TYIN tegnestue – 2

Tokiko testuinguru espezifikoa funtsezkoa da TYIN tegnestue Architects bulegoaren ikuspegian. Testuinguru geografiko, sozial eta kulturalaz ari gara, baina erabilitako teknika eta materialek ere, berrerabiliak edo ez, eraikin baten nortasuna moldatu dezakete. Hau gertatzen da arkitektura bulegoak Asian eraikitako proiektuetan, baina berdin gertatzen da beraien herrialdean egindakoetan ere. Norvegian, TYIN tegnestue bulegoak berrerabileraren bitartez, zurez eraikitzeko tradizioa nabarmentzen du. Eraikuntza mota berezia da, adibidez, 2014. urtean Trondheim-ko aeroportuko denda batean enborrekin burututako barne-diseinu proiektua. Enborrak lortzeko, eraitsiko zen XIX. mendeko etxe bat desmuntatu eta partzialki berreraiki zen, pieza hondatuenak alde batera utziz. Enbor horietako batzuk, moztu ondoren hormetan estaldura gisa erabili ziren.

2011an, Aure herrian burututako proiektuan, arkitektoek txalupentzako estalpe bat bereganatu zuten. Kasu honetan bereziki hondatua zegoen eraikina, funtzio ludikoak izango zituen eraikuntza berri batek ordezkatuko zuen.Proiektua, berrerabilera nabarmentzeko aukera berri bat izan zen. Honela, eraikuntza zaharraren materialen parte bat lekuan bertan berrerabili zen. Zehazki, zur oholak barne-estaldura osatzeko erabili ziren eta kanpo-estalduran, aurreko eraikinean estalkia osatzen zuten metalezko txapak erabili ziren. Metalezko errail zahar batzuk, gainalde baten euskarri gisa erabili ziren. Berrerabilitako material hauei inguruko baserri batean berreskuratutako leihoak gehitu zizkietan. Eraikin berriaren egitura-sarea leiho hauen dimentsioen araberakoa zen. Berrerabilitako materialek honela, proiektuaren diseinuari laguntzen diote, honen eboluzioa ahalbidetuz. Berriz ere, berrerabilerak, diseinuaren logika beste modu ezberdin eta berri batean pentsarazten gaitu.

TYIN tegnestue – 1

Duela gutxi lan egiteari utzi dion, TYIN tegnestue Architects arkitektura bulego norvegiarra, arkitekturaren ikuspegi berezia izateagatik ezaguna zen: ikasle eta tokiko komunitateak nahasten dituzten proiektu txikiak, artisautza eta berrerabilerarekiko zaletasuna. Honezkero, hemen hitz egin dizuegu berrerabilera materialak erabiltzen zituzten arkitektura eskoletako ikasleekin burututako partaidetza-proiektuei buruz. Agentziaren ibilbide profesionalean zehar, hainbat proiektu garatu zituzten, bereziki Asian, egoera prekarioan dauden komunitateentzat eta haiekin elkarlanean. Proiektu bakoitzaren testuinguruaren arabera, artisau-tekniken eta bertako materialen erabileraren aldeko apostua egin zuten, baliabide gabeziari erantzunteko. Gainera, biztanleek, proiektuen jarraipenean parte hartu ahal izan zuten. Horrela, bizilagunek, eraikinaren jabe egingo ziren, proiektuak, eraikuntzaren alde teknikoa eta sortutako dinamika soziala eredu izan beharko zituen bitartean. Logika hau jarraituz, berrerabileratik lortutako materialak tokiko baliabide merkeak kontsideratzen dira, zura eta lurra bezala adibidez, eta proiektuari forma ematen laguntzen dute.

Honela, CASE Studio Architects bulegoarekin batera 2009an Bangkok-en (Tailandia) eraikitako Old Market Library proiektuak, neurri handi batean, biztanleen partaidetza ahalbidetu zuen. Proiektu honetan, merkatu zahar baten zati bat liburutegi bihurtu zuten eta arkitektoen ezagutzak praktikan jartzeko aukera izan zen tokiko material ekonomikoen erabileraren bitartez, berrerabilerako materialak barne. Berrerabilitako zurezko kaxak adibidez, liburuentzako apalategi bilakatu ziren eta barne-estaldura, inguruetan jasotako zur elementuz osatuta zegoen. Solairutarte txiki baten zurezko egitura eraikitzeko elementuak aldiz, bigarren eskuko denda batean erosi ziren, kalitate hobeagoko zura lortu nahi izan zutelako. Proiektu honek, eta ez da bakarra, berrerabilera, komunitateentzako irtenbide ekonomiko eta arduratsua izateaz gain, sorkuntza teknikoa eta estetikoa suspertu dezakeela erakusten du.

