Bricks

Adreiluak. Ladrillos. Briques. Bricks. Adreilua eraikuntza material arruntenetakoa da. Oraindik praktika hau oso zabaldua ez dagoen arren, buztin egosiz egindako adreilu trinkoen berrerabilera geroz eta ezagunagoa da herrialde batzuetan. Dagoeneko aipatu ditugu blog honetan zenbait proiektu, baina askoz gehiago dira. Hona hemen terrakotazko adreilu trinkoak berrerabiltzen dituzten eragileen errepasoa!

Lehenik eta behin, adreiluak banan-banan berrerabiltzeko stocka identifikatzen dugunean, beharrezkoa da mortero hondakinak eskuz edo mekanikoki garbitzea. Aurretik, REBRICK proiektu europarraren barruan garatu zen, Gamle Mursten enpresa daniarraren sistema mekaniko automatizatuari buruz hitz egin genuen. Aurrerakuntza tekniko honetaz gain, honezkero bere produktuentzat ingurumen adierazpena duen adreilu berrerabilien hornitzaileak, CE marka lortzeko prozedura jarri du martxan merkatu daniarrean ohikoak diren adreiluentzat. CE marka eta adreiluen ezaugarriak modu egokian ezartzea, gaur egungo proiektuetan material hauen integrazioa errazteko modua izan daiteke.

Gamle Mursten enpresak banatutako adreiluak hainbat proiektutan erabili dira, Wienberg Architects bulegoak diseinatutako etxe baten hormetan adibidez. Eskala handiago batean, ospitale zahar batetik berreskuratutako 400 000 adreilu, enpresa berberak garbitu ostean, Aarhus hiriko (Danimarka) Frederiksbjerg eskolan berrerabili ziren (Henning Larsen Architects). Arkitekto berberek prozesu berdina errepikatu zuten beste hainbat bizitegi-proiektuetan, besteak beste Kopenhagen kokatutako Jacobsen Hus y Havnebryggen. Proiektu hauetan hornitzaileen garrantzia funtsezkoa da. Hau honela, lerro hauek idazten ari garen momentuan, Opalis web-orriak, adreilu berrerabilietan espezializatutako 70 hornitzaile baino gehiago identifikatzen ditu. Salvo web-orriak berriz, Erresuma Batuan bigarren eskuko, batez ere terrakotazko adreiluak eskaintzen dituzten 300 iragarki baino gehiago. Hauetariko hornitzaile batzuk, luzetara moztutako adreilu berrerabiliekin egindako ageriko plakak eskaintzen dituzte. Hala eta guztiz ere, hemen adreilu trinkoen berrerabilera kasuei buruz hitz egingo dugu soilik.

Opalis web-orriak ere, adreilu berrerabiliak erabiltzen dituzten Belgikako hainbat proiektu biltzen ditu. Kasu gehienetan, estaldura material gisa erabiltzen dira. Horien artean, eraldaketa eta birgaitze proiektuez gain, Auderghem auzoan kokatzen den Vignette etxea (Karbon’ architecture & urbanisme) aipatu behar dugu, berrerabilitako 3000 adreilurekin eta fatxadan adreilu saretarekin, Lo-Reninge-go udaletxea (noAarchitecten), 205 m² adreilu berrerabiliekin, eta Mariakerke (Raamwerk eta Van Gelder Tilleman architecten) etxe-tailerra. Dagoeneko aipatu ditugu hemen beste hainbat proiektu, tartean Chiro de Itterbeek (Rotor), Folklorearen museoa Mouscron hirian (V+ eta Simon Boudvin) edo dnA etxea (BLAF architecten). Azken honetan, adreiluak karga-hormatan berrerabili ziren (goiko argazkian ikus daiteke). Gainera, Belgikako Adreiluaren Federazioaren argitalpenean agertzen diren beste hainbat proiektu gehitu ditzakegu. Laeken auzoan kokatzen den Vandergoten etxebizitza proiektuan (R²D² Architecture) adibidez, biltegi zahar batetik berreskuratutako 2000m² adreilu berrerabili ziren.

Europako beste herrialde batzuk ere garrantzia hartzen ari dira adreiluen berrerabilerari dagokionean. Erresuma Batuan adibidez, Londresen kokatzen diren Step House (Bureau de Change) eta Love Walk House (Vine Architecture Studio) proiektuak aurki ditzakegu. Bi eraikin hauen handitzea burutzeko, adreiluak tokian bertan berrerabili ziren. Bigarren eskuko adreiluak ere Gretton herrian dagoen The Parchment Works (Will Gamble Architects) proiektuan edo Londresko Lexi Cinema-ren (RISE Design Studio) handitzean erabili ziren. Alemanian Ravensburg hiriko Kunstmuseum museoan (Lederer Ragnarsdóttir Oei), antzinako monasterio batetik berreskuratutako adreiluen berrerabilera interesgarria burutu zen, proiektuaren fatxadan eta museoaren estalkia osatzen duten gangetan (honi buruzko artikulua eskuragarri Arquitectura Viva aldizkarian). Polonian, Poznań hirian, aletegi zahar baten adreiluak berrerabili ziren Wrzeszcz Architekci bulegoak diseinatutako etxe baten fatxada osatzeko (artikulua ikusgarri Archdaily web-orrian).

Aurreko hauek, Europan burutako proiektuen adibideak dira, buztin egosiz egindako adreilu trinkoen stock-a nahiko handia den herrialdeetan. Hauetaz gain, Paraguaien, non adreilua material tradizionala den, kokatzen diren adreiluen berrerabilera adibideez hitz egin genuen (hemen eta hemen). Besteak beste, Yvapovo proiektua (Laboratorio de Arquitectura), Casa Esmeraldina edo Centro de Rehabilitación Infantil de la Teletón delakoa (Gabinete de arquitectura), Casa Ana (Mínimo Común Arquitectura), Casa Ilona eta Wf etxebizitza (Grupo Culata Jovái), Cerro Corá 2373 proiektua (Grupo Culata Jovái eta Arquitectava) edo Casa/Taller Las Mercedes (Lukas Fúster). Proiektu hauei Brasilen eraikitako Capela Ingá-mirim (messina | rivas) gehitu behar diogu.


Adreilu berrerabiliei buruzko informazio gehiago argitaratu da Rotor-en eskutik FCRBE proiektu europarraren barruan. Material hauei buruzko fitxa hemen jaitsi daiteke. Informazio osagarria Opalis web-orrian bertan. The Brick Development Association delakoak adreiluen balio-bizitzaren amaierari buruzko argitalpena ikus daiteke hemen. Baita Adreiluaren Federazio Belgiarraren argitalpena ere.