraren aldeko apostua egin zuten, baliabide gabeziari erantzunteko. Gainera, biztanleek, proiektuen jarraipenean parte hartu ahal izan zuten. Horrela, bizilagunek, eraikinaren jabe egingo ziren, proiektuak, eraikuntzaren alde teknikoa eta sortutako dinamika soziala eredu izan beharko zituen bitartean. Logika hau jarraituz, berrerabileratik lortutako materialak tokiko baliabide merkeak kontsideratzen dira, zura eta lurra bezala adibidez, eta proiektuari forma ematen laguntzen dute.

Honela, CASE Studio Architects bulegoarekin batera 2009an Bangkok-en (Tailandia) eraikitako Old Market Library proiektuak, neurri handi batean, biztanleen partaidetza ahalbidetu zuen. Proiektu honetan, merkatu zahar baten zati bat liburutegi bihurtu zuten eta arkitektoen ezagutzak praktikan jartzeko aukera izan zen tokiko material ekonomikoen erabileraren bitartez, berrerabilerako materialak barne. Berrerabilitako zurezko kaxak adibidez, liburuentzako apalategi bilakatu ziren eta barne-estaldura, inguruetan jasotako zur elementuz osatuta zegoen. Solairutarte txiki baten zurezko egitura eraikitzeko elementuak aldiz, bigarren eskuko denda batean erosi ziren, kalitate hobeagoko zura lortu nahi izan zutelako. Proiektu honek, eta ez da bakarra, berrerabilera, komunitateentzako irtenbide ekonomiko eta arduratsua izateaz gain, sorkuntza teknikoa eta estetikoa suspertu dezakeela erakusten du.

Ferme du Rail

Ferme du Rail proiektua, Parisen 19. arrondizamenduan, hiri-nekazaritza lantzen duen auzo-ekipamendua da. Irisgarritasun zaileko lursail batean kokatua, trenbide desafektatu baten ondoan dago eta elkartasun lekua, aterpetxe, jatetxe eta topagunea da. Baserria osatzen duten bi eraikinak, baratze zentral, jatetxe, hangar eta negutegi baten inguruan kokatzen dira. Honi guztiari, gizarteratze prozesuan dauden langileei eta ingeniaritza, arkitektura edo baratzezaintza ikasleei zuzendutako hogei etxebizitza gehitzen zaizkio. Diseinu bioklimatikoaren printzipioen arabera, jatorri naturaleko eta berrerabilerako materialekin eraiki den low-tech baserri hau, permakulturari zuzendua dago eta helburu sozial batekin jaio zen. 2014ean, hiri-proiektu berritzaileen Reinventer Paris deialditik sortu zen.

Proiektuaren sorreran, Gran Huit arkitektura kooperatiba eta Mélanie Drevet paisajista daude. Arkitektura kooperatibak, ekonomia zirkularraren alorrean, zein gizarte eta elkartasun proiektuen inguruan lan egiten du. Auzoko biztanle eta erabiltzaileak, etorkizuneko operadore bihurtuko ziren aktore ezberdinez inguratu ziren. Hala nola, Travail et Vie laneratze enpresa, Atoll 75 eta Bail Pour Tous elkarteak, eta baita proiektuaren sustatzaile izango zen Réhabail erakunde soziala. Hau guztia, kontextu berezi batean garatu zen, Paris hiriak lursailaren jabea izaten jarraitu baitu, 50 urtera luzatzen den eraikuntza-kontratu baten barruan. Botere publikoek erraztutako lursailaren eskuratzea, finantziazio publiko eta pribatu ezberdinez osatzen da. Honek, begirada ekologiko eta sozial handiko programa garatzea ahalbidetu du. Materialen berrerabilera, bi ikuspuntu hauei erantzunez, elementu garrantzitsua izan da diseinatzaileentzat: “Materialak berrerabiltzeak eta gizarteratze-prozesuan dauden pertsonekin lan egiteak (…) logika bera jarraitzen dute. Ez bota eta ez baztertu.”¹

“Honezkero dagoenarekin” eta “geratzen denarekin” egitea, Grand Huit taldeko kideen lan egiteko modu berria bilakatu da. Beraientzat, berrerabilerak, “utzitakoaren balorizazioak”, dimentsio praktikoa du, baina jarrera moral eta politikoa erakusten du batez ere: “berrerabilera ez da «hobi» berrien ustiapena, materia eta pertsonen arreta berri baten aldarrikapena baizik”¹. Ingurumen-aginduez gain, arkitektoentzat, “denontzat, lan baliodun eta ez zapaltzailea lortzeko aukera babesteko”¹ modu bat da. Tokian-tokiko berrerabilera, hiriguneetan artisau eta langile funtzioak barneratzeko era bat da gainera.

