Collectif Etc – 1

Collectif Etc-ko arkitekto eta eraikitzaileak ohiko hiri eta arkitektura praktikak zalantzan jartzea erabaki zuten, erabiltzaileen berdintasunezko autogestioaren logika jarraituz. Geroztik sortze eta esperimentazio prozesuek garrantzi handia dute kolektiboarentzat eta gaitasun ezberdinak dituzten pertsonen arteko loturak sortu nahian, izaera ezberdineko proiektuak garatzen dituzte: 2011ko irailetik 2012ko irailera, kolektiboak urtebeteko bizikleta bira burutu zuen “hiriaren herri-fabrika”(Détour de France) delakoaren bila, argitalpenaren alorrean lan egin zuten la cabane d’édition Hyperville proiektuarekin edota kolektiboak berak eta kolaboratzaileek erabiliko zuten berezko lekua sortu zuten, Ambassade du Turfu deiturikoa. Ideia eta praktika nahasketa honek kolektiboa berrerabilerarekin eta berrerabilerarentzat lan egitera bultzatzen zuten. Colombelles-ko Grande Halle-ren ondoan eraikitako la cité de chantier ez da berrerabilera materialekin eraiki duten proiektu bakarra.

2012an, Arpenteurs taldearen gonbidapenari erantzunez, kolektiboak Grenoblen kokatutako igerileku denda zahar baten eraldaketa proiektuan parte hartu zuen. Établissement Public Foncier Local (EPFL)-k utzitako eraikina etxebizitzaren inguruko konponbideen fabrikan eraldatu zuten. La piscine izena duen lekua, etxebizitzari buruzko eztabaida eta esperimentazioa sustatzeko espazioa da, auto-eraikuntza eta berrerabileraren bitartez. Eraikina, hainbat kolektibori utzitako atalez osatua, erabilera ezberdinak biltzen zituen: altzariak fabrikatzeko lantegia, bilkura eta eztabaidarako erabilera anitzeko gunea, sukaldea eta gordailua. Material bilketari esker, gordailua baliabide biltegi gisa antolatu zen, egingo ziren lanen eta gerora izango zuen erabilera kontuan hartuz. Bertan palet-etatik ateratako ehundaka oholekin bi mahai handi eraiki ziren. Kortina zatiekin, espazioak banatzeko pieza handi bat sortu zuten. Bestetik, sukaldea altzari zaharrekin eta bainuontzi batez hornitu zen. Zur hondakinekin eraikinaren fatxadan jartzeko hizkiak sortu ziren, honi identitate berri bat emanez. Altzarien fabrikazio instrukzioak altzariei gehitu zitzaizkien etorkizunean informazio transmisioa ahalbidetzeko.

Parisko Pavillon de l’Arsenal-ko, Encore Heureux Arkitekto bulegoak antolatutako Matière Grise erakusketak, Nizara bidaiatu zuen 2015ean, Forum d’Urbanisme et d’Architecture delakoan berrerabilera proiektuak aurkezteko. Kolektiboak instalazio berri bat antolatzeko aukera izan zuen edizio honetan. Aurreko erakusketaren hondarrak eta Veolia-ren eraikuntza hondakinak sailkatzeko zentruak, materialak eskaini zizkieten. Krofatu plaken zura jaso zuten nagusiki. Hauek, altzari sorta berria eta bisitarien eskura izango zen baliabide gunea eraikitzeko erabili ziren. Material hauen egoera txarrak eta hauek berreskuratzeko beharrezkoak diren ekintzek (aukeraketa, iltze-kentzea, mozketa, lixatzea) hondakin izaera eta hondakin izan aurretik erabiltzen diren materialen arteko ezberdintasuna erakusten dute, hondakin izaera duten baliabideekin lan egiteko zailtasunak nabarmenduz.

2018ko Veneziako 16. Arkitektura Bienalean kolektiboak Frantziaren pabilioiaren eszenografia elaborazioan parte hartu zuen. Pabilio honen komisarioak Encore Heureux arkitektoak izan ziren. Pabilioiaren gaia, Lieux infinis (leku mugagabeak) eraikinak beharrean lekuak eraikitzen dituen kolektiboaren izaerarekin bat dator. Bertan arkitekturarekin, gizartearekin eta kulturarekin zerikusia zuten hamar esperimentazio frantses biltzen ziren. Eszenografian aurreko Arte Bienalean Frantziak aurkeztutako ekarpenaren hondakinak erabili ziren : ehundaka okume kontratxapatu plakak. Aurretik desmuntatuak eta biltegiratuak, egitura nagusia estaltzeko eta eserleku, banku eta mahaiak egiteko erabili ziren.


Berrerabilerarekin erlazionatutako beste proiektu batzuk modu zehatzean azalduta daude kolektiboaren webgunean.