Recetas Urbanas

Espainiar Estatuan duela hainbat urtetik gaurko egunerarte, eraikuntza materialen berrerabileraren arloan lan egiten duen arkitektura bulego bat bada, hau Recetas Urbanas da. Bulegoa Santiago Cirujedak sortu zuen 2003an eta geroago Alice Attout gehitu zen taldera. Hala ere, berrerabileran interesa duten beste arkitektoen moduan, ez dute hau beraien kezka bakarra bihurtzen: beraientzat berrerabilera, hiritarren partaidetzaren zerbitzura jartzen den ikasketa eta heziketarako tresna da. Hirian egindako esku-hartzeengatik edo burutzen duten arkitektura iragazkorragatik ezagunak, Recetas Urbanas taldeak egiten duen lana keinu arkitektoniko hutsetik haratago doa. Aldi berean, materialei, hauen berrerabilerari eta gure praktika arkitektonikoak eraldatzeko moduari buruzko benetako hausnarketa egiten dute. Bulegoak urteetan zehar berrerabileraren inguruan izandako esperientziak, 2022an argitaratutako bideo batean laburbiltzen ditu. Hau, izandako esperientzian oinarritzen den inbentario gisa uler daiteke: eraikuntza materialen berrerabilera 2.000.000 euroko balio estimatua duten berrogeita hamar bat proiekturen bidez erakusten da. Balantze honek, positiboa den arren berrerabilerak bere lekua har dezan garatzen den bidea agerian uzten du. Hau guztia ekonomia zirkularraren printzipioak, intentzio onak izateaz gain, aplikatu egin behar direla gogoraraziz.

Auto-eraikuntza proiektu ezberdinen bidez eta bolondresen lanari esker, arkitektoen arreta eraikitze prozesuan egiten den berrerabileran zentratzen da. Material hauen integrazioak proiektuaren ikuspegia eraldatzen duela azpimarratzen dute. Gainera, eraikuntzak bere bizi-zikloaren amaierara iristean izango zuen bilakaera eta etorkizuna ere kontutan hartzen dute. Beraz, burutzen duten lana bikoitza da. Baterik, bigarren eskuko materialen bilaketa eta bestetik, material hauen berrerabilera beraien proiektuetan. Batzuetan egiturak osorik berrerabiltzen dira eraikitze aukera berrikusiz eta moldatuz. Berrerabilitako materialak jatorri ezberdinekoak dira: bigarren eskuko erosketak, proiektu zaharren desmuntaketak, donazio edo mailegu publiko edo pribatuak, kudeaketa kontratuen barruan. Baliabide publikoen garrantzia, udal biltegien bidez batez ere, funtsezkoa dela dirudi.

Adibide gisa, Recetas Urbanas taldeak argitaratutako bideo batean azaltzen den moduan, La Escuela Crece (Madrid, 2016) proiektuaren berrerabilera tasa %85ekoa da, Proyectalab (Benicàssim, 2011) proiektuarena %75koa edo Aula Abierta (Granada, 2007) proiektuarena %90koa. Azken proiektu hau gainera, desmuntatu eta Sevillan berrerabili zen 2012an. Aula Abierta Sevilla, La Carpa proiektuaren parte da, 2011an hasitako espazio sozio-kulturala. Bertan zirku-eskola eta helburu sozial eta kulturala duten akzioak bultzatzen dituzten kolektiboak biltzen dira. La Carpa osatzen duten egitura ezberdin gehienak berrerabiliak dira. Desmuntatu eta berriz berrerabilitako proiektu zaharrak, besteak beste, Aula Abierta eta baita taldearen armiarma famatuak (Arañas).

