Reusing posidonia

Formenteran, Balear Uharteetan burututako LIFE Reusing Posidonia proiektuaren xedea, etxebizitza-sozial eraikin baten aztarna ekologikoa nabarmenki murriztea zen. Horretarako, tokiko baliabideak eta artisau teknikak erabili ziren, irtenbide horien bideragarritasuna frogatzeko asmoarekin. Helburua, eraikuntzari loturiko CO2 isuriak eta hondakin ekoizpena %50ean gutxitzea zen, proiektuaren kostu gehigarria %5tik behera mantenduz. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitu nahi duen proiektu hau 2018an amaitu zen, eta bertan babes ofizialeko 14 etxebizitza sortu eta monitorizatu ziren. LIFE programa europearraren barruan (LIFE12/ENV/ES/000079, LIFE+ 2012), etxebizitza babestuen sustapena oinarritzat duen Instituto Balear de la Vivienda (IBAVI) erakunde publikoak zuzendu zuen proiektua, Balear uharteetako autonomia erkidegoko energiaren eta aldaketa klimatikoaren zuzendaritza nagusiarekin lankidetzan. Beraien helburuak lortzeko, IBAVI-ko arkitektoak arkitektura tradizionalean inspiratu ziren, tokiko baliabideak erabiliz. Tartean posidonia itsas-landarea. Hondartzetara iristen diren hosto hilak isolamendu eta material berrerabili gisa erabiltzen ziren!

Ingurumen-onurez gain, alderdi ekonomikoa eta soziala ere garrantzitsuak dira proiektuaren arduradunentzat. Beraien esanetan: “1500km-tara kokatzen den industria kimikoan inbertitu beharrean, aurrekontu berdina erabiliko dugu kualifikazio txikiko eskulanean”. Etxebizitza soziala bultzatzeaz gain, tokiko artisau-industria ekologikoa sustatu nahi zuten. Teknologia baxuko arkitekturaren garapena, uhartean eskuragarri dauden baliabideen (arenisca, arcilla, cerámica, cal aérea), ingurumen-ziurtagiria inportatutako materialen (madera, cal hidráulica) eta material berrerabilien erabilera, helburu hauek lortzeko konbinazioa ezinhobea da. Honek guztiak, diseinu fasetik material hauek integratzeko eraikitze-sistemak kontutan hartzea eskatzen du. Era berean, eraikinaren energia-efizientzia azpimarratu zen, kasu honetan A klasekoa, bereziki hormigoi zelularra erabiliz. Arkitektura tradizionalaren eragina, etxebizitzen diseinu bioklimatikoan ere nabari da. Pergola, pertsiana eta atari-aterpeak ez dira soilik apaingarri, eta fatxadan jarritako kableek landare igokarien garapena errazten dute.

Proiektuaren funtsezko elementuetako bat posidonia da, hondartzen kontserbaziorako ezinbestekoa den alga babestua. Hau erabili ahal izateko baimena behar da. Hala ere, hondartzetara iristen den posidonia kantitate handiak, gainbegiratuta, gaineko geruza jasotzeko aukera ematen du. Gehiegizko bolumen horiek, uharteko eraikuntza berrien isolamendua burutzeko erabili ziren. Bestetik, zenbait probatan ikusi zen moduan, behin lehortzen denean ez du tratamendu osagarririk behar, itsasoko gatzak konserbatzaile eta biozida gisa jarduten baitu.

Posedonia algaren ustiapenaz gainera, berrerabilerak ere garrantzi handia du proiektuan. Honela, etxebizitzen barneko arotzeriak berrerabilitako ate eta leihoz osatuta daude, eta beheko solairuko kanpoko ateak somier zaharretatik ateratako pinu zurez eginak daude. Berrerabilitako elementu hauek Mallorcako Fundació Deixalles-ak (ingurumen eta hondakinen kudeaketa arloetan lan egiten duen ekonomia solidarioaren fundazioa) eman zituen. Zur zaharrez egindako ate eta leihoak neurri moldaketak izan zituzten, eta panel labainkor moduan erabili ziren, hauen integrazioa errazteko. Guztira, ehun elementu baino gehiago berrerabili ziren! Induskatutako lurren edo homigoi zelular obra-hondakinez bestalde, hainbat palet berrerabili ziren, hauek bueltan penintsulara bidaltzea oso garestia baitzen. Paletak estalkian erabili ziren, posidonia banatu ondoren, OSB panelak eusten zituen bigarren mailako egitura gisa.

Azkenean, hondakinak eta CO2 isuriak murrizteko hasierako helburuak erraz lortu ziren. CO2 isurien gutxitzea adibidez %63koa izan zen. Proiektuak jarraitzen duen logikak, diseinu bioklimatikoa, artisau tekniken erabilera eta tokiko material edo berrerabilien erabileratik hasita, helburu sozialera arte, berrerabilera, beste printzipio batzuekin batera, arkitekturaren eta eraikuntzaren ikuspegi berri baten osagaitzat hartzearen garrantzia erakusten du. Lan egiteko modu berriak dira, non eskura dauden berrerabilera materialak, baliabide naturalak bezala, une bakoitzean ezberdinak izaten diren. Balear uharteetan arotzeriak eta posidonia izan dira, zeintzuk erabiliko ditugu beste leku batzuetan?


Proiektuaren web-orriko eduki guztia eta artikulu honetan azaldu duguna, Creative Commons Attribution-NonCommercial-ShareAlike (CC BY-NC-SA) 4.0. lizentziapean eskuragarri dago. Gainera, proiektuan sakontzen duen argitalpen bat aurki daiteke, hemen deskargatu daitekeena. Honetaz gain, proiektuari eskainitako erakusketa ibiltaria aurkeztu zen Sevilla, Madril eta Bartzelonan.

Proiektuaren filosofia, beste batzuentzan inspirazio bilakatu zen. Honela 2021ean IBAVI-ko arkitektoek zuzendutako etxebizitza sozial proiektu bat burutu zuten. Bertako hareharri eta posidoniaz gain, estalkian kofratze-panelak berrerabili ziren. Arquitectura Viva aldizkariaren web-orrian, honi buruzko artikulu bat eta Formenterako proiektuari buruzko hau aurki ditzakegu.