Ferme du Rail

Ferme du Rail proiektua, Parisen 19. arrondizamenduan, hiri-nekazaritza lantzen duen auzo-ekipamendua da. Irisgarritasun zaileko lursail batean kokatua, trenbide desafektatu baten ondoan dago eta elkartasun lekua, aterpetxe, jatetxe eta topagunea da. Baserria osatzen duten bi eraikinak, baratze zentral, jatetxe, hangar eta negutegi baten inguruan kokatzen dira. Honi guztiari, gizarteratze prozesuan dauden langileei eta ingeniaritza, arkitektura edo baratzezaintza ikasleei zuzendutako hogei etxebizitza gehitzen zaizkio. Diseinu bioklimatikoaren printzipioen arabera, jatorri naturaleko eta berrerabilerako materialekin eraiki den low-tech baserri hau, permakulturari zuzendua dago eta helburu sozial batekin jaio zen. 2014ean, hiri-proiektu berritzaileen Reinventer Paris deialditik sortu zen.

Proiektuaren sorreran, Gran Huit arkitektura kooperatiba eta Mélanie Drevet paisajista daude. Arkitektura kooperatibak, ekonomia zirkularraren alorrean, zein gizarte eta elkartasun proiektuen inguruan lan egiten du. Auzoko biztanle eta erabiltzaileak, etorkizuneko operadore bihurtuko ziren aktore ezberdinez inguratu ziren. Hala nola, Travail et Vie laneratze enpresa, Atoll 75 eta Bail Pour Tous elkarteak, eta baita proiektuaren sustatzaile izango zen Réhabail erakunde soziala. Hau guztia, kontextu berezi batean garatu zen, Paris hiriak lursailaren jabea izaten jarraitu baitu, 50 urtera luzatzen den eraikuntza-kontratu baten barruan. Botere publikoek erraztutako lursailaren eskuratzea, finantziazio publiko eta pribatu ezberdinez osatzen da. Honek, begirada ekologiko eta sozial handiko programa garatzea ahalbidetu du. Materialen berrerabilera, bi ikuspuntu hauei erantzunez, elementu garrantzitsua izan da diseinatzaileentzat: “Materialak berrerabiltzeak eta gizarteratze-prozesuan dauden pertsonekin lan egiteak (…) logika bera jarraitzen dute. Ez bota eta ez baztertu.”¹

“Honezkero dagoenarekin” eta “geratzen denarekin” egitea, Grand Huit taldeko kideen lan egiteko modu berria bilakatu da. Beraientzat, berrerabilerak, “utzitakoaren balorizazioak”, dimentsio praktikoa du, baina jarrera moral eta politikoa erakusten du batez ere: “berrerabilera ez da «hobi» berrien ustiapena, materia eta pertsonen arreta berri baten aldarrikapena baizik”¹. Ingurumen-aginduez gain, arkitektoentzat, “denontzat, lan baliodun eta ez zapaltzailea lortzeko aukera babesteko”¹ modu bat da. Tokian-tokiko berrerabilera, hiriguneetan artisau eta langile funtzioak barneratzeko era bat da gainera.

Bestetik, berrerabileraren dimentsio memoriala azpimarratzen dute. Izan ere, berrerabileraren kontrako balazta garrantzitsuena ideologikoa da, eta “desiragarri izan daitezkeen utzitako elementuekiko begirada lantzea”¹ komeni da. Materialei eta hauekin lan egiten duten pertsonei, benetako lekua itzultzea, eta hortaz prozesuari, obra momentuari bere benetako balioa ematera daramatza. Helburua, etorkizuneko erabiltzaileak, ahalik eta azkarren elkarretaratzea litzateke, eraikitze-lanetara sarrera erraztuz, baina baita lekuko hainbat aktibitateri hasiera emanez, obra amaitu aurretik. Honela, obra gunea sorkuntzarako espazio demokratiko bihurtzen da, formakuntza kontextua ahalbidetuz. Hainbat laneratzeko enpresa, obrara bertaratuko dira: 16 atal teknikoetatik 5 enpresa hauen esku utzi ziren. Hona hemen arkitekturari bere dimentsio soziala bueltatzeko modu bat, objektu arkitekturarekin gertatzen den ez bezala. Bestetik, proiektuaren BZA bizi-zikloaren analisia burutu zen, eraikinak eskeintzen zituen onuren berri emateko eta bere inpaktu baxuko izaera azpimarratzeko (zurezko egitura, lastozko isolamendua, gaztainondo zurezko estaldura, jatorri naturaleko eta berrerabilerako materialen erabilera). Azterketa honek aldiz, ez du proiektuaren alde soziala kontutan hartzen. Arkitektoek, aspektu hau integratuko luketen aberastasun-adierazle berrien eta proiektu bakoitzaren “koste globalaren” ikuspegiaren alde agertu dira.

Hona hemen, proiektuan berrerabilitako materialen zerrenda:

  • berritutako etxebizitza sozialetatik berreskuratutako zurezko leihoak, teilatuan balustrada funtzioa betetzen duten jardineran eraldatuak (hareaz igurtzitako zura, panel forman mihiztatua) edo areto komunean buruz jarritako parket gisa erabiliak (zur jatorri berbera, baina oraingoan zatikatua). Hau guztia Atelier R-are-k gauzatu zuen;
  • Fashion Week ekimenetik berreskuratutako kontraxaflatu oholtzak, geletako armairuak fabrikatzeko erabiliak;
  • Paris hiriaren biltegitik hartutako galtzada-harriak, lorategiaren antolamenduan erabiliak (harri lehorreko euste-hormak, eskailera-mailak, lauzadura);
  • Réserve des Arts elkartetik jasotako publizitate-olanak Les Résilientes kolektiboak pertsianan eraldatuak;
  • faianza lauzak, stock-amaierakoak eta bainuetarako erabiliak (gela bakoitzaren berezko nortasunak muntaia-plano desberdina eskatzen du).

Berrerabileraren aurkikuntza eta honen ikuspuntu ekologiko eta sozial batekiko egokitzapenak, arkitektoak praktika hau garatzera bultzatu ditu. Honela, Parisko 19. arrondizamenduan, Maison des Canaux, proiektua abian da. Ekonomia zirkularraren, sozialaren eta solidarioaren erreferentzia-lekua, berrerabileraren erakusgarri izan nahi du. FCRBE proiektu europearraren (honi buruzko artikulua hemen) barruan garatu den proiektu pilotu honen helburua, tokiko berrerabilerako materialen %70 eta %100 artean integratzea da!


¹ Artikulu hau, Grand Huit kooperatibako kide diren Clara et Philippe Simay-k idatzitako “La Ferme du Rail – Pour une ville écologique et solidaire” liburuan inspiratuta dago. Liburua, 2022an argitaratu zen, Actes Sud argitaletxearen “Domaines du possible” kolekzioaren barruan. Hainbat zitazio atera dira bertatik.

Berrerabilerari dagokionean berriz, 2019an ICEB Café-n Clara Simay-k egindako aurkezpena ikusgarri dago. Eskuragarri berriz, ICEB-aren (Institut pour la Conception Écoresponsable du Bâti) web-orrian.