Granada eta Sevillako Aula Abierta edo Madrideko La Escuela Crece proiektuak, aurretik argitaratutako artikulu batean aipatu genituen eta Recetas Urbanas taldeak goi-mailako eskoletako ikasleekin zuten inplikazioa nabarmentzen genuen orduan. Oro har, Aula Abierta izenarekin, bulegoak, ikasle komunitatea inplikatzen duten hainbat proiektu itzulgarri biltzen dituzte. Proiektu parte-hartzaile hauek, gehienetan autoeraikiak eta Granadako AAABIERTA kolektiboarekin izandako lehen esperientziari esker jaioak, berrerabilerarekin egindako eraikuntza irtenbideak erabiltzen dituzte. Hezkuntzari emandako arretari jarraituz, arkitektoek hogei bat proiektu garatu dituzte zentzu honetan, mota guztietako eskola zentruetan. 2021an txosten bat argitaratu zuten honen inguruan.

Duela gutxi, 2023an, Concéntrico festibalaren barruan, La Rebelión del Crazy Army delakoak, Logroñoko institutu bateko ikasle eta irakasleei deialdia zabaldu zien, zentrua espazio publikoarekin lotzen duen lagunduko zuen aldi baterako egitura eraikitzeko. Orduan eraikuntzan erabilitako zurezko habe eta panelak, Vallecaseko La kalle elkarteak berrerabili zituen. Logika berberarekin eraikitako proiektu ezberdinez ari gara. Jarraian Katalonian garatutako beste adibide bat: Bartzelona hiriaren hiruehungarren urteurrenaren ospakizunen barruan, 2014an Enric Miralles fundazioak hirian zehar sakabanatutako 6 aldi baterako instalazio koordinatu zituen, BCN RE.SET deituriko proiektua. Recetas Urbanas taldeak, instalazio hauen balio-bizitzaren amaieran, hauek osatzen zituzten materialen berrerabilera proposamena garatu zuen (honi buruzko artikulua El País egunkarian). Materialak, Recetas Urbanas berak edo Straddle3 bezalako beste kolektiboek berrerabili zituzten, hezkuntza kontextuan batez ere. Materialak berriz zirkulazioan jartzearen logika jarraituz, Recetas Urbanas eta Straddle3 taldeak besteak beste, baliabideen berrerabilera eta birbanaketa helburutzat duen plataforma garatu zuten GRRR (Gestión para la Reutilización y Redistribución de Recursos) deiturikoa. Arquitecturas Colectivas (AA.CC.) iniziatibaren proiektua da, balio amankomunak defendatzen dituen sare internazionala. Recetas Urbanas, talde honen barruan dago. Donostiako M-etxea taldeak adibidez, GRRR plataforma erabili du.

Bukatzeko, horrelako proiektuen alde legala ere azpimarratzekoa da. Recetas Urbanas taldeak bere interbentzioak alde juridikoaren arabera sailkatzen ditu: interbentzio ilegala, legala eta a-legala. Azken kategoria honek, legedian dauden hutsuneak aztertzen ditu jardun ahal izateko. Berrerabilera materialekiko paralelismoa interesgarria da hemen. Bigarren eskuko materialen berrerabilera hiru kategoria hauetan sailkatu daiteke. Kasu batzuetan, berrerabiltzea ezinezkoa izango da arrazoi juridikoak medio. Besteetan, aldiz, posible izango da. Hala ere, bi aukera hauen artean dagoen eremu grisa handia da eta proiektu asko, hau aprobetxatzen saiatzen dira. Lege hutsuneak eta material horiek erabiltzeko lege ezintasunak, agerian uzten dute, berrerabilera guztiz eskuragarri egiteko, burutu beharreko lan juridikoa.

Exhibitions – 2

Berrerabilerari buruzko erakusketa zerrenda luzea da oraindik. 2020ko Lugano-ko Bienala gai honen inguruan garatu bazen oso-osorik, Veneziako Bienalaren kasuan ere horrela izan zen. 2012an adibidez, pabilioi alemaniarrak Reduce, Reuse, Recycle erakusketa plazaratu zuen (artikulua ikusgarri Archdaily web-orrian). 2018an berriz, pabilioi daniarrak Vandkunsten Architects arkitektura bulegoaren lana aurkezten zuen, ezagutzen ditugun hiru « R »-i laugarren bat gehituz, Rebeauty. Proiektua aurretik egindako lanetan oinarritzen da. Ikerketa eta desmuntatuko diren tamaina naturaleko prototipoak (1:1 mock-up) eraikuntzen bidez, sei material ezberdinen berrerabilerari buruzko hausnarketa egiten du.

