More bricks

Duela gutxi, buztin egosiz egindako adreilu trinkoen berrerabileraz hitz egin dizuegu. Lehen aukera, adreiluak indibidualki berreskuratzea izaten den arren, ez da beti posible izaten mortero hondakinak kentzea, adreiluak berriz ere modu tradizionalean erabiltzeko. Materialen kalitatea edo aglomeratzaileen gehiegizko erresistentziak, adreiluen banakako berrerabilera ahalbidetzen ez duenean, lan egiteko modu berriak eta berrerabilera teknika berritzaileak asmatu behar dira. Elementu horiek proiektu berrietan txertatzeko modurik ohikoena adreiluz adreilu berrerabiltzea bada ere, beste bi modu aztertuko ditugu hemen.

70. hamarkadaz geroztik, adreiluen berreskuratzea eta garbiketa zailtzen zuten mortero berriak azaldu ziren merkatuan, erresistenteagoak eta itsasgarriagoak. Arazo honi aurre egiteko, Lendager taldeak, Resource Rows (2020) Kopenhage (Danimarca) kokatutako etxebizitza proiektuan inplementatutako teknika alternatiboa imajinatu zuen. Honela, eraikinaren fatxada modulu prefabrikatuz konposatuta dago, mota, jatorri, apareju eta kolore ezberdinetako adreilu panelez osatua, eraispeneko horma zaharretatik moztuak. Mozketatik lortutako horma zati hauek, patchwork baten modura muntatzen dira estaldura gisa erabiltzeko. Lendager Group enpresak berrerabileraren inguruan egiten duen hausnarketa adreiluez haratago iristen da, proiektu berdinean zura eta hormigoizko habeak ere berrerabili baitziren. Taldeak berrerabileraren inguruan lan egiten jarraitzen du beste proiektu batzuen bitartez, Wasteland erakusketa adibidez.

Adreiluak berrerabiltzeko hirugarren modu bat, askotan hormigoizko modulu prefabrikatuz osatuta dauden eraikuntza berrien horma eta tabikeetan, hauen zati handiak ausaz integratzea da. Adreilua osorik ez dagoen arren, bere historiarekin lotu dezakegu. Obraratzearen zorizko aldeari buruz hitz egiterakoan, batzuetan opus incertum adierazpena erabiltzen da. Hala ere, erabilitako teknika modu zehatzago batean adierazteko, eta zehaztasunez esatea zaila den arren, hormigoi ziklopeoaz hitz egitea nahiago dugu. Erresistenteagoak diren zementuen erabilerari loturiko zailtasunez haratago, teknika honen bidez, beste adreilu-mota batzuk berrerabiltzea lortzen da. Besteak beste, adreilu barne-hutsak, osorik berrerabiltzea zaila baita. Eraispenetatik berreskuratutako adreilu zatiak integratzen dituen hormigoi ziklopeoa Paraguaiko hainbat proiektuetan ikusi berri dugu (honi buruz hitz egin genuen hemen eta hemen). Besteak beste, Gabinete de arquitectura bulegoaren hainbat proiektu (Centro de Rehabilitación Infantil de la Teletón, Quincho Tia Coral, Fundación TEXO, banco BASA), Fuelle Roga proiektua (OMCM Escritorio de Arquitectura y Urbanismo) goiko argazkian, Casa Ana (Mínimo Común Arquitectura) eta Casa Ilona (Grupo Culata Jovái). Baita Mexikon eraikitako Pabellón de Composta proiektua (Gabinete de arquitectura), edo Brasilen eraikitako Casa Angatuba (messina | rivas) eta Residência Rua Pombal (São Paulo Criação). Honi buruzko artikulua Archdaily-n ikus daiteke. Belgikan, Atelier d’Architecture Alain Richard bulegoak, terrakota adreilu agregatuekin egindako hormigoi moduluen prefabrikazioan lanean dihardu. Hauek, bulego eta tailer eraikin baten perimetro-horma osatzeko erabili ziren.

Berrerabilera eta birziklapenaren erdibidean, badago eskala txikiagoko zatiak erabiltzen dituen teknika historiko bat. Honi, opus signinum edo cocciopesto esaten zaio. Ezaugarri iragazgaitzak dituen morteroa, hainbat geruzatan ezarrita, ura, karea eta txikitutako adreilu edo buztinezko teilak nahastuta lortzen dena, eta gure gaur egungo terrazoarekin parekatu daitekeena (gai honi buruz Véronique Vassal-en argiltapena Journal of Mosaic Research delakoan). Espezialistak, material hauek izendatzeko moduaz ados jartzen ez diren arren, terrakota adreilu hondakinak integratzen dituzten aplikazio modernoak ere existitzen direla azpimarratu nahi dugu (honi buruzko artikulua frantsesez Bobi réemploi web-orrian). Halaber, Atelier NA bulego frantsesak, hondakin berrerabiliekin egindako hormigoia burutzeko tailerrak eman zituzten. Ciguë bulego frantsesak ere, zentzu honetan ikertzen dihardu, zementua alde batera uzten duen igeltsuz egindako hormigoia lantzen. Beraien lana, Pavillon de l’Arsenal-en egindako erakusketa batean erakutsi zen eta hemen irakur daitekeen azterlana burutzeko aukera izan zuten. Anna Saint Pierre diseinatzaile eta ikertzailea, eraispenetako hainbat hondakinen integrazioa lantzen ari da, eta baita terrazoa sortzen ere (gai honen inguruko artikulua Metropolis aldizkarian). TFOB (They Feed Of Buildings) bulego alemaniarra, bide berekin lanean dabil Urban Terrazzo proiektuaren bitartez. Bestetik Apt bulego ingelesak, Mallorcan kokatzen den Huguet fabrikarekin kolaboratu du, adreilu puskak terrazoan integratzeko. Gogora ditzagun gainera, Assemble eta Granby Workshop taldeen esperimentuak, non hondakinak moldekatutako objektuetan gehitzen dituzten. Beste behin, zaila da lortutako material hauei izen zehatz bat ematea, granito, terrazo, mortero edo hormigoia, granulometria eta erabilitako teknikak ezberdinak baitira. Artikulu honi dagokionean, garrantzitsuena eraikuntza eta adreilu hondakinen arazoari irtenbide berriak bilatzen jarraitzea da.