Reuse at school

Lehenago artikulu honetan aipatutako BRIC eta MØDÜLL proiektu belgikarrak, berrerabilera eta formakuntza uztartzen dituzte, eta bereziki eraikuntzarekin erlazionatutako ofizio teknikoetako ikasleei zuzenduda daude. Beste proiektu batzuk berriz, arte eta arkitektura eskoletako ikasleei bideratuta daude. Jarraian, berrerabilerarekin esperimentatzeko forma antzekoa duten proiektu ezberdinak aurkeztuko dizkizuegu:

  • Rural Studio, School of Architecture, Planning and Landscape Architecture of Auburn University (Alabama, EE. UU.) unibertsitatearen sortze-gauzatze programa bat da. Helburua, ikasleak arkitektura proiektuen testuinguru sozialaren inguruan sentsibilizatzea, eta aldi berean, kolektibo zaurgarrientzako eraikinak egitea da. Mila ikasle inguruk 200 proiektu ezberdinetan parte hartu dute, tokiko material merkeei lekua eginez, horietariko asko berrerabiliak.
  • RAKE erakusketa espazioa (RAKE Visningsrom), 2011ean, Trondheim, Oslo eta Bergen-ko arkitektura eskolako ikasleek eta ikasleentzat egindako tailer baten emaitza da. 2014ean, pabilioia tokiz aldatu zen, materialen berrerabilera agerian jarriz. Fatxadaren kanpoko azala osatzeko, leiho berrerabiliak erabili ziren. Proiektu honen inguruko artikulua ArchDaily web-orrian irakur daiteke.
  • TYIN Tegnestue bulegoko arkitektoak, aurretik RAKE erakusketa espazioaren eraikuntza prozesuan parte hartu zutenak, ikasle askorekin lan egiteko ohitura zuten haien proiektuetan, tokiko materialak eta material berrerabiliak integratuz. Halaber, proiektuetariko asko bertako komunitateekin kolaborazio estuan garatu ziren, Asian batez ere, baina baita Europan ere. Porto Marghera proiektua adibidez, 2013an Venezian, Iuav-ko (Veneziako unibertsitatea) ikasleen laguntzarekin burutu zen. Proiektua, aurreko urteko Arkitektura Bienaleko Kanadaren pabilioitik ateratako zurarekin eraikitako egitura multzoa zen. 2013an Lista-n (Norvegia), Tecnológico de Monterrey-ko, Puebla (México) eta NTNU-ko (Norges teknisk-naturvitenskapelige universitet, Norvegia) ikasleek guztiz itzulgarria zen zurezko pabilioi (Lyset paa Lista) baten garapenean parte hartu zuten.
  • Santiago Cirugeda arkitekto sevillarrak, Recetas Urbanas arkitektura bulegoaren bitartez, autoeraikuntza, autogestioa eta esperimentazioa sustatzen ditu herritarren partaidetza eta jabetze logika jarraituz. Bere gai gustokoenetako bat materialen berrerabilera da eta bere proiektuetan ikasle ugarik parte hartu dute. Honela, 2004ean, material berrerabiliak erabiliz eta Granadako unibertsitateko ikasleen laguntzarekin, Aula Abierta espazioa eraiki zen. Geroago, 2012an desmuntatua eta Sevillan berreraikia izan zen. 2016an, Madrilgo Diseinuko Goi Eskolaren handitzea inauguratu zen, ikasleen lanari esker ikasle eta irakasleentzat pentsatua. La Escuela Crece proiektua eraikitzeko erabilitako materialen %85a berrerabilia da.
  • Frantzian, duela 15 urte sortutako Bellastock festibalak, urtero 1:1 eskalan egindako hiri iragankor baten sortzea proposatzen die arte eta arkitektura eskoletako ikasleei. Festibala, izen bereko arkitektura kooperatibak sortu zuen. Esperimentuak, besteak beste, materialen berrerabilerarekin lotura dute. Festibala atzerrian ere garatu zen, Madrilera iritsi zen, 2012an, 2013an eta 2014. urtean, Madstock taldearen gidaritzapean.
