Blog honen bidez, eraikuntza materialen berrerabilerak zentzua izateko, arkitektura eta eraikuntza ulertzeko moduan eraldaketa sakona eman behar dela nabarmentzen saiatu gara. Hau horrela, Recetas urbanas taldeak garatutako proiektuetan, berrerabilera, defendatzen dituzten balioen zerbitzura dagoen tresna da, helburua soilik izan beharrean. 2019an inauguratutako Cañada Real-eko zentro soziokomunitarioa, honen adibide garbia da. Erabilitako materialen erdia baino gehiago, berrerabileratik eratorriak dira. 2020an argitaratutako bideoak bertako komunitatearen implikazioa erakusten du eta arkitektura proiektuak ikuspegi soziala izan behar dutela gogorarazten digu.
Centro sociocomunitario de la Cañada Real, 2018-2019, Madrid – photo courtesy of Recetas Urbanas
Cañada Real deritzona, Madrilgo erkidegoa zeharkatzen duen antzinako transhumantzia errepide baten (Cañada Real Galiana) trazaduran kokatzen diren eraikuntza ilegalez osatuta dago. Hainbat kilometro dituen kale honetan, biztanleria kondizio prekarioetan bizi da. Zentro komunitarioak azpiegituran beharrari erantzun dio neurri batean. Madrilgo udalak etxebizitza eta lurzoruaren udal enpresaren bidez garatutako proiektu honek, hasiera klausula sozial gutxi sustatzen zituen. Recetas Urbanas taldeko arkitektoak izan dira, egindako lanari esker, proiektua hiritarren partaidetzaren benetako esperientzian bilakatuko dutenak: biztanleak ezagutzeko atez-ate etxebizitza, ikastetxe, elkarte, giza-erakunde eta baita espetxe batetara egindako bisiten lagutzarekin. Komunitateko kideez gain, besteak beste, unibertsitatetik etorritako hainbat bolondresek parte hartu dute auto-eraikuntza proiektu honetan. Honela, Madrilgo puntu ezberdinetan, ondoren tokian lotu ziren elementu eta modulu ezberdinak (zoru, horma, leiho, zertxa, estalki) prefabrikatu ziren. Berrerabileraren ekarpena hemen ezinbestekoa izan da. Lan-bolondresak eta materialen berrerabilerak, aurrekontua aldatu gabe, azalera eraikia %25 handitzeko aukera eman zuten.
Centro sociocomunitario de la Cañada Real, 2018-2019, Madrid – photo courtesy of Recetas Urbanas
Berrerabilerari dagokionean, erabilitako materialak aurretik burututako proiektuetatik eta udal-biltegietatik ekarriak dira. Cañada Real-eko funtzio anitzeko lan-eremua eraikitzeko behar izan diren material gehienak, 2018an Recetas Urbanas berak eraikitako Habitar el Aire (Naves Matadero – Centro Internacional de Artes Vivas) sorkuntza espazio efimerotik ekarritakoak dira. Biltegi publikoetan berreskuratutako materialak aldiz, eskilaratan eraldatutako aldamio egiturak edo aulkiak dira. Azken hauen erabilera besteratu eta eraikinaren fatxadan kokatuta, eguzkitako bikainak bihurtuta!
Hemen eraikin honi buruz El Pais egunkarian 2021 argituratutako artikulua.
Aula Abierta (La Carpa – Espacio Artístico), 2012, Sevilla – photo courtesy of Recetas Urbanas
Espainiar Estatuan duela hainbat urtetik gaurko egunerarte, eraikuntza materialen berrerabileraren arloan lan egiten duen arkitektura bulego bat bada, hau Recetas Urbanas da. Bulegoa Santiago Cirujedak sortu zuen 2003an eta geroago Alice Attout gehitu zen taldera. Hala ere, berrerabileran interesa duten beste arkitektoen moduan, ez dute hau beraien kezka bakarra bihurtzen: beraientzat berrerabilera, hiritarren partaidetzaren zerbitzura jartzen den ikasketa eta heziketarako tresna da. Hirian egindako esku-hartzeengatik edo burutzen duten arkitektura iragazkorragatik ezagunak, Recetas Urbanas taldeak egiten duen lana keinu arkitektoniko hutsetik haratago doa. Aldi berean, materialei, hauen berrerabilerari eta gure praktika arkitektonikoak eraldatzeko moduari buruzko benetako hausnarketa egiten dute. Bulegoak urteetan zehar berrerabileraren inguruan izandako esperientziak, 2022an argitaratutako bideo batean laburbiltzen ditu. Hau, izandako esperientzian oinarritzen den inbentario gisa uler daiteke: eraikuntza materialen berrerabilera 2.000.000 euroko balio estimatua duten berrogeita hamar bat proiekturen bidez erakusten da. Balantze honek, positiboa den arren berrerabilerak bere lekua har dezan garatzen den bidea agerian uzten du. Hau guztia ekonomia zirkularraren printzipioak, intentzio onak izateaz gain, aplikatu egin behar direla gogoraraziz.
