Assemble – 1

Assemble, artea, diseinua eta arkitektura lantzen dituen kolektibo ingelesak, ez du derrigorrez berrerabilera bere kezka nagusi gisa ulertzen. Hala ere, ikerketa, auto-eraikuntza, formakuntza nahiz artisau teknika eta tradizionalekin batera, praktika sozial, kooperatibo eta demokratikoaren eskura jartzen duen tresna garrantzitsua da.

2010an kolektiboa sortu zuten, lehen proiektua garatzeko, eta hasieratik eraikinen berrerabileraren inguruko interesa erakutsi zuten. The Cineroleum proiektuak, zaharkituta geratu zen Londresko gasolina-zerbitzugune batean kokatzen da eta Erresuma Batuan azpiegitura hauek duten xedearen inguruko hausnarketa da. Lekua zinema iragankor batean bilakatzen zuten, eszenatoki-oihal baten gisa igo eta jeisten zen mintz batez inguratutako prototipo esperimentala da. Bertan hainbat material berrerabili ziren: eskolako formica mahai eta aulkiak, eserleku tolesgarriak egiteko aldamio oholak… Hainbat bolondresek proiektuaren garapen prozesuan zehar idatzitako gida praktikoen laguntzarekin eraikia, The Cineroleum lekuaren eraldaketa lortu duen, zinemaren zein esperimentazio prozesuaren sozializazioaren ospakizuna da.

Assemble-k berrerabilera integratzen zuten izaera sozial eta kultural handiko beste proiektu batzuk garatuko zituen, horietariko asko iragankorrak. Honen adibide da Londresen burututako OTO Project Space, Cafe OTO musika aretoari loturiko erabilera anitzeko aretoa. Utzitako lursail batean kokatzen zen eta eraikuntza lekuan bertan aurkitutako obra-hondakinekin osatuta dago, eraispetako txintxorrak lehengai gisa erabiliz. Boluntarioek lurra eta txintxorrak zakuetan konprimitu zituzten, ondoren harlangaitza balitz bezala bata-bestearen gainean pilatuz eraikuntza-elementu berriak sortzeko. Estaldurak, hau ere obra-hondakinez egina, eta zurezko estalkiak eraikuntza osatzen dute. Birziklapenetik berrerabileratik baino gertuago dagoen arren, bertako materialak erabiltzeko gogoa eta hondakin kopurua gutxitzeko borondatea erakusten zuen, aldi berean, buztinezko adreiluak fabrikatzeko tradizio ingelesa berrikusiz.

Proiektu hauek duten beste ezaugarrietako bat, osatzen dituzten elementuen birbanaketa da. Kasu gehienetan muntaketa teknikek geroagoko berrerabilera ahalbidetzen dute. Folly for a Flyover proiektuaren fatxada osatzen zuten zurezko blokeen kasuan adibidez, lehen mailako eskola bateko joko-eremu eta landaketa zona berriak sortzeko berrerabiliak izan ziren. Yardhouse proiektuaren kasuan bestetik, geroko desmuntaketa diseinutik integraturik zegoen. Assemble-k Sugarhouse Studios proiektu-multzoaren barnean eraikia, London Legacy Development Corporation-rekin elkarlanean garatutako esperientzia arkitektoniko eta hirigintza jardunketa iragankorra zen. Yardhouse eraikinak espazio komun baten inguruan antolatzen ziren tailerrak biltzen zituen. Panel isolatzailez estalitako zurezko egitura zuen eraikinaren fatxada nagusia, tokian bertan eskuz egindako hormigoizko kolorezko lauzaz estalirik dago. Eraikina desmuntatu egin zen Sugarhouse Studios ekimenaren kokapen berrian (Sugarhouse Studios Bermondsey) berreraikitzeko. Materialen aukeraketak zein obraratzeak, kosteen gutxitzea eta etorkizuneko berrerabilera ahalbidetu zuten. Yardhouse eraikina berreraikitzearen zai dago oraindik.

Praktika ezberdinetatik abiatzen diren esperimentazioen bidez, berrerabileraren profesionalizazioa bultzatzen ez duen arren, Assemble-k ez du brikolajearen estetizazio amorratua egiten. Berrerabilpena soilik haien baloreekin bat datozen helburuak lortzeko erabiltzen du.