Bricks

Adreiluak. Ladrillos. Briques. Bricks. Adreilua eraikuntza material arruntenetakoa da. Oraindik praktika hau oso zabaldua ez dagoen arren, buztin egosiz egindako adreilu trinkoen berrerabilera geroz eta ezagunagoa da herrialde batzuetan. Dagoeneko aipatu ditugu blog honetan zenbait proiektu, baina askoz gehiago dira. Hona hemen terrakotazko adreilu trinkoak berrerabiltzen dituzten eragileen errepasoa!

Lehenik eta behin, adreiluak banan-banan berrerabiltzeko stocka identifikatzen dugunean, beharrezkoa da mortero hondakinak eskuz edo mekanikoki garbitzea. Aurretik, REBRICK proiektu europarraren barruan garatu zen, Gamle Mursten enpresa daniarraren sistema mekaniko automatizatuari buruz hitz egin genuen. Aurrerakuntza tekniko honetaz gain, honezkero bere produktuentzat ingurumen adierazpena duen adreilu berrerabilien hornitzaileak, CE marka lortzeko prozedura jarri du martxan merkatu daniarrean ohikoak diren adreiluentzat. CE marka eta adreiluen ezaugarriak modu egokian ezartzea, gaur egungo proiektuetan material hauen integrazioa errazteko modua izan daiteke.

Gamle Mursten enpresak banatutako adreiluak hainbat proiektutan erabili dira, Wienberg Architects bulegoak diseinatutako etxe baten hormetan adibidez. Eskala handiago batean, ospitale zahar batetik berreskuratutako 400 000 adreilu, enpresa berberak garbitu ostean, Aarhus hiriko (Danimarka) Frederiksbjerg eskolan berrerabili ziren (Henning Larsen Architects). Arkitekto berberek prozesu berdina errepikatu zuten beste hainbat bizitegi-proiektuetan, besteak beste Kopenhagen kokatutako Jacobsen Hus y Havnebryggen. Proiektu hauetan hornitzaileen garrantzia funtsezkoa da. Hau honela, lerro hauek idazten ari garen momentuan, Opalis web-orriak, adreilu berrerabilietan espezializatutako 70 hornitzaile baino gehiago identifikatzen ditu. Salvo web-orriak berriz, Erresuma Batuan bigarren eskuko, batez ere terrakotazko adreiluak eskaintzen dituzten 300 iragarki baino gehiago. Hauetariko hornitzaile batzuk, luzetara moztutako adreilu berrerabiliekin egindako ageriko plakak eskaintzen dituzte. Hala eta guztiz ere, hemen adreilu trinkoen berrerabilera kasuei buruz hitz egingo dugu soilik.

Opalis web-orriak ere, adreilu berrerabiliak erabiltzen dituzten Belgikako hainbat proiektu biltzen ditu. Kasu gehienetan, estaldura material gisa erabiltzen dira. Horien artean, eraldaketa eta birgaitze proiektuez gain, Auderghem auzoan kokatzen den Vignette etxea (Karbon’ architecture & urbanisme) aipatu behar dugu, berrerabilitako 3000 adreilurekin eta fatxadan adreilu saretarekin, Lo-Reninge-go udaletxea (noAarchitecten), 205 m² adreilu berrerabiliekin, eta Mariakerke (Raamwerk eta Van Gelder Tilleman architecten) etxe-tailerra. Dagoeneko aipatu ditugu hemen beste hainbat proiektu, tartean Chiro de Itterbeek (Rotor), Folklorearen museoa Mouscron hirian (V+ eta Simon Boudvin) edo dnA etxea (BLAF architecten). Azken honetan, adreiluak karga-hormatan berrerabili ziren (goiko argazkian ikus daiteke). Gainera, Belgikako Adreiluaren Federazioaren argitalpenean agertzen diren beste hainbat proiektu gehitu ditzakegu. Laeken auzoan kokatzen den Vandergoten etxebizitza proiektuan (R²D² Architecture) adibidez, biltegi zahar batetik berreskuratutako 2000m² adreilu berrerabili ziren.

