BRIC

Brusela hiriaren eskualdearen ekonomia zirkularraren programaren esparruan (Programme Régional en Économie Circulaire – PREC/Be Circular) eta BAMB (Building as Material Banks, hemen honi buruzko artikulua) proiektu europarraren laguntzarekin jaio zen BRIC (Build Reversible In Conception) proiektua. Zehazki, efp, ikas-ekinezko heziketa zentruan sortu zen, non besteak beste, eraikuntza ikasketak irakasten diren. BRIC, ekonomia zirkularraren eta itzulgarritasunaren printzipioak ezin hobeki integratzen dituen eraikin jasangarri, modular eta ebolutiboa da. Efp zentruko ikasleentzat eta haiek beraien eskuekin eraikia, etorkizuneko eraikuntzako profesionalak praktika zirkularren inguruan trebatu eta sentsibilizatzeko tresna didaktiko eta pedagogikoa da. Honela, proiektuaren helburu nagusietako bat eraikuntza materialen berrerabilera da. Azpimarratzekoa da, berrerabilera eta itzulgarritasunaren integrazioaz gain, material jasangarrien, autonomia energetikoaren, euri-uren kudeaketaren eta ur grisen berreskuratzearen bidez ere bermatzen duela BRIC proiektuak ingurumen-errendimendua.

Proiektua, ondoz ondoko hiru eraikinez osatuta dago, BRIC 1, BRIC 2 eta BRIC 3, ia osoki aurreko eraikinaren materialez eraikia. Pabilioi bakoitzak itxura, bolumetria eta erabilera propioa ditu. Eraikuntza, dekonstrukzio (desmuntaketa) eta berreraikitze zikloak lau urtetan zehar luzatu ziren eta irrati-estudio erabilera zuen BRIC 3 eraikina, 2021ko ekainean inauguratu zen. BRIC 1 osatzen zuten materialak berrerabiliak ziren arren (xafla metaliko, zurezko zoruak, estaldura eta arotziak), diseinu itzulgarriaren bidez lortu zuten batez ere, berrerabilera estrategia martxan jartzea. Lehenengo deskontrukzioaren ostean, inbentarioa burutu zen eta Karbon’ (Karbon’ architecture et urbanisme) bulegoko arkitektoek BRIC 2-aren diseinuan lan egin ahal izan zuten desmuntatutako materialak integratuz. Logika berdinarekin, arkitektoek, eraikinaren handitzea burutu zuten BRIC 3-an eraldatzeko. Guztira, adar ezberdinetako ehundaka ikaslek formakuntza jaso ahal izan zuten pabilioi ezberdinen eraikuntzan zehar.

Oinarri mugigaien gainean eraikitako plataforman kokatua, BRIC-en egitura zurezko zutabe eta kaxa bidezko sistema batez eraikia zegoen, eta hauek konfigurazio ezberdinen arabera elkartu edo pilatu zitezkeen. Loturak mekanikoak ziren eta torlojuen kokapena markatuta zegoen desmuntaketa errazteko. Xafla metalikoa behin eta berriz erabili zen estalki eta fatxadan, eta hasiera batean estaldura gisa erabili ziren zurezko panelak, neurrira moztu eta teila eta fatxadan ezkata moduan erabili ziren. Buztin estaldura nahiko erraz berrerabili daitekeen arren, ikasleek, berrerabilerarako zur trinkoa, OSB taulak baino egokiagoa dela egiaztatu ahal izan zuten. Gainera, zelulosa isolamendua instalatzen erraza bada ere, deskontrukzio garaian xurgapen prozesua konplexuagoa zela ikusi zuten, egituraren zurezko kaxetan hainbat zulo egin behar baiziren. Zur-zuntzezko panelek malgutasun handiagoa eskaintzen zuten.


BRIC proiektuari buruzko etapa ezberdinei buruzko argiltapenak kontsulta daitezke BAMB proiektuaren web-orrian. Archi Urbain bideoblog-aren web-orrian frantsesez, BRIC 3 proiektuaren azken bertsioa aurkezten duen programa aurki dezakegu.

Amaitzeko, berrerabilera eta etorkizuneko eraikuntza sektoreko eragileen formakuntza protagonistatzat dituen Bruselako beste proiektu bat aipatu nahi dugu. CDR Construction-ek antolatutako lehiaketa baten esparruan, Bruselako ikasleak eraikin modular, desmuntagarri eta garraiagarri bat eraikitzeko lanetan trebatu ziren, MØDÜLL (2015) eta MØDÜLL 2.0 (2017). Informazio gehiago, frantsesez, Guide Bâtiment Durable aldizkarian.