2018an Flores & Prats Arquitectes bulegoak Sala Beckett proiektua aurkeztu zuen,  Assemble bulegoak gero berrerabiliko ziren zeramikazko lauzaz egindako instalazioa (The Factory Floor) eta Encore Heureux eta Collectif Etc taldeak berrerabilera esperientzia garatzen zuten instalazio zahar batetik materialak errekuperatuz (bideoa ikusgai hemen goian). Bi urte lehenago Alejandro Aravenak,  2015ko Arte Bienaletik berreskuratutako 90t hondakin erabili zituen 2016 ko Arkitektura Bienalean bisitarien harreragune izango ziren bi instalazio eraikitzeko (honi buruzko artikulua ikusgarri Dezeen web-orrian). 2016an ere, parte-hartze nazionalaren Leone d’Oro saria irabazi zuen pabilioi espainiarrak aurkeztutako proiektuen artean hainbat berrerabilera adibide aurkitzen ziren. Besteak beste, Bosch.Capdeferro arquitectures bulegoaren Casa Collage etxebizitza proiektua Gironan, non harriak, lauzak edo burdinderia elementuak obran bertan berrerabili ziren. Edo Arturo Francoren Madrideko Mataderoko Nave 8b non berrerabilitako teilak tabikeak eraikitzeko erabiltzen diren, erabilera berria emanez.

Edizio ezberdinetan zehar gaiak bere garrantzia mantentzen duenaren seinale, 2021ko Biennale-ko pabilioi japoniarra berrerabilerari eskainita dago aurten, Co-ownership of Action : Trajectories of Elements izenpean. Proiektuak zurezko etxe tradizional baten dekonstrukziotik aterateko elementuak aurkezten ditu eta horietariko elementu batzuk konfigurazio berri batean berrerabiltzen dira (artikulua ikusgarri Designboom web-orrian). Zurezko elementuen mihiztatzeari buruzko lan haur Biennale-ko beste proiektu batzuetara zabaltzen da. Tartean Estatu Batuetako pabilioiaren zurezko egituren eraikuntzei buruzko hausnarketa edo pabilioi Finlandiarraren Puutalo zurezko etxe prefabrikatuena.


Veneziako arkitektura Bienala 2021ko maiatzaren 22tik azaroaren 21rarte garatuko da.

Vandkunsten Architects bulegoaren prototipo eta berrerabileraren inguruko lana txosten batean publikatua izan da, hemen eskuragarri. 

Sala Beckett

Bartzelonan, Flores & Prats Arquitectes arkitektura bulegoa, Cooperativa de Consumo i Justicia-ren egoitza zaharraren birgaitze proiektuaren egilea da, orain Sala Beckett (Fundació Sala Beckett / Obrador Internacional de Dramatúrgia) berrian bilakatu dena. Kooperatiba, 1924. urtean irekia eta 90. hamarkadan utzita, modu independentean funtzionatzen zuten eskola, denda, taberna eta antzerki-aretoa osatzen zuten. Proiektuaren programa berriak erabilera ezberdinen arteko elkarrekintza bilatzen du, antzerki-eskola, antzezpen-guneak eta taberna, argi-sarrera berriak ahalbidetzen dituen atariaren bidez konektatuz. Espazio honetan ikasle, irakasle, artista, ikusle eta auzoko biztanleak nahasten dira.