Europako beste herrialde batzuk ere garrantzia hartzen ari dira adreiluen berrerabilerari dagokionean. Erresuma Batuan adibidez, Londresen kokatzen diren Step House (Bureau de Change) eta Love Walk House (Vine Architecture Studio) proiektuak aurki ditzakegu. Bi eraikin hauen handitzea burutzeko, adreiluak tokian bertan berrerabili ziren. Bigarren eskuko adreiluak ere Gretton herrian dagoen The Parchment Works (Will Gamble Architects) proiektuan edo Londresko Lexi Cinema-ren (RISE Design Studio) handitzean erabili ziren. Alemanian Ravensburg hiriko Kunstmuseum museoan (Lederer Ragnarsdóttir Oei), antzinako monasterio batetik berreskuratutako adreiluen berrerabilera interesgarria burutu zen, proiektuaren fatxadan eta museoaren estalkia osatzen duten gangetan (honi buruzko artikulua eskuragarri Arquitectura Viva aldizkarian). Polonian, Poznań hirian, aletegi zahar baten adreiluak berrerabili ziren Wrzeszcz Architekci bulegoak diseinatutako etxe baten fatxada osatzeko (artikulua ikusgarri Archdaily web-orrian).

Aurreko hauek, Europan burutako proiektuen adibideak dira, buztin egosiz egindako adreilu trinkoen stock-a nahiko handia den herrialdeetan. Hauetaz gain, Paraguaien, non adreilua material tradizionala den, kokatzen diren adreiluen berrerabilera adibideez hitz egin genuen (hemen eta hemen). Besteak beste, Yvapovo proiektua (Laboratorio de Arquitectura), Casa Esmeraldina edo Centro de Rehabilitación Infantil de la Teletón delakoa (Gabinete de arquitectura), Casa Ana (Mínimo Común Arquitectura), Casa Ilona eta Wf etxebizitza (Grupo Culata Jovái), Cerro Corá 2373 proiektua (Grupo Culata Jovái eta Arquitectava) edo Casa/Taller Las Mercedes (Lukas Fúster). Proiektu hauei Brasilen eraikitako Capela Ingá-mirim (messina | rivas) gehitu behar diogu.


Adreilu berrerabiliei buruzko informazio gehiago argitaratu da Rotor-en eskutik FCRBE proiektu europarraren barruan. Material hauei buruzko fitxa hemen jaitsi daiteke. Informazio osagarria Opalis web-orrian bertan. The Brick Development Association delakoak adreiluen balio-bizitzaren amaierari buruzko argitalpena ikus daiteke hemen. Baita Adreiluaren Federazio Belgiarraren argitalpena ere.

Reuse made in Paraguay – 2

Gabinete de arquitectura bulegoak, Laboratorio de Arquitectura eta beste batzuk hasitako bidea (honi buruz hitz egin genuen hemen), hainbat arkitekto gaztek jarraituko dute. Proiektu ezberdinen bitartez, Asunción hiriaren barruan edo handik hurbil kokatutako hiri-etxe luzexken birgaitze proiektuekin batez ere, material ekonomikoez eta artisau-teknikez zein berrerabileraz baliatzen jarraituko dute. Ikuspegi hau, teknologia baxuko arkitektura berritzailearen ardatz da. José Cubilla-k induskatutako lurrarekin burututako proiektuak adibidez, Equipo de Arquitectura-ren kideak inspiratu zituen, beraien bulegoa izango zen Caja de Tierra (2017) proiektua eraikitzeko. Bertan lur zapaldu edo tapialaren teknika berdina erabili zuten. Gainera, beira eta estalkiko lauzaren kofratze zura berrerabili zuten bertako ate eta leihoak fabrikatzeko.

Peak House (2019) proiektuaren orubearen hondeaketan berreskuratutako harriek, OMCM (Escritorio de Arquitectura y Urbanismo) bulegoa, haien proiektua berrikustera bultzatu zuten, materiala lehengai bezela erabiltzeko. Harri hauek, besteak beste, etxearen kanpoaldeko hormak egiteko erabilitako hormigoi ziklopeoan gehitu ziren. Arkitekto berdinek, Reforma Alas proiektuan (2021), sabai faltsu zaharra eusten zuen zura berrerabili zuten, pergola bat eraikitzeko. Eraispenetatik berreskuratutako hondakin kantitate handiak berrerabili zituzten batez ere, gero Fuelle Roga (2017) eraikuntza berrian integratzeko. Antzinako etxe honen birgaitzeak zati handi baten eraispena eskatzen zuen, baina bertatik ateratako hondakinak proiektua eraldatu zuten. Beste batzuek garatutako eraikuntza teknikak, modu estetikoagoan erabiltzerakoan, hormigoi ziklopeozko modulu prefabrikatuen mihiztatzea adibidez, hondakinak ondasun berri batean bilatuko dituzte, eta aldi berean, ondokoa lortzen dute: “eskulanean gehiago gastatu baina lehengaiak erostea saihestu”.

Mínimo Común Arquitectura bulegoak, beste birgaitze proiektu bat burutu zuen: Casa Ana (2016), landu gabeko itxura duen teknika honen erakustaldi berria. Arkitektoek, adreilu eta txintxor zeramikoak berrerabili zituzten horma berriak sortu eta etxearen barne-espazio berdiseinatzeko. Beraien hitzetan, adreiluzko horma tradizionalak eta hondakinekin egindako modulu prefabrikatuak honela eraikitzen dira, “existitzen zenaren aztarnak izan daitezen, eta berriaren eta zaharraren arteko elkarrizketa berria sortzeko aukera eman dezaten”.

