Berrerabilera erakusketa ezberdinen jomuga izan da azken urteetan, bai gai honen inguruko erakustaldietan zein ingurumen, gizarte eta ekonomi krisi kontextuan garaturiko eraikitze modu berriei buruzkoetan ere.
Ezagunenetakoa Frantzian burututako Matière grise erakusketa da, 2014a geroztik martxan dena. Pavillon de l’Arsenal zentruak babestua, Encore Heureux taldeko arkitektoak izan dira erakusketaren komisarioak. Erakusketak materia gris gehiago eta lehengai gutxiago erabiltzeko gonbitea zabaltzen du. Horretarako munduan zehar garatutako hirurogeita hamabost berrerabilera proiektu aurkezten dira, praktika honen ahalmena azpimarratzeko. Erakusketa ibiltaria da orain eta Frantziako eta atzerriko hainbat leku bisitatu zituen. Besteak beste Bartzelona eta Madrilgo arkitektoen elkargoak (COAM) 2017an edo Angelu hiria 2019an.
Bruselan 2019an La Loge espazioan garatutako Rotor belgiarren Life under a Cherry Tree erakusketak dekonstruzioetatik ateratako materialak eta berrerabileraren inguruko hausnarketa aurkeztu zituen. Erakusketa hau aurretik egindako beste hainbaten jarraian egin zen : Deconstruction (Lieja 2015), arc en rêve centre d’architecture-k aurkeztutako constellation.s erakusketaren barruan burututako Deconstuction (Bordele 2016), lauza zeramikoei buruzko Ceramic tiles (Hasselt 2017), Behind the Green Door arkitektura jasangarriaren inguruko erakusketa (Oslo Architecture Triennale 2013) edo Usus/usures materialen higadurari buruzkoa pabilioi belgiarreko protagonista izan zena (Biennale di Venezia 2010).
Lendager Group enpresa daniarrak Wasteland erakusketa aurkeztu zuen Danish Architecture Centre delakoan 2017an (honi buruzko artikulua irakurgarri Archdaily arkitekturari buruzko aldizkari digitalean).
Assemble ingelesen lana Vienako Architekturzentrum (Az W) entitateak antolatutako How we build erakusketan aurkeztu zen 2017an. Basilea hiriko Mussée Suisse d’Architecture-k (S AM) Baüburo in situ suitzarren lana Transform erakusketaren barruan aurkeztu zuen 2018an eta duela gutxi Graz hiriko Haus Der Architektur (HDA) zentroan egindako erakusketa baten parte izan da, Material Loops deiturikoa. Bertan berrerabilera materialen inguruko lan praktiko eta teorikoak bildu dituzte. Tartean proiektu alemaniar, austriar eta herbeheretarrak, Superuse Studio kolektiboarenak kasu.
Matière Grise erakusketa liburu batean bildu zen, Pavillon de l’Arsenal-ek berrargitaratua izan dena, hemen eskuragarri.
K 118, in progress, Winterthur (Swiss) – Stiftung Abendrot (Project owner) – Baubüro in situ (Design) – photography by Martin Zeller (courtesy of Baubüro in situ)
Baubüro in situ arkitektura bulego suitzarrak antzinako lantegi baten eraldaketa proiektua garatu du, Winterthur-en Lagerplatzareal-en kokatzen den Kopfbau 118 eraikina. Bertan tailerrak eta lan-espazioak diseinatu dituzte jatorrizko egiturari hiru solairu gehituz. Tailerrak solairu bakoitzean sukalde komun baten inguruan kokatzen dira eta galeria eta komun batez osatutzen dira. Lantegi hauek igogailu eta eskailera bitartez dira irisgarri. Lysbücherareal proiektuaren kasuan bezala, arkitektoek urban mining kontzeptuaren printzipioak aplikatu dituzte eraikinaren hedapena berrerabilitako materialekin burutzeko, honek proiektuaren aurrekontuan eraginik izan gabe. Material berrerabiliak, guztira proiektuan berrerabiliak izan zitezkeen materialen %58a izan dira. Praktika honen bidez, material berrien erabilerarekin konparatuz gero, berotegi-efektuko isurtzeen %55ko gutxitzea lortu da, 500 t CO2 baliokide!