Bestetik, berrerabileraren dimentsio memoriala azpimarratzen dute. Izan ere, berrerabileraren kontrako balazta garrantzitsuena ideologikoa da, eta “desiragarri izan daitezkeen utzitako elementuekiko begirada lantzea”¹ komeni da. Materialei eta hauekin lan egiten duten pertsonei, benetako lekua itzultzea, eta hortaz prozesuari, obra momentuari bere benetako balioa ematera daramatza. Helburua, etorkizuneko erabiltzaileak, ahalik eta azkarren elkarretaratzea litzateke, eraikitze-lanetara sarrera erraztuz, baina baita lekuko hainbat aktibitateri hasiera emanez, obra amaitu aurretik. Honela, obra gunea sorkuntzarako espazio demokratiko bihurtzen da, formakuntza kontextua ahalbidetuz. Hainbat laneratzeko enpresa, obrara bertaratuko dira: 16 atal teknikoetatik 5 enpresa hauen esku utzi ziren. Hona hemen arkitekturari bere dimentsio soziala bueltatzeko modu bat, objektu arkitekturarekin gertatzen den ez bezala. Bestetik, proiektuaren BZA bizi-zikloaren analisia burutu zen, eraikinak eskeintzen zituen onuren berri emateko eta bere inpaktu baxuko izaera azpimarratzeko (zurezko egitura, lastozko isolamendua, gaztainondo zurezko estaldura, jatorri naturaleko eta berrerabilerako materialen erabilera). Azterketa honek aldiz, ez du proiektuaren alde soziala kontutan hartzen. Arkitektoek, aspektu hau integratuko luketen aberastasun-adierazle berrien eta proiektu bakoitzaren “koste globalaren” ikuspegiaren alde agertu dira.

Hona hemen, proiektuan berrerabilitako materialen zerrenda:

  • berritutako etxebizitza sozialetatik berreskuratutako zurezko leihoak, teilatuan balustrada funtzioa betetzen duten jardineran eraldatuak (hareaz igurtzitako zura, panel forman mihiztatua) edo areto komunean buruz jarritako parket gisa erabiliak (zur jatorri berbera, baina oraingoan zatikatua). Hau guztia Atelier R-are-k gauzatu zuen;
  • Fashion Week ekimenetik berreskuratutako kontraxaflatu oholtzak, geletako armairuak fabrikatzeko erabiliak;
  • Paris hiriaren biltegitik hartutako galtzada-harriak, lorategiaren antolamenduan erabiliak (harri lehorreko euste-hormak, eskailera-mailak, lauzadura);
  • Réserve des Arts elkartetik jasotako publizitate-olanak Les Résilientes kolektiboak pertsianan eraldatuak;
  • faianza lauzak, stock-amaierakoak eta bainuetarako erabiliak (gela bakoitzaren berezko nortasunak muntaia-plano desberdina eskatzen du).

Berrerabileraren aurkikuntza eta honen ikuspuntu ekologiko eta sozial batekiko egokitzapenak, arkitektoak praktika hau garatzera bultzatu ditu. Honela, Parisko 19. arrondizamenduan, Maison des Canaux, proiektua abian da. Ekonomia zirkularraren, sozialaren eta solidarioaren erreferentzia-lekua, berrerabileraren erakusgarri izan nahi du. FCRBE proiektu europearraren (honi buruzko artikulua hemen) barruan garatu den proiektu pilotu honen helburua, tokiko berrerabilerako materialen %70 eta %100 artean integratzea da!


¹ Artikulu hau, Grand Huit kooperatibako kide diren Clara et Philippe Simay-k idatzitako “La Ferme du Rail – Pour une ville écologique et solidaire” liburuan inspiratuta dago. Liburua, 2022an argitaratu zen, Actes Sud argitaletxearen “Domaines du possible” kolekzioaren barruan. Hainbat zitazio atera dira bertatik.

Berrerabilerari dagokionean berriz, 2019an ICEB Café-n Clara Simay-k egindako aurkezpena ikusgarri dago. Eskuragarri berriz, ICEB-aren (Institut pour la Conception Écoresponsable du Bâti) web-orrian.