  • Frantzian, Pôle 21 hezkuntza-proiektuaren eta ENSA (École Nationale Supérieure d’Architecture) Marseillako bere irakaskuntzaren esparruan, Marc Huygen, “La poubelle et l’architecte – Vers le réemploi des matériaux” liburuaren egilea eta 2009an abian jarri zen berrerabilerarako sare europarraren bultzatzaileetako bat, material jasangarri edo berrerabiliak erabiltzen dituzten esperimentuetan parte hartu zuen. ENSA Marseille eta UGA (Université Grenoble Alpes) Grenoble-ko, eta geroago ENSA Grenoble-ko ikasleak materialen bilketan eta autoeraikuntzan jardun ziren Barjols herrian, eta duela gutxi, Correns eta Eurre herrietan. Informazio gehiago lortzeko, Plaine page edizioek argituratutako “Pôle 21 – 2 ans de réemploi à Barjols” obra kolektiboa edo UGA-ren web-orrian ikus daitekeen artikulua kontsulta daitezke. Lehendik, 2010tik 2012ra, logika berdina jarraituz, Jean-Marc Huygen-k hainbat ikaslek lagunduta, antzinako tabako fabrika batean burutu ziren esperimentuetan parte hartu zuen, Friche la Belle de Mai (Marseilla). Honi buruzko informazio gehiago aurki daiteke web-orri honetan.
  • Arkitektura eta ingeniaritzako ikasleentzat eraikuntzan berrerabileraren hastapen gisa, NA architecture (Francia) agentziak ikuskatuta, bizikletentzako aterpeen bi propotipo burutu eta aurkeztu ziren Grenoblen.
  • Cyrille Hanappe (AIR Architectures eta Actes et Cités) arkitekto frantsesak, ENSA Paris-Belleville eta ENSA Bretagne eskoletan burutzen duen irakaskuntzaren barruan, ikasleak, egoera larrian dauden biztanleekin lan egitera eramaten ditu, berrerabileraz baliatuz. Besteak beste, txabola auzo batean bizi ziren biztanleentzako, sukalde kolektibo (ate eta leihoen berrerabilera), harraska eta komunitate-areto baten (zurezko mudantza-kaxa, kartel eta leihoen berrerabilera) diseinuan parte hartu zuten.
  • Berrerabilerarekin zerikusia duten esperimentuak burutzen dituen Atelier Na (Francia) bulegoak, udako eskola, mintegi edo partaidetza-obretan parte hartu zuten, eta Estrasburgo-ko (Francia) Institut National des Sciences Appliquées (INSA) eskolako ikasleekin batera, material berrerabiliekin eraikitako bi modulu gauzatu zituzten.
  • Raumlaborberlin (Alemania) arkitekto kolektiboak, hondakin kontsideratzen diren materialekin egindako partaidetza proiektuetan espezializatua, 2011an, Officina Roma eraikitzeko tailer bat antolatu zuten. Villa iragankor honen eraikuntzan Italia osoko ikasleek parte hartu zuten, eta besteak beste, botila, auto-ate eta gasolina bidoiez osatuta dago. Proiektua, MAXXI (Museo nazionale delle arti del XXI secolo) museoak proposatuta “Re-Cycle: Strategies for Architecture, City and Planet” erakusketaren esparruan egin zen 2012an Erroman. 2018an, Berlinen, kolektiboak hainbat ikaslerekin batera Floating University eraiki zuen, gaur egun elkarte den, ikasketa eta ikerketa gunea. Officina Roma-ren inguruan, artikulu hau ikus daiteke Designboom web-orrian. Floating University proiektuari buruz, ArchDaily atariko beste artikulu hau.
  • 2019an Heilbronn (Alemania) hirian egindako German National Garden Show (BUGA) ekimenaren esparruan, Karlsruher Institut für Technologie (KIT) zentruko ikasleek irakasleekin batera Mehr.WERT.Garten (Added.VALUE.Garden) eta Mehr.WERT.Pavilion lorategi eta pabilioiaren sorkuntzan parte hartu zuten. Pabilioia eta honen ingurunea material berrerabiliz eta birziklatuz osatuta daude nagusiki, egitura osatzen zuen metal berrerabilia edo fatxada inguratzailea eraikitzeko beira adibidez.
  • 2022an Aalborg (Dinamarka) hirian, bosgarren International Conference on Structures and Architecture konferentziaren barruan burututako Ephemeral Permanence 1:1 tailerrak, unibertsitate ezberdinetako ikasleei eraikuntza zirkularrarekin esperimentatzea ahalbidetu zien. Experimentu honen osagaiak, materialen berrerabilera (zutabe metalikoak, zurezko habeak eta panelak, hormigoi blokeak, adreiluak, teilak) eta guztiz desmuntagarria zen pabilioi txiki baten diseinua (muntaiareko baraila metalikoen eta soka elastikoen erabilera) izan ziren. Proiektuaren ikuskatzaileak ere hainbat unibertsitatetik etorriak ziren (Aalborg University, ETH Zürich eta University of Antwerp). Hona hemen gai honen inguruan ArchDaily argitaratutako artikulua.
  • Azkenik, ZHAW (Zurich-eko Fachhochschule Winterthur hirian, Suiza) eskolako ikasleeen Baubüro in situ arkitektoen lanetan izandako partaidetza gogoratu nahi dugu.