Proiektu honetarako beharrezko materialen bilaketa altxorraren bila jokoaren modukoa izan dela esan dezakegu. Horretarako Suitzako eraikuntza-lan ezberdinak bisitatu eta eraiste-baimenak arakatu dituzte. Identifikazio-zenbaki eta biltegiratze-pasaporte baten bidez, bertan aurkitutako materialak dimentsionatu eta inbentariatu dituzte, ondoren proiektuan izango zuten lekua argi markatuz. Dokumentazio-lanaz gain, material asko gaur egun indarrean dauden arauetara egokitu behar izan dira. Berrerabilerako leihoen kasuan adibidez beira-bikoitza gehitu behar izan da. Proiektuaren elementu guztiak ezagutzen ez ziren arren, fatxaden kolorea kasu, eragile publikoek malgutasunez jokatu dute eraikitze-baimena emateko.
Berrerabilitako elementu nagusiena, solairu berrietan erabilitako altzairuzko egitura da, Basileako Lysbücherareal-en kokatzen zen banaketa-gune zahar batetik ekarritakoa. Bere jatorrizko forma angeluzuzenak ez zuen eraikinaren forma trapezoidalarekin kointziditzen eta arazoa hegal baten bidez ebatzi zen. Altzairuzko egitura hormigoizko geruza batez estali zen suteen kontrako babes-arautegia betetzeko. Elementu metaliko ezberdinen arteko konexioak aldiz, morteroz estali dira hauen desmuntaketa eta berrerabilera errazteko. Proiektuan berrerabilpenaz gain beste praktika jasangarriak erabili dira, besteak beste, birziklatzea, hormigoi birziklatuz egindako euste hormen kasuan, edo material naturalak erabiltzeko teknika tradizionalak. Eraikinaren kanpo-estaldura zati handi batean berrerabilerako leiho eta txapa metalikoz osatuta dagoen arren, leihoak inguratzeko lastoz estalitako bigarren mailako zurezko egitura erabili da.
K 118 (facade mock-up), in progress, Winterthur (Swiss) – Stiftung Abendrot (Project owner) – Baubüro in situ (Design) – photography by Martin Zeller (courtesy of Baubüro in situ)
K 118, in progress, Winterthur (Swiss) – Stiftung Abendrot (Project owner) – Baubüro in situ (Design) – photography by Martin Zeller (courtesy of Baubüro in situ)
Baubüro in situ bulegoaren proiektuak Zürcher Fachhochschule (ZHAW, Zürich Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea Winterthur-en) eskolako hogei bat ikasleren parte-hartzea ahalbidetu du. Ikasleek, K 118 eraikinarentzako etorkizuneko proiektu bat imajinatu behar zuten berrerabilpeneko hainbat material erabilita. Honetaz gain, urban mining prozesuan parte hartu ahal izan dute. Ikasleen eta Baubüro in situ bulegoaren lana, 2018an Basilean kokatzen den arkitektura museo Suitzarrean garatutako “Transform” (S AM) erakusketan ikusi ahal izan zen “Bauteilrecycling” izenpean eta 2019an ZHAW-ko arkitektura sailean ere aurkeztu zen. Bertan arkitektoek burututako urban mining prozesua azaltzen zen eta hainbat berrerabiltze material eta 1:1 eskalan eraikitako fatxadaren zati bat ikus zitezkeen.
Jarraian, proiektuan erabilitako berrabiltze-materialen zerrenda:
15 urte inguruko hainbat solairu osatzeko moduko altzairuzko egitura, Basileako banaketa-zentro zahar batetik ateratakoa;
Pertsiana, sabai-leiho eta leihoak (Winterthur eta Zürich);
Aluminiozko txapa metaliko gorriak, fatxadan erabiliak eta inprenta zahar batetik ateratakoak (Winterthur);
Altzairuzko kanpoko eskailera, bulego-eraikin zahar batetik lortua (Zürich) eta eskailera barandak;
Galeriatan erabilitako granitozko lauzak, bulego eraikin batetik ateratakoak (Zürich);
Hainbat ate, tartean sarrera nagusian erabilitako beira masibo eta aluminiozko atea (Zürich);
Zurezko zoruak (Winterthur) eta zur trinko oholak tabike gisa erabiliak;
Hamar bat urteko instalazio fotovoltaikoa;
Berogailuak;
Dimentsio ezberdinetako adreilu eta blokeak;
Instalazio eta elementu sanitarioak;
Armairuak.
Testu hau, 2020ko maiatzean Der Landbote eta ekainean Baublatt egunkarietan alemanez argitaratutako bi artikulutan oinarritzen da, Baubüro in situ web-orrian eskuragarri. Bestetik, Tracés aldizkari suitzarrean argitaratutako artikuluan ere oinarritzen da, eraikuntzaren kulturaren inguruko espazium.ch espazio numerikoan ikusgarri.
