Construire – 2

Boulogne-sur-Mer-en, Construire agentziak etxe txikiez osatutako 60 etxebizitza sozialetan esku hartuko du. Eraitsi ordez, hiriak bere fondo propioekin birgaitzea erabaki zuen. Sophie Ricard arkitektoa, bi urtetan zehar bertan bizitzen, etxebizitzen birgaitzea biztanleen banakako egoerari egokitzen saiatuko da. Auzoan integratu eta bertako biztanleak eta haurrak ezagutzen hasteko, lorategi txiki bat diseinatu zuen. Inguruko obretako hondakinen artetik materialak aterako dituzte, negutegiak eraikitzeko edo lorategian barrena pasatzen den bidexka egiteko. Erabaki hau medio faltaren ondorio den arren ez da onartzen zaila izan, auzoko hainbat biztanlek esperientzia baitute errekuperatzen, txatar-biltzaile bezala lan egiten dutelako. Denentzat irekia den obra, etxebizitzen kanpo-isolamenduarekin hasi zen eta ondoren barnealdean jarraitu zuten. Arkitektoaren eskura jarritako etxearen ondoko etxean obraren zentrua kokatu zuten eta hori topaleku bilakatu zen. Obrako langileek, auzoko haurrek paleta egurrez egindako mahai baten inguruan bazkaltzen dute. Etxeei zuzendutako diagnostiko sakon eta tratamendu pertsonalizatuei esker, hirurogei lizitazio ezberdin burutu ziren. Kolorearen inguruan egindako lanak azterketa indibidualizatu honi ikusgarritasua emango dio. Agentziako pertsona ezberdin bakoitzak proiektuaren aspektu politiko, tekniko eta sozilak landu zituzten.

Berreraiki beharrean konpontzearen ideiarekin jarraituta, agentziak beste proiektu bat garatu zuen Tourcoing hirian. Kasu honetan ere, arkitektoen presentzia handia izango du eta etxe bakoitzaren tratamendu indibidualizatua burutu zen. Oraingoan Rase pas mon quartier elkarteari esker eraispenetik salbatutako adreiluzko langile etxeak dira. Hemen ere biztanle ezberdinak proiektu beraren inguruan bildu zituzten “komunitatea” sortzeko asmoarekin, baina aldi berean elkarren arteko “bereizketa” bultzatuz. L’atelier électrique deituriko lokal soziokulturala elkargune izango da eta proiektuaren arkitektura gune gisa funtzionatuko du. Isolamenduan eta kanpo-itxituran egindako lanarekin batera, etxebizitzen barne-erreforma egin zen. Lauzak bezalako elementu txikientzako auzoaren eskalako berrerabilera sare bat sortu zen. Izan ere, zementuzko baldosak langile-etxe horien identitatearen funtsezko zati bat dira. “Matière Grise” liburuan argitaratutako elkarrizketa batean Patrick Bouchain arkitektoak ondoko zehazten zuen berrerabilera sarearen inguruan: “Beraz, etxe-denda bat sortu genuen, eta bertan jarri zen beste etxebizitzetatik desmuntatzen zen guztia. Enpresarientzat balio izan zuen, baina bertako biztanleak ere toki honetara etor zitezkeen txorrota, etengailu, lauza, parketa, pertsiana, leiho… baten bila.”

Bi kasuetan beste modu batean eraikitzea da helburua. Hau da, etxebizitza normalizatu batean bizi den biztanle medio batentzat ez lan egitea, eta itsu-itsuan aurrez erabakitako modelo eta estandarrak ez aplikatzea. Bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzeak proiektu ezberdinei bigarren geruza kultural eta sozial hau gehitzea ahalbidetu zuen, Patrick Bouchain arkitektoak aipatzen zuen moduan. Eta ikuspegi horri laguntzeko berrerabilerak ezinbestekoa dirudi. Izan ere, berrerabiltzeko, stock heterogeneo batetik datorren material bakoitzaren araberako ikuspegi espezifikoa behar da. Bai Boulogne-sur-Mer-en burututako berrerabilera eta brikolajea, zein Toucoing hirian ezarritako berrerabilera sarean, hau ez da inoiz keinu arkitektoniko deskonektatu batekiko aitzakia. Lehenik eta behin, prozesu bati laguntzeko modu logikoa da. Arkitektoen ikuspegiaren malgutasuna batzuetan ere etorkizuneko etxebizitzen diseinuen malgutasuna bihurtzen da. Horrela izan da Beaumont herri txikiko etxebizitza ebolutiboen kasuan, non biztanleek eraikinen zati batzuk libreki eraldatu zitzaketen. Proiektuak Txileko Elemental bulegoaren lana gogorarazten digu. Hemen, kasuz kasu egindako lana, autoeraikuntzari eta etxebizitzaren eskalan ematen den berrerabilerari laguntzen dion elementu gakoa da. Azken proiektu honek, aurreko biek bezala, berrerabileraren erakusle garbiak izan nahi ez duten arren, bakoitza bere erara, arkitekturaren ikusmolde ezberdin bat defendatzen ahalegintzen da, etorkizuneko berrerabilera orokortzea posible egingo duen ikusmoldea!


Artikulu honetan deskribatutako proiektu ezberdinak (Boulogne-sur-Mer, Tourcoing, Beaumont), modu zabalagoan azaltzen dira Patrick Bouchain-en zuzendaritzapean ateratako “Pas de toit sans toi” argitalpen kolektiboan (2016, Actes Sud). Gainontzeko informazioa 2014ean Pavillon de l’Arsenal taldeak Encore Heureux bulegoaren zuzendaritzapean argitaratutako “Matière Grise” liburuan biltzen diren Patrick Bouchain berari egindako elkarrizketatik atera dugu.