Grupo Culata Jovái arkitektoen Casa Ilona (2013), adreiluen eta neurri txikiago batean txintxorren berrerabilera adibidea da: “horma bat, harrobia bat, materia erabilgarria”. Eraispenetatik berreskuratutako adreiluek berez eusten ez den fatxada osatzen dute. Bertan modulu prefabrikatuak eta horma tradizionalagoak nahasten dira, hondakin zeramikoz egindako hormigoi ziklopeozko lauza baten bidez bereiziak. Adreiluen berrerabilerari, ate eta leiho eta eraispenetatik berreskuratutako zurarenak gehitu behar zaizkio. Eraikuntza berrietako hormetan integratutako txintxorrak eta egitura berrikuntza, arkitektura berri honen klasiko diren arren, beste proiektu batzuetan, adreilu eta beste materialen berrerabilera tradizionalagoa burutzen da. Estudio Ciudad Nueva (2017) proiektuaren kasuan adibidez, arkitekto berdinek, eraispenetatik berreskuratutako materialak berrerabili zituzten. Vivienda Wf (2012) proiektuan berriz, adreiluak eta antzinako zurezko egitura berrerabili ziren tarte-solairua eraldatzeko. Arquitectava-ko kideei elkartutako Grupo Culata Jovái taldeko arkitektoak, beste birgaitze proiektu bat garatu zuten, Cerro Corá 2373 (2017). Bertan, lehendik zegoen eraikuntzaren kontserbazioa eta materialen berrerabilera uztartu ziren. In situ berrerabilitako adreiluez gain, beste hainbat material berrerabili ziren: teilak fatxadan lorategi bertikal bat sortzeko, egitura elementuak leihoburu moduan eta antzinako ateak lan-mahai moduan eraldatuak. Arquitectava taldeak bestetik, harrien mozketatik berreskuratutako hondakinak berrerabili zituen, basaltozko karga-horma baten parte gisa (honi buruzko artikulua Archdaily-n). Gainera, mozketan erabilitako diskoak etxearen sarrerako atean integratu ziren.

Lukas Fúster arkitektoaren Casa/Taller Las Mercedes (2012) proiektuak, aurrekoen berrerabileraren logika laburbiltzen du. Hain zuzen ere, esku-hartze hori “gutxieneko aurrekontu batekin egin behar zen, eta horrek materialak berreskuratzea, aurkitutako guztia berrerabiltzea eta birziklatutako baztertze materialak erabiltzea eskatzen zuen”. Honela, eraikin zaharraren birgaitze prozesuan, adreiluak, teilak, lauza zeramikoak eta armazoi-egitura zaharraren zati bat, eta baita leiho eta ateak ere berreskuratu ziren, dena bertan berrerabiltzeko. Armazoi-egitura berria, berrerabilerako ipe zurarekin eraiki zen eta leihoak beira zatiekin egin ziren. In situ berrerabilitako zura, bata bestearen gainean jarritako tako konprimituz egindako zutabea sortzeko erabili zen. Adreiluak, harlangaitz horma bat egiteko berrerabili ziren, eta beste proiektu batzuetan ikusi dugun logika berbera jarraituz, dekonstrukzio-berreraikitze prozesuaren ondorioz hondatutako aldea kanpora begira jarri zen, fatxaden animazio grafikoa ahalbidetuz. Beste proiektu batean, Plaza de nuestros sueños (2014), Lukas Fústerrek Centro de Desarrollo Comunitario Remansito komunitate-zentroak bultzatutako ekimenean lagundu zuen. Parte-hartze prozesuan, material berrerabili eta emandakoekin, joko eta altzariak egin zituzten. Hala nola, pneumatiko zaharrak edo zoladura egiteko erabilitako txintxor zeramikoak.

Proiektu horien guztien bitartez, alderdi sozialak faktore garrantzitsua izaten jarraitzen du. OCA bulegoa bereziki, honen adibide garbia da, bere ibilbidean zehar, garapen komunitarioko hainbat zentruen eraikuntzan lagundu baitu: Paz del Chaco (2014), Cerro Cora (2015) ou Capiatá (2016). Berrerabilera, gainera, helburu hauek lortzeko bidea izaten jarraitzen du. Vivienda Lui (2016) proiektuaren kasuan adibidez, baliabide ekonomiko ezak, arrazoizko materialen aukeraketan, palet zura, eta eraikuntza soluzioen erabakietan eragin zuen. Estalkiaren isolamendu termikoa ebazteko adibidez, aireztatutako estalki bikoitza diseinatu zen. Beste behin, proiektuen zentzuzko garapena, eraikuntza-berrikuntza eta material eskuragarri eta berrerabiliak batera doaz.

Paraguain berrerabiltzen duten arkitekto eta proiektu zerrendari, messina | rivas arkitektura bulego brasildarra gehitu diezaiokegu. Honen sortzaileak, aurretik aipatutako Gabinete de Arquitectura bulegoan lan egin zuten. Guadalupe Sappia arkitektarekin batera, tokiko material berrerabiliekin eraikitako kapera berriaren, Capela Ingá-mirim (2020, São Paulo, Brasil), egileak dira. Zolatutako bide zahar batetik ateratako 6000 harrirekin eraikitako hiru horma handik, kaperaren espazioa definitzen dute. Honetaz gain, eraikuntza zahar baten adreiluak berrerabili ziren. Bestalde, Casa Angatuba (2018, São Paulo, Brasil) etxebizitzaren birgaitze proiektuan, eraispenetatik ekarritako adreiluak berrerabili zituzten hormigoi ziklopeoan eransteko. Hain berritzailea den low-tech arkitektura honen klasiko handia!