ELYS, Lysbüchel Site (facade mock-up), Basel (Swiss) – Immobilien Basel-Stadt (Project owner) – Baubüro in situ (Design) – photography by Martin Zeller (courtesy of Baubüro in situ)
Bâle-Ville Kantoian kokatutako Lysbüschel hirialdea, duela gutxirarte supermerkatu-kate baten produkzio eta banaketa gune izan zena, eraldaketa prozesuan dago VoltaNord hirigintza-jarduketaren barruan. Promozio honen helburua, funtzio berriak ekartzea da, horien artean bizitoki berria sortzea. Auzo berri honen bihotzean, 2020ko udazkenean zabalduko den ELYS kultur eta artisautza zentroa kokatzen da. Eraikina 1982an eraiki zen eta okindegi industrial eta banaketa-zentro bat zen. Eraikinaren birmoldaketa prozesu honen atzean, birgaitze eta berrerabiltzean oso aktiboa den Baubüro in situ arkitektura bulegoa dago.
Berrerabilpena eta tokiko materialak erabiltzearen aukera, aurretik egindako ikerketa, biltegiratze eta dekonstrukzio lan sakonaren ondorioa da. Gainera, proiektuaren sortze-prozesua eta diseinua aurkitutako materialen araberakoa izango dira. Agintari, sustatzaile, bulego tekniko eta erabiltzaileen arteko lankidetza estua beharrezkoa izan da proiektua gauzatzeko. Arrazoi urbanistikoengatik, eraikinaren luzera laburtu egin behar izan da ekialdean eta ondorioz sortu den hutsunea fatxada berri batekin bete dute. Atari bat eta bi handitze burutu dira estalkian argia eraikin barrura eramateko. Ekialdeko fatxada berria eta atariarena, jatorrizko eraikinean egin diren eraldaketa nagusiak dira eta bertan berrerabilpenaren bidez eta stock soberakinetan lortutako materialak erabili dira.
1000m² fatxada berria burutzeko, zurezko modulu prefabrikatuak erabili dira. Horretarako, %40a inguruan bildutako berrerabilpeneko zura eta %60a Suitzako basoetakoa, itsatsitako zur ijeztu habeak sortzeko erabili dira, eskakizun tekniko guztiei erantzunez. Habe horiek 9 metroko altuera izan dezaketen fatxadako moduluen egitura konpartimentatuak eraikitzeko erabili dira. Eraikuntza sistema honek eskaintzen duen malgutasunak, inguruko fabrikatzaileen stock soberakinetatik aterako itxura, dimentsio eta osagai ezberdinak dituzten leihoen integrazioa ahalbidetu du. Leiho hauen batez besteko prezioa, garraioa eta biltegiratzea barne, 290 franko suitzarrekoa (270 €) izan da, leiho berri baten prezio baino merkeagoa. Hala ere, fabrikatzaileek ez zuten berme-ziurtagiririk eskaintzen eta horregatik aurreztutako dirua konponketa funts bat sortzeko erabili da. Leihoak instalatu ondoren, zurezko moduluak zuntz eta berrerabilpeneko arroka-ile isolamendu zatiz bete dira. Eraikinaren kanpoko estaldura nerbiodun xafla metalikoz osatuta dago, grisak estalkiaren handitzean eta berdeak fatxadako moduluetan, gehienak jatorrizko eraikinean bilduak.
ELYS, Lysbüchel Site, Basel (Swiss) – Immobilien Basel-Stadt (Project owner) – Baubüro in situ (Design) – photography by Martin Zeller (courtesy of Baubüro in situ)
Jarraian proiektuan erabilitako berrerabilpen materialen zerrenda:
2000m² nerbiodun xafla metalikoak eraikinaren estalduran erabiliak. Horietatik 1500 m² ondoko lantegi batean berreskuratuak;
Inguruko 12 fabrikatzaileren stock soberakinetatik lortutako 200 leiho ezberdin;
150 m³ zur, lantegi baten egituratik aterata, itsatsitako zur ijeztu habeak egiteko erabilia;
150 m³ arroka-ile isolamendua;
Berokuntza zentral instalazio zahar batetatik berreskuratutako metalezko saretak, leiho batzuen baranda gisa erabiliak;
Sprinklers ihinztagailu instalazio batetik lortutako hodiak, kanpoko bankuen euskarri moduan erabiliak;
Eraikinaren jatorrizko estalki lauean desmuntatutako hormigoi lauzak.
Testu hau, besteak beste, Baubüro in situ-k “Umbaukultur” liburuan egindako ekarpenean oinarritzen da. Ingeleseko bertsioa eskuragarri dago beraien web-orrian. Halaber, Tracés aldizkari Suitzarrean argitaratutako artikulu batean ere oinarritzen da, eskuragarri eraikuntzaren inguruko kulturari buruzko espazium.ch espazio digitalean.