Auto-eraikuntza proiektu ezberdinen bidez eta bolondresen lanari esker, arkitektoen arreta eraikitze prozesuan egiten den berrerabileran zentratzen da. Material hauen integrazioak proiektuaren ikuspegia eraldatzen duela azpimarratzen dute. Gainera, eraikuntzak bere bizi-zikloaren amaierara iristean izango zuen bilakaera eta etorkizuna ere kontutan hartzen dute. Beraz, burutzen duten lana bikoitza da. Baterik, bigarren eskuko materialen bilaketa eta bestetik, material hauen berrerabilera beraien proiektuetan. Batzuetan egiturak osorik berrerabiltzen dira eraikitze aukera berrikusiz eta moldatuz. Berrerabilitako materialak jatorri ezberdinekoak dira: bigarren eskuko erosketak, proiektu zaharren desmuntaketak, donazio edo mailegu publiko edo pribatuak, kudeaketa kontratuen barruan. Baliabide publikoen garrantzia, udal biltegien bidez batez ere, funtsezkoa dela dirudi.
Aula Abierta / oficina araña (La Carpa – Espacio Artístico), 2012, Sevilla – photo courtesy of Recetas Urbanas
Adibide gisa, Recetas Urbanas taldeak argitaratutako bideo batean azaltzen den moduan, La Escuela Crece (Madrid, 2016) proiektuaren berrerabilera tasa %85ekoa da, Proyectalab (Benicàssim, 2011) proiektuarena %75koa edo Aula Abierta (Granada, 2007) proiektuarena %90koa. Azken proiektu hau gainera, desmuntatu eta Sevillan berrerabili zen 2012an. Aula Abierta Sevilla, La Carpa proiektuaren parte da, 2011an hasitako espazio sozio-kulturala. Bertan zirku-eskola eta helburu sozial eta kulturala duten akzioak bultzatzen dituzten kolektiboak biltzen dira. La Carpa osatzen duten egitura ezberdin gehienak berrerabiliak dira. Desmuntatu eta berriz berrerabilitako proiektu zaharrak, besteak beste, Aula Abierta eta baita taldearen armiarma famatuak (Arañas).
La Escuela Crece (Escuela Superior de Diseño), 2016, Madrid – photo courtesy of Recetas Urbanas
Granada eta Sevillako Aula Abierta edo Madrideko La Escuela Crece proiektuak, aurretik argitaratutako artikulu batean aipatu genituen eta Recetas Urbanas taldeak goi-mailako eskoletako ikasleekin zuten inplikazioa nabarmentzen genuen orduan. Oro har, Aula Abierta izenarekin, bulegoak, ikasle komunitatea inplikatzen duten hainbat proiektu itzulgarri biltzen dituzte. Proiektu parte-hartzaile hauek, gehienetan autoeraikiak eta Granadako AAABIERTA kolektiboarekin izandako lehen esperientziari esker jaioak, berrerabilerarekin egindako eraikuntza irtenbideak erabiltzen dituzte. Hezkuntzari emandako arretari jarraituz, arkitektoek hogei bat proiektu garatu dituzte zentzu honetan, mota guztietako eskola zentruetan. 2021an txosten bat argitaratu zuten honen inguruan.
