Adokin gara. Arkitektura eta bitartekaritza kulturala ikasiak, eraikuntza materialen berrerabilpenaren inguruan ikasteko helburuarekin blog hau sortu dugu. Gai honen inguruan aurkitutako informazioa elkarbanatuko dugu.
Berrerabilpenaren definizioa, lege-testuetan aurkezten den moduan, hondakin kontsideratzen ez diren materialen erabilera bultzatzea da, jatorrian izan zuen erabilera berdina emateko. Ate bat adibidez, berriz ere ate gisa erabiltzeko errekuperatu daiteke. Hala ere, blog hau berrerabilpen praktika ezberdinak bilduko dituen lekua da, erabilpen berdina edo ezberdina jaso duten hondakin bihurtutako materialen kasuan adibidez. Desmuntatutako ate bera, mahai bat izan daiteke. Berrerabilpena zentzu zabalenean, birziklatzeaz bereiziz beti ere, non materialek eraldaketa formal eta funtzional garrantzitsuagoa jasaten duten eta maiz lehengai egoerara itzultzen diren.
Blog honetan kontuan hartutako eraikuntza materialak, obra-handiko elementu osagarriak, akabera elementuak eta neurri txikiago batean altzariak izango dira. Berrerabili beharreko lehenengo elementuak eraikinak berak izan beharko liratekeen arren, hauen desmuntaketa edo dekonstrukzioa kontsebazioaren aukera aztertu ostean burutu beharko litzateke. Eraberritze, birgaitze edo zaharberritze praktikekin lotutako gaiak ez dira blog honetan jasoko.
Eraikuntza materialen berrerabilpena, sektorearen inpaktu negatiboen, ingurumen, sozial eta kulturalen, erantzun gisa ulertzen den arren, konponbidearen atal bat baino ez da. Praktika honek zentzua izan dezan, gure eraikitzeko modua eta eraikuntza, haratago gure gizartea, ulertzeko moduaren eraldaketa sakona egin beharko genuke. Berrerabilpena, helburu berdinak bilatzen dituzten beste teknika edo praktikei (eraikuntza bioklimatikoa edo bernakularra, autoeraikuntza, etxebizitza kooperatiboa, trantsizioko arkitektura eta hirigintza, etab.) hurbiltzea interesgarria izango litzateke. Orokorrean, berrerabilpena ondasun komun baten, demokraziaren eta klima eta justizia sozialaren ikuspegi kultural eta politikoaren baitan hartzen dugu. Puntu hauek eraikuntza materialen berrerabilpena gauzatu ahal izateko aurre-kondizioa osatu beharko dute eta akzio espekulatiboak, desberdinkeria soziala areagotzen duten praktikak edo ingurumenaren eta ondarearen borondatezko hondamenean parte hartzen duten ekintzak kanpoan utziz.
Hortaz, blog honi eraikuntza materialen berrerabilpena sustatzen duten praktika ezberdinetak interesatzen zaizkio, eta baita hauek ezagutarazteko moduak ere, argitalpen, erakusketa, tailer edo bitartekaritza ekintzen bidez.
Blog honetan aurkeztutako informazioak, euskaraz, gazteleraz, nahiz frantsesez, orientagarriak dira eta ez dute aditu baten aholkularitza ordezkatzen. Hortaz, Adokinek ez du erantzukizunik hartzen, akzio, teknika, material, produktu edo enpresei buruzko informazioei dagokienean.
Gainera, produktu edo enpresei buruz egindako aipamenak, eraikuntza materialen berrerabilpenaren inguruan informatzeko helburua dute eta Adokinek ez du ordainsaririk jasotzen.
Kontrakoa aipatu ezean, Adokinek ekoiztutako irudi edo testuak Creative Commons Attribution – Non Commercial – Share Alike (CC-BY-NC-SA) lizentziapean partekatzen dira. Adokin ez den egile bati erreferentzia egiten dioten testu, soinu edo ikus-entzunezko grabazio, ilustrazio edo argazkiak jabetza-eskubide propioa dute eta beraz, ezin dira aurrez aipatutako lizentziapean partekatu.