Collectif Etc – 3

Palet zura berrerabilera proiektuetan sarritan erabiltzen den elementua izan arren, bada beste material estandarizatu bat modu interesgarri batean erabili zena. 2012an Michelet lore-baratzearen antolaketa proiektuan, hormigoi blokeentzat erabiltzen diren lehortze panelak baliatu ziren. Kasu honetan panelek 140x110x4 cm neurtzen zuten eta ertzak profil metalikoen bidez indartuta zeuden.

Michelet lore-baratza, atelier d’architecture autogérée-k (aaa) garatutako R-urban proiektuaren elementuetako bat da. Tokiko sareen eta zirkuitu motzen logika jarraituz, ekonomia sozial eta solidarioa bultzatzen duen proiektu honek, hainbat gairen inguruan artikulatzen ziren sektore ezberdinak biltzen ditu : etxebizitza (EcoHab), birziklapena (RecycLab) eta hiri-nekazaritza (AgroCité). Collectif Etc taldeak, AgroCité-k garatzen duen lorategiaren proiektuan parte hartu zuen. Auto-eraikuntza eta berrerabilera proiektuaren aspektu garrantzitsuak ziren noski! Kolektiboaren esku-hartzea, ardatz zentral baten bidez loturik zeuden gune tekniko eta elkargune baten garapenean oinarriturik zegoen. Eraikuntza sistemak, zurezko panelen neurri estandarizatuetan oinarritutako trama erregularra jarraitzen zuen. Hauek espazio ezberdinen zoru eta hormak estaltzen zituzten. Diseinuaren erregulartasunak etorkizuneko gehitze eta moldatzea ahalbidetzen zituen.

Lehortze-panelak, zein obran errekuperatutako edo hornitzaile espezializatuei erositako bigarren eskuko eraikuntza materialak, Collectif Etc lanaren bidez balioztatuak izan ziren eta gainera atelier d’architecture autogéréek Agro-Cité-k proiektu nagusian erabili zituen. Baliabide hauek, proiektuaren webgunean zerrendatuak agertzen dira. Agro-Cité proiektua osatzen zuten elementuak (zurabeak, leihoak, ateak…) berriz ere berrabiliak izan ziren lekualdatzearen ostean. 2018an proiektua desmuntatu eta Gennevilliers-en kokatutako gune berri batean berreraiki zen.

Lehortze-panelei buruzko informazio teknikoa Opalis webgunean dago eskuragarri. Espainian erabiltzen diren panelen ezaugarri teknikoak ezberdinak izan daitezke txikiagoak baitira. Bigarren eskukoak lortzea posible izaten da. Zurez egindako panelez gain, plastikozkoak edo metalezkoak ere aurki ditzakegu.

Collectif Etc – 1

Collectif Etc-ko arkitekto eta eraikitzaileak ohiko hiri eta arkitektura praktikak zalantzan jartzea erabaki zuten, erabiltzaileen berdintasunezko autogestioaren logika jarraituz. Geroztik sortze eta esperimentazio prozesuek garrantzi handia dute kolektiboarentzat eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsonen arteko loturak sortu nahian, izaera ezberdineko proiektuak garatzen dituzte: 2011ko irailetik 2012ko irailera, kolektiboak urtebeteko bizikleta bira burutu zuen “hiriaren herri-fabrika”(Détour de France) delakoaren bila, argitalpenaren alorrean lan egin zuten la cabane d’édition Hyperville proiektuarekin edota kolektiboak berak eta kolaboratzaileek erabiliko zuten berezko lekua sortu zuten, Ambassade du Turfu deiturikoa. Ideia eta praktika nahasketa honek kolektiboa berrerabilerarekin eta berrerabilerarentzat lan egitera bultzatzen zuten. Colombelles-ko Grande Halle-ren ondoan eraikitako la cité de chantier ez da berrerabilera materialekin eraiki duten proiektu bakarra.

2012an, Arpenteurs taldearen gonbidapenari erantzunez, kolektiboak Grenoblen kokatutako igerileku denda zahar baten eraldaketa proiektuan parte hartu zuen. Établissement Public Foncier Local (EPFL)-k utzitako eraikina etxebizitzaren inguruko konponbideen fabrikan eraldatu zuten. La piscine izena duen lekua, etxebizitzari buruzko eztabaida eta esperimentazioa sustatzeko espazioa da, auto-eraikuntza eta berrerabileraren bitartez. Eraikina, hainbat kolektibori utzitako atalez osatua, erabilera ezberdinak biltzen zituen: altzariak fabrikatzeko lantegia, bilkura eta eztabaidarako erabilera anitzeko gunea, sukaldea eta gordailua. Material bilketari esker, gordailua baliabide biltegi gisa antolatu zen, egingo ziren lanen eta gerora izango zuen erabilera kontuan hartuz. Bertan palet-etatik ateratako ehundaka oholekin bi mahai handi eraiki ziren. Kortina zatiekin, espazioak banatzeko pieza handi bat sortu zuten. Bestetik, sukaldea altzari zaharrekin eta bainuontzi batez hornitu zen. Zur hondakinekin eraikinaren fatxadan jartzeko hizkiak sortu ziren, honi identitate berri bat emanez. Altzarien fabrikazio instrukzioak altzariei gehitu zitzaizkien etorkizunean informazio transmisioa ahalbidetzeko.