La Rebelión del Crazy Army (Festival Concéntrico), 2023, Logroño – photo courtesy of Recetas Urbanas
Duela gutxi, 2023an, Concéntrico festibalaren barruan, La Rebelión del Crazy Army delakoak, Logroñoko institutu bateko ikasle eta irakasleei deialdia zabaldu zien, zentrua espazio publikoarekin lotzen duen lagunduko zuen aldi baterako egitura eraikitzeko. Orduan eraikuntzan erabilitako zurezko habe eta panelak, Vallecaseko La kalle elkarteak berrerabili zituen. Logika berberarekin eraikitako proiektu ezberdinez ari gara. Jarraian Katalonian garatutako beste adibide bat: Bartzelona hiriaren hiruehungarren urteurrenaren ospakizunen barruan, 2014an Enric Miralles fundazioak hirian zehar sakabanatutako 6 aldi baterako instalazio koordinatu zituen, BCN RE.SET deituriko proiektua. Recetas Urbanas taldeak, instalazio hauen balio-bizitzaren amaieran, hauek osatzen zituzten materialen berrerabilera proposamena garatu zuen (honi buruzko artikulua El País egunkarian). Materialak, Recetas Urbanas berak edo Straddle3 bezalako beste kolektiboek berrerabili zituzten, hezkuntza kontextuan batez ere. Materialak berriz zirkulazioan jartzearen logika jarraituz, Recetas Urbanas eta Straddle3 taldeak besteak beste, baliabideen berrerabilera eta birbanaketa helburutzat duen plataforma garatu zuten GRRR (Gestión para la Reutilización y Redistribución de Recursos) deiturikoa. Arquitecturas Colectivas (AA.CC.) iniziatibaren proiektua da, balio amankomunak defendatzen dituen sare internazionala. Recetas Urbanas, talde honen barruan dago. Donostiako M-etxea taldeak adibidez, GRRR plataforma erabili du.
Bukatzeko, horrelako proiektuen alde legala ere azpimarratzekoa da. Recetas Urbanas taldeak bere interbentzioak alde juridikoaren arabera sailkatzen ditu: interbentzio ilegala, legala eta a-legala. Azken kategoria honek, legedian dauden hutsuneak aztertzen ditu jardun ahal izateko. Berrerabilera materialekiko paralelismoa interesgarria da hemen. Bigarren eskuko materialen berrerabilera hiru kategoria hauetan sailkatu daiteke. Kasu batzuetan, berrerabiltzea ezinezkoa izango da arrazoi juridikoak medio. Besteetan, aldiz, posible izango da. Hala ere, bi aukera hauen artean dagoen eremu grisa handia da eta proiektu asko, hau aprobetxatzen saiatzen dira. Lege hutsuneak eta material horiek erabiltzeko lege ezintasunak, agerian uzten dute, berrerabilera guztiz eskuragarri egiteko, burutu beharreko lan juridikoa.
Porto Marghera workshop with salvaged wood, 2013, Venice – Iuav (client), TYIN tegnestue (architecture), students from Iuav (build by) – photo courtesy of TYIN tegnestue
Lehenago artikulu honetan aipatutako BRIC eta MØDÜLL proiektu belgikarrak, berrerabilera eta formakuntza uztartzen dituzte, eta bereziki eraikuntzarekin erlazionatutako ofizio teknikoetako ikasleei zuzenduda daude. Beste proiektu batzuk berriz, arte eta arkitektura eskoletako ikasleei bideratuta daude. Jarraian, berrerabilerarekin esperimentatzeko forma antzekoa duten proiektu ezberdinak aurkeztuko dizkizuegu:
Brighton Waste House, %85ean eraikuntzako hondakinez osatutako eraikina da, University of Brighton-ren (Erresuma Batua) eremuan kokatua, ikasleek egunero erabiltzen dute. Guztira, arkitektura, diseinu eta eraikuntzako 300 ikaslek parte hartu zuten eraikuntzan, 2013 eta 2014 artean, besteak beste, Duncan Baker-Brown arkitektoaren zuzendaritzapean. Azken honek, FCRBE proiektuaren barnean garatu zen School of Re-construction zelakoan parte hartu zuen aurretik eta “The Re-Use Atlas: A Designer’s Guide Towards a Circular Economy” liburuaren egilea da.
