Kataluniako HArquitectes arkitektura estudioak jada erakutsi zuen, ondarea kontserbatzeko interesa, materialen zahartzea eta osatzen dituzten estratuak balioetsiz, eraikin baten bizitzako garai desberdinen lekuko gisa. Hala gertatu zen Bartzelonan, bi gizarte-etxeren proiektuen sorreran: lehenik, Centre cívic Cristalleries Planell-en (2010-2016), non lehendik zegoen fatxadaren zati batzuk integratu ziren, eta bigarrenik, fatxadak, mehelinak eta egitura-elementu batzuk integratu ziren Centre cívic Lleialtat Santsenca-n (2012-2017). Horien ondoren, materialen berrerabileran murgildu ziren erabat.
Lehenik eta behin, 1413 Etxearen proiektuarekin gertatu zen (2014-2017). Haren karga-hormak teknika hibrido baten bidez eraiki ziren, lur zapaldudun horma eta harlangaitz-horma ziklopea nahastuz. Eraikin berria eraiki zen finkaren perimetroko horma zaharretik ateratako harriz osatuta dago. Berriki, Palma de Mallorcako etxebizitza sozialen proiektu batean, Habitatges socials 2104 (2021-2025), azpimarratzekoa da berriz ere modu berezi batean egindako harriaren berrerabilera. Balear Uharteetako Etxebizitza Institutuaren (Instituto Balear de la Vivienda, IBAVI) enkarguz, adinekoentzat eraiki zen etxebizitza multzo hori, erabat egokitzen da sustatzailearen filosofiarekin. Izan ere, IBAVIk, proiektu ugariren bidez (hemen aipatu dugun bezala), tokiko baliabideen erabilera bultzatzen du, besteak beste, posidonia edo marés harria (izen horrekin ezagutzen da Balear uharteetako ohiko hareharria), eta baita, bigarren eskuko materialen erabilera ere, urban mining-aren logikari jarraituz.
Eraikin berriak okupatu behar zuen orubean, eraistear zegoen egitura zahar bat zegoen. Bertako material asko in situ berrerabili ziren: marés harria, eta baita estalkiko elementuak, zeramika edo hormigoia ere. Erabil zitezkeen materialak aukeratu ondoren, bi eratara berrerabili ziren. Lehenik, zeramikazko eta hormigoizko elementuak integratuz beheko erdisotoan, zimendu eta hormetan, 140 m³ hondakin erabili ziren. Beharbada birziklapenetik gertuago dagoen prozesu hori, bigarren prozedura batekin osatu zen: marés harriz osatzen diren 3000 hormigoi ziklopeoko bloke ingururen fabrikazioa, 160 m³-ko bolumena lortuz. Marés harrizko agregatuak blokeen bolumenaren % 40 dira, eta karez zein zementuz ere osatuak daude. Agregatu horiek, 30 cm-rarteko obra-hondakin handiak, legarra edo harea izan daitezke. Fabrikazio-prozesuan, lauza bat hainbat tamainatako bloketan ebaki zen.
Bloke horiek etxebizitzetako karga-hormen eta trenkaden osagai dira, eta agerian uzten dira. Marés harria, beraz, proiektuaren protagonistetako bat bihurtu zen, berau, bere testuinguru geografiko eta historikoan inskribatzen duelako. Etxebizitzetara sarbidea ematen duten kanpoko pasilloek eta egurrezko akaberek, ez dute eraldatzen oso koherentea dirudien eraikin baten irakurketa. Eraispen baten hondakinak integratzen dituen hormigoi ziklopeoaren fabrikazio prozesua berria ez bada ere, in situ erabiltzeak eta inplementazioaren ageriko sinpletasunaren koherentziak, bere generoan eredu bihurtzen dute. Izan ere, proiektua Veneziako Arkitektura Bienalaren Espainiako pabilioian erakutsi zen 2025ean. Beste behin ere, planteamenduaren izaera zirkularra eta berrerabileraren bidez tokiko baliabideak erabiltzea, guztiz bat zetozen pabiloiaren izaerarekin.