Reuse made in Paraguay – 1

Paraguai, bere arkitektura berritzaileagatik eredu izaten ari da azkenaldian, nahiz eta Europan ikusten ditugun goi-teknologiako konponbideekin kontrajarrita egon. Datozen ingurumen eta gizarte aldaketek, eta gaur egun dugun etorkizun demokratikoaren nahiak, adibide horietan inspiratzera bultzatu behar gaituzte. Izan ere, adibide hauei forma ematen dieten mugak, gureak ere badirela ikus dezakegu. Material naturalak eta bertakoak erabiltzen dituzten teknologia txikiko egitura berrikuntzek, eta berrerabilerak, proiektu jasangarri eta demokratikoen alde jokatzen dute, oraindik ere landa-kultura handia duen eta Hego Amerikako hirugarren herrialde pobreena den honetan. Ideia nagusia, eskura dugunarekin asmatzaileak eta azkarrak izatea da. Horretarako, berrerabilera, arkitektura mota honentzat ezinbesteko tresna bilakatzen da. Solano Benitez eta Gloria Cabral-ek zuzentzen duten Gabinete de Arquitectura bulegoa, adibide isolatua izatetik urrun, arkitektura mota honen ordezkari nagusietako bat da. Adreiluak eta hormigoia nahasten dituen lana, Cartier Fundazioan erakutsia eta 2016ko Veneziako Bienalean saritua (gai honen inguruko artikulua Archdaily-n) izan zen. Proiektu esanguratsuenak beraien herrian bertan burutu dituzte.

Beraien lantokia ohiko prezioa baino zortzi aldiz baxuagoagatik eraiki zutenean, Gabinete de Arquitectura bulegoko arkitektoek, haien sen asmatzailea erakutsi behar izan zuten material merke eta berrerabiliak erabiltzerakoan, tartean hormigoia eta artisau adreiluak (gai honen inguruko artikulua Archdaily-n). Eladio Dieste arkitekto uruguaitarraren lanaren antzera (azken honen Cristo Obrero elizaren proiektua ikusgarri Archdaily-n), material hauen erabilera ez da oztopo arkitektura eta egiturarekin esperimentatzeko. Honela izan zen Casa Esmeraldina (2002) proiektuaren tolesturadun fatxadaren eraikuntzan. Panel prefabrikatuekin eraikia, adreilu berrerabiliekin egindako aparejuak, lortutako azalera maximizatzea eta behar diren adreilu kopurua murriztea ahalbidetu zuen, kosteak gutxituz. Apareju berdinarekin, Gabinete de arquitectura bulegoak, modulu prefabrikatuz osatutako beste sistema bat garatu zuen, kasu honetan triangulazioz muntatua. Hau, Centro de Rehabilitación Infantil de la Teletón (honi buruzko artikulua Archdaily-n) delakoaren sarrerako arku handi saretuaren eraikuntzan erabili zen. Zentruaren eraikin nagusian beirazko ate eta lauza zeramikoak ere berrerabili ziren, eta gainera tolesturaz osatutako fatxadaren ideia lantzen zuen.

Proiektu honetan adreiluak berrerabiltzen ziren arren, barneko arkuetako bat, eraispenetatik ateratako hondakin zeramikoz osatutako hormigoi ziklopearekin eginda zegoen. Triangulazioz edo tolesturen bidez mihiztatutako hormigoi ziklopeozko panel prefabrikatuetan integratutako adreilu edo txintxorren berrerabilera, Gabinete de arquitectura bulegoaren ezaugarri nagusi bilakatu zen horrela. Berrikuntza hauek, Quincho Tia Coral (2016, honi buruzko artikulua Archdaily-n) proiektuan ere aurki ditzakegu, non pergola, beira berrerabiliz eta batez ere txintxor zeramikozko hormigoi ziklopeoz osatutako modulu triangeluarrez eginda dagoen. Beste eskala batean, logika berbera erabili zen, Facultad de Arquitectura, Diseño y Arte (FADA) de la Universidad Nacional de Asunción (UNA) delakoaren handitze proiektuan. Fatxada osoa sistema saretuarekin eraiki zen. Beste hainbat proiektuetan ere, hormigoi ziklopeozko panel prefabrikatuak erabili ziren: TEXO Fundazioa (2017), BASA bankua (2018) eta geroago Pabellón de Composta de la Casa Wabi (Mexiko, 2020, honen inguruko artikuluak Dezeen web-orrian edo Arquine aldizkarian) delakoaren itxituran, lauza moduan lurrean kokatuak edo kableen bidez sapaitik eskegiak.