Parisko Pavillon de l’Arsenal-ko, Encore Heureux Arkitekto bulegoak antolatutako Matière Grise erakusketak, Nizara bidaiatu zuen 2015ean, Forum d’Urbanisme et d’Architecture delakoan berrerabilera proiektuak aurkezteko. Kolektiboak instalazio berri bat antolatzeko aukera izan zuen edizio honetan. Aurreko erakusketaren hondarrak eta Veolia-ren eraikuntza hondakinak sailkatzeko zentruak, materialak eskaini zizkieten. Krofatu plaken zura jaso zuten nagusiki. Hauek, altzari sorta berria eta bisitarien eskura izango zen baliabide gunea eraikitzeko erabili ziren. Material hauen egoera txarrak eta hauek berreskuratzeko beharrezkoak diren ekintzek (aukeraketa, iltze-kentzea, mozketa, lixatzea) hondakin izaera eta hondakin izan aurretik erabiltzen diren materialen arteko ezberdintasuna erakusten dute, hondakin izaera duten baliabideekin lan egiteko zailtasunak nabarmenduz.

2018ko Veneziako 16. Arkitektura Bienalean kolektiboak Frantziaren pabilioiaren eszenografia elaborazioan parte hartu zuen. Pabilio honen komisarioak Encore Heureux arkitektoak izan ziren. Pabilioiaren gaia, Lieux infinis (leku mugagabeak) eraikinak beharrean lekuak eraikitzen dituen kolektiboaren izaerarekin bat dator. Bertan arkitekturarekin, gizartearekin eta kulturarekin zerikusia zuten hamar esperimentazio frantses biltzen ziren. Eszenografian aurreko Arte Bienalean Frantziak aurkeztutako ekarpenaren hondakinak erabili ziren : ehundaka okume kontratxapatu plakak. Aurretik desmuntatuak eta biltegiratuak, egitura nagusia estaltzeko eta eserleku, banku eta mahaiak egiteko erabili ziren.


Berrerabilerarekin erlazionatutako beste proiektu batzuk modu zehatzean azalduta daude kolektiboaren webgunean.

Exhibitions – 2

Berrerabilerari buruzko erakusketa zerrenda luzea da oraindik. 2020ko Lugano-ko Bienala gai honen inguruan garatu bazen oso-osorik, Veneziako Bienalaren kasuan ere horrela izan zen. 2012an adibidez, pabilioi alemaniarrak Reduce, Reuse, Recycle erakusketa plazaratu zuen (artikulua ikusgarri Archdaily web-orrian). 2018an berriz, pabilioi daniarrak Vandkunsten Architects arkitektura bulegoaren lana aurkezten zuen, ezagutzen ditugun hiru « R »-i laugarren bat gehituz, Rebeauty. Proiektua aurretik egindako lanetan oinarritzen da. Ikerketa eta desmuntatuko diren tamaina naturaleko prototipoak (1:1 mock-up) eraikuntzen bidez, sei material ezberdinen berrerabilerari buruzko hausnarketa egiten du.

2018an Flores & Prats Arquitectes bulegoak Sala Beckett proiektua aurkeztu zuen,  Assemble bulegoak gero berrerabiliko ziren zeramikazko lauzaz egindako instalazioa (The Factory Floor) eta Encore Heureux eta Collectif Etc taldeak berrerabilera esperientzia garatzen zuten instalazio zahar batetik materialak errekuperatuz (bideoa ikusgai hemen goian). Bi urte lehenago Alejandro Aravenak,  2015ko Arte Bienaletik berreskuratutako 90t hondakin erabili zituen 2016 ko Arkitektura Bienalean bisitarien harreragune izango ziren bi instalazio eraikitzeko (honi buruzko artikulua ikusgarri Dezeen web-orrian). 2016an ere, parte-hartze nazionalaren Leone d’Oro saria irabazi zuen pabilioi espainiarrak aurkeztutako proiektuen artean hainbat berrerabilera adibide aurkitzen ziren. Besteak beste, Bosch.Capdeferro arquitectures bulegoaren Casa Collage etxebizitza proiektua Gironan, non harriak, lauzak edo burdinderia elementuak obran bertan berrerabili ziren. Edo Arturo Francoren Madrideko Mataderoko Nave 8b non berrerabilitako teilak tabikeak eraikitzeko erabiltzen diren, erabilera berria emanez.

