Mujeres invisibles

Azken hamarkadetan, nabarmen hazi da estatu espainiarreko arkitektura eskolatan emakume ikasle kopurua: laurogeigarren hamarkadan %15 ziren, eta gaur egun %50 baino gehiago. Hala ere, ikasle kopuruaren handitzeak ez du oraindik esan nahi, arkitekto emakumeen egoera profesionala hobetu denik. Euskadiren kasu zehatzean, Veronica Benedet arkitektoak agerian uzten du, 2020an Emakunderen (Emakumearen Euskal Erakundea) finantziazioari esker burututako “Arquitectas (In)visibles en Euskadi” ikerketan. Lan honek erakusten duenez,“Euskadiko emakume arkitektoek magnitude ezberdineko zailtasunak jasaten dituzte arkitekturaren ia esparru guztietan, bai irakaskuntza eta ikerketa eremuetan, lanbidearen praktika librean zein lidergo postuetan eta, bereziki, beraien ekarpenen gizarte-onarpenean”. Honen adierazgarri da arkitektura eskolen ikasketa-plana, zeinak gaur egun oraindik, jenio eta egile indibidualaren ideia duen ardatz nagusi. Gainera, emakume arkitektoek historian zehar egindako ekarpena eta ondarea alde batera uzten ditu, eta ikasleak emakumezko erreferentziarik gabe geratzen dira. Ikasketa-planak, obra berriari zuzendutako ikasgai formalekiko zaletasuna erakusten jarraitzen du, birgaitze edo zaharberritzearen aurretik, eta arkitekturaren dimentsio soziala ahaztuz.

Ikasketak amaitu ostean, emakumeek lan-mundu maskulinizatu batera moldatzeko eta honekin bat egiteko beharra izanten dute. Lan-esparruan gizonezkoek, gaur egun oraindik, segurtasun eta profesionaltasun handiagoa inspiratzen diote bezeroari, zeinak askotan dudan jartzen duen arkitekto emakumeen ahalmena eta autoritatea. Bestalde, emakume askok pairatzen duten lan-diskiminazio eta prekarietateaz gain, eskola garaian ikasitako eta barneratutako lanbidearekiko erabateko dedikazioak, gehienek lanbidea partzialki edo guztiz uztea eragiten du, bateraezina baita gaur egun oraindik emakumeek betetzen dituzten etxeko lan eta zaintzarekin (ikerketan elkarrizketatutako emakumeen erdiek bakarrik betetzen dituzte etxeko lanak). Honela, emakumeak pixkanaka desagertu egiten dira lan-esparruetatik. Arkitektura eta ingeniaritza zerbitzuetako zein Euskadiko arkitektura elkargoetako kide diren emakumeen ehunekoa, %30 ingurukoa da. Donostiako DAGET-an adibidez, irakasle eta ikertzaileen %24a baino ez dira emakumeak. Saritutako eta argitaratutako emakumeen ehunekoa are txikiagoa da. Veronica Benedet-en ikerketa Euskadin ardaztuta dagoen arren, egoera hau beste leku askotan errepikatzen da. Esanguratsua da adibidez, Denise Scott Brown arkitekto eta hirigileak aitortua izateko egin zuen borroka (El Pais-en honen inguruan argitaratutako artikulua ikusgarri hemen). Baita Bauhaus eskolako edo Espainiako emakume arkitekta aitzindarien ikustezintasuna (gai hauen inguruan El Pais egunkariak argitaratutako artikuluak hemen eta hemen).

Egoera honek, emakume asko arkitektura eta eraikuntzarekin zerikusia duten lan-alternatibak bilatzera bultzatzen ditu. Arkitekto emakumeen ekarpena eta genero-ikuspegia kontutan hartuko dituzten lan-jarduerak eta ingurumen, gizarte, kultura dimentsioa eta talde lanerako joera dutenak. Besteak beste, hirigintza inklusiboa, birgaitzea, zaharberritzea edo berrerabilera bezalako praktikek joera androzentrikoak hausten lagun dezakete, arkitektura inklusiboari lekua eginez. Berrerabileraren sektorea, bere ahalmen eraldatzaileaz ohartzea espero dugu!


Artikulu hau, Verónica Benedet-ek burututako “Arquitectas (in)VISIBLES en Euskadi” ikerketan oinarritzan da. Testua eskuragarri dago Emakunderen web-orrian. Bertan aurretiko antzeko ikerketak biltzen dira, besteak beste, Association of Collegiate Schools of Architecture erakundeak, ACSA (Estatu Batuak eta Kanada), argitaratutako “Where Are the Women? Measuring Progress on Gender in Architecture” ikerketa, Parlour (Australia) web-orriak argitaratutako “Equity and Diversity in the Australian Architecture Profession: Women, Work and Leadership” ikerlana edo TRIGGER proiektu europarra (Transforming Institutions by Gendering Contents and Gaining Equality in Research). Espainiako estatuan, AMAE espainiako emakume arkitektoen elkartea existitzen da (hemen Archdaily web-orrian argitaratutako artikulua). Parisen, emakume arkitektoen batasun internazionala (UIFA) sortu zuten eta Europan Yes We Plan! Nabarmentzekoa da UN DIA | UNA ARQUITECTA web-orriak egiten duen dibulgazio lana. Bestetik, Inés Sánchez de Madariagaren “Matilde Ucelay – La primera arquitecta española” liburua argitaratu da 2022an.