Paraguaiko panorama arkitektonikoaren beste figurek ere, Gabinete de arquitectura bulegoaren norantza berbera jarraitzen dute. Honela, Javier Corvalán eta bere Laboratorio de Arquitectura bulegoan, materialen berrerabilera eta berrikuntza arkitektonikora jotzen dute eraikuntza kosteak murrizteko. Sabaia, bere proiektuen elementu garestienetako bat da, eta arkitektoaren arreta erakartzen du. Casa Hamaca (2010) proiektuan adibidez, estalkia xafla metaliko uhinduz eta beste obretako soberakinetatik aterako zur aglomeratu taulaz eginda dago. Sabaia, adreiluzko bi horma inklinaturen artean zintzilikatua, hamaka forma ematen diote eta bertan aurkitutako harriz lastatua dago. Casa Umbráculo (2007) proiektuan, eraikuntza zahar baten birgaitzea, palet zurez egindako ganga formako estalkia gehituz burutu zen. Era berean, Yvapovo (2016), zurezko pergola batez estalitako adreiluzko pabiloia, hau ere gangaduna, eraispenetatik ateratako materialekin eginda dago (zura eta adreilua).

Lan egiteko beste modu bat, lehengai moduan, induskatutako lurra erabiltzea da. José Cubilla arkitektoak hauxe bera egin zuen Takuru etxebizitzan (2016), non erakintzaren bolumenaren %85a obran bertan erauzi den lurrez osatuta dagoen (ikusi artikulua Archdaily-n). Ur depositu gisa erabiltzen den hobi handi bat da, eraikuntzan erabiliko den lurra hornitzen duena. Beste batean, arkitektoak, harria erabili zuen partzialki hondoratua dagoen Pleasure Point etxebizitzan (2005, artikulua ikusgarri The Society Paraguay plataforman). Kasu batean zein bestean, material naturalen aukeraketak, bere ingurumenera ondo egokitzen diren proiektuetara darama. Lehenengoak, bistaratutako arroka dirudi eta besteak, aldiz, inguruko lurrez egindako eskultura. Ara Pytu etxebizitzan (2016) (ikusi artikulua Archdaily-n) erabilitako harria ez da bertan erauzten, baina, berrerabilera materiala da.

Berrerabilera adibide hauek ez dira kasu isolatuak eta Paraguaiko panorama arkitektonikoa bultzatzen duten baloreak islatzen dituzte. Bertako materialen erabilera, merkeak eta berrerabiliak, zein eraikuntza praktika konkretuen aukeraketa, eraikuntza kosteak murrizteko moduak dira batez ere, baina gainera, gizarte, kultura eta ingurumen-kezken berri ematen dute. Proiektu ezberdin hauek, estetika amankomuna dute, baina, estiloa soilik aipatzea, arkitektura hau ikuspuntu formal hutsera mugatzea litzateke. Ideia eta idealak defendatzen dituen mugimendua da batez ere. Honek arkitekto gazteen belaunaldia inspiratuko du, horietariko asko UNA-ko FADA-ko Taller E delakoan parte hartutakoak. Arkitekto gazte hauen eraikuntza berriak eta berrituak, kostu txikiko materialez eta artisau teknikekin egindako arkitektura berritzailearen ikuspuntua dute amankomunean.


The New York Times egunkarian 2020an argitaratutako artikuluak Paraguaiko arkitektura garaikidearen panorama interesgarria erakusten du. 2018an, Gloria Cabral arkitektoari Women in Architecture Moira Gemmill Prize saria eman ziotenean, The Architectural Review aldizkariak artikulua argiteratu zuen. Azkenik, Global Award for Sustainable Architecture 2021 sariak eman zirenean, Solano Benitez eta José Cubillak emandako hainbat hiztaldiren bideoak argitaratu ziren.

Baksteen

Berrerabilera adreiluz eraikitako eraikuntza garrantzia irabazten ari da, adreilua eraikuntza material nagusietakoa den herrialdeetan. Gaur egun, hala ere, material hau nagusiki estaldura moduan erabiltzen da eta berrerabilera adreiluek logika berbera jarraitzen dute. Egitura funtzio ezak, adreilu zaharrak proiektu berri batean integratzea erraztu dezake. Hala eta guztiz ere, horietariko askok adreilu berriek baino ezaugarri hobeak dituzte. Hala adierazi zuen BLAF architecten arkitektura-estudioak, Belgikan familia bakarreko etxebizitzak eraikitzeko egindako probetan. Belgikan, Flandrian bereziki, baksteen-a (adreilua nederlanderaz) tradizioz asko erabiltzen den materiala da. Ez da harritzekoa, hortaz, bigarren eskuko adreilu hornitzaile asko aurkitzea. Brick Wall City ikerketa-proiektuaren bitartez, BLAFeko arkitektoek, birmoldatze proiektuetan material horrekin lan egiten ohituak, adreilu berrerabilia aukeratu zuten, eta, gainera, jatorrizko egitura-funtzioa mantendu zuten. Beraz, harlangaitzezko horma kargakoa izango da!

Adreiluak berrerabiltzeko ikuspegi hori, praktikan jarri zen, Asse-n, dnA etxea eraiki zenean. Ideia nagusia, isolamenduaren inguruko estandar berriak, etxe tradizionalen eraikuntza erraztasunarekin eta hauek eskaini dezaketen egokigarritasunarekin konbinatzea zen. Beraz, dnA etxean elkarrekiko modu independentean funtzionatzen duten adreiluzko euste-hormak eta zurezko egitura arinago bat aurki ditzakegu. Adreiluzko hormek estalkia eusten dute, eta eraikinari inertzia termikoa ematen dioten arren, zurezko bilbadura egiturak barneko solairuak osatzen ditu eta isolamendu jarraia ahalbitzen du. Eraikuntza sistema hibrido honek, kaxa bat beste kaxa baten barruan, material bakoitza modu bereizi batean tratatzen ditu. Honela, ondoz ondoko geruzen bidez, eraikinaren balio-bizitza luzatzea lortzen dute, barrutik berritu daitekeelako, kanpoko itxura eraldatu gabe. Egituraren ikuspuntutik, angelu zuzen ugariek eta hormigoizko habe inguratzaileek, 50m3 berrerabilera adreiluz osatutako estalduraren egonkortasuna sendotzen dute. Sistema honen hautaketarako, estetika eta ingurumen alderdiak kontuan hartzeaz gaina, alde ekonomikoan onuragarria izan daitekeela frogatu zen.