Edizio ezberdinetan zehar gaiak bere garrantzia mantentzen duenaren seinale, 2021ko Biennale-ko pabilioi japoniarra berrerabilerari eskainita dago aurten, Co-ownership of Action : Trajectories of Elements izenpean. Proiektuak zurezko etxe tradizional baten dekonstrukziotik aterateko elementuak aurkezten ditu eta horietariko elementu batzuk konfigurazio berri batean berrerabiltzen dira (artikulua ikusgarri Designboom web-orrian). Zurezko elementuen mihiztatzeari buruzko lan haur Biennale-ko beste proiektu batzuetara zabaltzen da. Tartean Estatu Batuetako pabilioiaren zurezko egituren eraikuntzei buruzko hausnarketa edo pabilioi Finlandiarraren Puutalo zurezko etxe prefabrikatuena.


Veneziako arkitektura Bienala 2021ko maiatzaren 22tik azaroaren 21rarte garatuko da.

Vandkunsten Architects bulegoaren prototipo eta berrerabileraren inguruko lana txosten batean publikatua izan da, hemen eskuragarri. 

Exhibitions – 1

Berrerabilera erakusketa ezberdinen jomuga izan da azken urteetan, bai gai honen inguruko erakustaldietan zein ingurumen, gizarte eta ekonomi krisi kontextuan garaturiko eraikitze modu berriei buruzkoetan ere.

Ezagunenetakoa Frantzian burututako Matière grise erakusketa da, 2014a geroztik martxan dena. Pavillon de l’Arsenal zentruak babestua, Encore Heureux taldeko arkitektoak izan dira erakusketaren komisarioak. Erakusketak materia gris gehiago eta lehengai gutxiago erabiltzeko gonbitea zabaltzen du. Horretarako munduan zehar garatutako hirurogeita hamabost berrerabilera proiektu aurkezten dira, praktika honen ahalmena azpimarratzeko. Erakusketa ibiltaria da orain eta Frantziako eta atzerriko hainbat leku bisitatu zituen. Besteak beste Bartzelona eta Madrilgo arkitektoen elkargoak (COAM) 2017an edo Angelu hiria 2019an.

Bruselan 2019an La Loge espazioan garatutako Rotor belgiarren Life under a Cherry Tree erakusketak  dekonstruzioetatik ateratako materialak eta berrerabileraren inguruko hausnarketa aurkeztu zituen. Erakusketa hau aurretik egindako beste hainbaten jarraian egin zen : Deconstruction (Lieja 2015), arc en rêve centre d’architecture-k aurkeztutako constellation.s erakusketaren barruan burututako Deconstuction (Bordele 2016), lauza zeramikoei buruzko Ceramic tiles (Hasselt 2017), Behind the Green Door arkitektura jasangarriaren inguruko erakusketa (Oslo Architecture Triennale 2013) edo Usus/usures materialen higadurari buruzkoa pabilioi belgiarreko protagonista izan zena (Biennale di Venezia 2010).

Lendager Group enpresa daniarrak Wasteland erakusketa aurkeztu zuen Danish Architecture Centre delakoan 2017an (honi buruzko artikulua irakurgarri Archdaily arkitekturari buruzko aldizkari digitalean).

Assemble ingelesen lana Vienako Architekturzentrum (Az W) entitateak antolatutako How we build erakusketan aurkeztu zen 2017an. Basilea hiriko Mussée Suisse d’Architecture-k (S AM) Baüburo in situ  suitzarren lana Transform erakusketaren barruan aurkeztu zuen 2018an eta duela gutxi Graz hiriko Haus Der Architektur (HDA) zentroan egindako erakusketa baten parte izan da, Material Loops deiturikoa. Bertan berrerabilera materialen inguruko lan praktiko eta teorikoak bildu dituzte. Tartean proiektu alemaniar, austriar eta herbeheretarrak, Superuse Studio kolektiboarenak kasu.


Matière Grise erakusketa liburu batean bildu zen, Pavillon de l’Arsenal-ek berrargitaratua izan dena, hemen eskuragarri.