Bartzelonan, Flores & Prats Arquitectes arkitektura bulegoa, Cooperativa de Consumo i Justicia-ren egoitza zaharraren birgaitze proiektuaren egilea da, orain Sala Beckett (Fundació Sala Beckett / Obrador Internacional de Dramatúrgia) berrian bilakatu dena. Kooperatiba, 1924. urtean irekia eta 90. hamarkadan utzita, modu independentean funtzionatzen zuten eskola, denda, taberna eta antzerki-aretoa osatzen zuten. Proiektuaren programa berriak erabilera ezberdinen arteko elkarrekintza bilatzen du, antzerki-eskola, antzezpen-guneak eta taberna, argi-sarrera berriak ahalbidetzen dituen atariaren bidez konektatuz. Espazio honetan ikasle, irakasle, artista, ikusle eta auzoko biztanleak nahasten dira.
Arkitektoek eraikinera egindako lehenengo bisita, iraganera egindako bidai baten gisa deskribatzen dute. Bertan aurkitutako kooperatibaren aztarnen, aroztegi, lur-estaldura eta sabai-arrosen, inbentario zehatza egin zuten eskala ezberdinetan marraztutako ehundik gorako planoen bidez. Marrazki hauek elementu bakoitza ikusaraztea ahalbidetu zuten, hauen xehetasunak, egoera eta tamaina azpimarratuz, jasotako herentziari balioa emanez. Ahal zen neurrian eraikinaren espazio zabalen egitura eta inbentariatutako elementu txikiagoak mantentzea erabaki zuten. Modu honetan, kooperatiba zaharraren iragana, eraikinaren uztearen arrastoak eta programa berriarentzat beharrezkoak ziren egokitzapenak espazio berdina partekatzen dute.
Inbentariatutako elementuak bertan berrerabili ziren, aurreko funtzio berdinean, baina kasu gehienetan eraikinaren beste parte batean. Araudi berriak errespetatzeko egindako egokitzapenak, egitura eraldaketak eta programa berriaren ezarpenak direla eta, arkitektoen lana collage baten modukoa izan dela esan genezake. Egitura elementu, akabera eta altzari berriak tokian existitzen ziren elementu eta espazioetara gehitu ziren.
Aroztegiari dagokionean, ateen eta leihoen %90a berrerabili zen, hauetariko gehienak moldatu eta konpondu ostean. Solairuak sendotzeko egindako handitzearen ondorioz ateen altuera moldatu behar izan zen eta leiho batzuetan beira-bikoitza ezarri zen. Aldaketa eta konponketa guztiak bertan gauzatu ziren garraioa saihestuz. Gainera eskailera bat eta hainbat baranda berrerabili ziren, hauek ere birkokatu aurretik moldatuak.
Jatorrian antzinako kooperatiba honetako espazio bakoitzak lauza-hidrauliko ezberdinez osatutako lur estaldura zuten. Entsegu eta antzezpen espazioekin bat zetozen beste lur-estaldura mota batzuk erabiltzearen beharra medio, lauza-hidraulikoak eraikineko beste guneetan kokatu zituzten konbinazio berriak sortuz. Lauzak desmuntatzerako momentuan %20a galdu zen. Kantitate hau kontutan hartu zen kokapen eta diseinu berria erabakitzerakoan.
Honetaz gain, antzokiaren sabai zaharreko hiru sabai-arrosa berreskuratu eta dekorazio elementu gisa erabili ziren. Eraikineko beste espazio batzuetan zeuden sabai-arrosak bere horretan kontserbatu ziren, klimatizazio sistemaren irteera-aho gisa erabiltzeko.
Eraikitze lanak hasi aurretik, Sala Beckett-ko kideek okupazio iragankorra burutu zuten eraikinaren lehenengo solairuan. Proiektuaren logika berdina jarraituz, Sala Beckett egoitza zaharreko altzarien inbentarioa egin zen kooperatiban berrerabiltzeko asmoz. Aldi baterako okupazioak erabilera programa berria probatzeko aukera eman zuen. Gainera lan-taldeari, ikasleei eta ikusleei eraikinaren eta berrerabiliko ziren elementuen jabetzea ahalbidetu zuen. Kultura eta antzerki-proiektua garatu zen eraikinaren memoria gogora ekartzeko, hau eszenatoki bilakatuz. Antzezlana espazio eta denboran barrena ibili zen, arkitekturak inbentario eta berrerabiltzearen bidez egin zuen moduan.
Hemen azpian, berrerabiliak izan ziren elementu batzuen zerrenda aurki dezakezue (informazio iturria Flores & Prats eta Opalis):
- 200 m² horma eta lur-akaberak, bertan desmuntatu, garbitu eta birkokatuak;
- 44 zurezko ate, bertan garbitu eta moldatuak;
- 35 zurezko leiho profilak, bertan garbitu eta moldatuak;
- eskailera 1;
- hainbat baranda;
- 3 sabai-arrosa dekorazio elementu gisa erabiliak.
Artikulu hau neurri batean Sala Beckett – Centro Internacional de Dramaturgia liburuan eta Escala 1:5 dokumental sortan oinarritzen da.