Stars of reuse

Pritzker arkitektura saria Diébédo Francis Kéré (Burkina Faso) arkitektoari eman berri zaio. Aukeraketa honek, sariak distira alde batera uzteko hartu duen joera erakusten du, ingurumena eta gizartea errespetatzen dituzten sorkuntza prozesuetan zentratzeko. Ez da kointzidentzia Pritzker sariaren azken irabazleetako askok, Global Award for Sustainable Design saria ere irabazi izana. Kezka hauen artean, eraikuntza materialen berrerabilera, proiektu askotan zabaltzen ari da. Diébédo Francis Kéré-ren ikuspuntua kolaboratzailea da, eraikuntza metodo tradizionalak berrinterpretatzen ditu eta lurra edo zura bezalako tokiko baliabideen zein berrerabileraren inguruko interesa erakusten du. Eraikitzeko modu errazak eta materialen aukeraketak, besteak beste, biztanleak, autoeraikitze-logikaren barruan, eraikuntza teknikez jabetzea ahalbidetzen du eta tokiko ekonomia garatzen laguntzen dute. Arkitekto honentzat hezkuntza gai bereziki garrantzitsua dela dirudi eskola ugari proiektatu baititu. Lehenik eta behin, lehen mailako eskola eraiki zuen bere jaioterrian Gando-n (2001, Burkina Faso). Antzeko beste proiektu batean, Schorge-ko bigarren hezkuntzako eskolan, eraikuntzaren teilatuaren egitura eta kofratze-paneletatik ikasleen aulkiak egiteko metala eta zura lortuko ziren. Kasu honetan obrako hondakinak baliabide berri bilakatzen dira, bertakoak eta merkeak!