Arkitektoek eraikinera egindako lehenengo bisita, iraganera egindako bidai baten gisa deskribatzen dute. Bertan aurkitutako kooperatibaren aztarnen, aroztegi, lur-estaldura eta sabai-arrosen, inbentario zehatza egin zuten eskala ezberdinetan marraztutako ehundik gorako planoen bidez. Marrazki hauek elementu bakoitza ikusaraztea ahalbidetu zuten, hauen xehetasunak, egoera eta tamaina azpimarratuz, jasotako herentziari balioa emanez. Ahal zen neurrian eraikinaren espazio zabalen egitura eta inbentariatutako elementu txikiagoak mantentzea erabaki zuten. Modu honetan, kooperatiba zaharraren iragana, eraikinaren uztearen arrastoak eta programa berriarentzat beharrezkoak ziren egokitzapenak espazio berdina partekatzen dute.

Inbentariatutako elementuak bertan berrerabili ziren, aurreko funtzio berdinean, baina kasu gehienetan eraikinaren beste parte batean. Araudi berriak errespetatzeko egindako egokitzapenak, egitura eraldaketak eta programa berriaren ezarpenak direla eta, arkitektoen lana collage baten modukoa izan dela esan genezake. Egitura elementu, akabera eta altzari berriak tokian existitzen ziren elementu eta espazioetara gehitu ziren.

Aroztegiari dagokionean, ateen eta leihoen %90a berrerabili zen, hauetariko gehienak moldatu eta konpondu ostean. Solairuak sendotzeko egindako handitzearen ondorioz ateen altuera moldatu behar izan zen eta leiho batzuetan beira-bikoitza ezarri zen. Aldaketa eta konponketa guztiak bertan gauzatu ziren garraioa saihestuz. Gainera eskailera bat eta hainbat baranda berrerabili ziren, hauek ere birkokatu aurretik moldatuak.

Jatorrian antzinako kooperatiba honetako espazio bakoitzak lauza-hidrauliko ezberdinez osatutako lur estaldura zuten. Entsegu eta antzezpen espazioekin bat zetozen beste lur-estaldura mota batzuk erabiltzearen beharra medio, lauza-hidraulikoak eraikineko beste guneetan kokatu zituzten konbinazio berriak sortuz. Lauzak desmuntatzerako momentuan %20a galdu zen. Kantitate hau kontutan hartu zen kokapen eta diseinu berria erabakitzerakoan.

Honetaz gain, antzokiaren sabai zaharreko hiru sabai-arrosa berreskuratu eta dekorazio elementu gisa erabili ziren. Eraikineko beste espazio batzuetan zeuden sabai-arrosak bere horretan kontserbatu ziren, klimatizazio sistemaren irteera-aho gisa erabiltzeko.

Eraikitze lanak hasi aurretik, Sala Beckett-ko kideek okupazio iragankorra burutu zuten eraikinaren lehenengo solairuan. Proiektuaren logika berdina jarraituz, Sala Beckett egoitza zaharreko altzarien inbentarioa egin zen kooperatiban berrerabiltzeko asmoz. Aldi baterako okupazioak erabilera programa berria probatzeko aukera eman zuen. Gainera lan-taldeari, ikasleei eta ikusleei eraikinaren eta berrerabiliko ziren elementuen jabetzea ahalbidetu zuen. Kultura eta antzerki-proiektua garatu zen eraikinaren memoria gogora ekartzeko, hau eszenatoki bilakatuz. Antzezlana espazio eta denboran barrena ibili zen, arkitekturak inbentario eta berrerabiltzearen bidez egin zuen moduan.

Hemen azpian, berrerabiliak izan ziren elementu batzuen zerrenda aurki dezakezue (informazio iturria Flores & Prats eta Opalis):

  • 200 m² horma eta lur-akaberak, bertan desmuntatu, garbitu eta birkokatuak;
  • 44 zurezko ate, bertan garbitu eta moldatuak;
  • 35 zurezko leiho profilak, bertan garbitu eta moldatuak;
  • eskailera 1;
  • hainbat baranda;
  • 3 sabai-arrosa dekorazio elementu gisa erabiliak.

Artikulu hau neurri batean Sala Beckett – Centro Internacional de Dramaturgia liburuan eta Escala 1:5 dokumental sortan oinarritzen da.