Loi AGEC

Frantzian, “Permis de faire » eta antzeko legeek eskainitako aukerez gain, beste hainbat aurrerapen izan dira berrerabileran eragina izan dezaketenak.

AGEC deituriko ekonomia zirkularrari buruzko anti-gaspillage (hondakinen kontrako) legeak (2020), orain arte hondakinen diagnostikoa baliabideen diagnostikoa delakoak ordezkatu du, “produktu-material-hondakin” diagnostikoa delakoa ezarriz. Lege honek eraispenei zein birgaitze esanguratsuei eragiten die eta bere helburua berrerabilera tasa areagotzea da. Horretarako Code de la construction et de l’habitation moldatzen duen 51. Artikuluak, produktuen, materialen eta hondakinei buruzko beharrezko informazioa ematen duen diagnostikoa definitzen du hauen berrerabilera bideratu ahal izateko. Code de l’environnement moldatzen duen 59. artikuluak, berrerabilera edo berriztagarriak diren baliabideetatik eratorriak diren materialen erabilera gomendatzen du enkargu publikoko eraikinen eraikuntzan edo birgaitze proiektuetan. Diagnostikoa gaitasun eta ziurtasun bermeak eskaintzen dituzten profesionalek burutu behar dituzte. Berrerabileraren arloari loturiko lanbide zerrenda zabaldu egingo dela ematen du.

Diagnostiko obligazioaren xede diren eraikinen kategoriak eta eraispen edo birgaitze lan klasea dekretu (Décret nº 2021-821 du 25 juin 2021) bidez zehaztua izan da. Honek berrerabilerari eman beharreko lehentasuna gogorarazten digu: oraingoan “produktu-ekipamendu-material-hondakin” (frantsesez siglak PEMD) diagnostikoak berrerabili ahal izango diren elementuen jatorria, kopurua, kokapena eta egoera zehazten ditu. Gainera elementu hauen berrerabilera aukerak zein diren azalduko dizkigu eta desmuntaketa, bilketa eta garraioari buruzko informazioa emango digu. Diagnostikoa nahitaezkoa izango da 2022tik aurrera!


Gai honen inguruko informazio gehiago eskuragarri frantsesez DÉMOCLÈS plataforma kolaboratiboan. Bertan eraispenetan lan egiten duten kideak biltzen dira prebentzio eta hondakinen kudeaketa eta birziklapenaz gain beste bide batzuk bultzatzeko helburuarekin.

Frantsesez ere bai, materiauxreemploi.com web-orriak zuzenbideari buruzko artikuluak argitaratzen ditu, neurri hauen ezarpenaz hitz egiten duen hitzaldi honen emisioa adibidez.