Assemble – 2

Artikuluaren lehenengo zatian aipatutako hormigoizko artisau-lauzaduraren esperientziaz gain, Assemble-k mota honetako beste hainbat garatu ditu. Liverpool-en Granby Workshop, zeramika fabrikatzen duen lantegiaren barnean, kolektiboak makina bat esperimentazio burutu ditu bertako artista, artisau eta auzoko biztanleekin elkarlanean. Enpresa sozial honek eskuz lantzen diren produktuei buruzko ikastaroak ematen ditu eta enplegua eta sorkuntza bultzatzen ditu. Assemble-rekin batera Granby Four Streets auzoaren birgaitze komunitate-proiektuaren parte dira. Auzoa biziki suntsitua izan zen bertan burutu ziren eraispenen ondorioz eta gaur egun viktoriar garaiko etxez osatutako lau kale soilik geratzen dira. Proiektua biztanleek garatzen dute Granby Four Streets CLT, Community Land Trust-aren bidez, eta beraien helburua utzitako etxeak berreskuratzea da. Kontextu honetan, Assemble-k, bi etxeren eraldaketa lanetan parte hartu du hauek lorategi estalietan bilakatuz (Granby Winter Garden), hainbat etxeren berrikuntzan lan egin dute (10 Houses on Cairns Street), eta aipatu bezala Granby Workshop lantegia sortu dute.

Graby Workshop-ak burututako lehen produktuak berritutako etxeentzako fabrikatu zituzten: bainugeletarako lauzadura, ateentzako kirtenak, tximinietarako estaldurak… Beste batzuk aldiz, salgai jarri zituzten lantegiaren web-orrian, eta lortutako irabaziak berreraikitze lanetarako erabiliko ziren. Birziklatze eta berrerabiltze prozesuen artean kokatzen ziren lan hauetan erabilitako materialak bertakoak dira, gehienetan utzitako etxeetatik ateratakoak. Adreilu, arbel edo harri zatiak hare eta zementuarekin moldekatzen ziren ondoren leundu eta objektu berrietan eraldatzeko. Adreiluak eta zur zatiak oihaletarako motibo sorkuntzan erabili ziren.

Esperimentazio hauen ostean, 2018an, Assemble eta Granby Workshop-ak Veniziako 16. Arkitektura Bienalerako pabilio zentralaren lauzadura garatu zuten. Milaka artisau lauzez osatutako instalazioa The Factory Floor izenpean aurkeztu zen. Lauza hauen fabrikazio prozesua encaustic clay tiles deituriko teknika tradizioanala jarraitzen du. Buztinezko lauzak ez dira esmalteztatzen eta gainazalean ikusten diren kolore eta motiboak masan eratzen dira, kolore ezberdinetako buztin zatiak presio altuko molde batean nahastuz. Prozedura honen bidez erresistentzia paregabeko lauzak sortzen zituen, horman zein lurrean, barruan zein kanpoan erabilgarriak zirenak. Muturreko erresistentziak lauzen desmuntaketa eta berrerabilera errazten zituen, Bienalaren amaieran gertatu bezala. Lauzak desmuntatu eta berrerabiliak izan ziren, berriz ere Venezian, lorategi publiko batean (Laguna Viva).

Assemblek objektu eta materialen artisau-fabrikazioaren inguruan erakusten duen interesa hainbat proiektu eta erakusketetan ikus daiteke. BBC-k emandako irrati-dokumentalaren (The Sympathy of Things), tituluari erreferentzian, kolektiboak erakusten duen “gauzekiko begikotasuna”, lanarekiko, ondare sozial eta kulturalarekiko atxikimendua izango dira akaso, erabil eta botatzearen sorgin-gurpiletik aterako gaituen jarrera, kontserbazioa eta berrerabilera bultzatuz!