Gentbrugge (Belgika) hirian burututako gjG etxearen proiektuan, arkitektoek berrerabilera adreiluz egindako euste-hormen inguruko esperimentuei jarraipena eman zieten. Proiektu honetan, adreiluzko hormaren egonkortasuna lortzeko angelu zuzenek erabili beharrean, zuhaitzez beteriko ingurunean uztartzen diren horma kurboak diseinatu zituzten. Beste moldaera bat jarraituz, kasu honetan barnealdeko adreiluzko azala estalkiaren euskarri bilakatzen da, kanpoaldeko adreilu azalak estaldura funtzioa duen bitartean. Bi adreilu azal hauen artean isolamendua kokatzen da. Isolamenduz beteriko ohiko horma hutsaren, adreiluzko harlangaitz lan aldaera honek, adreiluak galdutako lekua berreskuratzea ahalbidetzen du. Estaldurarekiko independentea den zurezko eta altzairuzko egiturak, solairuak osatzen ditu.

Proiektu hauetaz gain, BLAFeko arkitektoek adreilu-modelo berriak diseinatu dituzte. Adreilu hauek, arinagoak diren harlangaitz lan adreiluak ez bezala, horma trinkoak eraikitzeko aproposak dira. Aurreko erabiltzaileek utzitako adreiluak berrerabiltzen ditugunean, ez dugu ahaztu behar, etorkizuneko eragileentzat dena prest utzi beharra dagoela. Horretarako, kalitate handiko material iraunkor eta gogorren erabilera eta desmuntaketa eta denbora luze batez eraikinaren moldagarritasuna ziurtatzen dituzten eraikuntza sistemak erabili beharko ditugu. BLAF estudioko arkitektoek bi alde hauek lantzen dituzte, bai materialena, berrerabiliz eta adreilu mota berriak garatuz, eta baita eraikuntza sistemena ere, egitura-sistema bereiziak dituzten gainjarritako geruzen erabilera bultzatuz.


DnA etxeari buruzko informazio gehiago Opalis web-orrian. Belgikako adreiluaren federazioak (Fédération Belge de la Brique) hiru hileko aldizkaria argitaratzen du eta 2021ko iraileko aleak berrerabilerako adreiluez eta BLAF architecten-en bi proiektuei buruz hitz egiten zuen Briques de réemploi. Archdaily web-orrian proiektu hauei buruzko informazioa ere aurki dezakegu, hemen eta hemen.

Un nouveau musée

Mouscron (Belgika) hiriko folklorearen museo berriaren eraikuntza V+ arkitektura bulegoak proiektatu zuen eta bertan adreilu zaharrak berrerabiltzeko modu bitxia aurkitu zuten. Eraikin publikoetan artelanen integrazioa bultzatzen duen dekretuaren esparruaren barnean, Simon Boudvin artista frantsesak honako proposamena egin zuen : « museo berriaren hormetan adreilu zaharrak gehituko ditugu, hauen jatorriari buruzko informazioa bilduz ».

Museoaren eraikuntza, hiriaren historiaren lekuko izan diren eraikin asko desagertzear zeuden momentuan burutu zen. Kasu honetan aldiz, eraikinak eraikuntza material iturri bilakatu ziren : «lantegi, biltegi, langile-etxebizitzak, zinema, komentu, etxebizitza burges, kafetegi eta baserriak, museoaren fatxada hormak hornitu zituzten beraien adreiluekin». Modu honetara, erabilitako adreiluak museo-objektu bilakatzen dira hauen jatorrizko funtzioa mantenduz. Museoa hiri-sarean integratzen da eta adreilu zahar eta berriak horman nahasten dira aparejua jarraituz. Berrerabilitako adreilu proportzioa %25ekoa da. Erabakia bulego teknikoak hartu zuen : adreilu zahar eta berrien konbinazioak, berrerabilerak proba eta egonkortasun kalkuluetan duen impaktua mugatzen du. Guztira proiektuan 28500 adreilu berrerabili ziren, 34 m³ gutxi gorabehera (iturria Opalis).

Eraikina dilatazio-junturen bidez banatutako bolumenez osatuta dago. Bolumen bakoitzak, tamainaren, hauen hormetan erabilitako adreiluen edo barruan ikusgarri dauden obren arabera, aktibitate konkretu bati egiten dio erreferentzia, eta beraz eraikin konkretu bati. Berrerabileraren dimentsio kulturalak garrantzitsua dirudien arren, honek ez du militante edo luxuzkoa izan nahi. Hormak, karez zurituak daude eta berrerabilitako adreiluak hauen azalera latzak bereizten ditu.

