Karbono-aztarnaren kalkulua gizakiaren jarduerek eragindako ingurumen inpaktua neurtzeko erabiltzen da. Horretarako, sortzen ditugun zuzeneko eta zeharkako negutegi-efektuko gasak (BEG) hartzen dira kontuan, bizi-zikloaren analisiaren (BZA) antzeko metodologia jarraituz. Aldaketa klimatikoaren erantzule diren gas isurtzeak CO2 baliokideetan adierazten dira (CO2-eq) eta hauen arrazoiak zein isurtzeak aurrezteko moduak bistaratzen dituzte.
Materialen eta proiektuen karbono-aztarnaren inguruko zifrak ulertzea ez da beti erraza izaten. Are gutxiago berrerabilerari loturiko BEG-ak aurrezteko aukerak bilatzea eta ondorioz aipatzen diren kantitateen jatorria ulertzea zaila da sarritan. CO2 gasen gutxitzea lortzea interesgarria da, beti ere inpaktu hauen transferentzia bat gertatzen ez denean. Baina zertaz ari gara REBRICK proiektuan berrerabili den adreilu bakoitzeko 0,5kg CO2 baliokide aurreztu direla esaten dugunean? Eta Grande Halle de Colombelles proiektuan aurreztutako 25Tn CO2 edo K 118 proiektuko 500Tn CO2 kantitateak aipatzen ditugunean? Datu hauetara iristeko kalkulu metodoa zalantzan jarri gabe, kantitate hauek modu ulergarriago batean adierazi nahiko genituzke.
Estatu Batuetako EPA-ren (United States Environmental Protection Agency) kalkulu-tresnak, 0,5kg CO2 baliokide kotxez egindako 2km-ko ibilbide baten edo telefono adimendu baten 60 kargaren parekoa dela esaten digu. Bestalde, Frantzian ADEME-k (Agence de la transition écologique) garatutako monconvertisseurco2 kalkulu-tresnak beste konparaketa batzuk erakusten ditu: 25Tn Co2 baliokide pertsona batek hegazkinez egindako 245 000km lirateke, munduari sei buelta alegia, eta 500Tn CO2 baliokide etxebizitza batek 70 urtetan zehar erabilitako lukeen berokuntza.
Norberaren karbono-aztarna gutxitu eta aurrezte aukerak bilatu nahi dituztenek hemen, hemen edo hemen sar daitezke (azken hau frantsesez). Eurostat-en arabera, europar bakoitzaren urteko karbono-aztarna 7Tn CO2-koa da, aurreko urteetakoa baino balio txikiagoa!