RE2020

Parisen eraikuntza materialen berrerabileraren sektorearen inguruko sindikatua sortzear dauden momentuan, Frantzian praktika honen aldeko interesak gora egin du. Honen erakusle da gaur egungo legediaren testuingurua. Aurreko artikulu batean Egiteko lizentzia (Permis de faire) eta honekin erlazionatutako lizentzien inguruan, efektu baliokideen printzipioaz eta PEMD diagnostikoaz (lien) aritu ginen. Oraingo honetan berrerabilerarentzat onuragarria den beste erraminta baten inguruan arituko gara: Réglementation Environnementale 2020 (Ingurumen-araudia) RE2020 deiturikoa.

ELAN legean aurrikusia (2018), helburua eraikin berrien energia eta ingurumen-inpaktua mugatzea da. RE2020 araudiak, isolamenduaren bitartez eraikinen errendimendu energetikoaren hobekuntza eta kontsumoaren gutxitzea bilatzen zuen RT2012-a ordezkatzen du. Soiltasun energetikoa eta energiaren deskarbonizazioa jomuga dira RE2012 araudian, baina helburu berriak gehitzen dira oraingoan: eraikinen moldagarritasuna bero handiko egunetan eta eraikinen ingurumen inpaktua murrizteko nahia besteak beste. Horretarako denboran zehar alda daitezkeen mugak ezartzen dira. Azken puntu honek materialen berrerabileran eragina du. Araudiak, bizi-zikloaren analisian (BZA) oinarritutako metodologia berria aurkezten du. Honek eraikin batek bere bizitzan isuriko dituen Berotegi Efektuko Gas (BEG) guztiak hartzen ditu kontuan, eraikuntza fasetik eraisten den momenturarte. Eraikin berri baten kasuan, bi fase hauek (eraikuntza eta eraispena) 50 urteko denbora-tartean isuriko dituen emisioen %60-%90-a suposatzen dute. Eraikin baten isurtzeak eraikuntza fasetik kontutan hartzeak, eraikitzeko moduan eragina izango du, emisio gutxiko soluzioen aldeko apustua eginez, berrerabiltzea barne. Gainera, BZA dinamikoaren (ez estatikoa) aukeraketak garrantzi handiagoa ematen die bizi-zikloaren hasieran isuritako BEG-ei.

Hainbat legeek RE2020-aren exijentziak azaltzen dituzte eta CCH frantsesa (Code de la construction et de l’habitation), Espainiako Eraikuntza Kode Teknikoaren baliokidea berrantolatzen dute. Dekretu batek (arrêté du 4 août 2021), eraikinen ingurumen inpaktuaren kalkulu metodoa zehazten du eta berrerabileratik eratorritako osagarrien erabilerari loturiko araua barneratzen du. Bertan berrerabilera elementuek ingurumen-inpakturik ez dutela adierazten da. Beraz bizi-zikloaren modulo guztien inpaktu-baloreak nuluak dira. Eraikuntza fasetik eraikinen ingurumen-inpaktua kontutan hartzea berrerabileraren aldekoa den arren, berrerabileratik eratorritako materialak BEG gehigarririk isurtzen ez dutela kontsideratzeak, praktika honen erakargarritasuna areagotzen du!

RE2020-a betetzea derrigorrezkoa da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, etxebizitza indibidual eta kolektibo berrientzat, eta nahitaezkoa izango da 2022ko uztailaren 1etik aurrera, bulego eta lehen zein bigarren hezkuntzako eraikinentzat. Eraikin tertziarioek aurrerago hartu beharko dute kontutan araudi berri hau.


RE2020 araudiaren inguruan informazio gehiago lortzeko, Ministère de la Transition Écologique (Trantsizio Ekologikoko Ministerioa) frantsesaren webgunea ikusgarri.