Adreiluen bilketa, hauen txertaketa museoaren hormetan eta honen inguruan Simon Boudvin artistak burututako dokumentazio lanari esker, proiektuari buruzko liburua argitaratu zen. Bertan burututako lana deskribatzen da, museo berria eta adreiluen jatorri ziren eraikinak. Artikulu honen izenburua eta zitazioak liburu honetatik ateratakoak dira : Simon Boudvin, (2018), UN NOUVEAU MUSÉE, Accattone eta MER. Paper Kunsthalle.

Déconstruction d’une cheminée d’usine

Lantegia eta bere tximinia (irudi adierazgarria) – Aubervilliers hacia 1900, France (Public Domain)

« La Nature » astekari frantsesak, zientziak artearen munduan eta industrian dituen aplikazioei buruzko aldizkariak, fabrika-tximinia baten dekonstrukzioaren kronika argitaratu zuen 1884an. Tximini honen desmuntaketa, hau osatzen zuten materialak berreskuratzeko egin zen.

«Lantegi baten tximiaren eraispena kondizio zehatz batzuetan burutu behar da, handik ateratako materialak berrerabiliak izan daitezen, inguruko eraikuntzek bertaratzea zailtzen duten arren. Hau izan zen MM. R. M. et J. Bancroft-ek konpondu zuten arazoa (…)» (aldizkariaren laburpena Adokin-ek itzulia).

Idatzia eskuragarri dago hemen frantsesez: Conservatoire numérique des Arts et Métiers (Cnum), p.382. Bertan adreiluak tximiniaren barrualdetik jeisteko erabilitako prozesu teknikoa deskribatzen da. Helburua hauen erorketa moteltzea zen, eta horretarako, airearen konpresioa ahalbidetzen zuen pasabide bertikalez osatutako sistema bikoitza eta ate elastikodun kutxa eraiki zituzten. Adibide honetan, dekonstrukzio arduratsu eta zorrotz baten ideia aurkezten da, inguruko eraikinak eta berreskuratutako materialak babestu ahal izateko.

Sanitary block with reused materials

Belgikan, materialen berrerabilpenaren arloan oso aktiboa den Rotor diseinu kooperatibak, adreilu gorrizko antzinako abeletxe bati itsatsitako sanitate-ekipamendu bloke baten proiektua garatu du bertako gazte-talde batentzat (le Chiro d’Itterbeek). Dilbeek herrian kokatuta, Bruselaren hiri-periferian, proiektua ere adreilu gorriz eraikia izan da lehendikako eraikuntzarekin integratzeko. Tamainaz xumea izan arren, proiektua eredugarria da. Handitzearen eraikuntzan erabilitako materialen herena bakarrik dira berriak! Berrerabilpeneko eta amaitutako obretan sobratutako materialak erabili dituzte obra handirako nahiz akabera lanetarako. Rotor-ek horrelako proiektu bat posible dela erakutsi nahi izan du, berrerabiltze-prozesua zailtzen duten balazta ezberdinak identifikatuz, dokumentazio eta komunikazio lan baliotsu baten bidez.

Agente ezberdinek erakutsitako beharrezko inplikazioa azpimarratzekoa da. Lehenik eta behin, bazkide komanditarioa Dilbeek-ko udala, bestetik obraren kargu Coopérative de Construction AUTREMENT eraikuntza kooperatiba ekoeraikuntzan eta berrerabilpenean oso aktiboa eta azkenik jatorri ezberdineko material hornitzaileak: Rotor; Franck adreiluen desmuntaian, garbiketan eta birsalmentan espezializatuak; Bouwstocks berrerabilpeneko material denda; Gebruiktebauwmaterialen eraispen enpresa baten material salmentarako plataforma; Croisade Pauvreté boluntarioekin bigarren eskuko materialak prezio onean saltzen dituen irabazi-asmorik gabeko erakundea; gertuko obra pribatua.

Hemen behean proiektuan erabilitako berrerabilpeneko eta amaitutako obretatik berreskuratutako materialen zerrenda (informazio iturria Opalis):

  • 2,7 m³ paramentu adreilu;
  • 6,7 m³ hormigoi bloke;
  • estalkirako zurezko egitura;
  • 20 m² teila;
  • 29 m² hormako isolamendua, 14 m² zorurako isolamendua, 20 m² estalkirako isolamendua;
  • 3 baoburu, 4 ate edo leiho;
  • 14 m² zeramikazko lauza;
  • 8 tresna sanitario;
  • 5 lanpara;

REBRICK

San Francisco Earthquake of 1906, Cleaning bricks – George Williford Boyce Haley – National Archive at College Park (Public Domain)

2011 eta 2013 artean garatutako REBRICK (Market uptake of an automated technology for reusing old bricks) proiektu europearraren helburua, buztin erre adreilu zaharren berrerabilpena bultzatzea zen. Gamle Mursten empresa dinamarkarrak, adreiluetatik hormigoi eta zementu hondakinak kentzeko sistema mekaniko automatizatua jarri zuen martxan. Proiektua, Europar Batasunaren Eco-Innovation programaren bidez kofinantziatua izan zen eta helburua berrerabilpenaren oinarri hauek Europan zehar zabaltzea zen, eskualde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta. Kalkuluen arabera, berrerabilitako adreilu bakoitzeko 0.5kg CO2-ko ingurumen-onura lortu zen!


Proiektuari buruzko informazio gehiago:

REBRICK European Commission

Residuos Profesional