Baksteen

Berrerabilera adreiluz eraikitako eraikuntza garrantzia irabazten ari da, adreilua eraikuntza material nagusietakoa den herrialdeetan. Gaur egun, hala ere, material hau nagusiki estaldura moduan erabiltzen da eta berrerabilera adreiluek logika berbera jarraitzen dute. Egitura funtzio ezak, adreilu zaharrak proiektu berri batean integratzea erraztu dezake. Hala eta guztiz ere, horietariko askok adreilu berriek baino ezaugarri hobeak dituzte. Hala adierazi zuen BLAF architecten arkitektura-estudioak, Belgikan familia bakarreko etxebizitzak eraikitzeko egindako probetan. Belgikan, Flandrian bereziki, baksteen-a (adreilua nederlanderaz) tradizioz asko erabiltzen den materiala da. Ez da harritzekoa, hortaz, bigarren eskuko adreilu hornitzaile asko aurkitzea. Brick Wall City ikerketa-proiektuaren bitartez, BLAFeko arkitektoek, birmoldatze proiektuetan material horrekin lan egiten ohituak, adreilu berrerabilia aukeratu zuten, eta, gainera, jatorrizko egitura-funtzioa mantendu zuten. Beraz, harlangaitzezko horma kargakoa izango da!

Adreiluak berrerabiltzeko ikuspegi hori, praktikan jarri zen, Asse-n, dnA etxea eraiki zenean. Ideia nagusia, isolamenduaren inguruko estandar berriak, etxe tradizionalen eraikuntza erraztasunarekin eta hauek eskaini dezaketen egokigarritasunarekin konbinatzea zen. Beraz, dnA etxean elkarrekiko modu independentean funtzionatzen duten adreiluzko euste-hormak eta zurezko egitura arinago bat aurki ditzakegu. Adreiluzko hormek estalkia eusten dute, eta eraikinari inertzia termikoa ematen dioten arren, zurezko bilbadura egiturak barneko solairuak osatzen ditu eta isolamendu jarraia ahalbitzen du. Eraikuntza sistema hibrido honek, kaxa bat beste kaxa baten barruan, material bakoitza modu bereizi batean tratatzen ditu. Honela, ondoz ondoko geruzen bidez, eraikinaren balio-bizitza luzatzea lortzen dute, barrutik berritu daitekeelako, kanpoko itxura eraldatu gabe. Egituraren ikuspuntutik, angelu zuzen ugariek eta hormigoizko habe inguratzaileek, 50m3 berrerabilera adreiluz osatutako estalduraren egonkortasuna sendotzen dute. Sistema honen hautaketarako, estetika eta ingurumen alderdiak kontuan hartzeaz gaina, alde ekonomikoan onuragarria izan daitekeela frogatu zen.

Gentbrugge (Belgika) hirian burututako gjG etxearen proiektuan, arkitektoek berrerabilera adreiluz egindako euste-hormen inguruko esperimentuei jarraipena eman zieten. Proiektu honetan, adreiluzko hormaren egonkortasuna lortzeko angelu zuzenek erabili beharrean, zuhaitzez beteriko ingurunean uztartzen diren horma kurboak diseinatu zituzten. Beste moldaera bat jarraituz, kasu honetan barnealdeko adreiluzko azala estalkiaren euskarri bilakatzen da, kanpoaldeko adreilu azalak estaldura funtzioa duen bitartean. Bi adreilu azal hauen artean isolamendua kokatzen da. Isolamenduz beteriko ohiko horma hutsaren, adreiluzko harlangaitz lan aldaera honek, adreiluak galdutako lekua berreskuratzea ahalbidetzen du. Estaldurarekiko independentea den zurezko eta altzairuzko egiturak, solairuak osatzen ditu.

Proiektu hauetaz gain, BLAFeko arkitektoek adreilu-modelo berriak diseinatu dituzte. Adreilu hauek, arinagoak diren harlangaitz lan adreiluak ez bezala, horma trinkoak eraikitzeko aproposak dira. Aurreko erabiltzaileek utzitako adreiluak berrerabiltzen ditugunean, ez dugu ahaztu behar, etorkizuneko eragileentzat dena prest utzi beharra dagoela. Horretarako, kalitate handiko material iraunkor eta gogorren erabilera eta desmuntaketa eta denbora luze batez eraikinaren moldagarritasuna ziurtatzen dituzten eraikuntza sistemak erabili beharko ditugu. BLAF estudioko arkitektoek bi alde hauek lantzen dituzte, bai materialena, berrerabiliz eta adreilu mota berriak garatuz, eta baita eraikuntza sistemena ere, egitura-sistema bereiziak dituzten gainjarritako geruzen erabilera bultzatuz.


DnA etxeari buruzko informazio gehiago Opalis web-orrian. Belgikako adreiluaren federazioak (Fédération Belge de la Brique) hiru hileko aldizkaria argitaratzen du eta 2021ko iraileko aleak berrerabilerako adreiluez eta BLAF architecten-en bi proiektuei buruz hitz egiten zuen Briques de réemploi. Archdaily web-orrian proiektu hauei buruzko informazioa ere aurki dezakegu, hemen eta hemen.