Rural Studio, School of Architecture, Planning and Landscape Architecture of Auburn University (Alabama, EE. UU.) unibertsitatearen sortze-gauzatze programa bat da. Helburua, ikasleak arkitektura proiektuen testuinguru sozialaren inguruan sentsibilizatzea, eta aldi berean, kolektibo zaurgarrientzako eraikinak egitea da. Mila ikasle inguruk 200 proiektu ezberdinetan parte hartu dute, tokiko material merkeei lekua eginez, horietariko asko berrerabiliak.
RAKEerakusketa espazioa (RAKE Visningsrom), 2011ean, Trondheim, Oslo eta Bergen-ko arkitektura eskolako ikasleek eta ikasleentzat egindako tailer baten emaitza da. 2014ean, pabilioia tokiz aldatu zen, materialen berrerabilera agerian jarriz. Fatxadaren kanpoko azala osatzeko, leiho berrerabiliak erabili ziren. Proiektu honen inguruko artikulua ArchDaily web-orrian irakur daiteke.
TYIN Tegnestue bulegoko arkitektoak, aurretik RAKE erakusketa espazioaren eraikuntza prozesuan parte hartu zutenak, ikasle askorekin lan egiteko ohitura zuten haien proiektuetan, tokiko materialak eta material berrerabiliak integratuz. Halaber, proiektuetariko asko bertako komunitateekin kolaborazio estuan garatu ziren, Asian batez ere, baina baita Europan ere. Porto Marghera proiektua adibidez, 2013an Venezian, Iuav-ko (Veneziako unibertsitatea) ikasleen laguntzarekin burutu zen. Proiektua, aurreko urteko Arkitektura Bienaleko Kanadaren pabilioitik ateratako zurarekin eraikitako egitura multzoa zen. 2013an Lista-n (Norvegia), Tecnológico de Monterrey-ko, Puebla (México) eta NTNU-ko (Norges teknisk-naturvitenskapelige universitet, Norvegia) ikasleek guztiz itzulgarria zen zurezko pabilioi (Lyset paa Lista) baten garapenean parte hartu zuten.
Santiago Cirugeda arkitekto sevillarrak, Recetas Urbanas arkitektura bulegoaren bitartez, autoeraikuntza, autogestioa eta esperimentazioa sustatzen ditu herritarren partaidetza eta jabetze logika jarraituz. Bere gai gustokoenetako bat materialen berrerabilera da eta bere proiektuetan ikasle ugarik parte hartu dute. Honela, 2004ean, material berrerabiliak erabiliz eta Granadako unibertsitateko ikasleen laguntzarekin, Aula Abierta espazioa eraiki zen. Geroago, 2012an desmuntatua eta Sevillan berreraikia izan zen. 2016an, Madrilgo Diseinuko Goi Eskolaren handitzea inauguratu zen, ikasleen lanari esker ikasle eta irakasleentzat pentsatua. La Escuela Crece proiektua eraikitzeko erabilitako materialen %85a berrerabilia da.
Frantzian, duela 15 urte sortutako Bellastock festibalak, urtero 1:1 eskalan egindako hiri iragankor baten sortzea proposatzen die arte eta arkitektura eskoletako ikasleei. Festibala, izen bereko arkitektura kooperatibak sortu zuen. Esperimentuak, besteak beste, materialen berrerabilerarekin lotura dute. Festibala atzerrian ere garatu zen, Madrilera iritsi zen, 2012an, 2013an eta 2014. urtean, Madstock taldearen gidaritzapean.
Frantzian, Pôle 21 hezkuntza-proiektuaren eta ENSA (École Nationale Supérieure d’Architecture) Marseillako bere irakaskuntzaren esparruan, Marc Huygen, “La poubelle et l’architecte – Vers le réemploi des matériaux” liburuaren egilea eta 2009an abian jarri zen berrerabilerarako sare europarraren bultzatzaileetako bat, material jasangarri edo berrerabiliak erabiltzen dituzten esperimentuetan parte hartu zuen. ENSA Marseille eta UGA (Université Grenoble Alpes) Grenoble-ko, eta geroago ENSA Grenoble-ko ikasleak materialen bilketan eta autoeraikuntzan jardun ziren Barjols herrian, eta duela gutxi, Correns eta Eurre herrietan. Informazio gehiago lortzeko, Plaine page edizioek argituratutako “Pôle 21 – 2 ans de réemploi à Barjols” obra kolektiboa edo UGA-ren web-orrian ikus daitekeen artikulua kontsulta daitezke. Lehendik, 2010tik 2012ra, logika berdina jarraituz, Jean-Marc Huygen-k hainbat ikaslek lagunduta, antzinako tabako fabrika batean burutu ziren esperimentuetan parte hartu zuen, Friche la Belle de Mai (Marseilla). Honi buruzko informazio gehiago aurki daiteke web-orri honetan.