Pritzker sariaren beste garaile batzuk berrerabilera erabiltzen dute. Dudarik gabe, adibiderik ezagunena Wang Shu (Txina) arkitektoarena da, zeinak Amateur Architecture Studio-ren barruan Lu Wenyu-rekin batera, Ningbo-ko historiaren museoa (2008, Txina) sortu zuten. Museoaren fatxadak hiriaren alde zaharraren eraispenetik berreskuratutako materialez apainduak daude. Aurrerago prozesu berbera errepikatuko da. Nabarmentzekoa da Txinako arkitektura tradizionalaren zati bat suntsitu dela. 2006ean Veneziako arkitektura Bienalean, arkitektoak Tiled Garden proiektua eraiki zuen, Hangzhou eskualdean suntsitutako eraikinetatik berreskuratutako 66000 teilarekin eraikiz (Wang Shu-ren obrari buruzko bi artikulu ikusgarri Archdaily-n hemen eta hemen). Bestetik, Anne Lacaton eta Jean-Philippe Vassal arkitektoek Frédéric Druot-ek lagunduta, eraispena irtenbiderik onena izatetik urrun dagoela erakusten digute beraien etxebizitza-blokeen eraldaketa proiektuen bidez. Bien bitartean, Alejandro Aravenak (Txile) eta bere Elemental bulegoak, etxebizitza multzoak sortu zituen, autoeraikuntza eta berrerabilera sustatuz. Diseinu irekiko eraikinak dira (planoak eskuragarri daude bulegoaren web-orrian), biztanleei autoeraikuntza eta berrerabilerarekin zerikusia duten praktikak ahalbidetzen dituztenak. Arkitektoak berak berrerabilera bultzatu zuen 2016ko Veneziako Arkitektura Bienalerako pentsatutako proiektuan 90t material berreskuratu zituenean (artikulua hemen). Balkrishna Doshi (India) arkitektoak ere etxebizitza sozialak eraikitzen ditu. Studio Sangath izeneko bere bulegoak, beste obretatik ekarritako material berrerabiliak erabiliko ditu, hala nola, zeramikazko baldosa ugari (gai honi buruzko artikulua ikusgarri Archdaily-n). Azkenik Shigeru Ban (Japonia), desmuntatu, garraiatu eta hortaz berrerabili daitekeen arkitekturan espezializatu da. Diseinatzen dituen zurezko edo kartoizko egiturak hainbat eremutan erabiltzen dira. Besteak beste, larrialdiko arkitekturan, aldi baterako aterpeak (gai honi buruzko artikulua ikusgarri Archdaily-n), eliza edo kontzertu-areto bat diseinatuz, azken hauek iragankorrak baitira. Ikuspuntu berdina jarraituz arkitektoak bulego-eraikin edo museo nomada bat eraiki zituen. Bestalde, 2015ean Nepalen lurrikararen ondoriozko obra-hondakinetatik berreskuratutako adreiluak erabiliko ditu zurezko egitura zuten eraikuntza berriei gehitzeko (gai honi buruzko artikulua ikusgarri Designboom-n).

Jakina den bezala, berrerabilera ez da arkitektura sarien irabazleetara mugatzen. Izan ere, ezezagunagoak diren beste arkitekto eta eraikitzaileentzat ez bezala, saritutako arkitekto batzuentzat, berrerabilera keinu arkitektoniko puntuala da. Hala eta guztiz ere, sariek, askotan alde batera uzten den praktika hau agerian jartzeko ahalmena dute. Pritzker saria jaso ez duten arkitekturako beste izar batzuk ere berrerabileraren ikusgaitasuna areagotzen laguntzen dute. Kengo Kuma (Japonia) arkitektoak adibidez, tokiko eraikuntzetatik berreskuratutako teila zaharrak erabili zituen China Academy of Art’s Folk Art Museoaren (2015, Txina) fatxadan eta estalkian. Eskala txikiagoan, Murai Masanari Art Museoaren (2003, Japonia) fatxadan eraikin zahar baten materialak erabili zituen. Europan Mecanoo (Herbehereak) bulegoko arkitektoek, harri eta adreilu zaharrez osatutako mosaikoa sortu zuten Netherlands Open Air Museoaren (2000, Herbehereak) fatxada nagusia konposatzeko. Ideia berdina jarraituz, kanal bateko ur-hesi batetik berreskuratutako zutoin-ohol zaharrak erabili zituzten Kaap Skil museoaren (2011, Países Bajos) fatxada eraikitzeko. Honela, bertako biztanleek zur flotatzailea berrerabiltzeko zuten modu tradizionala berreskuratu eta omendu zen (gai honi buruzko artikulua ikusgarri Opalis web-orrian). MVRDV (Herbehereak) bulegoko arkitektoek berrerabilerarekiko interesa erakutsi zuten Bogotá Book Fair-rako (2016, Colombia) eraiki zuten pabilioi herbeheretarra diseinatu zutenean. Bertan erabilitako sistema modularrak elementu desmuntagarriak eta konbinagarriak uztartuko ditu hiriko gune ezberdinetan liburutegi gisa erabiltzeko. Azkenik Snøhetta ( Norvegia) arkitektoen ZEB Pilot House (2014, Norvegia) proiektu pilotua, zero emisio gordindun eraikina lortzeko esperimentua da. Energikoki autosufizientea izateaz gain, berrerabilera material ugariz osatuta dago!