Arkitektura eta ingeniaritzako ikasleentzat eraikuntzan berrerabileraren hastapen gisa, NA architecture (Francia) agentziak ikuskatuta, bizikletentzako aterpeen bi propotipo burutu eta aurkeztu ziren Grenoblen.
Cyrille Hanappe (AIR Architectures eta Actes et Cités) arkitekto frantsesak, ENSA Paris-Belleville eta ENSA Bretagne eskoletan burutzen duen irakaskuntzaren barruan, ikasleak, egoera larrian dauden biztanleekin lan egitera eramaten ditu, berrerabileraz baliatuz. Besteak beste, txabola auzo batean bizi ziren biztanleentzako, sukalde kolektibo (ate eta leihoen berrerabilera), harraska eta komunitate-areto baten (zurezko mudantza-kaxa, kartel eta leihoen berrerabilera) diseinuan parte hartu zuten.
Berrerabilerarekin zerikusia duten esperimentuak burutzen dituen Atelier Na (Francia) bulegoak, udako eskola, mintegi edo partaidetza-obretan parte hartu zuten, eta Estrasburgo-ko (Francia) Institut National des Sciences Appliquées (INSA) eskolako ikasleekin batera, material berrerabiliekin eraikitako bi modulu gauzatu zituzten.
Raumlaborberlin (Alemania) arkitekto kolektiboak, hondakin kontsideratzen diren materialekin egindako partaidetza proiektuetan espezializatua, 2011an, Officina Roma eraikitzeko tailer bat antolatu zuten. Villa iragankor honen eraikuntzan Italia osoko ikasleek parte hartu zuten, eta besteak beste, botila, auto-ate eta gasolina bidoiez osatuta dago. Proiektua, MAXXI (Museo nazionale delle arti del XXI secolo) museoak proposatuta “Re-Cycle: Strategies for Architecture, City and Planet” erakusketaren esparruan egin zen 2012an Erroman. 2018an, Berlinen, kolektiboak hainbat ikaslerekin batera Floating University eraiki zuen, gaur egun elkarte den, ikasketa eta ikerketa gunea. Officina Roma-ren inguruan, artikulu hau ikus daiteke Designboom web-orrian. Floating University proiektuari buruz, ArchDaily atariko beste artikulu hau.
2019an Heilbronn (Alemania) hirian egindako German National Garden Show (BUGA) ekimenaren esparruan, Karlsruher Institut für Technologie (KIT) zentruko ikasleek irakasleekin batera Mehr.WERT.Garten (Added.VALUE.Garden) eta Mehr.WERT.Pavilion lorategi eta pabilioiaren sorkuntzan parte hartu zuten. Pabilioia eta honen ingurunea material berrerabiliz eta birziklatuz osatuta daude nagusiki, egitura osatzen zuen metal berrerabilia edo fatxada inguratzailea eraikitzeko beira adibidez.
2022an Aalborg (Dinamarka) hirian, bosgarren International Conference on Structures and Architecture konferentziaren barruan burututako Ephemeral Permanence 1:1 tailerrak, unibertsitate ezberdinetako ikasleei eraikuntza zirkularrarekin esperimentatzea ahalbidetu zien. Experimentu honen osagaiak, materialen berrerabilera (zutabe metalikoak, zurezko habeak eta panelak, hormigoi blokeak, adreiluak, teilak) eta guztiz desmuntagarria zen pabilioi txiki baten diseinua (muntaiareko baraila metalikoen eta soka elastikoen erabilera) izan ziren. Proiektuaren ikuskatzaileak ere hainbat unibertsitatetik etorriak ziren (Aalborg University, ETH Zürich eta University of Antwerp). Hona hemen gai honen inguruan ArchDaily argitaratutako artikulua.